(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Berotegi-efektuko gasen zuzeneko isurtzeak %5,25 gehitu ziren Nafarroan 2015. urtean ostirala, 2017.eko apirilak 21


Foru Gobernuak energia-eraginkortasunerako eta energia fosilen kontsumoa murrizteko neurriak hartu ditu isurtzeak gutxitze aldera


Berotegi-efektuko gasen (BEG) zuzeneko emisioak %5,25 gehitu ziren Nafarroan 2015. urtean, eta 5,23 milioi tonara iritsi ziren. Datu horrekin amaitu da 2010az geroztik gertatzen ari zen beherazko joera. Areagotze hori energiaren transformazio-sektorean emisioak gehitzeagatik gertatu da, elektrizitatearen nahiz errekuntzaren produkzioan ez ezik, industriaren eta garraioen sektorean ere. Hori horrela, Nafarroako Gobernua zenbait neurri definitzen ari da errealitate horri aurre egiteko, eta, tartean, proposatu da 2030. urtean berriztagarriek osatzea kontsumo energetikoaren %50a, energia fosilen kontsumoa proportzionalki murriztea eta energia-eraginkortasun handiagoa lortzeko laguntzak eskaintzea.

Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako BEG isurtzeen inguruan egindako inbentarioaren datuen arabera, egun Nafarroan emisioak gehien bultzatzen dituen sektorea industria-sektorea da (%29), eta, jarraian, garraioa (%22) eta lehen sektorea (%21) aurkitzen dira, biak ere goraka azken urteetan. Emisioetan pisu gutxien duten sektoreak, berriz, bizitegia eta zerbitzuak (%12), energiaren sorrera (%13) eta hondakinak (%3) dira.

1990. urtearekin alderatuta (urte horretan sinatu zen Kiotoko Protokoloa), isurtzeak sektore guztietan areagotu dira, industria-sektorean izan ezik. Aipatzekoak dira 25 urte hauetan bizitegia-sektorean eta zerbitzuetan izandako igoera (%60tik gora), garraiokoa (%30) eta hondakinak kudeatzeko sektorean izandakoa (%28).

Sortutako emisioen eta ekoitzitako aberastasunaren arteko erlazioari erreparatuta, BPGd unitate bat ekoizteko, 2015ean berotegi-efektuko gas gutxiago isuri behar izan ziren, BPGd %19 gehitu baitzen 2005-2015 denboraldian eta emisioak %27 gutxitu.

Kontuan izan behar da 2015ean egokitu zirela Nafarroako emisioen Inbentario guztiak IPCC 2006 gidaren metodologia eta faktoreetara; gida hori aplikatzea derrigorrezkoa da 2015eko edizioaz geroztik.

Bilakaera sektoreen arabera

Industria-sektoreak Nafarroako emisioen %28,6a osatzen du, %5,9 gehituta iazko urteaz geroztik, erregai fosilak gehiago erabiltzeagatik. Bertan sartzen dira industriako errekuntza, errekuntza gabeko prozesu industrialak (zementuaren produkzioa, kareharriaren eta dolomiaren erabilera), gas fluoratuen kontsumoa eta disolbatzaileen erabilera. 1990. urtearekin alderatuta, isurtzeak %6,5 murriztu dira.

Bestalde, garraioaren sektoreak emisioen %22a osatzen du. Gehienak, %80 inguru, bidaiarien edo merkantzien garraiorako ibilgailuen trafikoa dela-eta sortzen dira. Aipatzekoa da trafiko horrekin loturiko emisioen %75a hiriarteko ibilbideetan sortzen dela. 2014tik 2015era emisioak %2,8 gehitu dira. 1990az geroztik, igoera nabarmena izan da; hots, %30a.

Nekazaritzari eta abeltzaintzari dagokienean, Foru Erkidegoko emisioen ia %21a osatzen dute. Azken urtean, isurtzeak ia ez dira batere aldatu, %1 jaitsi baitira. Sektore honetan, emisioetarako ekarpen nagusia nekazaritza lurren oxido nitroso isurtzeek, ongarritze-prozesuek eta azienda-txabolako metano emisioek egiten dute. Sektore honetako isurtzeak %6,2 gehitu dira 1990. urtearekin alderatuta.

Energia sortzeko sektoreari dagokionez, Nafarroako emisioen %13,5a osatzen du, eta nabarmen gehitu da (%27), ziklo konbinatuen jarduera izugarri gehitzearen ondorioz. Bertan sar ditzakegu hondakinak kudeatzeko instalazioetan eta baterako sorkuntza industrialeko instalazioetan elektrizitatea sortzeko prozesuetako emisioak.

Bizitegi eta zerbitzuen sektorea Nafarroako emisioen %13aren arduraduna da. Emisio horiek aurreko urtetik %1,4 gehitu dira. Klimatizazio eta ur beroko instalazioetako errekuntzarenak dira. Isurtzeak %61 areagotu dira 1990az geroztik.

Azkenik, hondakinen sektorean sartzen dira zabortegiko hondakinen deposituko metano eta CO2 emisioak eta hondakin-uren tratamendukoak. Gure lurraldeko emisioen %3,5a hartzen dute, eta %1,5 murriztu dira 2014arekin alderatuta. 1990. urtearekin alderatuz gero, ordea, sektore horren emisioak nabarmen gehitu dira baita ere; zehazki, %29.

Sektore arautuak

2015. urtean, Nafarroako BEG emisioen %33a sektore arautuak deitzen direnetatik dator, eta honako hauek bezalako sektoreko 23 industriak eta instalaziok osatzen dituzte: elektrizitatea sortzea, eta ondorengo elementuen produkzioa eta eraldaketa: burdin metalak, zementua, karea, beira, zeramika, paper-orea eta papera eta kartoia. Hain zuzen ere, errekuntza edo prozesuko emisioak sortzen dituzte, eta Emisio Eskubideen Merkataritza Zuzentarauak arautzen ditu.

Sektore horretako emisioek gorabehera handiak izan dituzte azken urteetan, batez ere Castejongo ziklo konbinatuen sorkuntza elektrikoaren jarduera handiagoaren edo txikiagoaren arabera. Oro har, emisioak %35 jaitsi dira 2005. urtearekin alderatuta, sektore guztietan jarduera orokorra murrizteagatik, bereziki sorkuntza elektrikoaren eta zementuaren fabrikazioaren sektorean.

Emisioak murrizteko Gobernuak hartutako neurriak

Errealitate horri aurre egiteko eta Akordio Programatikoari erantzuteko asmoarekin, Nafarroako Gobernua Aldaketa Klimatikoaren ibilbide-orria definitzen ari da duela urtebete hasita, eta, besteak beste, berotegi-efektuko gasak eta osasunarentzat kaltegarriak diren era guztietako gasak eta partikulak murriztu nahi ditu. Horretarako, Departamentu arteko Batzordea sortu da, departamentu guztietako ordezkaritzarekin, eta horren egiteko nagusia izango da ibilbide-orri hori egitea eta abian jartzea.

Ildo horretan, onartu berri duen Energia Estrategiaren barnean, Nafarroaren helburua da 2030ean energia berriztagarriek kontsumo energetikoaren %50a osatzea, eta, era horretan, hiru eremu landu beharko dira: erregai fosiletatik datorren energiaren kontsumoa murriztea, energia berriztagarriaren produkzioa gehitzea eta energia-eraginkortasuna areagotzea.

Nafarroako Gobernuak aurkeztu berri ditu energia berriztagarriak sustatzeko neurriak nahiz mugikortasun elektrikoa eta aurrezte eta eraginkortasun energetikoa sustatzeko laguntzak. Halaber, laguntzak aurreikusi ditu birgaitze energetikorako, zerga-pizgarriak pertsona fisiko eta juridikoentzat eta toki-erakundeentzako laguntzak.

Horien artean nabarmentzekoa da diru-laguntzen hurrengo deialdia, milioi bat eurokoa, toki-erakundeek honako hauen inguruan garatuko dituzten jarduerak finantzatzeko: argiteria publikoa aldatzea energia-eraginkortasuna gehitzeko, energia berriztagarrien arloko inbertsioak eta mugikortasun elektrikoa sustatzea, ibilgailu bat erosita edo birkargatzeko azpiegiturak instalatuta.

Horrez gain, sozietateen zergan edo PFEZan %15eko dedukzioa iragarri da energia berriztagarrien instalazioetan eta mugikortasun elektrikoan egindako inbertsioengatik, eta etxebizitzak birgaitzea sustatzea eraikinen inguratzaile termikoa hobetzeko, 12.000 euroko diru-laguntza arruntarekin, familia bakarreko etxeen kasu batzuetan 25.000 eurora bitarte gehitzeko aukera eta guzti.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa