(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gobernuak turismo sektorearen hazkundea bultzatuko du nazioartekotzearen bitartez osteguna, 2017.eko apirilak 27


Ayerdi lehendakariordeak Turismoaren 2017-2025 aldirako Plan Estrategikoaren zirriborroa aurkeztu du; urtaroen eragina murriztea eta bisitarien eguneko batez besteko gastua handitzea lortu nahi du planak


Transcripción textual del video

Manu Ayerdi Garapen Ekonomikoko lehendakariordeak gaur goizean aurkeztu du prentsaurrekoan Nafarroako Turismoaren 2017-2025 aldirako Plan Estrategikoaren zirriborroa; plan horrekin, Europako merkaturantz orientatu nahi du sektorea Gobernuak eta, aldi berean, hurbileko turismo-merkatuan duen posizio lehiakorrari euts diezaiola, hau da, Espainiakoari eta Frantzia hegoaldekoari.

Landetxea.

Manu Ayerdi Garapen Ekonomikoko lehendakariordeak gaur goizean aurkeztu du prentsaurrekoan Nafarroako Turismoaren 2017-2025 aldirako Plan Estrategikoaren zirriborroa; plan horrekin, Europako merkaturantz orientatu nahi du sektorea Gobernuak eta, aldi berean, hurbileko turismo-merkatuan duen posizio lehiakorrari euts diezaiola, hau da, Espainiakoari eta Frantzia hegoaldekoari.

Manu Ayerdik Maitena Ezkutari Turismoko eta Merkataritzako zuzendari nagusiarekin batera aurkeztu du plana, eta adierazi du "aldaketa handia" eragingo duela "Nafarroako turismo-sisteman, produkzio- eta merkaturatze-egitura guztiaren nazioartekotzeranzko orientazio berriarekin". Hain zuzen ere, Garapen Ekonomikoko Departamentuak lortu nahi du bidaiari europarrek Nafarroan igarotzen duten gau kopurua % 46 gehitzea datozen zortzi urteetan, 2016an erregistratutako 444.000 gauetatik 650.000 gauetara iritsiz 2025ean; baita haien eguneko batez besteko gastua % 20 igotzea ere.

Adierazi den bezala, turismo sektorea nazioartekotzearen aldeko apustu hori bateragarria izango da Nafarroak hurbileko turismo-merkatuan duen posizio lehiakorrari eustearekin. Esparru horretan, Nafarroan bisitariek igarotzen duten gau kopurua % 14,7 gehitzea lortu nahi da, 2025ean 3,5 milioi gauetako kopurura iritsi arte. Planean jasotzen diren beste helburu batzuk dira turismo-segmentuak eta -produktuak bereiztea, tokiko eragile turistikoen arteko lankidetza bultzatzea eta espazio turistikoaren kudeaketa hobetzea.

Plan hori gauzatzeko Administrazio turistikoa berrantolatzea planteatu da; eta, horren barruan, marketin turistikorako enpresa publiko bat sortzea eta toki erakundeen eta sektoreko beste eragile publiko eta pribatu batzuen inplikazio handiagoa lortzea. Gainera, turismoaren merkaturatzea ezberdina izango da hurbileko merkatuetarako eta nazioarteko merkatuetarako. Lehenengo merkatuan "Nafarroa" marka indartuko da, hurbileko merkatuak bereizten baititu Foru Komunitate barruko eskualde- eta toki-helmugak. Nazioarteko merkatuetarako, baina, "Nafarroa-Iruña" marka sustatuko da, "helmuga bakarra eta bere produktu turistikoen irudi argi eta garbiarekin, koka daitezkeen espazio turistiko zehatza gorabehera", Ayerdi lehendakariordeak adierazi duen bezala; gaineratu du kontua dela "kontsumitzaile atzerritarren erosteko erabakian aukera bereizia eta ezagutzeko modukoa eratzea".

Oinarrizko bost helburu

Oinarrizko bost helburu jasotzen ditu planak, aurretiazko analisi tekniko batetik eta prozesu baten ondorioetatik abiatuta egindako diagnostiko batetik ateratzen direnak; aipatutako prozesu horretan Nafarroan turismoan esku hartzen duten aktore guztiak ordezkatzen dituzten erakunde publiko eta pribatuek parte hartu dute. Guztira, 160 lagunek hartu du parte zirriborroa prestatzeko lanetan. Gainera, gaurtik (osteguna) aurrera, Gobernu Irekiaren web-atarian jarriko da jendaurrean Turismoaren Plan Estrategikoa, eta herritarrek maiatzaren 31ra arteko epea izango dute iradokizunak egiteko.

Oinarrizko lehenengo helburua da hurbileko merkatuetan (Espainia eta Frantzia hegoaldea) Nafarroaren posizioa sendotzea. Hain zuzen ere, Nafarroako helmugak finkatuta dauden segmentuetan emaitzak hobetzea bilatzen da, bai eta nitxo berrietan posizio nagusiak hartzea ere; hala nola, hiri-gune nagusietan hurbileko merkatu horien lau eta zazpi egun bitarteko bidaiak.

Adierazi den bezala, hurbileko bidaiarien 3.520.000 gau-igarotzeren kopurura iritsi nahi da 2025erako, hau da, iazko emaitzekiko % 15eko igoera lortzea; beste autonomia erkidego batzuetako eta Frantzia hegoaldeko bisitarien 2.320.000 gau-igarotze erregistratu ziren iaz. 3,5 milioi gau-igarotze horien artean, 2.670.000 Espainiako eta Frantzia hegoaldeko bidaiariek egitea espero da, eta 850.000 Nafarroaren mugakide diren eskualdeetakoek (Euskadi, Aragoi, Errioxa eta Frantzia Hegoaldea).

Bigarren helburua da Nafarroa-Iruñeak Europako merkatuan duen posizionamendua hobetzea, urtaroen eragina murrizteko eta eguneko batez besteko gastu handia egiten duten turistak erakartzeko. 2025erako lortu nahi diren Europako bidaiarien 650.000 gau-igarotzeez gain, Nafarroako Gobernuak nazioarteko turisten eguneko batez besteko gastua % 20 igotzea –107 euro iaz eta 128 euro 2016an– lortu nahi du, bai eta Foru Komunitatean egiten duten batez besteko egonaldia ere –1,5 gauetatik 2,5 gauetara–.

Horretarako, lehendakariordeak esan duenez, beharrezkoa da urtaroen araberakoa ez den merkatu igorle bat definitzea, Nafarroak eskaintzen duenarekin bat datorren produktu turistikoa kontsumitzeko prest eta aire bidez konektatuta dagoena. Zentzu horretan, Manu Ayerdik gogorarazi du hainbat aukera lantzen ari dela Foru Gobernua, eta kontaktuan dagoela Paris-Charles de Gaulle, Frankfurt eta Amsterdameko aireportuetan operatzen duten konpainiekin; aireportuen konexiorako guneak (hub) dira hiru horiek.

Hirugarren helburua da lehiakortasuna handitzea, Nafarroa-Iruña helmugaren barruan segmentuak eta produktuak bereiztea, lurraldearen natura- eta kultura-ondarearen eta pertsonen laguntzarekin. Hain zuzen ere, 2025erako markaren ezagutza % 20 hobetzea espero da. Halaber, Europako nazioarteko jatorriko turisten batez besteko egonaldia bikoiztea jasotzen da (1,5 egun 2016an, 3 egun 2025ean).

Planaren zirriborroak jasotzen duen laugarren helburua da tokiko eragile turistikoen arteko lankidetza bultzatzea, enpresen zein erakunde turistikoen artekoa, baterako ekintzak bultzatzeko eta egitura produktiboak egokitzeko.

Azkenik, zirriborroak espazio turistikoaren kudeaketa hobetzearen garrantzia ezartzen du, lurralde-erakundeen arteko lankidetza bultzatuz eta administrazioen arteko koordinazioa hobetuz. Horretarako, Nafarroako sei espazio turistiko kudeatuko dituzten erakunde publiko-pribatuak garatzearen alde egiten du, baliabideak, seinaleztapenak, trebakuntza, informazioa eta orientazioa hobetzearen arloan eginkizun zehatzak izango dituztenak. Neurri horrekin, informazio-bulegoetan eta harrera-sarean artatutako pertsonen kopurua % 35 handitzea lortu nahi da 2025erako, 600.000 pertsona artatzera iritsita; 450.000 pasatxo izan ziren 2016an artatu zirenak.

Jarduketa-programa

Oinarrizko bost helburuak 24 orientazio estrategikotan garatzen dira (hiru lehendabiziko helbururako, beste hiru bigarrenerako, lau hirugarrenerako, sei laugarrenerako eta zortzi bosgarrenerako); orientazio horietan jasotzen dira Nafarroako sistema turistikoan planteatutako aldaketa lortzeko oinarri izango diren irizpideak. Orientazio estrategikoak garatzeko, sei programatan egituratzen da plana, eta 48 neurri jasotzen dira guztira.

Lehendabiziko programak zazpi neurri jasotzen ditu, eta helburu nagusia da jarduera turistikoarekin lotutako elementuak dauden espazioa hobetzea (turismo-baliabideak, azpiegiturak, ostatuak, jarduerak, etab.) eta turismoa hartzeko gaitasuna indartzea.

Bigarren programa Nafarroako lurralde-kapitalean sostengatutako eta xede-merkatuetara egokitutako produktu turistikoetan zentratzen da. Horretarako, sei neurri garatzen ditu, Nafarroara egindako bisita, lehiakide diren beste helmugetara egindako bisitekin alderatuta, esperientzia berezia izan dadin, kulturari, ondareari eta naturari esker.

Hirugarren programa enpresa-sarea indartzera eta kalitate, jasangarritasun eta irisgarritasun turistikoa hobetzera bideratuta dago, eta Nafarroako turismoaren gaitasun produktiboak hobetzea bilatzen duten hamar neurri jasotzen ditu. Horretarako, egokitzat jotzen du eragile turistikoen trebakuntza lantzea, enpresa turistiko txikiak indartzen laguntzeko eta kalitatearen kudeaketa-sistemak hobetzeko.

Laugarren programaren xedea merkatura zuzendutako promozioa eta merkaturatzea da, bi ideia hauetatik sortzen diren bederatzi neurriren bitartez: identifikatutako xede-merkatuei eta –segmentuei lehentasuna ematea, eta erdi- eta behe-denboraldietan promoziorako ahaleginak handitzea, online esparruan bereziki.

Bosgarren programak bederatzi neurri jasotzen ditu, eta helburua da turismoaren gobernantza hobetzea, haren kudeaketa-egiturei dagokienez, zein sektorearen araudiari dagokionez.

Azkeneko programak, seigarrenak, zortzi neurri proposatzen ditu, sektorearen adimen-sistema hobetzeko informazio-fluxu handiak (Big Data) maneiatzeko aukera emango duten aurrerapen teknologikoak sartzera bideratutakoak. Halaber, turismoan lurralde- eta gizarte-berrikuntza sustatzera bideratutako ekintzak ere jasotzen ditu.

Ebaluazioa eta jarraipena

Planaren urteko jarraipena egitea aurreikusten da; zehazki, urte naturalari dagokion jarraipen-txostena egingo da. Aurrerapenak, aplikatutako baliabideak, sortu diren arazoak eta arazo horiek konpontzeko aukeratu diren irtenbideak aurkeztuko dira txostenean.

Gainera, bitarteko ebaluazio bat ere egingo da, 2017tik 2020ra artekoa, bai eta azken ebaluazioa ere, Estrategia hasieratik 2025eko ekainera arte aztertuko duena.

Bitarteko ebaluazioak balio izango du aurrerapena eta baliabideen erabilera baloratzeko, aplikatutako neurrien eta tresnen baliozkotasuna zehazteko eta lortzen ari diren emaitzak hobetzeko plangintzan aldaketak proposatzeko, Plan Estrategikoan ezarritako helburuak lortze aldera.

Azken ebaluazioak balio izango du lortutako emaitzak epaitzeko, aplikatutako neurriak eta tresnak erabilgarriak izan diren zehazteko eta modu eraginkorrean aplikatu al diren ikusteko. Halaber, ondorioak atera ahal izango dira, gero Nafarroako Gobernuaren 2025etik aurrerako politika turistikoa formulatzeko.

Plana hiru mailatan egikaritzea eta finantzazio handiagoa

Plan hau abian jartzeko, antolaketa berria izango du Administrazio turistikoak, hiru mailatan egituratuta. Lehenik eta behin, Turismoko eta Merkataritzako Zuzendaritza Nagusia izango da plan estrategikoa bultzatzeko eta dinamizatzeko ardura izango duena; aldi berean, beste eginkizun batzuk ere garatuko ditu, hala nola jarduera turistikoa antolatzea eta arautzea, ingurumenarekiko, teknologiekiko eta establezimenduetako erabiltzaileekiko egokitzapena sustatzea eta inplikatutako beste erakunde publiko eta pribatu batzuk koordinatzea.

Bestalde, turismoko enpresa publiko bat sortuko da Nafarroan, promozio eta marketineko ekintzak gauzatzeko, informazio turistikoko sistema kudeatzeko eta turismo-politikaren garapen instrumentalerako beharrezko ekintzak garatzeko. Nabarmentzekoa da, orain arte, Nafarroa eta Extremadura direla bere politika turistikoa enpresa publiko baten bitartez kudeatzen ez duten autonomia erkidego bakarrak.

Azkenik, espazio turistikoa kudeatzeko unitate deritzenak jarriko dira martxan; erakunde publiko-pribatuak dira, eta haien ardura izango da espazio turistikoen zerbitzu estrategiko jakin batzuk antolatzea eta kudeatzea, bai eta turismoko eskualdeetako planak. Udalerriaz gaindiko tresnak ezarri nahi dira, turismoa kudeatzeko sistema bat martxan jartzeko lurraldetik, toki erakundeek bultzatutakoa eta ekimen pribatuaren eta eragile sozial eta ekonomiko esanguratsuenen inplikazioarekin.

Amaitzeko, Garapen Ekonomikoko lehendakariordeak aitortu du plana "handinahia" dela eta, beraz, "baliabideak behar" dituela, nahiz eta oraindik ez dauden zehaztuta, zirriborro bat baita. "Ez da nahikoa izan Nafarroan turismo-politikara bideratu izan den aurrekontua; hain zuzen ere, Estatuko batez bestekoa baino % 28 txikiagoa da biztanle bakoitzeko turismora bideratutako aurrekontua", gaineratu du Manu Ayerdik; gainera, adierazi du nabarmentzekoa da aurten Nafarroako Aurrekontu Orokorrean esleitutako hazkundea, eta adierazi du beharrezkoa dela "aurrekontuetan ahalegina egiten jarraitzea plan hori gauzatzeko".


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Audioa
Bideoa
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa