(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Punto de Vista jaialdia zinema-aretotik kanpo berrituko da “La quinta pared” izeneko programa batekin osteguna, 2016.eko azaroak 24


Martxoan lehen aldiz egingo den hitzorduaren atzera begirako tematikoa "Hegan egin" kontzeptuari buruzkoa izango da


kartela

Hurrengo Punto de Vista edizioaren ataletako baten irudia. ( irudia handitu )

Nafarroako Punto de Vista Zinema Dokumentalaren Nazioarteko XI. Jaialdia 2017ko martxoaren 6tik 11ra egingo da; hala, hilabetez atzeratuko da nazioarteko beste zinema-hitzordu batzuekin egokitu ez dadin. Gainera, jaialdiak estreinakoz antzerki dokumentalaren prologo bat izango du martxoaren 5ean, igandea, inaugurazio ofizialaren aperitibo modura.

Jaialdia Baluarte fundazioarekin batera egingo da berriz ere, eta zuzendaritza, Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuaren esku geratuko da. Hirugarren urtez jarraian, egoitza nagusia Baluarte izanen da aurten ere, Nafarroako Biltzar Jauregia eta Auditorioa alegia, nahiz eta oraingoan programazioa beste hiru espazio batzuekin partekatuko duen; eta bertan egingo da "La Quinta Pared" izeneko zikloa: Gayarre antzokia, Café Niza eta Café de la Plaza (Baluarte).

 

Gainera, Oskar Alegria zuzendari artistikoaren irteera-edizioa izango da, jaialdiko programazioaren eta diseinuaren arduradun lau urtez izan ondoren (bata mintegi gisa eta hiru, 2017 barne, jaialdi gisa). Punto de Vistako hurrengo zuzendari artistikoa Nafarroako Gobernuak laster deituko duen lehiaketara aurkeztutako hautagaien artean aukeratuko da.

Punto de Vistako antolakuntzak aurtengo edizioan 2016ko balantze ona errepikatu nahi du; urte horretan, jaialdiak hamargarren urteurrena bete zuen, 2015ean izandako urteroko hitzordua berreskuratu zuen, eta historikoa izan zen jendeari –8.000 partaidetik gora– eta hedabideetan izandako oihartzunari dagokionez (prentsan, irratian, telebistan eta Interneten 500 aldiz agertu zen jaialdia). Urteurrenaren urtean ere lortu zen behin betikoz jaialdia hirian finkatzea aldi berean antolatutako hainbat ekintza sozialen bitartez, Katakrak kafetegi-liburutegian gauero izandako zuzeneko kontzertuak eta programak esaterako; horiekin batera, gonbidatu batzuk aste guztian zehar partekatutako hostaletan ostatu hartu zuen, eta Iruñeko establezimendu bat baino gehiagotan jaiak antolatu ziren.

Hiri barrura egindako irekitze horrekin batera, Punto de Vistak hurrengo edizioan atetik kanpora lan egiten jarraituko du zinema eta arteko masterretako ikasleak gonbidatuz.

Berrikuntza nagusia: La quinta pared

XI. edizioan, Punto de Vistak aurreko urteen antzeko atalen egiturari eutsiko dio: Atal Ofiziala –La Región Central izenekoa–, La quinta pared zikloa, atzera begirako tematikoa (Hegan egitea), egile bati buruzko atzera begirakoa, Heterodocsias gure herrialdeko zinemagile bat berreskuratuz, saio bereziekin eta X Films proiektuarekin. Gainera, jaialdiak bere palmareseko ohiko sariekin jarraituko du: Film Onenaren Punto de Vista Sari Nagusia, Zuzendaritza Onenaren Jean Vigo Saria, Film Labur Onenaren Saria, Publikoaren Sari Berezia eta Gazteria Saria.

Zinema dokumentalaren jaialdi gisa berritzen etengabe joateko duen bere nahiaren barnean, Punto de Vistaren hamaikagarren edizioan La quinta pared izeneko programa hartuko du, eta zinema dokumentalari jarraitzeko asmoz sortu da bere espazio edo babesleku berrietan, errealitatea kontatzeko bizitzen ari garen forma kolektibo berrien berrikuspen moderno eta beharrezko gisa. Horregatik, ziklo honetan gertatuko den oro zinema-aretoetatik kanpo gertatuko da, eta zenbaitetan ere, proiekziorik eman gabe. Eguneratzea da kontua, eta pantailetatik ihes egin duten errealitatea kontatzeko forma kolektibo berriei erantzutea; horrekin batera, alboan dituzten eremuak bilatzen dituzte hiltzen utzi nahi ez duten ohitura bati bizitza ematen jarraitzeko: bizitzaren kontaketa.

Jaialdiko elementu grafikoak ondorengo estekan eskura daitezke: https://www.dropbox.com/sh/7e95hhfpuyw5pbs/AABDUVb1-pLOJuLAvhutIezsa?dl=0

Programatutako tituluak honako hauek dira:

Maruja Enamorada (70 minutu, 2013), Maruja Bustamante eta Inti el Hermoso-rekin. Biodramaren adibide bat, Argentinan arrakasta handia duen benetakoa denaren antzerkia, eta Vivi Tellasen eskutik etorriko da. Bizitza bera antzezten denean, inork ez du antzezten eta antzezlanak UFMren maila handiena du, gutxieneko fikzioaren atalasea. Bere egungo senargaia iraganeko senargaiak ordezkatzen ditu, ezer asmatu eta fikzionatu gabe, bizitza gertatzen den moduan. Igandea, martxoak 5, Gayarre antzokia.

Nadia (80 minutu, 2014), Nadia Ghulam-ena. Zinema eta proiekzioak kontatzeko arma gisa hartzen dituen antzerkia da. Nadia errefuxiatu afganiar baten errealitate gordinera hurbiltzen da, bere infernu pertsonala kontatzen du bere larrutik eta zuzenean proiektatutako irudi baten bidez. Zortzi urterekin bonbardaketa batean zauri larriak izan zituen, eta geratu zaizkion ondorio fisikoek mutil baten jokabidea izatera bultzatu zuten. Gaur egun Bartzelonan egiten du lan, GKE batean, eta handik etorriko zaigu agertokian bere istorioa kontatzera. Asteartea, martxoak 7, Gayarre antzokia.

Etiquette (pase bakoitza 30 minutukoa, 2015) Anthony Hampton eta Silvia Mercurial-ena. Autoantzerkiaren barnean sartzen den ikuskizuna, eta bertan publikoa da protagonista, kasko batzuen bidez entzuten dituzten aginduen arabera elkarri eraginez; kasu honetan, bikoteka egingo da bi kafetegitako mahaietan. Martxoak 6-11. Goiz eta arratsaldez. Café Niza, Café de la Plaza (Baluarte).

Between fences (1h 25 minutu, 2016), Avi Mograbi-rena. Antzerkia iturri dokumental gisa hartzen duen zinema. Eritreako eta Etiopiako immigranteek Israelen egindakoa Zapalduaren antzerki modura.

• La película jamás vista (40 minutu, 2017), Nofilms Productions-ena. Zinemako hitzordu bat fede-aitor gisan, ikusten ez den horretan sinesten duten horientzat bakarrik. ezusteko proiekzioa. Baluarte.

Atzera begirakoa: "Hegan egin"

2017an Punto de Vistak edizioaren kontakizuna egituratzen duen atzera begirako bat programatzen du berriz

Oskar Alegria zuzendari artistikoaren hastapenetan, Irlak (2005) izan ziren eta orduan kontatzen zen jaialdia, krisiaren ondoren eta ia desagertu ondoren, gainerako jaialdien inguruan irla baten moduan indartu zela; hura zen agian bere izaera: gainerakoetatik bereizarazten duen programazio isolatu horretan jarraitzea, eta beste jaialdi ohikoago batzuetatik aldentzea.

Punto de Vistaren hamargarren urteurrenerako hautatutako gaia denbora izan zen, eta horixe ospatzen zen hain zuzen, jaialdiak igarotako urteak eta zineman bertan. Jean Daniel Polleti egindako atzera begirakoak ideia hori indartu zuen, hots, film baten ontzian nola harrapatu erlojuaren tik-taka.

2017an "Hegan egin" programan gizakiak hegan egiteko duen gogoaz hitz egiten da, baina baita hegaztien hegaldien atzean ezkutatzen denaz ere, airearen konposizioaz, aireportu baten eguneroko martxaz, astronauta batek sentitzen duenaz, tranpolineko jauzilarien akrobaziez, hodeien hipnotizatzeko ahalmenaz, jeke arabiarren belatzekiko pasioaz, izaki hegadun bihurtzeko saiakeraz eta aireko beste oinezko batzuen berriez… Aukera narratibo, poetiko eta bisual amaigabeak dituen gai baten inguruan jaialdiko estetika nahiz kontakizuna ilustratzen dituen ziklo bat da, hegan egitearen gaia alegia, eta horrek dakartzan ondorioak.

Jaialdiko kartelak, beraz, premisa hori betetzen du, eta txinbo kaskabeltz izeneko hegazti bat erakusten du alboan "Hegan egin" jartzen duelarik. Azken edizioen aldean (Punto de Vistaren irudia jaialdikoa ez zen egile baten argazki batekin ilustratzen zen), 2017ko kartela egilerik ez duen obra bat da, eta bertan haren diseinua bakarrik landu da, baina ez da irudia sortu. Kartel hori kasualitate baten emaitza da, txinbo hori diseinatzailearen leihoko kristalaren aurka aurrez aurre talka jo ondoren. Bitxikeri horretan oinarrituz, kartelak gogoetarako bidea ematen digu: Non sortzen da irudi bat? Beti gure buruan? Edo gure burutik kanpo dauden objektuak dira? Gu goaz irudira ala irudira dator gugana?

Kasu honetan, erantzuna argia da. Alderantzizko hegaldia da, irudia irudimenerako bidea, Punto de Vistak hainbeste maite duen haizearen kontra egiteko gogo hori. Hastapenetatik, jaialdi horrek norabideak aldatzearen aldeko apustua egin du, gutxien espero den errealitateari tartea eginez.

Boluntarioen kanpaina

Punto de Vistak boluntarioak erakartzeko kanpaina berri bat abian jarri du jaialdian ondorengo lanak betetzeko: aretoko laguntzaileak; prentsa eta komunikazioa; gonbidatuei arreta ematea; jendeari arreta ematea eta informazioa ematea. Boluntario- lanak egiteko, 18 urtetik gorakoa izan behar da eta, kasu batzuetan, ondorengo hizkuntzetakoren bat ongi menperatzea: euskara, ingelesa, frantsesa edo alemana.

Kanpaina azaroaren 24an hasiko da. Interesdunek jaialdiko webguneko formularioa bete beharko dute 2017ko urtarrilaren 29a baino lehen. Boluntarioen jardunaldia ez da 5 ordu baino gehiagokoa izango. Erantzukizun zibileko aseguru batek babestuko dituzte, eta jaialdiko akreditazio bat izango dute; hala, beraien boluntariotzako ordutegiekin egokituko ez diren proiekzioak ikus ahalko dituzte. Jaialdia amaitzean, boluntario guztiek ziurtagiri bat jasoko dute jaialdian parte hartu izanagatik.

Gainera, Punto de Vistak, hirugarren urtez jarraian, Gazte Epaimahai bat izango du hiriko gazte-talde batek osatua, eta publiko aktibo bihurtuko da filmak eztabaidatu eta epaitzeko; azken sari bat ere emango dute eta, hala, etorkizuneko publiko bat sortzen da jaialdiak duen funtzio sozial garrantzitsu bat betez. Kanpaina azaroaren 24an jarriko da abian.

1.200 inskripziotik gora Atal Ofizialean-La Región Central

1.290 pelikulak, 654 film luzek eta 636 laburrek ematen dute izena Punto de Vistaren hamaikagarren edizioan parte hartzeko bertako atal ofizialean (La Región Central). Zifra horrek erakusten du jaialdiak nazioartean 2015etik aurrea hartu duen indarra Punto de Vistak urteroko jaialdia berreskuratu ondoren (aurreko urtean 1.378 film izan ziren, eta 2015ean, 1.237); aurreko etapetan, berriz, erregistratutako film-kopurua 700eko bueltan zegoen.

Aurkeztutako pelikulak 79 herrialdetatik datoz, gehienak Espainiako produkzio-etxetakoak (206 lan), eta atzetik datoz: frantsesak (113 film), argentinarrak (72), belgikarrak (60), estatubatuarrak (58), alemanak (57), mexikarrak (56), brasildarrak (36), kolonbiarrak (26) eta kanadarrak (22). Aurreaukeraketa-fase honetan aurkeztu dira ere, ondorengo herrialdeetako lanak: Arabiar Emirerri Batuak, Filipinak, Haiti, Senegal, Uruguai, Qatar, India, Egipto, Australia, Hego Korea, Azerbaian, Txina, Indonesia, Israel, Tailandia edo Vietnam, zenbait herrialderen artean egindako koprodukzioez gain. Azken edizioari jarraiki, aurten Latinoamerikako, Afrikako eta Asiako lanen partaidetza handia izan da.

Zifra horretara heltzeko, funtsezkoa da jaialdiko nazioarteko ordezkariek egindako lana; izan ere, Punto de Vistako enbaxadore horien gomendiorik gabe eta mundu guztiko produkzio-etxeekin dituzten kontakturik gabe, titulu asko ez ziren Iruñera iritsiko. Honako ordezkari hauek dira: Andrea Picard Ipar Amerikan, Elena Fortes Latinoamerikan, Nourdinne Ben Driss Afrikan eta Asako Fujioka Asian. Irailean atal ofizialean filmak aurkezteko epea amaitu zen. Harrezkero, jaialdiko hautaketa-batzordea filmak ikusten dabil Punto de Vistako Atal Nagusia osatuko duten 17 pelikulak hautatzeko. Abenduaren 20an jakinaraziko da hori. Batzorde hori honako hauek osatzen dute: Koldo Almandoz, Guillermo G. Peydró, Alexei Dmitriev, Ozge Calafato eta Oskar Alegriak.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa