(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Ospitaleguneak anestesia ondoko errekuperazio-unitatea estreinatu du, box gehiagorekin, eta pazienteen segurtasuna eta erosotasuna hobetuta

osteguna, 2017.eko apirilak 6


Dominguez kontseilaria gaur goizean egon da instalazio horiek ikusten, Virgen del Camino Ospitale zaharreko lehenengo solairuan, kirurgia-eremuaren ondoan.


Dominguez kontseilariak gaur goizean bisitatu du Nafarroako Ospitaleguneko AOEU berria. ( irudia handitu )

Nafarroako Ospitaleguneak anestesia ondoko errekuperaziorako unitate (AOEU) berria dauka Virgen del Camino Ospitale zaharrean; nabarmen handitu dute orain arteko espazioa, eta egindako egokitzapenekin, hobetu egin dira profesionalen lan-baldintzak eta pazienteen segurtasuna eta erosotasuna.

Fernando Dominguez Osasuneko kontseilaria gaur goizean egon da instalazioak ikusten; eraikin nagusiaren lehenengo solairuan daude, kirurgia-eremu berriaren, amentzako ebakuntza-gelen eta kirurgia handi anbulatorioko etorkizuneko unitatearen ondoan. Horrela, lekualdaketak azkarragoak izango dira, eta hobeto kontrolatuko dira zainketak. Dominguezekin batera egon dira Antonio Merino Nafarroako Ospitalegunearen kudeatzailea, Jon Ariceta kirurgiako zuzendariordea, Concepción Moreno kirurgia-prozesuetako zainketen eta baliabide materialen zuzendariordea, Miguel Salvador Anestesia zerbitzuko burua, Montse Diaz Kirurgia-multzoko Arloko burua, eta Cristina Arcaya anestesia eta erreanimazioko (II) erizaintza-unitateko burua.


AOEU berria handiagoa da, eta pazienteentzako seguruagoa eta erosoagoa. ( irudia handitu )

15 box daude orain

Astelehenean jarriko dute martxan AOEU berria, eta 364 metro koadroko azalera dauka guztira; orain arteko instalazioek 224 metro koadroko azalera zuten. Gela nagusia esnatze-gela berria da, handiagoa, 229 metro koadrokoa; espazioa handitu izanari esker, aldi berean artatu ahal izango dituzte paziente gehiago. 9 box zeuden lehen, eta 15 egongo dira aurrerantzean. Horrela, baldintzarik onenetan jasoko dute arreta pazienteek behar duten denbora guztia; hobetu egiten da era horretan beraien segurtasuna, baita eta ebakuntza ondoko egokitzapena ere. Boxetako bat egoera berezietarako egokituta dago, pazientearen beharrek eskatzen dutenerako; pazienteak norbaitekin egoteko aukera izango dute eta, aldi berean, haien intimitatea zainduko da.

Halaber, botikak eta material suntsikorra gordetzeko 20 metro koadroko bi biltegi jarri dira, 35 metro koadroko bi aldagela, bi bulego, guardiako medikuentzako bi logela, lan-gela bat eta langileen atsedenerako eremu bat. Beste erabilera batzuetarako hiru lokal ere egokitu dira (lentzeria, material zikinerako lokala eta garbiketa-lokala).

Espazio berriarekin, sarbideak handiagoak dira, argiztapena hobea, ingurunea higienikoagoa garbitzeko errazagoa baita, eta espazio handiagoa dago lanerako; horrela, hobetu egin dira profesionalen lanerako baldintzak, eta ekipo ergonomikoagoak dituzte.

413.000 euro, ekipoak modernizatzeko

Ekipo teknologikoak modernizatzeko helburuz, 2016an ekipamendu elektro-medikoa eta orokorra erosi eta jarri zen; 413.000 euroko inbertsioa egin zen. Nabarmentzekoa da pazienteen monitorizazioko sistema zentralizatu berria jarri zela; horri esker, errazagoa da profesionalentzako pazienteei jarraipena egitea eta haien gaineko kontrola.

Beste elementu aipagarri batzuk dira oheburu berriak eta dorreak, sabaira lotutako instalazioak dituztenak, besoekin, monitoreen, ponpen eta ekipo elektro-medikoen euskarri gisa, ekografo bat, bi arnasgailu eta taupada-markagailudun desfibriladore monitore bat.

Bestelako ekipamendua ere jarri da, hala nola anestesia- eta lan-orgak, biltegietako modulukako ekipamendua, aldageletako ekipamendua armairuekin eta sarraila elektronikoekin, etab.

5.400 paziente urtean

Anestesia ondoko errekuperaziorako unitateak 5.400 paziente artatzen ditu batez beste urtean; ebakuntzen edo anestesia orokorrarekin, erregionalarekin edo sedazio sakonarekin egindako diagnostiko- edo terapia-prozeduren ondoren berehalako anestesia ondoko zainketak ematen ditu. Arreta jarraitua, espezializatua, integrala eta pertsonalizatua ematen zaie modu anbulatorioan edota larrialdi egoeran ospitaleratutako pazienteei.

Beste zerbitzu batzuekin koordinatuta, anestesia ondoko erreabilitaziorako unitatearen egitekoa da bizi-funtzioak egonkortzea eta mantentzea, ebakuntza ondoko mina kontrolatzea, pazientearen erosotasuna lortzea eta gerta daitezkeen zailtasunak garaiz antzematea.

Kirurgia multzo nagusiari, larrialdietakoei, amentzakoari eta brakiterapiakoari (erradioterapia), RNM eta pneumologiako kontsultari ematen die arreta. Hamar erizainek, erizaintzako laguntza-zainketetako zazpi teknikarik eta zeladore batek osatzen dute unitateko lantaldea.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa