(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Barkos Lehendakariak Nafarroako gizartearen elkartasuna adierazi die eskuin muturraren edo funtzionario publikoen biktimei larunbata, 2017.eko otsailak 18


Gaur Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuan egin den omenaldian parte hartu du, beste agintari batzuekin batera


Nafarroako Lehendakariaren lore-eskaintza.

Uxue Barkos Nafarroako Lehendakaria, biktimei lore-eskaintza egiten.. ( irudia handitu )

Uxue Barkos Nafarroako Lehendakariak erakundeen eta, beraz, Nafarroako gizarte osoaren elkartasuna eta gertutasuna adierazi die eskuin muturreko taldeen edo funtzionario publikoen arrazoi politikoko ekintzen biktima izan direnei, gaur eguerdian Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko klaustroan egin den ekitaldian; 350 lagunetik gora egon da ekitaldi horretan.

Nafarroako Parlamentuak orain dela gutxi eskatu zion Gobernuari antola zezala biktima horiei zuzendutako omenaldi-ekitaldia, eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko apirilaren 10eko 16/2015 Foru Legea betetzeko. Lege horren lehenengo xedapen gehigarriak ezartzen du Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuarekin eta udalekin lankidetzan, aipatutako biktimak omentzeko ekitaldia egingo duela.

Aurkezpen batekin eman zaio hasiera ekitaldi instituzionalari; ondoren, Etxarri Aranazko abesbatzak Jose Luis Ansorenaren Agurra aurreskua abestu du, eta Etorkizuna dantza-taldeak egin du dantza. Ondoren, Julio Soto bertsolariaren emanaldia izan da; gero, Castillo Suarezen "Aqui estamos" olerkia irakurri dute, eta berriro heldu da Etxarri Aranazko abesbatzaren txanda. Aranbururen "Kitolis" abestu dute bigarren emanaldi honetan.

Jarraian, Eneko Etxeberria Jose Miguel Etxeberriak hitz egin du euskaraz, Fermin Rodriguez German Rodriguezen anaiak hitz egin du gazteleraz, Idoia Zabaltza Mikel Zabaltzaren arrebak elebitan.

"Egun gogoangarria" familientzako

Beren mintzaldia hasteko, esan dute "orain dela ez asko, pentsaezina zela era honetako ekitaldi batek elkartuko gintuenik. Egun gogoangarria da, Nafarroako erakunde gorenenek ekitaldi honetan esaten dutelako Estatuko agenteen edo eskuin muturreko taldeen biktimak daudela".

Iragana gogoratu eta etorkizunera begiratzen dute: "Urte luzez bizi izan dugu haien heriotza isiltasunean, erabateko bazterkeria sozialera eta instituzionalera kondenatuta. Zauriak itxi eta etorkizunera begiratu nahi dugu. Ez dugu nahi beste inork guk bizi izan duguna bizitzerik. Eta, horretarako, ez dago egia eta justizia beste biderik, eta zeregin horri heltzeko, luzatuta dituzue gure eskuak".

Azkenik, adierazi zuten "benetan eskerrak eman" nahi dituztela ekitaldiagatik. "Orain, errekonozimendurik garrantzitsuena espero dugu: egia".

Gustavo Adolfo Becquerren olerki batean oinarritutako Alejandro Yagueren "Dos olas" lanaren musika-emanaldiaren ondoren, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakari Pablo Azconak, Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznarezek eta Uxue Barkos Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariak hartu dute hitza.

Ekitaldia amaitzeko, erreparaziorako adierazpena irakurri dute, eta lore-eskaintza egin dute Jose Ramon Anda artistak ekitaldi honetarako emandako "Leihoa" eskulturaren aurrean, abesbatzak honako abestiak interpretatzen zituen bitartean: "A Pablo Sarasate" (Sarasateren musika eta Kike Ugarteren moldaketak); Josu Elberdinen "Izar ederrak", eta Sergei Rachmaninoven "Bogoroditse Dievo".


Biktimen senitartekoak

Idoia Zabaltza, Eneko Etxeberria eta Fermin Rodriguez, biktimen anai-arrebak. ( irudia handitu )

Errekonozimendua eta erreparazioa

Uxue Barkosek bere mintzaldian adierazi duenez, "gaur, Gobernu honek beste urrats bat eman du motibazio politikoko indarkeriaren biktimen errekonozimendurako eta erreparaziorako duen borondatean. Orain dela hilabete batzuk, hementxe bertan elkartu ginen 1936ko kolpe militarraren ondoren sortutako indarkeriaren ondoriozko irakasle errepresialiatuei gure begirunea erakusteko eta gertatutakoa erreparatzeko; gaur, berriz, eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko indarkeriaren biktimek egia jakiteko, eta justiziarako eta erreparaziorako duten eskubideak batzen gaitu. Batzuk zein besteak –eta, jakina, baita terrorismoaren biktimak ere– indarkeria bidegabe baten biktimak dira; baina, gainera, talde biek ondotxo dakite zer den erakundeen aldetik ahaztuak izatea, haien biktima izatearen ikusezintasuna eta memoriarik ezak dakarren birbiktimazioa ere".

"Izugarri sufritu duzue maite zenuten horren hilketa bidegabeagatik, eta zuen sentimendura gerturatu nahian, jakin ezazue ez zaudetela bakarrik, eta ez zaretela bakarrik egongo", esan du Uxue Barkosek. Zera gaineratu du: "Erakundeek ez zizueten jaramonik egin egia, justizia eta erreparazioa eskatzen zenutenean, eta familiok izan zarete oroimenari eutsi diozuenok. Bake- eta adiskidetza-prozesu batean, biktimei arreta ematerakoan, funtsezkoa da baztertutako talderik ez egotea, eta zuek hala egon zarete neurri handi batean".

"Etorkizunera begiratu nahi dugu, ez dugu iraganean bizi nahi, baina ezin dugu etorkizunera begiratu ezer gertatu izan ez balitz bezala", adierazi du aurrerago. Ezin dugu aurrera egin biktimarik ahaztuta edo ikusezin bihurtuta. Gertatutakoaren kontakizun eta irakurketa ezberdinak egongo dira, baina pertsona guztien Giza Eskubideak errespetatzea aurrera egiteko funtsezko oinarrietako bat delako oinarrizko adostasunera iritsi beharra dugu. Gizarte bezala, ideia ezberdinak izan ditzakegu, proiektu ezberdinak, baita kontrajarriak ere, baina inork inoiz ez zukeen gainditu behar pertsonaren duintasunaren muga. Biktimekiko eta, oro har, gizartearekiko konpromiso bikoitz horretatik, "inoiz gehiago" mezua helarazi nahi dugu.

Bakearen kultura

"Gobernu honek aurrera egin nahi du biktima guztiekiko arretan", adierazi du Uxue Barkosek, eta gaineratu du "Gobernu honek bakearen kultura bultzatu" nahi duela, "bizikidetzarako arauak ezartzeko, elkarrizketaren, ezberdin pentsatzen duenarekiko errespetuaren, pertsona guztien Giza Eskubideen defentsaren eta indarkeriaren deslegitimazioaren bitartez gure desadostasunak bideratzen jakin dezagun".

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznarezek, bestalde, adierazi du errekonozimendu horrek ez duela "batere zalantzarik, mesfidantzarik edo errefusarik eragin behar; gaur, azkenean, muturreko eskuinaren eta, are, funtzionario publiko batzuen biktima izan direnek eta haien familiek orain arte izan ez duten babesa, kontsolamendua eta errekonozimendua dute. Eta indarkeriazko ekintzen edozein biktimak dituen baldintza eta berme berberekin".

"Gizarteak eta erakundeok ezin dugu jarraitu bizkarra ematen", esan du Ainhoa Aznarezek. Eta amaitzeko, zera gaineratu du: "Etorkizun hobea eta demokratikoagoa lortzeko modu bakarra da giza eskubideen defentsa integralean oinarritutako herritarren kultura-eredu berria geure gain hartzea, zeharka".

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakari Pablo Azconak esan du "obligazio morala dela, baita ohore bat ere, Nafarroako erakundeok azkeneko hamarkadetan eskuin muturreko taldeen edo funtzionario publikoen indarkeria sufritu zutenen biktima izaera aitortzeko egiten dugun ekitaldi honetan parte hartzea. Biktima horiek, gainera, erakundeen ahanzturaren eta, kasu batzuetan, erruduntasunaren estigmaren zama ere eraman behar izan dute denbora luzez".

Barkamena baztertuta izan dituztelako

Hiru erakundeek, Gobernuak, Parlamentuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak, adierazpen instituzionala egin dute; adierazpen horretan zera diote: "elkartasuna adierazi nahi diegu eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko biktimei, eta indarkeria gaitzetsi nahi dugu. Begirunea erakusten diegu indarkeriaren ondorioak sufritu dituzten biktimei, eta ekitaldi instituzional honek, hein batean behintzat, konponezina dela badakigun galera hori erreparatzen lagunduko duen itxaropena dugu".

Adierazpenak honela jarraitzen du: "berretsi egiten dugu biktima guztiek egia ezagutzeko, justiziarako eta erreparaziorako duten eskubidearekiko konpromisoa, eta baieztatzen dugu pertsona guztien giza eskubideak defendatu eta indarkeriaren ondorioak humanizatzeari eta adiskidetze-giroari bulkada bat emateko nahia dugula". Amaitzeko, zera esaten du adierazpenak: "barkamena eskatzen diegu biktimei, Nafarroako erakundeen izenean, baztertuta eta arretarik eman gabe izan ditugulako horrenbeste urtez".


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa