(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gobernuak eskatu du kontuz ibiltzeko, iparraldean, 500 metrotik gora, gaur gauerako aurreikusitako elurteen aurrean asteartea, 2017.eko otsailak 7


Herri Lanen Zuzendaritzak elurra kentzeko ehun bat makina jarriko ditu lanean, Foruzaingoak indartu egingo du bere presentzia errepideetan


Nafarroako Gobernuak eskatu du kontu handiz ibiltzea iparraldean, gaur gauetik aurrera espero diren elurteen aurrean, 600 metroraino jaitsiko baita elur-maila; bihar goizeko lehen orduetan, berriz, 500 eta 700 metro artean kokatuko da, eta 800 metroraino ere igoko da.

Hain zuzen ere, Meteorologiako Estatuko Agentziak alerta laranja deitu du Pirinioetan, kantauriar isurialdean eta Nafarroako erdialdean elurte handiak botatzeko arriskuagatik. Pirinioetako eskualdean, gaurko 15:00etatik asteazkenetik ostegunerako gauerdira arte egongo da indarrean alerta laranja; edozein mailatan egin dezake elurra eta, 1.100 metroko altueratik gora, 15 eta 20 cm arteko elur-geruzak meta daitezke. Kantauriar isurialdean eta Nafarroako erdialdean, gaurko 21:00etatik biharko, eguaztena, 16:00ak arte dago indarrean alerta laranja; 8 eta 15 cm-ko elur-geruzak meta daitezke, hurrenez hurren, eremu horietan.

Aurreikusitako eguraldi txarraren aurrean, Herri Lanen Zuzendaritza Nagusiak elurra kentzeko 29 makina jarriko ditu lanean gaur arratsaldean, eta 100 makinara arte ere handitu dezake lantaldea bihar goizeko bostetatik aurrera.

Foruzaingoak, berriz, handitu egingo du bere presentzia errepideetan gaur gaueko hamarrak eta bihar arratsaldeko laurak bitartean, 13 patruila gehiagorekin. Guardia Zibilarekin koordinatuta lan egingo dute foru-zainek, batez ere Leitzarango autobian (A-15), Iruña eta Behobia batzen dituen errepidean (N-121-A), Iruñeko ingurabidean (PA-30) eta A-12 Autobian.

Gainera, eguazteneko goizeko seietatik aurrera koordinaziorako bi organo ezarriko dituzte in situ Irurtzunen eta Iruñean, eta baterako patruilatzeak egingo dituzte Errepideen Kontserbazio-zerbitzuko langileek, Foruzaingoko agenteek eta Guardia Zibilek, Sakanako Autobian (A-10), Leitzarango Autobian (A-15) eta Iruñeko ingurabidean (PA-30).

www.incidenciascarreteras.navarra.eswebgunean eta 848 423 500 telefono zenbakian dago Foru Komunitateko errepideen egoerari buruzko eguneratutako informazio gehiago. Nafarroatik kanpoko joan-etorrietarako, komenigarria da Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren webgunea kontsultatzea (www.dgt.es), edota 011 informazio-telefonora deitzea.

Elurra kentzeko ehun bat makina 

Adierazi dugun bezala, Herri Lanen Zuzendaritza Nagusiak elurra kentzeko 100 bat makina jarriko ditu lanean, honako errepideetan: Nafarroako Autobidean (AP-15); Sakanako Autobian (A-10); A-12 Autobian; Leitzarango Autobian (A-15); Iparraldeko Autobian (A-1); Pirinioetako Autobian (A-21); Iruñeko ingurabidean (PA-30); Iruña eta Behobia batzen dituen errepidean (N-121-A); Iruña eta Frantzia Baztandik batzen dituen errepidean (N-121-B), eta Iruña eta Tutera arteko errepidean (N-121).

Lantalde horiek beste errepide batzuetan ere jardungo dute lanean; honako hauetan, besteak beste: Aibar, Belagua, Belate, Carrascal, Erro, Etxauri, Ezkurra, Ibañeta, Las Coronas, Latza, Lerga, Lizarraga, Loiti, Markalain, Meano, Mezkiritz, Otxondo, Uxue eta Urbasako mendateetan, bai eta Ameskoa, Goñi, Ultzama eta Orbaibarreko piriniar haranetan ere.

Gomendioak

Nafarroako Gobernuak herritarrei gomendatzen die aurrera edo atzera ditzala gaurko, asteartea, azkeneko orduetarako eta biharko, asteazkena, lehenengo orduetarako iparralderako aurreikusita zituen joan-etorriak. Ezinbesteko joan-etorriak baldin badira, neguan gidatzeko egiten diren ohiko gomendioak kontuan hartu behar dira: abiatu aurretik errepideen egoeraren berri izatea, bai eta hurrengo orduetarako eguraldi-iragarpenaren berri ere.

Hobe da egunez eta errepide nagusietan gidatzea, batez ere autobide eta autobietan. Halaber, garrantzitsua da pneumatikoen, balazten, bateriaren, izotz-kontrakoaren, argien, hoztailearen eta berogailuaren egoera aztertzea ere. Erregai-depositua beteta ibiltzea komeni da, eta 100 kilometro bakoitzeko erregaia botatzea, kateak edo neguko pneumatikoak eramatea, telefono mugikorra eta kargagailua, mantak eta arropa berogarriak, jan-edana, eta alkohola eta arraspa haizetakotik.

Nafarroako Gobernuak herritarrei gogorarazten die beharrezkoa dela trafikoko agintarien zein galtzadan izotza egon daitekeela dioten seinaleen jarraibideei jaramon egitea eta errespetatzea. Gainera, gidariei eskatzen die ez ditzatela elurra kentzeko makinak aurreratu, inola ere ez dezatela euren ibilgailua galtzadan gelditu, eta debekatuta dagoela ibilgailuak galtzadan aparkatzea, baita errepide zati bat hartuta aparkatzea ere, horrek zaildu egiten dituelako elurra errepidetik kentzeko lanak (ezinezkoa izaten da elurra kentzeko makinak igarotzea edo elurra bazterbidean ondo metatzea).

Matxuragatik edo bestelako inguruabarrengatik, ibilgailua geratu beharra izanez gero, galtzadatik kanpo uztea komeni da. Ibilgailu barruan doazen lagun guztiak irten beharko dira, eta norbere burua babesteko neurri guztiak hartu beharko dira, beste ibilgailuren batek ez harrapatzeko; hala nola, txaleko islatzaileak janztea eta babes-elementuen (bazter-babesak) edo ibilgailuaren beraren atzean jartzea, zirkulazioaren noranzkoan.

Hiriguneetan elurra egiten badu edo izotz-plakak sortzen badira, Nafarroako Gobernuak herritarrei gomendatzen die, adineko pertsonei batez ere, euren etxeetatik ez irtetea. Kalera irten behar izanez gero, beharrezkoa da oinetako egokiak, gomazkoak, janztea, erorketak saihesteko.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa