(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

% 69 gehitu dira Ingurumen Departamenduak abiarazitako zehapen-espedienteak 2016an, horietako erdiak arrantza eta ehizagatik ostirala, 2017.eko martxoak 3


Igoera hori lotuta dago tramitazio elektronikoaren ezarpenarekin eta prozedura hauetan esku hartzen duten aldeek egiten duten lan planifikatuarekin


Arrantzalea

Arrantzarekin lotutako arau-hausteen erdiak, lizentziarik ez izateagatik egin dira.

581 zehapen-espediente ireki zituen iaz Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak, ingurumenaren arloko araudiarekin lotutako arau-hausteengatik, 2015ean baino (343) % 69 gehiago, eta 2014an baino (312) % 86 gehiago.

Ingurumeneko Araubide Juridikoko Atalak uste du igoera hori gertatu dela, batez ere, espedienteen tramitazio elektronikoa ezarri delako eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia osatzen duten zerbitzuekin, Basozaintzako Atalarekin, Foruzaingoaren Ingurumenaren Babeserako Lantaldearekin eta Guardia Zibilaren SEPRONArekin egindako lan planifikatu eta koordinatuagatik.

Irekitako 581 espedienteetatik % 26 (146) arrantzarekin lotuta zeuden, % 23 (134) ehizarekin eta beste % 23 (134) mendietako jarduerekin. Ingurumenaren Babeserako Esku-hartzeari buruzko Foru Legearekin lotutakoak daude ondoren, askoz gutxiago diren arren, % 8; hala ere, horiek dira ingurumenarengan eragin handiena dutenak, eta batez besteko zehapen ekonomikoa 20.000 eurokoa da. Gainerako espedienteak honako gaiekin lotutakoak dira: abelbideak (% 6); hondakinak (% 6); espazio naturalak (% 3); flora eta fauna (% 3); eta beste gai batzuk, orokorrean Done Jakue Bidearekin lotutakoak (% 2).

Ingurumen arloko Araubide Juridikoaren Atalak 2016an egindako jarduerari buruzko txostenaren datuen arabera, iaz abiarazitako 581 espedienteetatik 174k irekita jarraitzen dute oraindik, eta 407 dagoeneko amaitu dira. Azken horietatik 313tan abiarazi da zehapen-prozedura, eta horietatik % 88 izan dira azkenean zehapena jaso dutenak; guztira, 411.256,31 euro.

Amaitutako 407 espedienteetatik 244 arau-hauste arinei dagozkie; 162 espediente arau-hauste larriei, eta bat arau-hauste oso larriagatik abiarazitakoa da, hirugarrenen bizitza edo osotasun fisikoa arriskuan jarrita ehizatzeagatik. Azkeneko espediente hori 2.001 euroko isunarekin eta hiru urtez ehizatzeko lizentzia kenduta edo ezgaituta ebatzi da.

Arrantzarekin lotutako zehapenen erdia, lizentziarik ez izateagatik

Adierazi bezala, 2016an abiarazitako zehapen espediente gehienak arrantzarekin lotutako arau-hausteengatik ireki ziren, eta horietatik ia erdia lizentziarik gabe arrantzatzeagatik. Hain zuzen ere, arrantzarekin lotutako 146 espedienteetatik 68.

Gogorarazi behar da Nafarroan arrantzatzeko beharrezkoa dela dagokion denboraldirako indarrean dagoen arrantza-lizentzia izatea. Lizentzia hori agiri pertsonala da, besterenezina eta nahitaezkoa, Foru Komunitatean arrantza egiteko baimena ematen duena.www.navarra.es atarian tramita daiteke. 12 euroko kostua dauka arrantza-lizentzia eskuratzeak; agiri hori gabe arrantza egitea, berriz, zigor daiteke 501 eta 2.000 euro arteko isunaz, lizentzia kentzearekin eta urtebete eta hiru urte arteko denbora-aldi baterako ezgaitzearekin.

Arrantzarekin lotutako gainerako arau-hausterik ohikoenak dira nahitaezko dokumentazioa aldean izan gabe arrantza egitea, eta bi kanaberarekin batera edo bat baino gehiagorekin, izokinaren eta amuarrainaren kasuan.

Ehizagatiko eta mendietako jarduerengatiko espedienteak

Iaz abiarazitako espedienteen % 23 ehizako arau-hausteekin lotutakoak izan ziren. Ohikoenak dira nahitaezko dokumentazioak aldean izan gabe ehizatzea, ehizari buruzko arauak ez betetzea segurtasun-eremuetan, Ehiza Antolamenduko Planean jasotako mugak ez betetzea, zori-egun deritzen egunetan ehizatzea, debekatutako moduak erabiltzea ehizatzeko administrazio-baimenik gabe, eta lizentziaren titular izan gabe ehizatzea, barrutiko baimenik gabe edo horretarako ezgaituta egonda.

Mendietako jarduerekin lotutako espedienteen % 23ari dagokionez, ohikoenak dira baimenik gabe baso-erabilera aldatzea; zuhaitzak moztea, ateratzea, kaltetzea edo jabetzea administrazio-titulurik gabe; edozein erreketa egitea, sua erabiltzea edo mendian sua eragin dezakeen beste edozein jarduera egitea, baimenik gabe edo Administrazioak ezarritako aginduak bete gabe; eta basoko suteak prebenitzeko eta itzaltzeko arloan emandako suaren erabilera arautzen duten xedapenak ez betetzea.

Salatzaileak

Ingurumen arloko arau-hausteen salatzaileei dagokienez, Basozainen Atalaren, Foruzaingoaren eta SEPRONAren salaketengatik jasotako proposamen kopurua nahiko paretsua da; nabarmen gehitu dira Basozainen salaketengatiko zehapen-espedienteak.

Bestalde, aipatzekoa da Basozainen salaketa gehienak mendiekin eta abelbideekin lotutakoak direla; Foruzaingoaren salaketa gehienak ehizarekin eta arrantzarekin lotutakoak, eta SEPRONArenak arrantzarekin eta mendiekin.

Gaur egungo Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak jasotako proposamenei dagokienez, gehienak egindako ikuskapenen ondoriozkoak dira, eta ia denak dira ikuskatutako enpresen ingurumen-baimen integratuak finkatutako ingurumen-baldintzak ez betetzeagatik egindakoak; horrek Ingurumenaren Babeserako Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 5/2004 Foru Legearen urraketa larria dakar.

Aurretiazko jarduketak 94 prozeduratan

Adierazi bezala, iaz amaitutako 407 zehapen-espedienteetatik 313tan zehapen-prozedura abiarazi zen. Gainerakoetan, 94 espedientetan, aurretiazko jarduketak bakarrik egin ziren.

Jarduketa horiek dira informazio-aldi bat irekitzea salatutako gertakariak argitzeko, kasu zehatzaren inguruabarrak ezagutzeko eta zehapen-prozedura abiarazi beharraren gaineko erabakia hartzeko. Egoera horietan, gertakariak argitu ezin badira, errekerimendu bat bidali ohi da, ustez bete ez diren legezko betebehar zehatzak gogoraraziz.

Gainera, aurretiazko jarduketa multzo horren barruan sartzen dira zehapen-prozedura hasi aurretik preskribatu diren arau-hausteengatiko salaketak. Kontuan izan behar da ingurumenarekin lotutako salaketa gehienak arau-hauste arinengatik egiten direla, eta horiek sei hilabete igarotakoan preskribatzen direla.

Ordezko ingurumen prestazioa

Zehapen ekonomikoen kasuetan, horren ordez, zigortutako pertsonak hala eskatuta, ingurumenaren aldeko zerbitzu bat egiteko aukera egoten da. Zerbitzu horren zenbatekoak ezarritako isunaren baliokidea izan behar du gutxienez. Ingurumen-alderdi jakin batzuk hobetzeko edo ingurumenaren aldeko edozein jarduketa izan daiteke.

Zehatutako pertsonak adierazi behar du horretarako bere nahia. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko langileen kontrolpean egiten da beti. Behin egin dela egiaztatzen denean, zehapena indargabetzeko administrazio-tramitea egiten da.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa