(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Goiz bakar batean urak ezabatutako mende eta erdiko historia berreskuratu da ostirala, 2017.eko martxoak 24


Nafarroako Gobernuaren, Baztango Udalaren, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoaren eta espezializatutako enpresa baten arteko baterako lanari esker, orain dela hiru urteko uholdeak kaltetutako Elizondoko Bake Epaitegiko eta Erregistro Zibileko artxiboak berreskuratu dira


Liburuak

Goian, heriotzak erregistratzeko liburu bat, berreskuratuta; behean, uholdearen ondoren nola geratu zen ikus daiteke. ( irudia handitu )

Baztan ibaiaren uraldi batek, adituek 50 edo 100 urtean behin bakarrik gertatzen direla uste duten horietako batek, Elizondoko Bake Epaitegiko eta Erregistro Zibileko artxiboetan jasotako Baztan Haranaren eguneroko historia ezabatu nahi izan zuen 2014ko uztailaren 4ko goizean.

Itxuraz bigarren mailako historia, ez baitu gordetzen nazioarteko itunik, errege-agiririk edo epai judizialik, baina ezinbestekoa dena ezkondutako bikote batek bere haur jaioberria erregistratu nahi duenean, familia batek hildako senitarteko baten jaraunspena onartzen duenean edo atzerrira joandako baztandar baten bilobak espainiar nazionalitatea eskatzen duenean.

Udalerriko etxebizitza, kale eta zerbitzu batzuekin gertatu zen bezala, urak eta lohiak Bake Epaitegia hartu zuten goiz hartan; Elizondoko udaletxearen atzealdean dago epaitegia, ibai-ibilgutik oso gertu. Ia erabat suntsituta geratu zen epaitegiko artxibo guztia, XIX. mende erdialdera artekoa. Ohiko informazioa gordetzen zuen –jaiotzak eta heriotzak, ezkontzak eta hauteskunde-prozesuak, jakinarazpen judizialak edo aurrekari penalak–, baina oso baliagarria baztandarrentzako eta administrazio-erregistroentzako.

Agiri horiek berreskuratzea zen Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren helburua, eta lortu egin da, hainbat administrazioren baterako lanari eta artisau-erako zaharberritze-teknikei esker. Horrela, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak eta Nafarroako Gobernuak hartu dute beren gain artxiboa berreskuratzeko finantzazioa, 200.000 eurorekin; Baztango Udalak beharrezko bitarteko materialak jarri ditu; eta Kulturako Zuzendaritza Nagusiarekin kolaboratzen duen Barbachano & Beny enpresak egin ditu agirien zaharberritze-lanak, Cercedillan duen lantegian. Zaharberritze-lan hori eta argazkien digitalizatze-lanak Maria Jose Beaumont Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak eta Rafael Catala Justizia ministroak 2015eko irailean sinatutako lankidetza-hitzarmenean jasota zeuden.


Kaxak

Goian, kaxetako batetik berreskuratutako agiriak; behean, zaharberritze-lanekin hasi aurretik zuten itxura. ( irudia handitu )

Partekatutako lana izan da, eta lan horretan parte hartu dute beste hauek ere: epaitegiko langileek; Iruñeko artxibategi judizialetako langileek, gertakarien momentuan agiriak erreskatatzen, lehortzen eta garbitzen parte hartu baitzuten; Baztango bizilagunek, altzariak utzi baitzituzten, eta denbora-aldi honetan zehar arreta- eta artxibo-lanak egin baitituzte epaitegian.

Zoritxarrez, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuaren kalkuluek birgertatze-aldiari buruz aurresaten duten bezala, 2014koa bezalako uraldi bat 50 urtean behin gertatzen da batez beste eta, zalantzarik gabe, orain dela hiru urtekoa bezalako uholdeak errepikatuko dira etorkizunean, lehenago edo beranduago, nahiz eta ez dakigun zehazki noiz. Hala ere, bake epaitegiko eta erregistro zibileko berreskuratutako funtsak salbu egongo dira egoitza berrian, Foruzaingoaren komisaria zegoen eraikinean; izan ere, hara eramango dira agiriak datorren astean, Baztango Udalak lokal horiek egokitu ondoren. Laster egingo du hara bisita Beaumont kontseilariak.

138 liburu, eta agiriz betetako 97 kaxa

Uholdeak 138 liburu eta eskuz idatzitako, mekanografiatutako eta inprimatutako agiriz betetako 97 kaxa kaltetu zituen, horietatik zaharrenak 1854koak. Guztiak berreskuratu dira. Agiri horietan jasotzen dira Baztan Haraneko azkeneko 84 urteetako jaiotzak, ezkontzak eta heriotzak, 1899. urteaz geroztiko hauteskunde-prozesuetako dokumentazioa, eta epaitegi horrek XIX. mende erdiaz geroztik emandako adiskidetze-egintzak, erreguak eta kontziliazioak, besteak beste.

Liburu eta kaxa horietako asko urak eta lohiak hartu zituen. Uholdea igaro zenean, lan neketsua izan zen haiek berreskuratzea. Materialak erabat bustita zeuden eta, ondorioz, irristatu egiten ziren eta oso erraz puskatzen ziren. Gainera, hezetasun-maila handiaren eraginez, eta erabat lehortu arte denbora luzea igaro zenez, mikroorganismoak ugaldu ziren; kutsadura-maila aldakorra zen, material batzuek orban gutxi batzuk zituzten, baina bazeuden onddoek erabat hartutako orri-multzoak ere.

Beste kalte batzuk ere jasan zituzten: desagertu egin ziren paperek zituzten tinta, disolbagarriak baitziren; hezetasunak deformazioak eragin zituen, liburu batzuk tolestuta zeuden eta kaxak bihurrituta; agiriei eusten zieten metalezko elementuak herdoilduta, hala nola grapak eta klipak; eta koadernaketak hondatuta, liburuak ezin baitziren itxi orrien bolumena hazi egin baitzen uraren eraginez.

Artisau erako berreskuratze-lana

Lehenik eta behin, beharrezkoa izan zen hezetasunaren, onddoen eta lohiaren eraginez elkarri itsatsita geratu ziren orri guztiak banantzea. Horretarako, espatula finak erabili ziren eta, kasu batzuetan, liburuak ganberatan sartu ziren; ganbera horietan, orriak banandu ahal izateko beharrezko hezetasun-maila jaso zuten zeharka.

Jarraian, paperak taldekatzeko erabiltzen diren sistemak kendu ziren, hezetasunak kaltetuta zeudenak; hala nola grapak, klipak, tatxetak eta metalezko gailuak.

Orriak askatu eta banandu ondoren, espezializatutako enpresako langileek materiala garbitzeari ekin zioten, teknika ezberdinak erabilita, zuten lokatz kopuruaren eta itsatsitasun-mailaren arabera. Gogortutako lohia eta mikroorganismoen esporak kendu zituzten.

Ondoren, desinfekzio-faseari ekin zitzaion; oro har, hori da zaharberritu beharreko dokumentazioari aplikatzen zaion lehendabiziko fasea, baina kasu honetan, horrenbesteko lokatza izanik, beharrezkoa izan zen aldez aurretik orriak garbitzeko eta askatzeko lanak egitea. Kutsadura biologikoa erauzteko eta dokumentazioaren berme handieneko manipulazioa ahalbidetzeko, desinfekzio-tratamendua egin zen. Horretarako, soluzio hidroalkoholikoa aplikatu zen % 70-30eko alkohol proportzioarekin, eta % 1eko benzalkonio kloruroarekin; produktu horrek ez die kalterik eragiten agiriei.

Behin orriak garbitu eta desinfektatu ondoren, hezetasun-maila bat aplikatu zitzaien zeharka, zituzten zimurrak eta izurrak murrizteko. Ondoren, eskuzko prentsa batean sartu ziren, galdutako dimentsio-egonkortasuna berreskuratzeko.

Zaharberritze-prozesuaren hurrengo fasean, agiriek zituzten pitzadurak batzea zen helburua; horretarako, sei gramoko japoniar tisu papera erabili zen. Paper horrek itsasgarri termoplastikoa du eta beroa aplikatuta aktibatzen da. Material hori erabili zen orriak banantzerakoak zati batzuk puskatu zirelako agiri batzuk berreraiki behar izan zirenean ere. Hala ere, hondatuago zeuden kasu batzuetan, beharrezkoa izan zen laminazio-tratamendua, beharrezko erresistentzia eta malgutasuna emateko.

Azkenik, agiriak koadernatu ziren. Hamar kasutatik zazpitan izan zen posible jatorrizkoa zaharberritzea, desmuntatu, garbitu, desinfektatu, hidratatu, erantsitako elementuak kendu –etiketak eta zeloa, esaterako–, pitzadurak eta urraketak konpondu, galdutako zonak berreraiki, egiturak eta josturak sendotu eta azaletako koloreak zaharberritu ondoren. Hala ere, hamar liburutik hirutan ezinezkoa izan zen jatorrizko koadernaketa berreskuratzea; kasu horietan, berria egin zen, jatorrizko tipologia errespetatuta.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa