(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Ospitaleratutako 75 eta 103 urte bitarteko pertsonak narriadura ariketa fisikoaren bitartez prebenitzeko programa aitzindari batean parte hartzen ari dira

ostirala, 2017.eko otsailak 10


Dagoeneko 300 pazientek hartu dute parte Nafarroako Ospitaletegiaren eta NUPen azterketa kliniko horretan; programa horrek % 50 murrizten du ospitalizazioko denboran ezgaitasuna eta galera kognitiboa jasateko aukera


adineko pertsona

Adineko pertsona bat ariketa-saio batean, gaur, Nafarroako Ospitaletegian. ( irudia handitu )

75 eta 103 urte bitarteko 300 pertsonak hartu du parte orain arte, ospitaleratuta dauden adineko pertsonengan narriadura funtzionala eta kognitiboa prebenitzeko programa aitzindari horretan; bi urte daramatza hori garatzen Nafarroako Ospitaletegiko Geriatria Zerbitzuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin eta Navarrabiomed plataformako Geriatriako ikerketa-taldeko profesionalekin elkarlanean.

Oraindik behin betiko emaitzarik ez dagoen arren –sei hilabete barru egongo dira prest–, azterketa kliniko hori erakusten ari da kontrolatutako ariketak egiteak gaixo dauden adineko pertsonengan % 50etik gora murrizten duela adin horietan ospitalizazioak dakarren inpaktu gogorrari lotutako ezgaitasuna eta narriadura kognitiboa sufritzeko arriskua.

Halaxe jakinarazi du gaur prebentziozko programa hori garatzen duen lantaldeak; honako profesionalek osatzen dute, hain zuzen ere, lantalde hori: Nicolas Martinez Velilla, Nafarroako Ospitaletegiko Geriatria Zerbitzuko burua; Sergio Ladron Arana, Geriatria Unitateko burua; Alvaro Casas Herrero fakultatiboa, Geriatria Medikuntzako Espainiako Elkarteko lehendakaria; Mikel Izquierdo, Fisioterapiako katedratikoa NUPan; Fabricio Zambon Ferraresi, Heziketa Fisikoan lizentziaduna eta Osasun Zientzietan doktorea; eta Mikel Lopez Saez de Asteasu, fisioterapeuta.

Entsegu kliniko horren helburu nagusia da egiaztatzea posible ote den osagai anitzeko entrenamenduaren bitartez Geriatria Zerbitzuan ospitaleratuta dauden pertsonengan onurak lortzea; horrek ateak irekiko lizkioke laguntza mota hori ospitaleko eguneroko jardunean ezartzeari. Adineko pertsona baten ospitalizazioak arriskuak ekar ditzakeen arren, ospitaleratze-aldi hori bere bizi-ibilbidea aldatzeko eta haren ahultasunaren handitzea prebenitzeko jarraibideak ezartzeko aukeratzat jotzen da, diziplina anitzeko eta profesional askoren esku-hartzearen bitartez. Adineko pertsonek ariketa fisikoa egitearen onurak laguntza-esparru guztietara eramateko abiapuntu izan nahi du azterketa honek.


langileak

Programa aitzindariaren lantaldea. ( irudia handitu )

Intentsitate ertain-moderatuko ariketak 

Nafarroako Gobernuaren Ortiz de Landazuri bekak finantzatzen du ikerketa hau; 2015eko martxoaren 2an ekin zitzaion, eta udan dagoeneko behin betiko emaitzak izatea aurreikusten da. Orain arte 300 lagunek hartu du parte, planteatu zaienen % 81ek. Ausaz aukeratzen dira parte hartzen duten pertsonak, egoera egonkorrean dauden ospitaleratutako pazienteen artean. Programaren funtsezko bi ezaugarriak dira adin oso nagusiko pertsonei aplikatzen zaiela (parte-hartzaileen batez besteko adina 87 urtekoa da) eta haien ospitaleratzea ekarri duen prozesu akutua duten pazienteak direla; normalean, arnasbideetako infekzioak (pneumonia) edo bihotz-gutxiegitasunak dituztenak.

Kolaboratzaileek pazienteen ahalmenei egokitutako indar-, oreka- eta martxa-ariketez osatutako programa kontrolatua prestatzen dute. Protokoloaren hasieran, indar-ariketa guztien gehienezko errepikapen-gaitasuna (RM1) kalkulatzen da, pertsona bakoitzaren preskripzioa egin ahal izateko. Parte-hartzaile bakoitzaren egoeraren arabera, haren gaitasunaren % 30 eta % 60 arteko entrenamendu-intentsitatea zehazten da (intentsitate ertaina-moderatua), eta gutxienez elkarren segidako sei egunetan errepikatzen da (asteburuak eta jai-egunak barne), adineko pertsonen ariketa fisikoaren arloan adituak direnek gainbegiratuta.

Ariketa fisikoko programa beti dago paziente bakoitzaren inguruabar klinikoetara egokituta eta, haren hasierako osasun-egoera ez okerragotzeaz gain, frogatuta dago laguntza garrantzitsua dela ahuldadea prebenitzeko, ospitaleko egonaldi pasiboari lotutako konplikazioak baztertzeko faktorea dela eta gaixotasuna gainditzeko motibaziorako lagungarria.

Ospitalizaioan ariketa fisikoa egiteak mina murrizten laguntzen du eta, gainera, geldi egotearekin lotutako konplikazioak saihesten ditu, hala nola ohean ordu asko igarotzen duten pazienteek izaten dituzten zauriak –presioagatiko ultzera izenaz ezagunak–, odolbilduak eta ohean denbora asko igarotzearen ondorioen aurrean oso zaurgarriak diren pazienteen ahuldade handia. Ariketa fisikoak, gainera, ospitaleratze-aldiak dakarren errutinarekin apurtzen laguntzen du, egonaldi pasiboak sortzen dituen arriskuak murrizten ditu eta pazienteak ariketa fisikoarekiko duen interes orokorra sustatzen du.

Indarra % 35era arte hobetzea eta konplikazioak murriztea

Orain arte parte hartu duten pertsonek % 35 inguru hobetu dute beheko gorputz-adarretako indar-maila, eta % 18 inguru goiko gorputz-adarretakoa. Gorputz-adarrak indartzeak eragina dauka norbere burua zaintzeko oinarrizko zereginen (jantzi, oinetakoak jantzi, garbitu, etab.) eta oinez ibiltzeko hobekuntza funtzionalean; badaude ia zutitu ere egin ezin ziren pertsonak, eta ospitaletik autonomiaz ibiltzen irten direnak. Emaitzarik garrantzitsuenen artean, Geriatriako lantaldeak nabarmendu du hobekuntza handiak lortu direla parte-hartzaileen funtzio kognitiboetan; uste dute horren arrazoia dela ariketa fisikoa egiteak onura psikikoak dakartzala, eta programak osagai "gizarteratzailea" duela, lantaldearekiko sortzen den harremanagatik.

Epe ertainera begira, uste dute 70 urtetik gorako pertsonen bizimoduan ariketa-errutina bat sartzeak bizi-kalitatea hobetu dezakeela, ospitaleratze kopurua murriztu eta instituzionalizazioa txikitu edo atzeratu.

Interesa piztu du nazioartean

Paziente akutuei zuzendutako ariketa-protokolo honek interes handia piztu du nazioarte mailako osasun-etxeetako profesionalen eta geriatren artean. Alemania, Ingalaterra eta Italiako espezialistak Nafarroako Ospitaletegiko Zerbitzuak egon dira programa hori ezagutzeko.

Nafarroako Ospitaletegiko Geriatria Zerbitzua aitzindaria izan zen Estatuan, arreta geriatrikorako ospitale-unitateak sortzen, Madrilgo Gurutze Gorriaren Ospitale Zentralarekin batera. 1972an sortu zen Zerbitzua, garai hartan Nafarroako Probintzia Ospitalea zeritzon ospitalean. Gaur egun, zortzi medikuk eta berrogeita hamar bat erizain eta erizaintzako laguntzailek osatzen du lantaldea, eta ospitaleratutako pazienteentzako 35-40 bat ohe ditu. Zerbitzu horrek kanpoko kontsultak ere egiten ditu, beste espezialitateetatik eskatutako barne-kontsultak, ortogeriatriako pazienteei arreta ematen die, eta Nafarroako Gobernuaren menpeko titularitate publikoko El Vergel egoitzarekin kolaboratzen du.

 

Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa