(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako turismo-ostatuen hamar eskaintzatik bi erregistratu gabeko establezimenduenak dira ostirala, 2017.eko martxoak 3


Sektore horretan lehia desleiala saihesteko eta kalitatezko eskaintza bermatzeko neurrien programa bat abiaraziko du aurten Gobernuak


Turismo-ostatua

Turismo-ostatua.

Turismoko eta Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiak azterlan bat egin du, eta horren arabera, Nafarroako turismo-ostatuen 343 eskaintza –1.400 plaza baino gehiagorekin– ez daude Turismoko Erregistroan inskribatuta eta Internet bidez jarduten dute; zifra horiek dira establezimenduen eskaintza osoaren % 22 eta eskainitako plaza guztien % 15, erroldatutako landetxeen eta turismo-apartamentu ofizialen datuak kontuan hartuta.

Arautu gabeko ostatu horien hiru laurdena Iruñeko Eskualdean daude. Hain zuzen ere, hiriburuan daude % 68, logela indibidualak, partekatuak edo apartamentu osoak kontuan hartuta. Ostatu kopuru handieneko auzoak dira Alde Zaharra (% 34), Hiri-zabalguneak (% 13), Ermitagaña/Mendebaldea (% 10) eta Arrotxapea (% 9). Ostatu gehien dituen Nafarroako hurrengo udalerria Tutera da, baina zortzi besterik ez ditu, arautu gabeko eskaintzaren % 2,3.

Fenomeno hori hazi egin da azkeneko urteetan, establezimendu horien % 32 iaztik eskaintzen baitira Interneten, % 20 2015az geroztik eta % 24 2014. urtetik. Zuzeneko eta zeharkako gastuan izango lukeen inpaktuak araututako eskaintzarenak baino % 84,8 jario ekonomiko txikiagoa sortuko luke eguneko, turistak gutxiago ordaintzen baitu ostatuagatik, eta ez du hori bestelako aparteko gastuekin konpentsatzen (ostalaritzan, esaterako).

Horrela, zenbatespenen arabera, araututako eskaintzatan ostatu hartzen duen turista baten eguneko gastua 148,6 eurokoa da eta, arautu gabeko establezimenduetan daudenena, berriz, 80,4 eurokoa. Datu horien arabera, zenbatets daiteke arautu gabeko eskaintzetan ostatu hartu zuten bidaiarien gastu zuzena 6,2 milioi eurokoa izan zela 2015ean Nafarroan; turista horiek araututako establezimenduetan egon izan balira, gastua 11,5 milioi eurokoa izatera irits zatekeen. Horri gehitu behar zaio arautu gabeko jarduera horren zati bat, ez guztia, ezkutuko ekonomiaren esparruan garatzen dela eta zerga-tratamendu ez-kontributiboak dituela.

Gainera, kalkuluen arabera, arautu gabeko turismo-establezimenduen jarduera 100 plaza bakoitzeko 10 enplegu sortzearekin edo mantentzearekin lotuta dagoela; araututako establezimenduetan, berriz, 53 enplegu lotzen zaizkio 100 plazari. Hala ere, inpaktu ekonomikoari eta enpleguari buruzko datu horiek zuhurtziaz hartu behar dira Turismoko eta Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiak esaten duenez, izan ere, "zaila da arautu gabeko ostatuen jarduera-bolumena zenbatestea" eta "ez dakigu zein den eskaintzaren indarraldia, ez dakigu urte osoan zehar eskaintzen diren edo tarteka bakarrik".

Horiek dira Nafarroako Gobernuak Interneten eskaintzen diren arautu gabeko turismo-ostatuen eskaintzari buruz egindako azterlanetik ondorioztatzen diren datu nagusiak; gaur, ostirala, aurkeztu dituzte azterlan horren emaitzak "Garapen Ekonomikoko ostiralak" hitzaldi-zikloaren saio berri batean. Saio horretan parte hartu dute Maitena Ezkutari Turismoko eta Merkataritzako zuzendari nagusiak, Margarita Cueli Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuko zuzendariak eta Manuel Bermejo Turismoaren Antolamendurako, Prestakuntzarako eta Kalitaterako Ataleko buruak.

Turismoko jarduera klandestinoaren aurkako neurriak

Nafarroako Gobernuak turismoaren arloan ikuskaritzak egiteko aurtengo urterako onartu duen plana ere aurkeztu dute saioan; horren helburua da sektore horretako eskaintzen kalitatea handitzea eta lehia desleialari aurre egitea.

Maitena Ezkutarik aitortu du "sekulako lana" dagoela horretan, eta "teknologia berriek zaildu" egiten dutela; izan ere, plataformek ez dute "ostatuaren helbide zehatza ematen, nahita" eta "oso handia da" hilabete berean gertatzen diren alta eta bajen maiztasuna. Horregatik, Ezkutarik turismo sektorearen eta toki erakundeen laguntza eskatu du "beti egon den" baina plataforma digitalen ugaritzeak eta hedapenak lagunduta, "dituen ondorio ekonomiko eta sozialengatik benetan kezkatzeko kontu bihurtu den fenomenoari" aurre egiteko.

Zentzu horretan, Turismoko eta Merkataritzako zuzendari nagusiak berretsi du komenigarria dela edozein modalitatetako araututako establezimenduek eta enpresek beti beren turismo-inskripzioko kodea argitara ematea; ez arauz hala ezarrita dagoelako bakarrik, baizik eta elementu bereizgarria delako turismo-enpresarako, eta turistari bermea eskaintzen diolako.

Turismoko Ikuskaritza-plana

Gaur goizean aurkeztutako Turismoko Ikuskaritza-planaren helburua da turismo arloko araudia betetzen dela zaintzea; ostatu-zerbitzuen, bitartekaritza-zerbitzuen eta turismo-informazioko zerbitzuen jardun klandestinoa antzematea; erabiltzaileen eskubideak errespeta daitezen lan egitea, haien erreklamazioak eta salaketak egiaztatuta; emandako diru-laguntzak iruzurrerako erabil daitezen saihestea; eta ikuskatzaileen trebakuntza espezializatuan aurrera egitea.

Planean jasotzen diren ikuskapenek beren jarduera hasten edo bertan behera uzten duten turismoko establezimendu eta enpresa modalitate ezberdinak hartzen ditu barnean, bai eta establezimenduaren birsailkapena eskatzen duten aldaketak egingo direla jakinarazi dutenak ere. Interneten horiei dagokienez dagoen informazioak turismoko araudia betetzen duen ere aztertuko da.

Turismo-zerbitzuen jardun klandestinoa saihestera edo minimizatzera bideratutako neurrietako batzuk izango dira (edo izan dira), gaur aurkeztutako azterlana egitea; Nafarroako Zerga Ogasunarekin koordinatuta jardutea, eta hori dagoeneko ari da emaitzak ematen; toki erakundeekin elkarlanean jardutea establezimendu eta enpresa klandestinoak antzemateko; eta dagozkion zehapen-espedienteak abiaraztea, hala dagokionean.

Turismoari buruzko Foru Legearen aldaketa bat bultzatzea ere aurreikusten da, lege-maila emateko Nafarroako Turismo Erregistroko inskripzio-kodea enpresek, establezimenduek eta turismo-jarduerek egiten dituzten promozioko, publizitateko eta komertzializazioko ekintza guztietan jartzeko betebeharrari. Gainera, publizitateko edo komertzializazioko kanalen titular diren pertsona fisiko edo juridikoen erantzukizun solidarioa ezarri nahi da, ez bada aipatutako kodea argitara ematen.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa