(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernua bere kide anitzeko organoak erdira murriztea aztertzen ari da asteazkena, 2016.eko abenduak 21


Gaur egun dauden 44 organoetako 400 kideen artean egindako inkesta batek haien funtzionamendu eta eraginkortasun eskasa agerian utzi du


Transcripción textual del video

Nafarroako Gobernua Foru Administrazioan dauden kide anitzeko organoen kopurua (kontseiluak, aholku-batzordeak, batzorde teknikoak…) ia erdira murrizteko aukera, 44tik 26ra, aztertzen ari da eta, aldi berean, jarraitzen dutenei baliabide hobeak eta gaitasun handiagoa ematea benetan eraginkorrak izan daitezen.

Nafarroako Gobernua bere kide anitzeko organoak erdira murriztea aztertzen ari da.

Nafarroako Gobernua Foru Administrazioan dauden kide anitzeko organoen kopurua (kontseiluak, aholku-batzordeak, batzorde teknikoak…) ia erdira murrizteko aukera, 44tik 26ra, aztertzen ari da eta, aldi berean, jarraitzen dutenei baliabide hobeak eta gaitasun handiagoa ematea benetan eraginkorrak izan daitezen.

Foru Gobernuak gaurko bilkuran ezagutu du Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuak enkargatutako azterketa baten emaitza. Cies enpresak egindako ebaluazioak organo horien funtzionamendua eta osaera aztertu ditu, bertan herritarrek duten partaidetza-maila, Foru Gobernuko politika publikoei buruz duten eragina, bai eta bertako kideen iritzia ere. Hori guztia ikusirik, haien funtzionamendua hobetzeko neurriak proposatzen dira eta tresna horiek duten eragina, herritarren partaidetza-mekanismo modura nahiz Administrazioaren erabakien hobekuntzan.

Zehazki, haien barnen dauden 400 pertsona baino gehiagori egin zaizkie inkestak eta elkarrizketak.

Azterketak agerian uzten du kide anitzeko organo gehiegi daudela, zenbaitetan bikoiztuta; gainera, modu deskoordinatuan jarduten dute, ez dira eraginkorrak, irizpide komunik eta helbururik gabe; horrekin batera, emakumeen presentzia urria dela bertako kideen artean ( % 32) eta transmisio eta informazioko organo soil moduan funtzionatzen dutela. Bestalde, erantzunetatik ondorioztatu daiteke organoek erabilgarri dituzten baliabide ekonomikoak, materialak eta giza baliabideak ez direla nahikoak eta, tresna erabilgarriak eta herritarren partaidetzarako bide egokia izan bazitezkeen ere , politika publikoetan eragin eskasa dute benetan, gizartearentzat ezezagunak direnak, gainera.

Kide anitzeko organoen egoera diagnostikatzeaz gain, inkestatutako pertsonei beraien proposamenei buruz galdetu zitzaien haiek hobetu ahal izateko honako hauei dagokienez: beren berrantolaketa, osaera, funtzionamenduaren hobekuntza, funtzio eta helburuen definizioa, ordezkarien eta ordezkatuen partaidetza handitzea, urtero memoria bat egitea eta lanaren aldian behingo ebaluazioa, kide anitzeko organoek politika publikoetan duten eragina handitzea, eta, azkenik, gardentasun maila eta gizarteari irekitzea. Lortutako erantzunekin proposamen-sorta bat gehiengo osoz adostu da.

Organoak murriztea

Berrantolaketari dagokionez, biltzen ez direnak desagertzea edo beste organo batzuetan batzea proposatzen da, haien funtzioak jarduera-eremu bereko beste organo batzuek bere gain hartuz. Zehazki, ebaluatutako 44 organoetatik, azken 9 urteetan ez dira 4 kontseilu bildu, beste bik ez dute egin azken 5 urteetan eta beste organo bat behin bakarrik bildu da epe horretan. Departamentu bereko antzeko esleipeneko organoak batzea ere proposatzen da; horrenbestez, existitzen diren 44 organoak 26 bihurtu ahalko ziren

Organoen osaerari dagokionez, bere izaera parte-hartzailea kontuan hartuta, Administrazioko ordezkariak bertan gehiengoa izan daitezen ekidin beharko zen. Gainera, erakundeen eta elkarteen arteko harremana berrikustea eta osatzea proposatzen da haietako gehienak ordezkatuta izan daitezen, berritze-mekanismo bat antolatuz. Horretarako, erakundeen erregistro bateratu bat sortzea egokia ikusten da, Departamentuen arabera segmentatuta.

Gai zehatzetarako adituak edo aztergai diren gaiek bereziki ukitutako pertsonak gonbidatzea proposatzen da ere, nahiz eta organoko egituraren barnean ez izan, bai eta ordezkoak izendatzea ere ordezkaritza duen pertsonak bertaratu ezina adierazten badu. Azkenik, genero-berdintasuna sustatzea eskatzen da kide anitzeko organoen egituran 33/2002 Foru Legearen arabera.

Kide anitzeko organoen funtzionamendua hobetzeko, koordinazio-batzorde bat sortzea proposatzen da helburu honekin: funtzionamenduko irizpideak bateratzea, partaidetzaren gaineko materiala hornitzea, jardunbide egokien eskuliburu bat egitea, erakundeen erregistro bat egitea, eta ebaluaziorako irizpideak nahiz adierazleak ematea. Eta organo bakoitzaren barnean, lantaldeak sortzea gai zehatz batzuetarako. Jardunbide egokien eskuliburu bat egitea ere iradokitzen da organoaren funtzionamendu zuzena eta parte-hartzailea zehazteko. Gainera, funtzionamendua egokia barematuko duten baliabide ekonomikoak, teknikoak eta giza baliabideak ematea proposatzen da.

Funtzioak eta helburuak berriz definitzea

Organoaren funtzioak eta helburuak berriz definitzeko orduan, argiak izan behar dutela aipatzen da, lanek izan behar duten inplikazio-maila zehaztuz Departamentuko politikak zehazteko garaian; izan ere, aurrez definitutako erabakiak hartu ahal izatea, organoetan partaidetza sustatzeko pizgarri argia da.

Alde horretatik, eta partaidetza areagotzeko, dinamika parte-hartzailea sortzea gomendatzen da gai-zerrenda nahiz jorratu beharreko gaiak kontsultatuz, dokumentazio interesgarria bidaliz eta erabakiak argitaratuz; hala, ordezkatutako pertsonek eta herritarrek, oro har, organoen jardueren ezagutza izan ahalko dute, erabakiak hartzeko orduan partaidetza errazagoa izateko.

Inkestatutako pertsonek diote egindakoari buruz hausnartzea eta etorkizuna planifikatzea kide anitzeko organoen eraginkortasuna eta efikazia hobetzeko beharrezko alderdiak direla. Horregatik, egindako jarduerekin, aztertutako gaiekin eta hartutako erabakiekin urtero memoria bat egitea proposatzen da, eta aldian behin bere funtzionamendua, osaera, partaidetza-maila eta abar ebaluatzea.

Gainera, kide anitzeko organoek politika publikoetan duten eragina handitu nahi da, aipatu den moduan, partaidetza eraginkorra izan dadin nolabaiteko konfiantza egon behar baita ordezkarien eta ordezkatuen artean, eta partaidetzarako pizgarri onena hausnarketa baten ondoren hartutako erabakiak egikaritzen direla ikustea da.

Herritarrentzat ezezagunak diren espazioak izatean, kide anitzeko organoen jardueren oihartzun soziala eskasa da. Horregatik, organoak gizarteari erabakiak, azterketak eta akordioak argitaratuz zabaltzea proposatzen da. Inkestatuek, halaber, gardentasuna sustatzea eta gizarteari irekitzea gomendatzen dute organoaren osaera, araudia, gai-zerrendak, aktak, erabakiak, aurretiazko azterketak eta txostenak Gobernu Irekiaren bidez argitaratuz.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Audioa
Bideoa
Azterketa osoa
Eranskinak
Egikaritze-laburpena
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa