(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

522 pertsona gutxiago dago langabezian otsailean Nafarroan, 40.720 langabe guztira osteguna, 2017.eko martxoak 2


Azkeneko urtean 4.376 pertsonatan jaitsi da langabe kopurua; % 9,7ko jaitsiera, hain zuzen ere


Iturgina

Azkeneko urtebetean % 9,7 jaitsi da erregistratutako langabezia.

Nafarroan 522 pertsonatan jaitsi da langabe kopurua; horrela, 40.720 langabe dago erregistratuta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren agentzietan. Horrek esan nahi du % 1,27ko jaitsiera gertatu dela pasa den urtarrileko datuekiko. Azkeneko urtean 4.376 pertsonatan jaitsi da Foru Komunitateko langabe kopurua; hau da, % 9,7ko jaitsiera izan du langabeziak iazko otsaileko datuekin alderatuta, Espainiako batez bestekoa baino portzentaje zertxobait handiagoa.

Otsaila hilabete ona izaten da langabeziari dagokionez, baina Miguel Laparra Eskubide Sozialetako lehendakariordeak nabarmendu du hau izan dela otsail batean gertatu den "murrizketa positiboena", "krisiaren aurretik gertatutakoak ere kontuan hartuta". Horrela, gogorarazi du hilabete arteko % 1,08ko jaitsiera gertatu zela 2007ko otsailean, eta jaitsiera hori azkeneko urteetan izan dela % 0,04koa 2016an, % 0,77koa 2015ean eta % 0,15ekoa 2014an.

Azkeneko urteetan otsail batean erregistratutako urte arteko jaitsiera handiena ere izan da; eta horrek, Laparra lehendakariordearen ustez, erakusten du "nabarmen finkatu dela langabeziaren beheranzko joera, urte-sasoiaren eragina gorabehera". Gogorarazi behar da urte arteko jaitsiera hori % 8,1ekoa izan zela 2016an, % 7,6koa 2015ean eta % 6,1ekoa 2014an.

Zentzu horretan, gogorarazi du 2013ko otsailean iritsi zela Nafarroako langabezia bere mailarik handienera; 56.524 pertsona langabezian izatera iritsi zen Foru Komunitatea eta, harrezkero, 15.804 pertsonatan murriztu da zifra hori, hau da, % 28an. Kontuan hartuta 2007ko maiatzetik 37.679 pertsonatan handitu zela langabe kopurua (orduan lortu zen langabezia-mailarik txikiena), esan daiteke krisian erregistratutako langabezia % 42an txikitu edo "konpondu" dela.

Nabarmentzekoa da Nafarroa laugarren postuan dagoela erregistratutako langabeziaren hilabete arteko aldaketari dagokionez (-% 1,27), Estatuarekin eta gainerako autonomia erkidegoekin alderatuta. Hau da, hilabete artean langabeziaren murrizketa handiena izan duten erkidegoen artean laugarrena dela. Estatuan, % 0,25ekoa izan da jaitsiera. Urte arteko datuei erreparatzen badiegu, langabeziaren jaitsiera Nafarroan (% 9,70) Estatukoaren antzerakoa izan da (% 9,68).

Gizarte Segurantzako afiliazioak eta kontratazioa

Langabeziaren jaitsierarekin batera, Gizarte Segurantzako afiliazio kopuruaren handitzea dator. Nafarroan Gizarte Segurantzan afiliatutako batez besteko pertsona kopurua 262.129 lagunekoa da; beraz, aurreko hilabetean baino 1.672 gehiago, eta orain dela urtebete baino 6.698 gehiago. Aldaketa horiek esan nahi dute, ehunekotan, % 0,64ko igoera gertatu dela hilabetean (2007tik gertatu den handiena), eta urte arteko % 2,61eko igoera.

Urte arteko igoerari dagokionez, egia da Estatukoarena baino (% 3,38) zertxobait txikiagoa izan dela, zortzi hamarreko txikiagoa. Hala ere, azpimarratu behar da langabezia-tasa txikienak dituzten erkidegoekiko alderaketa eginez gero, ikusten dela, afiliazioaren igoera erlatiboari dagokionez, urte arteko bilakaera positiboagoa dela. Adierazi bezala, Nafarroan –langabezi-tasa txikieneko erkidegoa– % 2,61 igo da urte arteko afiliazio kopurua. Langabezia-tasa txikiena duen bigarren erkidegoa den Errioxan % 2,57koa izan da igoera hori, eta Euskadin –langabe gutxien duen hirugarrena– afiliazioaren urte arteko igoera % 2,02koa izan da.

Ez dugu ahaztu behar, bestalde, 2014ko urtarrilean iritsi zela afiliazio-maila txikienera, 243.505 afiliaziorekin. Beraz, otsaileko azkeneko datua kontuan izanda, 20.296 afiliazio gehiago dago, % 8,3 gehiago.

Kontratazioaren zifrei dagokienez, kontratu kopurua 23.848 kontratukoa izan da otsailean. Horrek esan nahi du aurreko hilabetean baino 5.725 (% 19,4) gutxiago izan direla. Beraz, kontratazioaren kasuan, datuak ez dira positiboak. Hala ere, kontuan izan behar da otsaila ez dela kontrataziorako hilabete ona izaten. Oparotasun ekonomikoko garaian ere kontratu kopuruaren jaitsiera nabarmena gertatu zen hilabete artean.

Datuek erakusten dute, bestalde, urte artean jaitsi egin dela kontratu kopurua. % 7,5eko jaitsiera gertatu da; horrek esan nahi du 2016ko otsailean baino 1.930 kontratu gutxiago egin dela.

Nolanahi ere, nabarmendu beharreko elementu positibo bat da kontratazio mugagabearen hilabete arteko jaitsiera aldi baterako kontratazioaren jaitsiera baino nabarmen txikiagoa dela. Kontratu mugagabeen kopurua % 7,6 jaitsi da; aldi baterako kontratuena, berriz, % 20,1.

Bestalde, urte arteko datuei dagokienez, kontratazio mugagabea % 4,4 hazi da, eta aldi baterakoa % 8,3 jaitsi da. Aldaketa horiek eragin dute mugagabeko kontratazioek kontratazio guztietan duten pisua % 7 ingurukoa izatea, 2014ko martxoaz geroztiko portzentajerik handiena.

Langabezia-datuen banakatzea

Enplegu agentziak kontuan hartuta, eta hilabete arteko datuei erreparatuta, agentzia guztietan gertatu da jaitsiera aurreko hilabetearekiko. Altsasun (% 4,38), Agoitzen (% 4,38), Donezteben (% 2,16), Hiri-zabalgunean (% 1,77), Lizarran (% 1,71), Arrotxapean (% 1,31), Tuteran (% 1,12) eta Yamaguchin (% 0,10).

Urte arteko aldaketan ere, jaitsi egin da langabezia. Altsasun (% 14,04), Tuteran (% 12,92), Donezteben (% 12,78), Lizarran (% 10,73), Yamaguchin (% 10,05), Hiri-zabalgunean (% 9,48), Lodosan (% 7,57), Arrotxapean (% 7,49), Tafallan (% 7,49) eta Agoitzen (% 3,66).

Langabeziaren ezaugarriei dagokienez, sexuaren arabera, 23.057 dira emakume langabeak, langabeziaren hilabete arteko % 0,8ko jaitsierarekin (190 emakume langabe gutxiago), eta 17.663 dira gizonezko langabeak, % 1,8ko jaitsierarekin (332 gizonezko langabe gutxiago). Beraz, langabeziaren hilabeteko jaitsieraren protagonistak gizonezkoak izan dira batez ere.

Gainera, urte arteko datuak genero ikuspegiaren arabera aztertuz gero, egiaztatuko dugu krisiaren urterik larrienak eta gero –orduan nahiko parekoa zen banaketa– langabeziaren banaketa desorekatuagora itzuli garela: langabe kopurua % 13,5 jaisten da urtero, eta emakume langabeen kopuruaren jaitsiera askoz txikiagoa da, % 6,5ekoa. Horrela, gaur egun, langabe guztiekiko emakume langabeen proportzioa % 56,6koa da; 2009an, % 49koa izatera iritsi zen.

Adin-tarteen arabera, 25 urtez azpiko 89 langabe gazteko igoera gertatu da hilabetean, hau da, % 2,3ko igoera. Bestalde, 25 eta 34 urte arteko langabe kopurua % 2,2 jaitsi da hilabete batean (177 gutxiago); 35 eta 44 urte arteko langabe kopurua % 1,9 jaitsi da (195 gutxiago), eta 45 eta 54 urte arteko langabe kopuruak % 1,7 egin du behera (172 gutxiago hilabetean). Azkenik, 55 urtetik gorako langabeen kolektiboak % 0,8ko jaitsiera izan du (67 pertsona langabe gutxiago hilabete batean).

Horrela, 3.883 dira 25 urtez azpiko gazte langabeak (langabe guztien % 9,5); 25 eta 34 urte bitarteko langabeak langabe guztien % 19,3 dira (7.873), 35 eta 44 urte bitartekoak % 25 (10.178), eta 45 eta 54 urte bitartekoak % 24,5 (9.989 pertsona). Azkenik, 55 urtetik gorako langabeen kolektibokoak dira langabe guztien % 21,6, 8.797 lagun.

Urte arteko aldaketari dagokionez, langabe gazteen kopurua % 10,6 jaitsi da, eta 25 eta 34 urte bitartekoena % 11,8. 35 eta 44 urte bitarteko langabeen urte arteko jaitsiera, berriz, % 13,9koa izan da, eta % 8,3 jaitsi da 45 eta 54 urte arteko langabeen kopurua. 55 urtetik gorako langabe kopuruaren jaitsiera, berriz, % 3,4koa izan da.

Ikasketa-mailaren arabera, langabezian dagoen hamar lagunetik zazpik bigarren hezkuntzako lehenengo etapa baino goragoko mailako ikasketarik gabe egoten jarraitzen du; % 70 dira (28.499). Unibertsitate-mailako ikasketak dituzten pertsonak dira langabezian dauden guztien % 10 (4.063 pertsona). Unibertsitate-mailako ikasketak dituzten langabeei dagokienez, nabarmentzekoa da hamarretik zazpi emakumeak direla oraindik ere (% 70,9).

Sektore ekonomikoak 

Azkenik, sektore ekonomikoen arabera, langabezia % 0,49 hazi da hilabete artean lehen sektorean (11 pertsona langabe gehiago. Hala ere, hilabete artean jaitsi egin da gainerako sektoreetan. Industrian, % 1,42 jaitsi da (83 langabe gutxiago); eraikuntzan, % 3,34 (94 gutxiago) eta zerbitzuetan, % 1,6 (433 gutxiago). Aurrez enplegurik izan ez duten pertsonen artean, berriz, igo egin da langabezia-tasa (% 2,4ko igoera, 77 langabe gehiago).

Urte arteko datuei dagokienez, nabarmentzekoa da langabezia sektore guztietan jaitsi dela. Nabarmentzekoak dira eraikuntzako tasaren % 20,4ko jaitsiera (696 langabe gutxiago); lehen sektoreko tasaren jaitsiera, % 12,8koa (334 langabe gutxiago urtebetean); industriako langabeziaren jaitsiera (% 11,9koa, 774 langabe gutxiago), eta zerbitzuetakoa (% 8,5eko jaitsiera, 2.471 langabe gutxiago).

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak nabarmentzen duenez, sektore guztietan gertatu den jaitsiera hori bereziki positiboa da, aurreko hilabeteetan ikusitako joera sendotzen baitu; ehunekotan, langabeziaren jaitsiera zerbitzuen sektorean baino handiagoa da industrian. Nolanahi ere, azpimarratzekoa da Zerbitzuen sektoreko langabezia dela erregistratutako langabeziaren % 65,5; industriakoa, berriz, % 14,1ekoa, eraikuntzaren sektorekoa % 6,7koa eta lehen sektorekoa % 5,6koa. Bestalde, aurrez enplegurik ez zutenen langabezia ere jaitsi egin da urte artean (101 pertsona gutxiago, % 2,9ko jaitsiera). Kolektibo horretakoak dira langabezian dauden guztien % 8,2.

Azkenik, azpisektore ekonomikoen arabera egiten den langabeziaren bilakaeraren analisiari dagokionez, nabarmendu behar da honakoak direla langabeziaren hilabete arteko jaitsieraren gune nagusiak: herri administrazioa eta defentsa; nahitaezko gizarte segurantza (89 langabe gutxiago hilabete batean), enpleguarekin lotutako jarduerak (85 gutxiago), janari eta edarien zerbitzuak (80 gutxiago), eraikinen eraikuntza (70 gutxiago), eta bigarren maila batean, hezkuntza (46 gutxiago) eta ostatu-zerbitzuak (46 gutxiago).

Langabeziaren hilabete arteko igoera izan dutenei dagokienez, honako kategoria hauek gailentzen dira: aurrez enplegurik izan ez dutenak (77 langabe gehiago hilabete batean); etxeko jarduerak etxeko langileen enplegu-emaile gisa (42 gehiago), txikizkako merkataritza (34 gehiago), egoitza-establezimenduetako laguntza (22 gehiago), eta nekazaritza, abeltzaintza, ehiza eta horiekin lotutako zerbitzuak (beste 22 gehiago).

Langabeziaren urte arteko aldaketari dagokionez, jarduera-adar guztietan jaitsi da langabezia. Nolanahi ere, honako hauek nabarmendu behar dira: eraikinen eraikuntza (392 langabe gutxiago urtebetean); txikizkako merkataritza (359 gutxiago), eraikuntza espezializatuko jarduerak (302 gutxiago); janari eta edarien zerbitzuak (277 gutxiago); nekazaritza, abeltzaintza, ehiza eta horiekin lotutako zerbitzuak (274 gutxiago); herri administrazioa eta defentsa; nahitaezko gizarte segurantza (227 gutxiago); enpleguarekin lotutako jarduerak (179 gutxiago) eta hezkuntza (134 gutxiago).

Aitzitik, esan behar da langabeziak pixka bat gora egin duen jarduera gutxienetako bat etxeetako jarduerak izan direla; urtebetean 45 langabe gehiago. Bestalde, manufaktura-industrien kategorian ere zertxobait igo da langabezia (30 gehiago), bai eta deskontaminazioko jardueretan eta hondakinak kudeatzeko beste zerbitzuetan ere (17 gehiago).


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa