(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Etxeko ospitalizazioa Tafalla, Erriberri, Azkoien, Zarrakaztelu eta Artaxoako 40.000 biztanlerengana zabalduko da

astelehena, 2016.eko azaroak 7


Dominguez kontseilariak iragarri du gainera, 2017an laguntza-modalitate hori Altsasu, Etxarri-Aranatz, Irurtzun, Ultzama, Doneztebe, Leitza, Lesaka, Elizondo, Auritz, Agoitz, Zaraitzu, Izaba eta Zangozako eremuetara zabalduko dela


Transcripción textual del video

Nafarroako Ospitaleguneak iragan urritik Etxeko Ospitalizazio zerbitzua ematen du Tafallako eremuan, eta datozen asteotan, Azkoien, Zarrakaztelu, Erriberri eta Artaxoara zabalduko da; horrenbestez, Osasuneko eremu horietan bizi diren 40.000 biztanlek zerbitzu hori izango dute. Helburu horrekin sortu dira 10 plaza berri laguntza-eredu honetan, eta haiek Iruñeko eremuan dauden 40ri gehitzen zaizkie; Barne Medikuntzako espezialista batek, erizain batek eta ibilgailu batek osatutako talde berri bat eratu da.

Nafarroako Ospitaleguneko etxeko ospitalizazioa Tafallako eremura zabaldu da.

Nafarroako Ospitaleguneak iragan urritik Etxeko Ospitalizazio zerbitzua ematen du Tafallako eremuan, eta datozen asteotan, Azkoien, Zarrakaztelu, Erriberri eta Artaxoara zabalduko da; horrenbestez, Osasuneko eremu horietan bizi diren 40.000 biztanlek zerbitzu hori izango dute. Helburu horrekin sortu dira 10 plaza berri laguntza-eredu honetan, eta haiek Iruñeko eremuan dauden 40ri gehitzen zaizkie; Barne Medikuntzako espezialista batek, erizain batek eta ibilgailu batek osatutako talde berri bat eratu da.

Hala azaldu du prentsaurrekoan Osasun Departamentuko kontseilari Fernando Dominguezek, eta harekin batera izan dira Nafarroako Ospitaleguneko laguntza-zuzendari Jesus Berjon; Etxeko Ospitalizazio Ataleko Maria Ruiz; eta Etxeko Ospitalizazioko eta Larrialdietako Zaintzak Ataleko zuzendariorde Marta Ancin. Dominguez kontseilariak azpimarratu duenez, "Osasun Departamentuak etxeko ospitalizazioaren aldeko apustua egiten du ohiko ospitalizazioaren ordezko gisa, abantaila kliniko asko baititu paziente eta familientzat, bai eta osasun-sistemarako ere". Zerbitzu horrekin, etxean bertan osasun-laguntza konplexua ematen da, baldin eta pazienteak betekizun batzuk betetzen baditu eta zaintzaile baten babesa badu.

Fernando Dominguezek iragarri du, gainera, 2017an etxeko ospitalizazioak dauden plaza-kopurua bikoiztuko duela ia (90, guztira), eta 4 talde berri sortuko direla (4 espezialista, 8 erizain eta 6 ibilgailu) Iruñeko eremuan eta Iruñerrian zerbitzua indartzeko nahiz zabaltzeko eta zerbitzua Nafarroako hainbat zonaldetara hedatzeko. Horretarako, 473.000 euroko aurrekontua dago.

Lau talde horietako bi honako leku hauetako pazienteei estaldura emateko bideratuko dira: Iruña, Berriozar, Atarrabia, Huarte, Mendillorri, Orkoien, Zizur, Noain eta Gares, 64 plaza guztira (gaur egun baino 24 gehiago). Beste bi talde berriek, 8 plaza bakoitzean, honako hauei emango die estaldura: Altsasu, Etxarri Aranatz, Irurtzun, Ultzama, Doneztebe, Leitza, Lesaka, Elizondo, Auritz, Agoitz, Zaraitzu, Izaba eta Zangoza.

Etxeko ospitalizazioaren laguntza-eredua

Etxeko ospitalizazioa laguntza-eredu bat da eta, haren bidez, pazienteei bere etxean ospitale bateko zaintza medikuak eta erizaintzako zaintzak ematen zaie ospitaleko azpiegitura jadanik behar ez duten unean, baina oraindik medikuen jarraipena eta laguntza konplexua behar dutenak.

Laguntza-eredu honek abantaila asko ditu ohiko ospitalizazioarekin alderatuz, susperraldia inguru ezagun eta erosoago batean egiten baita (etxea), senideen laguntzarekin; azken horiek, gainera, ez dute ospitalera joan beharrik eta gauak ere ez dituzte han pasa behar, ospitaleko infekzioak saihesten dira, pazienteak ez dira hainbeste desorientatzen, eta errekuperazio funtzionala bizkorragoa da.

Gainera, ospitalizazio-mota horri esker, osasun-baliabideak aurrezten dira eta mediku espezialisten eta Lehen Mailako Arretako medikuen arteko koordinazioa hobetzen da.

Ospitalizazio-mota hori aukeratzen duen pazienteak zenbait betekizun bete behar ditu: informazio guztia jaso ondoren bere borondatez onartzea; zerbitzua ematen den eremu batean bizitzea; eta erabateko gaitasunak dituen pertsona batekin bizitzea (zaintzailea).

Etxeko Ospitalizazioko taldeak aldian behin bisitatzen du pazientea eta etxean beharrezko proba diagnostikoak egiten ditu, esaterako; analisiak, elektrokardiograma, tentsio arterialaren monitorizazioa, oxigeno-maila ikustea… Halaber, prozedura terapeutikoak egiten dira, adibidez: zain barneko tratamendu antibiotikoak, nutrizio artifiziala, oxigenoterapia, sendaketa konplexuak eta odol-transfusioak, beti ospitaleko arreta eta segurtasuneko berme berberekin.

Nafarroako Ospitaleguneko Etxeko Ospitalizazioa

Nafarroako Ospitaleguneko Etxeko Ospitalizazioa 2008. inauguratu zen. Sortu zenetik eta 2014ra arte 4.000 pertsona inguruk baliatu dute laguntza-modalitate hori.

2015aren hasieran Nafarroako Ospitaleguneko etxeko ospitalizazioa Barne Medikuntza Zerbitzuko atal bihurtu zen. Une horretan ospitalez kanpoko 20 ohe zituen, Barne Medikuntzako 3 mediku espezialista, 5 erizain, administrari bat eta 4 ibilgailu. Iruñean eta handik 10 kilometroko radioan zeuden herrietan ematen zen zerbitzua.

Profesionalen nahiz pazienteen aldetik eskaera handitu dela-eta, Unitatea bi aldiz handitu da: lehenengoa, 2015eko azaroan, eta bigarrena, 2016ko maiatzean; handitze horiei esker, etxeko ospitalizazioak artatutako ospitalez kanpoko ohe-kopurua 28raino eta ondoren 40raino igo zen. Bi handitze horietarako, Osasunbideak Barne Medikuntzako mediku espezialista bat, 4 erizain eta 2 ibilgailu jarri ditu.

Etxeko ospitalizazioan 903 pertsona zeuden 2015ean, hau da, % 44 handitu zen aurreko urteekin alderatuz. 2016ko lehen hiru hiruhilekoetan, 1.109 pertsona daude dagoeneko, hots, % 82 handitu da 2015eko epe berarekin alderatuz. Paziente horien batez besteko egonaldia 7,7 egunekoa izan da.

2015-16 epean etxeko ospitalizazioko unitatean sartutako pazienteen % 50 Nafarroako Ospitaleguneko Zerbitzu Medikuen ospitalizazioko solairuetatik zetozen (Barne Medikuntza, Neumologia, Onkologia, Geriatria, Digestiboa…), % 15 Kirurgia Zerbitzuen ospitalizazioko solairuetatik (Kirurgia Orokorra, Urologia, Kirurgia Baskularra…), beste % 15 Larrialdi Zerbitzuetatik zuzenean, beste % 15 bere etxean zuzenean baloratu eta onartu zen Lehen Mailako Arretako bere medikuak hala eskatuta, eta gainerako % 5, beste toki batzuetatik (Kanpo Kontsultak, Eguneko Ospitaleak, Egoitza Zentroak…).

Nafarroako Ospitaleguneko etxeko ospitalizazioaren hazkundea Osasunbideko Paziente Kroniko eta Patologia Anitzeko Arreta programako zabalkundearekin egokitu da. Nafarroako biztanleriak izandako zahartzeak gaixotasun kroniko asko dituzten adineko paziente-kopurua igotzea dakar. Paziente horientzat, Paziente Kronikoen Unitatea eta etxeko ospitalizazioa erabil ditzaketen ordezko beste zerbitzu batzuk dira; haiei esker, ospitaleratze gutxiago egiten dira eta haiei lotutako konplikazioak ere murrizten dira.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Audioa
Bideoa
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa