(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Kultura Departamentuak Landarte jarri du abian, Nafarroako arte eta landatartasun programa
asteartea, 2017.eko apirilak 25


Berrikuntza, tokiko biztanleen parte-hartze aktiboa eta proiektuen etorkizuneko proiekzioa sustatuko ditu sorkuntzako tailerren bitartez, Nafarroako hamar herritan


Programaren kartela. ( irudia handitu )

Kulturako Zuzendaritza Nagusiak Landarte jarri du abian, Nafarroako arte eta landatartasun programa, 2017an Nafarroako hamar herritan sorkuntzako tailer parte-hartzaileak sustatuko dituen proposamena. Zuñigan, Galipentzun, Sesman, Otsagabian, Goizuetan, Fontellasen, Abartzuza-Errezun, Zurukainen eta oraindik zehaztu gabeko beste batean, hain zuzen ere. Apirilean eta maiatzean egingo dituzte tailerrok, eta hainbat emanaldirekin burutuko dira emaitzak ekainean.

Kultura Ekintzako Zerbitzuak bultzatutako programa da Landarte, eta Museoen Zerbitzuaren, Uharteko Arte Garaikideko Zentroaren, Navarra Film Commisionen eta Iruñeko Planetarioaren, eta Aroa Upategien lankidetza du.

Programaren helburua da Nafarroako toki entitateetan berrikuntza, bertako biztanleen parte-hartze aktiboa eta proiektuen etorkizuneko proiekzioa sustatzea, kultura ekintzako ekimen berritzaileen sorkuntzan lagunduko duten tailer parte-hartzaileen bitartez.

Ana Herrera Kulturako, Kiroleko eta Gazteriako Kontseilariak gaur aurkeztu du programa hori prentsaurrekoan, Fernando Perez Kulturako zuzendari nagusiarekin eta Pedro Maria Oteiza Zuñigako alkatearekin batera.

Land Art deritzon korrontean inspiratuta dago Landarte; Land Art da artearen eta paisaiaren uztarketa ezaugarritzat duen arte garaikideko korronte bat. Landartek, gainera, harago joan nahi du, eta programan parte hartzen duten herrietan bizi diren artisten zuzendaritzapean eta gidaritzapean, arte-diziplina ezberdinak uztartuko dituzten jardueren sorkuntzan, kudeaketan, ekoizpenean, marketinean eta jarraipenean inplikatu nahi ditu herritarrak.

Etorkizun oneko prozesu sortzaile berritzaile gisa sortu da programa; horrek esan nahi du proiektuen biziraupena eta bilakaera lortu nahi dela, arreta berezia jarriz programan sartuta dauden herrietako gizarte ongizateari eta ongizate ekonomikoari.


Kontseilaria eta Kulturako zuzendari nagusia programan parte hartzen duten artistekin eta kolaboratzaileekin. ( irudia handitu )

Halaber, artisten eta herritarren arteko elkargune izan nahi du programak, elkarrizketa eta ikuspegi ezberdinak sustatuz, bai eta kultura-sormena ere.

Ura da lehendabiziko edizio honen elementu nagusia. Ibaiak, errekastoak, errotak, burdinolak, uharkak, urtegiak, iturriak, zubiak, iturburuak, iturbegiak eta abar izango dira 2017ko programa honen protagonistak eta eszenatokiak, baina ur gabezia ere landuko du.

Landarte 2017 ekimeneko 10 proiektuak

Abartzuza eta Errezu herrietan kale-antzerkiko bi tailer hartuko dituzte: Bidai bat jatorrira eta Uraren aztarna, Yarleku taldearen eskutik. Ekainaren 3an, larunbata, egingo du azken aurkezpena Ubagua ibaiaren arroiletan, 12:00etan, eta Irantzunen, 19:00etan. Jarduera horretan, zonako pertsonai mitologikoekin egindako antzeztutako bi eko-ibilbide diseinatu, idatzi eta estreinatuko dituzte. Aukeran Dantza Konpainiaren dantza garaikide emanaldia ere egongo da.

Ismael Loperena pintorea eta Carmen Puerta poeta maiatzean eta ekainean egongo dira Fontellasen, De fuente a fuente y pinto porque me lleva la corriente proiektuarekin; diziplina anitzeko tailerrak egingo dituzte, eta Fontellaseko herritarrek eta Musika Eskolako ikasleek parte hartuko dute poesia tailerrean eta marrazki-lan garaikide bat egingo dute pinturako tailerrean. Ekainaren 25ean egingo da ekitaldi nagusia (12:00etan), eta egindako lanak aurkeztuko dituzte hantxe.

Bestalde, Terry Gilliam (Monty Phyton) zinemagilea izango da Izarren herria proiektuaren protagonista; dokumental bat da, auzolan-tailerretan egindakoa, eta zinemagile hori eta bere lantaldea Galipentzun El hombre que mató a Don Quijote filma errodatzen egon zirenekoa kontatzen du. Tailer horiek amaitzeko, Gilliamek parte-hartzaileei planteatutako erronketatik abiatuta egingo den ikus-entzunezko lana aurkeztuko dute. Ekainaren 3an izango da hori, 21:00etan, eta horrekin batera, izarrak behatuko dituzte.

Goizuetan, Olatz Beobideren eskutik, herri-antzerkia berreskuratuko dute; Goizuetan Bada tailerra eskainiko du Beobidek, eta uztailaren 1ean (20:00etan), Goizuetako herritarrek duela 25 urte antzeztutako Trabuko lanaren bertsio berritua estreinatuko dute, optika berriarekin eta lengoaia eszeniko garaikideekin.

Otsagabian, berriz, Alicia Otaegi artista nafarrak Udako elurra tailerra proposatuko du, herriko Institutuko eta Eskolako ikasleek, adinekoek eta auzo-elkarteek plastikozko poltsa zuriz eraikitako elur-geruza handi bat sor dezaten. Ekainaren 18an egingo da azken aurkezpena (12:00etan).

Maite Itoiz, John Kelly eta Nicolas Albak Lau elementuak: ura, lurra, haizea eta sua auzolan-tailerrak eskainiko dituzte Orbaitzetan, eta ekainaren 17an, diziplina anitzeko ikuskizuna egingo dute zuzeneko musikarekin, dantzarekin, kontakizunekin, eskulturekin, eszenografiarekin, performancekin eta ikus-entzunezkoekin. Euskal herri-musika errepertorioa izango du, eta bi emanaldi eskainiko dituzte: bata goizean, 12:00etan, akustikoan, harrespiletan; eta bestea gauean, 21:00etan, Orbaitzetako arma-fabrikaren ondoko plazan jarritako eszenatokian.

Ur tanta bakar batekin proiektua zuzenduko dute Sesman Pascual Janinek (espartzuaren ikertzailea), Carlos Fontalesek (espartzuaren eskola nomada) eta Mari Jose Rekalde artistak, espartzuaren artisautzaren tradizioa berreskuratzeari buruzkoa. Maiatzaren 13an, eta ekainaren 10ean, 11n eta 17an izango dira tailer horiek. Tailer horien barruan, Espartzua Babesteko Plana aurkeztuko dute, Janinek idatzitakoa.

Iturrirako bidexka… proiektua egingo dute Zuñigan, marrazki-horma artistiko garaikide bat diseinatzeko eta sortzeko tailer kolaboratiboetan. Helburua izango da herriko sarreran dagoen biltegi bateko hormetan tamaina handiko horma-irudi bat egitea, Veronika artista iparramerikarraren gidaritzapean. Ekainaren 24an izango da aurkezpena, 20:00etan, eta Joxe Replay taldearen emanaldia ere egongo da ekitaldi horretan.

Zurukuaingo (Deierri) Aroa Upategietan VINTAEk (Upategiaren jabea) antolatutako material naturalekin egindako erakusketa bat antolatu dute ekainaren 23tik 25erako; nazio zein nazioarte mailako artistek esku hartuko dute, hala nola Lesley Yendel, Lucia Loren, Sandra Nuin, Roberto Pajares, Oscar Cenzano, Demetrio Navaridas eta Pamen Pereirak. Horrez gain, maiatzaren 19an, 20:00etan, tailer bat egingo da, Landarte 2017 ekimeneko proiektu guztien partaidetzarekin.

Azkenik, Uharteko Arte Garaikideko Zentroak eta Baionako Artista Garaikideen Kolektiboak gorantz doazen artista gazteen nazioarteko egoitza-proiektu ibiltarian kolaboratzen dute: Rachel Labastie eta Nicolas Delprat. Nafarroako herri abandonatu batean egingo da ikerkuntza, eta egonaldi horren emaitzarekin, erakusketa bat antolatuko da; Musee Basque de Bayonne museoak eta Uharteko museoak elkarrekin ekoiztuko dute erakusketa hori. Ekainean aurkeztuko dituzte proiektu horren xehetasunak Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa