(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Lehen Mailako Arretan, Osasun Mentalean eta Larrialdietan alarma-sistema berria jartzea aztertzen ari da Osasun Departamentua, erasoak saihesteko osteguna, 2017.eko martxoak 16


Profesionalen aurkako hitzezko 158 erasoren eta 66 eraso fisikoren berri jaso zen 2016an Osasunbidean


Profesionalen aurkako erasoak saihesteko neurri berriak aztertzen ari da Osasun Departamentua.

Osasun Departamentua osasun-zentro guztietan, Osasun Mentalekoetan eta Larrialdietako zerbitzuetan alarma-sistema berri bat jartzea aztertzen ari da, profesionalen aurkako erasoak saihesteko edo minimizatzeko helburuz. 2016an, 224 erasoren berri jaso zen; horietako 158 hitzezkoak izan ziren, eta 66 fisikoak.

Gaur egun, osasun-zentro batzuek eta Osasun Mentaleko ia guztiek dituzte erasoen aurreko alarma-sistemak, alarmak jasotzeko zentral batera konektatuta daudenak. Sistema horren ahulguneetako bat da ezin dela berehala jakin zer toki zehatzetan aktibatu den alarma, eta horrek atzeratu egiten du Zentroko gainerako langileek erasoa jasotzeko arriskuan dagoen lankideari laguntza berehala emateko aukera.

Eskuartean dituzten sistema berri guztien artean, mahai gaineko ordenagailua erabiltzeko aukera dago. Sistema horrekin, erasoren bat gertatuz gero, profesionalak bere ordenagailuan tekla-konbinazio bat sakatuta aktiba lezake alarma eta, automatikoki, alarmak berehala emango luke egoeraren berri dagokion eremuko lanpostu guztietan, alarma aktibatu den kokapenaren informazioa eskainiz.

Halaber, profesionalen trebakuntzarekin jarraitzea aurreikusten da, egoera horiek prebenitzeko prestatuta egon daitezen eta, beharrezkoa bada, indarkeriazko gertakarien aurrean esku-hartzeko gaitasuna izan dezaten. 2017rako 50 trebakuntza-ekintza daude programatuta, eskaintza irekian zein mugatuan; ekintza horiek erasoak jasateko arrisku handiena duten areetako profesionalei zuzenduta daude lehentasunez, hala nola Larrialdietako, Osasun Mentaleko edo Harrerako profesionalei. Aurreikusitako trebakuntza-ekintzen artean, jokabide- eta komunikazio-teknikei buruzko ikastaroak eskainiko dira paziente zail eta oldarkorrak maneiatzen ikasteko, paziente urduriei eusteko teknikoei buruzko ikastaroak eta auto-defentsarako eta paziente oldarkorrei eusteko teknikei buruzkoak.

Beste neurri batzuk

Gainera, beste neurri zehatzagoak jasotzen dira Ospitaleratze Psikiatrikoko Unitateetarako (OPU), altzarien banaketarekin edota murriztapenarekin lotutakoak.

Ekintza horiek dagoeneko 2016an egindakoak osatuko dira; OPUetan, erasoen aurrean urruneko aginte bidez aktibatzen diren alarmak jarri zituzten 2016an: langile guztiek dute eskumuturreko edo zintzilikario erako urrutiko aginte bat; beren lanaldian aldean eramaten dute eraso-arriskua dagoen unetan, eta alarma lokal bat aktibatzen du, zer eremutan dagoen adierazten duena. Era horretan, gainerako langileek eraso bat gertatzen ari dela jakiten dute, eta lankideari laguntzera joan daitezke; aldi berean, larrialdi-zerbitzuei abisatzeko alarma aktibatzen da.

Segurtasunari dagokionez, gehitu egin da Nafarroako Ospitaleguneko Larrialdi Zerbitzuetako langile kopurua; bi zaintzaile daude eguneko 24 orduetan, eta indartu egin da Foruzaingoaren presentzia Larrialdi Zerbitzu horretan eta Tuterako Reina Sofia Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuan, ostiral eta larunbat arratsaldetan eta gauetan, eta gainerako egunetan, tira-bira gehien antzematen diren orduetan. Gainera, martxoaren 1az geroztik, Tuterako Ospitaleak segurtasun-zerbitzua dauka eguneko 24 orduetan; horrela, handitu egin da orain arteko ordutegi partziala: 23:00etatik 07:00etara lanegunetan, eta 24 orduz asteburu eta jaiegunetan.

Halaber, Foruzaingoarekin koordinatzen da Osasun Mentaleko zentro bakoitzaren abisu larrietarako jarduketa-protokoloaren eguneraketa.

Profesionalak erasoen aurrean gaitzeko jarduerei dagokienez, 2016an, arrisku hori duten Osasunbideako langile guztiei eskaini zitzaien prestakuntza, kanpo-erasoak maneiatzeari eta prebenitzeari buruzkoa zein paziente oldarkorrak maneiatzeko jokabide- eta komunikazio-teknikei buruzkoa. Gainera, berariazko kolektiboei mugatutako prestakuntza programatu zen, kanpo-indarkeriaren eta beren prestakuntza-behar zehatzen arabera (Larrialdiak, Osasun Mentala, etab.). Guztira, 18 ikastaro eman ziren.

Halaber, "Kanpo-erasoak" deritzon lan-arriskuak prebenitzeko eskuliburu bat dago, Osasunbideako profesional guztiei zuzendutakoa; Lan-arriskuak Prebenitzeko Zerbitzuko langileek prestatu dute eskuliburu hori, beste zerbitzu batzuetako adituekin batera. Formatu digitalean zabaldu zen argitalpen hori Osasunbideako langile guztiei posta elektronikoz bidalita, eta osasun arloko intraneten dago eskuragarri.

224 erasoren berri jaso zen 2016an

Guztira, 224 kanpo-erasoren berri jaso zen iaz Osasunbidearen zentroetan; horietatik 158 hitzezko erasoak izan ziren, eta 66 fisikoak. Zifra hori 2015ekoa baino handixeagoa da, 203 erasoren berri jaso baitzen orduan (150 hitzezkoak eta 53 fisikoak), baina bi zifrak dira aurreko urteetakoak baino nabarmen handiagoak: 140 jakinarazpen 2012an, 112 2013an, eta 120 2014an.

Esan behar da estatistika hori jakinarazpenei buruzkoa dela eta ez benetan gertatu ahal izan diren erasoei buruzkoa; izan ere, normalean ez dira jakinarazi izan erasoak, batez ere hitzezkoak, eta psikiatriako pazienteen ospitaleratzeekin lotutako fisikoak. Osasunbideak langileak erasoen berri ematera animatzeko egindako ekintzek eragina izan dute, eta horrek azaltzen du neurri handi batean, azkeneko bi urteotako gorakada hori.

Zentroen arabera, 2016an jakinarazitako eraso gehienak Nafarroako Ospitalegunean gertatutakoak dira (95: 72 hitzezkoak eta 23 fisikoak); Lehen Mailako Arreta da hurrengoa, 62 erasorekin (57 hitzezkoak eta 5 fisikoak); Osasun Mentala eta OPU 45 erasorekin (12 eta 33); Reina Sofia Ospitalea 12 erasorekin (7 eta 5), eta Garcia Orcoyen Ospitalea, hitzezko hiru erasorekin. Estamentuen arabera, kolektiborik kaltetuena Erizainena izan da, 81 kasurekin; ondoren, medikuak daude (63 kasu), erizaintzako laguntzaileak (48), administrariak (16), zaintzaileak (12), gizarte-langileak (2) eta besteak (2).

Jarduteko protokoloa

2008an, lantokian jasandako kanpo-erasoak prebenitzeko eta horien aurrean jarduteko plan orokorra onartu zuen Nafarroako Gobernuak; Foru Administrazioko eta organismo autonomoetako langile guztiei aplika dakieke plan hori, eta lan-arriskuen prebentziorako zerbitzuek erasoen arloan dituzten eginkizunak jasotzen ditu. Eginkizun horiek dira indarkeriazko gertaerak erregistratzea eta ikertzea, pazienteen eta profesionalen arteko gatazkak konpontzeko aholkularitza ematea, eta Plana ezartzen laguntzea. Horretarako, lantalde bat eratu zen, administrazioko ordezkariek, prebentzioko ordezkariek eta Lan-arriskuen Prebentziorako Zerbitzuko langileek osatzen dutena; azken horiek, Osasunbidean kanpo-erasoei aurre egiteko jarduketa-protokolo bat prestatu zuten. Horrela, erasoren bat gertatzen bada, erasoa jasan duen pertsonak bere nagusiari jakinarazi beharko dio, eta honek galdetegi elektroniko batean erregistratuko du gertakaria, erasoa jasan duen pertsonaren filiazio pertsonaleko eta lan-filiazioko datuekin, erasoaren lekua, data eta deskribapena jasoz, lesiorik eta osasun-laguntzarik egon den edo ez adieraziz, langilea lanean dagoen edo aldi baterako ezintasunaz dagoen zehaztuz, istilua eragin duen arrazoia azalduz (oinarrizko ikerketa) eta berriro gerta ez dadin zer ekintza egin den zehaztuz.

Gainera, galdetegi horren bitartez, laguntza juridikoa edota psikologikoa eska daiteke langilearentzat. Lan-arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak kudeatzen ditu bi horiek eta, eskatu ala ez, LAPZko teknikari bat beti jartzen da harremanetan erasoren bat jasan duten pertsonekin.

Galdetegia aztertuta, LAPZk egiturazko, antolamenduzko edo maila indibidualeko prebentzio-neurriak hartzea proposa dezake.

Gainera, jasotako galdetegi guztien azterketa globalari esker, arriskuen mapa ezar daiteke. Urtero, Osasunbideako Segurtasun eta Osasun Batzordean aurkezten dira indarkeriazko gertakariekin lotutako estatistika-datuak: lantokia, lan-area, kategoria profesionala, eraso mota, eta LAPZk egindako jarduketa (laguntza juridikoa, psikologikoa eta jarraipena).


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa