(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

367 langabe gutxiago martxoan, eta 3.766 gutxiago urtebetean asteartea, 2017.eko apirilak 4


Martxotik, 1.618 lagun gehiago ari dira Gizarte Segurantzan kotizatzen, eta iazko garai berean baino 7.456 gehiago; % 2,89 igoera gertatu da


Martxoaz geroztik, 1.618 pertsona gehiago ari dira Gizarte Segurantzan kotizatzen.

40.353 langabe zegoen erregistratuta martxoan Nafar Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuen Agentzietan; horrek esan nahi du aurreko hilabetean baino 367 langabe gutxiago dagoela (% -0,9). Urtebetean, berriz, % 8,54ko jaitsiera izan du langabe kopuruak, iaz baino 3.766 lagun gutxiago baitago langabezian.

Miguel Laparra Eskubide Sozialetako lehendakariordeak gaur ezagutu ditugun datuon "balorazio positiboa" egin du, eta nabarmendu du "martxoan gertatutako urte arteko jaitsiera inoizko bigarren handiena" izan dela (are krisia baino lehen); iazko martxoan gertatu zen jaitsierarik handiena (% 8,9), eta 2006az geroztiko martxorik onena izan zen.

"Gainera, urte arteko aldea aurreko urteetakoarekin alderatzen badugu, balorazioa are positiboagoa da", adierazi du lehendakariordeak. Eta uste du gaur ezagutu dugun zifrak esan nahi duela "finkatu egin dela langabeziaren jaitsierarako joera". Zentzu horretan, gogorarazi behar da % 7,6ko jaitsiera gertatu zela 2015ean, eta % 7,2koa 2014an.

Aurtengo otsailarekiko jaitsierari dagokionez (% 0,9ko jaitsiera), lehendakariordeak esan du 2016koa bezain nabarmena izan ez (% 2,2koa izan zen orduan) eta 2014ko eta 2015ko jaitsieran antzekoagoa izan den arren, kontuan hartu behar dela "iazko otsailean gertatutako jaitsiera krisi aurretik gertatutakoak baino are handiagoa izan zela. Esan daiteke aurrerapen handia egon zela orduan langabeziaren jaitsieran, eta garai oparoetan gertatutakoak baino are jaitsiera handiagoa gertatu zela iazko otsailean".

2013ko otsailean iritsi zen Nafarroa inoizko langabezia-maila handienera. Garai hartan, 56.524 lagun zegoen langabezian. Hau da, ordudanik % 29koa izan da jaitsiera; horrek esan nahi du orduan baino 16.171 lagun gutxiago dagoela langabezian orain. "Era horretan, kontuan hartzen badugu langabezia-tasa txikienaren (2007ko maiatza) eta handienaren (2013ko otsaila) artean 37.679 langabeko igoera gertatu zela, eta harrezkero 16.171 lagunetan gutxitu dela langabe kopurua, % 43 murriztu edo "konpondu" da sortutako langabezia", adierazi du Laparrak.

Laparraren esanetan, beste elementu "oso garrantzitsu bat da aurkeztutako azkeneko datuek berriro erakusten dutela Estatuko sistemaren muga nabarmena dela". Horrela, Nafarroako langabeziagatiko babes-tasa % 48,9koa zen otsailean, hau da, lan-esperientzia duten langabeen erdiak baino gehiagok ez du babesik sistema horretan. Langabezian dauden biztanle guztiak kontuan hartuta, 22.455 lagun dago Nafarroan, langabezian eta babesik gabe. Horregatik dira horren garrantzitsuak bestelako elementu propio batzuk, Errenta Bermatua kasu. Estatuan, % 55,5ekoa da babes-maila, hau da, 6,6 puntu handiagoa.

Gizarte Segurantzako afiliazioak eta kontratazioa

Langabeziaren jaitsierarekin batera, Gizarte Segurantzako afiliazioen kopurua handitu da. Nafarroan Gizarte Segurantzan afiliatutako batez besteko pertsona kopurua 265.419 lagunekoa da martxoan; beraz, aurreko hilabetean baino 1.618 gehiago, eta orain dela urtebete baino 7.456 gehiago. Aldaketa horiek esan nahi dute, ehunekotan, % 0,64eko igoera gertatu dela hilabetean (martxoan 2007tik gertatu den handiena), eta urte arteko % 2,89ko igoera.

Urte arteko igoerari dagokionez, Estatukoarena baino (% 3,349) zertxobait txikiagoa izan da, sei hamarreko txikiagoa. Hala ere, azpimarratu behar da langabezia-tasa txikienak dituzten erkidegoekiko alderaketa eginez gero, ikusten dela, afiliazioaren igoera erlatiboari dagokionez, urte arteko bilakaera positiboagoa dela. Adierazi bezala, Nafarroan –langabezi-tasa txikieneko erkidegoa– % 2,46 igo da urte arteko afiliazio kopurua. Errioxan, langabezia-tasa txikiena duen bigarren erkidegoan, % 2,78koa izan da igoera hori, eta Euskadin –langabe gutxien duen hirugarrena–% 2,03koa izan da afiliazioaren urte arteko igoera.

Ez dugu ahaztu behar, bestalde, 2014ko urtarrilean iritsi zela afiliazio-maila txikienera, 243.505 afiliaziorekin. Beraz, martxoko azkeneko datua kontuan izanda, 21.914 afiliazio gehiago dago, % 9 gehiago.

Kontratazioari dagozkion datuek ere berretsi egiten dute egoeraren hobekuntza indartzen ari dela. Lantokia Foru Komunitatean duten Nafar Lansaren erregistratutako kontratu kopurua 29.781koa izan da martxoan; horrek esan nahi du aurreko hilabetean baino 5.933 kontratu gehiago dagoela, % 24,9. Krisia hasi aurretik hona gertatu den hilabete arteko igoerarik handiena. Urte arteko aldaketari dagokionez, % 7,8ko igoera gertatu da; hau da, 2016ko martxoan baino 2.155 kontratu gehiago. Igoera hori 2016an (% 8,2) gertatu zena baino txikixeagoa da.

"Modu positiboan" nabarmendu beharreko beste elementu bat da mugagabeko kontratuen urte arteko igoera handiagoa izan dela eta, gainera, aldi baterako kontratuen igoera baino nabarmen handiagoa. Mugagabeko kontratu kopurua % 24,3 igo da; aldi baterako kontratuek, berriz, % 6,8ko igoera izan dute.

Bestalde, hilabete arteko datuei dagokienez, kontratazio mugagabea % 18,4 hazi da, eta aldi baterakoa % 25,4. Aldaketa horiek eragin dute mugagabeko kontratazioek kontratazio guztietan duten pisua martxoan egindako kontratazioen % 6,7 ingurukoa izatea.

Langabezia-datuen banakatzea

Enplegu Agentziak kontuan hartuta, eta hilabete arteko datuei erreparatuta, aurreko hilabetearekiko jaitsi egin da langabezia agentzia guztietan, hirutan izan ezik: Iruñeko Zabalguneko agentzian langabeziaren hilabete arteko % 0,57ko igoera gertatu da, Tafallakoan % 1,58koa eta Altsasukoan % 1,87koa. Jaitsierei dagokienez, % 6,47 jaitsi da langabezia Agoitzeko agentzian, % 3,48 Lodosakoan, % 3,29 Lizarrakoan, % 2,18 Tuterakoan, % 1,13 Yamaguchikoan, % 1,11 Doneztebekoan eta % 0,59 Arrotxapeakoan. Bestalde, Iruñeko agentzia guztiak kontuan hartzen baditugu, % 1,13 jaitsi da langabezia-tasa.

Urte arteko aldaketari dagokionez, oro har jaitsi egin da langabezia. Tafallako agentzian % 10,95 jaitsi da langabezia; Tuterakoan % 9,78; Altsasukoan % 9,69; Lizarrakoan % 9,42; Yamaguchiko agentzian % 7,79; Arrotxapeakoan % 7,75; Agoitzekoan % 7,71; Doneztebekoan % 6,64; Zabalgunekoan % 5,78, eta Lodosakoan % 5,74. Iruñeko agentzia guztien datuak kontuan hartuta, langabeziaren urte arteko % 7,79ko jaitsiera gertatu da.

Langabeziaren ezaugarriei dagokienez, sexuaren arabera, 23.041 dira emakume langabeak, langabeziaren hilabete arteko % 0,1ko jaitsierarekin (16 emakume langabe gutxiago), eta 17.312 dira gizonezko langabeak, % 1,9ko jaitsierarekin (351 gizonezko langabe gutxiago). Beraz, langabeziaren hilabeteko jaitsieraren protagonistak gizonezkoak izan dira gehienbat.

Gainera, urte arteko datuak genero ikuspegiaren arabera aztertuz gero, egiaztatuko dugu krisiaren urterik larrienak eta gero –orduan nahiko parekoa zen banaketa– langabeziaren banaketa desorekatuagora itzuli garela: langabe kopurua % 12,9 jaisten da urtero, eta emakume langabeen kopuruaren jaitsiera askoz txikiagoa da, % 5ekoa. Horrela, gaur egun, langabe guztiekiko emakume langabeen proportzioa % 57,1ekoa da; 2009an, % 49koa izatera iritsi zen.

Adin-tarteen arabera, 25 urtez azpiko 68 langabe gazteko igoera gertatu da hilabetean, hau da, % 1,8ko igoera. Bestalde, 25 eta 34 urte arteko langabe kopurua % 1,7 jaitsi da hilabete batean (131 gutxiago); 35 eta 44 urte arteko langabe kopurua % 1,4 jaitsi da (143 gutxiago), eta 45 eta 54 urte arteko langabe kopuruak % 1,3 egin du behera (130 gutxiago hilabetean). Azkenik, 55 urtetik gorako langabeen kolektiboak % 0,9ko jaitsiera izan du (31 pertsona langabe gutxiago hilabete batean).

Horrela, 3.951 dira 25 urtez azpiko langabeak (langabe guztien % 9,8); 25 eta 34 urte bitartekoak dira langabe guztien % 19,2 (7.742); 35 eta 44 urte bitartekoak dira % 24,9 (10.035); 45 eta 54 urte bitartekoak % 24,4 dira (9.859 lagun) eta, azkenik, langabe guztien % 21,7 dira 55 urte eta gehiago dituztenak (8.766 pertsona).

Urte arteko aldaketari dagokionez, % 7,3ko jaitsiera gertatu da 25 urtez azpikoen artean (313 gutxiago); 25 eta 34 urte artekoen artean, berriz, % 10,3ko jaitsiera (883 gutxiago); 35 eta 44 urte bitarteko langabeen urte arteko % 12,9ko jaitsiera gertatu da (1.486 gutxiago). Bestalde, 45 eta 54 urte bitarteko langabe kopuruak % 7,2ko jaitsiera izan du urtebetean (761 gutxiago) eta, azkenik, 55 urtetik gorako % 3,5 langabe gutxiago dago (319 gutxiago).

Ikasketa-mailaren arabera, langabezian dagoen hamar lagunetik zazpik bigarren hezkuntzako lehenengo etapa baino goragoko mailako ikasketarik gabe egoten jarraitzen du; guztien % 70,6 dira (28.508). Unibertsitate-mailako ikasketak dituzten pertsonak dira langabezian dauden guztien % 9,7 (3.932 pertsona). Unibertsitate-mailako ikasketak dituzten langabeei dagokienez, esan behar da hamarretik zazpi emakumeak direla (% 71,1).

Sektore ekonomikoak

Azkenik, sektore ekonomikoen arabera, sektore guztietan jaitsi da langabezia lehenengo sektorean izan ezik; sektore horretan, % 5,6 igo da langabezia-tasa (127 langabe gehiago). Industrian, berriz, % 1,8 jaitsi da langabezia (106 langabe gutxiago); eraikuntzaren sektorean, % 4,3 (118 lagun gutxiago langabezian), eta zerbitzuen sektorean, azkenik, % 1,5eko jaitsiera izan du langabezia-tasak (395 langabe gutxiago). Aurrez enplegurik izan ez duten pertsonen artean, berriz, igo egin da langabezia-tasa (% 3,7ko igoera, 125 langabe gehiago).

Urte arteko datuei dagokienez, nabarmentzekoa da langabezia sektore guztietan jaitsi dela. Nabarmentzekoak dira eraikuntzako tasaren % 23ko jaitsiera (777 langabe gutxiago); industria sektoreko tasaren jaitsiera, % 10,9koa (690 langabe gutxiago urtebetean); lehen sektoreko langabeziaren jaitsiera (% 10,2koa, 273 langabe gutxiago), eta zerbitzuetakoa (% 7,1eko jaitsiera, 1.993 langabe gutxiago). Sektore guztietan gertatu den jaitsiera hori bereziki positiboa da, aurreko hilabeteetan ikusitako joera sendotzen baitu; ehunekotan, langabeziaren jaitsierak zerbitzuen sektorean baino handiagoa izaten jarraitzen du industrian.

Nolanahi ere, azpimarratzekoa da Zerbitzuen sektoreko langabezia dela erregistratutako langabeziaren % 65,1; industriakoa, berriz, % 14koa, eraikuntzaren sektorekoa % 6,5ekoa eta lehen sektorekoa % 5,9koa. Bestalde, aurrez enplegurik ez zutenen langabezia ere jaitsi egin da zertxobait urte artean (33 pertsona gutxiago, % 0,9ko jaitsiera). Kolektibo horretakoak dira langabezian dauden guztien % 8,6.

Azkenik, azpisektore ekonomikoen arabera egiten den langabeziaren bilakaeraren analisiari dagokionez, nabarmendu behar da honakoak direla langabeziaren hilabete arteko jaitsieraren gune nagusiak: janari eta edarien zerbitzuak (90 gutxiago); eraikuntza espezializatua (73 langabe gutxiago hilabete batean), eta bigarren maila batean, ostatu-zerbitzuak (46 gutxiago), hezkuntza (45 gutxiago) eta herri administrazioa eta nahitaezko gizarte segurantza (42 langabe gutxiago hilabete batean).

Langabeziaren hilabete arteko igoera izan dutenei dagokienez, honako kategoria hauek gailentzen dira: nekazaritza, abeltzaintza, ehiza eta horiekin lotutako zerbitzuak (135 gehiago) eta aurrez enplegurik izan ez duten pertsonen kategoria (125 langabe gehiago hilabete batean).

Langabeziaren urte arteko aldaketari dagokionez, ia jarduera-adar guztietan jaitsi da langabezia. Nolanahi ere, honako hauek nabarmendu behar dira: eraikinen eraikuntza (412 langabe gutxiago urtebetean); eraikuntza espezializatuko jarduerak (352 gutxiago); txikizkako merkataritza (304 gutxiago); janari eta edari zerbitzuak (243 gutxiago); nekazaritza, abeltzaintza, ehiza eta horiekin lotutako zerbitzuak (213 gutxiago); hezkuntzarekin lotutako jarduerak (174 gutxiago) eta herri administrazioa eta defentsa; nahitaezko gizarte segurantza (162 langabe gutxiago).

Horren aurrean, langabeziaren igoera izan duten jarduera gutxien artean, nabarmentzekoa da osasun-jardueretan igo egin dela langabezia (65 langabe gehiago); baita beste manufaktura-industria batzuetan (38 gehiago) eta ostaturik gabeko gizarte zerbitzuetako jardueretan ere (33 gehiago).


 

Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa