(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Osasun Departamentua Lehen Mailako Osasun Arretan arreta psikologikoko baliabide berriak sartzea aztertzen ari da asteazkena, 2017.eko apirilak 19


Nahasmendu emozional ohikoenetan taldeko psikoterapiak duen eraginkortasuna neurtzera bideratutako entsegu kliniko nazional batean parte hartzen ari da; arazo horiek dira dagoeneko osasun-zentroetako bi kontsultatik baten arrazoia


German Jusue Erro, Pablo Pascual eta Lucia Marín, PsicAP proiektuaren koordinatzaileak Nafarroan. ( irudia handitu )

Nafarroako Osasun Mentaleko kudeatzailetza, Iruñeko Azpilagañako eta San Jorgeko osasun-zentroekin batera, Lehen Mailako Osasun Arretako kontsultetan gero eta ohikoagoak diren antsietate, depresio arin edo moderatua eta somatizazioko nahasmenduak tratatzeko baliabiderik eraginkorrenak zehaztera zuzendutako Estatu mailako entsegu kliniko batean parte hartzen ari da. Ikerketa horren emaitzak osasun-zentroetan eta -kontsultategietan laguntza psikologikoko zerbitzu berriak –esaterako, ebidentzian oinarritutako taldeko psikoterapia– jartzea baloratzeko oinarritzat erabili nahi dira.

Psikologiaren Sustapenerako eta Garapen Zientifiko eta Profesionalerako Espainiako Fundazioak sustatutako PsicAP azterlana sortu zen Lehen Mailako Osasun Arretako sarean nahasmendu emozionalekin edo nahasmendu mental arruntekin lotutako kontsultak gero eta gehiago izanik, horiei laguntza-erantzun egokia eta eraginkorra eman beharragatik. Azkeneko datuen arabera, nahasmendu mentalekin lotutakoak dira dagoeneko osasun-zentro eta -kontsultategietan egiten diren kontsulten % 49,2; horien % 25,6 antsietate-arazoekin lotutakoak dira, % 35,8 depresioarekin, eta % 28,8 somatizazioekin.

PsicAP azterlanaren helburua da azterlan horren emaitzak erreferentzia izatea nahasmendu mental arruntak tratatzera bideratutako baliabideak hobetzea eta gehitzea; nahasmendu horiek, larritzat jotzen ez diren arren, oso presente daude Lehen Mailako Osasun Arreta zerbitzuan, elkarren segidako kontsulta ugari sortzen dituzte, kroniko bihurtzeko joera dute eta komorbilitate-maila handiari eta gaixotasun fisikoak garatzeari lotuta daude.

Hamabi autonomia erkidegotako 30 osasun-zentro ari da azterlanean parte hartzen, eta era horretako pazienteei Lehen Mailako Arretan ematen zaien ohiko tratamenduaren alternatiba edo osagarri gisa terapia kognitiboko eta konduktualeko taldeek duten eraginkortasuna aztertzen du. Hasierako hipotesia da era horretako terapia tratamendu konbentzionala baino eraginkorragoa dela, botika bidezko tratamendua murrizten duela edo tratamendu horren beharrik ez dagoela, eta jarraipeneko emaitza hobeak lortzen dituela epe ertainean eta luzean.

Nafarroan, San Jorgeko eta Azpilagañako osasun-zentroetako hamar mediku, Psikologia Klinikoko lau profesional eta Prestakuntzan dauden Psikologiako bi espezialista (PIR) ari dira ikerkuntzan parte hartzen. Osasun Mentaleko Bitarteko Baliabideen Arloko Zerbitzu-buru eta proiektuko ikertzaile nagusi den German Jusue Erro psikologo klinikoak koordinatzen du lantaldea, eta Lucia Marín San Jorgeko osasun-etxeko zuzendariaren eta Pablo Pascual Azpilagañako osasun-zentroko zuzendariaren laguntza du.

Psiko-hezkuntzako, entrenamendu kognitibo-konduktualeko eta erlaxazioko saioak

Irailean hasi zen Nafarroan azterlana egiteaz arduratuko den ikerkuntzako lantaldea osatzeko eta prestatzeko fasea. Azkeneko hilabeteotan, entsegu klinikoaren exijentziei jarraituta, azterlanean parte hartuko duten pazienteen lagina bildu, ebaluatu eta hautatu dute osasun-zentro bakoitzean; guztira, 46 lagunek hartuko dute parte.

Pertsona horiek ausaz aukeratu dituzte, eta haien erdiak hilabete honetan hasi dira dagoeneko terapia-saioetan. Gainerakoek orain arte Lehen Mailako Arretan aplikatu izan den ohiko tratamendua jasoko dute, laguntza psikologiko ez-espezializatua eta botika bidezko tratamendua konbinatzen dituena, azken hori beharrezkotzat jotzen den kasuetan bakarrik. Ikerkuntzarako oinarri konparatibo gisa balioko du talde bien bilakaerak.

Aukeratutako pertsonen profila bat dator ikerkuntzaren aurretiazko emaitzetan jasotakoarekin; berriki aurkeztu dira emaitzok Osasun Ministerioan: 45 urte inguruko emakumea, ezkondua, oinarrizko edo erdi-mailako ikasketak dituena, lanaldi osoko enplegatua eta bi edo hiru nahasmendu psikologiko dituena.

Berriki hasi dituzten taldeko psikoterapia saioak ekainaren 27an amaituko direla aurreikusten da. Guztira, terapia kognitibo-konduktualeko zazpi saio egingo dira; psiko-hezkuntzan, erlaxazio-tekniken garapenean, pentsatzeko eraren edo hasierako nahasmendua eragiten duten arazoei aurre egiteko moduaren berregituraketan, egoerei aurre egiteko jokaeraren entrenamenduan eta berriz ez gaixotzeko gaitasunen garapenean oinarritzen da terapia.

Saio horiek amaitu ondoren, hasierako emaitzak ebaluatuko dira, eta handik hiru, sei eta hamabi hilabetetara, parte-hartzaileen jarraipena eta ebaluazioa egingo da. Aldi berean, prozedura bera erabiliko da tratamendu konbentzionala jaso duten pazienteekin ere.

Azterlanak talde bietako pazienteen erabateko errekuperazio-indizea, hasierako sintoma emozionalen gutxitzea, tratatutako pertsonen bizi-kalitatearen hobekuntza, botiken kontsumoa murrizteko eragina eta terapiak ekar diezazkiekeen onuren iraunkortasuna baloratuko ditu.

% 76ra arteko errekuperazio-tasak

Proiektu pilotu honek beste herrialde batzuetan –hala nola Erresuma Batuan eta Amerikako Estatu Batuetan– aurrez egindako azterlanen ildoari jarraitzen dio; herrialde horietan, terapia psikologikoei eta terapia horiek Lehen Mailako Arretaren bitartez erabiltzeko bidea errazteari esker, % 63 eta % 76 arteko errekuperazio-tasak lortu dira depresio eta antsietate kasuetan. Errekuperazio-maila handiak dira, eta PsicAP ikerkuntzaren aurretiazko emaitzetan lortutakoen oso antzekoak; esan bezala, berriki aurkeztu zaizkio emaitzak Osasun Ministerioari, eta % 72ko errekuperazio-tasak lortu dira depresio kasuetan, eta % 67koak antsietate orokorrekoetan.

Azterlan horrek Osasun Mentaleko esparruan –Lehen Mailako Arretaren lankidetzarekin– etorkizunerako laguntza-estrategiak diseinatzeko oinarritzat balio izatea bilatzen du. Nafarroan, hasierako proposamena da Lehen Mailako Osasun Arretan ohikoak diren nahasmendu emozionalak artatzeko Osasun Mentaleko sarean erabilgarri dauden psikoterapiako baliabideak gehitzea, osasun-zentro eta -kontsultategietatik baliabide horietara iristeko modua erraztuz eta azkartuz.

Horretarako, Lehen Mailako Arretatik taldeko psikoterapia horietara zuzenean bideratzea ahalbideratuko duten komunikazioko protokoloak ezarri nahi dira, ez dadin beharrezkoa izan Osasun Mentaleko Zentroetako Psikiatriako profesionalen aldez aurretiko ebaluazioa; horrelaxe ari da funtzionatzen dagoeneko fibromialgiadun pazienteak tratatzeko martxan jarri berri den taldea. Laguntzarako era horretako baliabideak Osasun Mentaleko Arreta Jarraituko Programan sartzen dira, eta Antsoaingo Osasun Mentaleko Zentroan kokatzen da gaur egun.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa