(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroan, abuztuan, 182 langabe gutxiago izan dira, guztira 35.951 lagun astelehena, 2017.eko irailak 4


Nafarroan, duela urtebete baino 7.583 pertsona gehiago daude afiliatuta Gizarte Segurantzara; hau da, urteko kopurua %2,87 hazi da


Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Agentzietan-Nafar Lansarean (NL) erregistratutako langabeen kopurua 35.951 pertsonakoa izan da abuztuaren amaieran.

Eskubide Sozialetako Departamentuko Errealitate Sozialaren Behatokiak abuztuko datuen inguruko balorazio positiboa egin du, 182 langabe gutxiago izan baitira hilabete horretan, -%0,5; era horretan, urtean 2.948 pertsona langabe gutxiago izan dira, %7,6 gutxiago. Beraz, datuek erregistratutako langabeziaren beheranzko joera erakusten dute.

Abuztua, hilabeteei dagokienean, langabeziaren jaitsierarako aldeko hilabetea izan ohi da Nafarroan. Baina jaitsiera horiek murritzak izan ohi dira, aurtengo abuztuan gertatu den moduan. Edonola ere, kontuan hartu behar da Estatuan langabeziak %1,39ko gorakada izan duela.

Urteko datuei erreparatuta, abuztuko langabeziaren murrizketa 2014. urtetik aurrera gertatu da. Halaber, urteko beherakada gertatu zen hilabete horretan krisi aurreko urteetan, hots, 2006an eta 2007an, baina orduan jaitsiera horiek oraingoa baino nabarmenagoak izan ziren.

Bestalde, termino absolutuetan, 2009. urteko hasiera aldera joan behar da, zehatzago 2009ko urtarrilera, (36.375 pertsona langabe zeuden), antzeko langabezia-kopuruak aurkitzeko.

Ildo horretan, langabezia nabarmen jaitsi arren, Nafarroako Gobernuak neurriak hartzen jarraitzen du gehiago jaistearren. Modu horretan, hainbat partida onartu ditu oraindik ere gehiegizkoa den langabeziari aurre egiteko. 3,6 milioiko partida prestakuntza eta enpleguko programetarako erabiliko da eta 1,3 milioiko beste partida bat iraupen luzeko langabeziaren aurka borrokatzeko.

Garrantzi bereziko beste elementu bat da langabezia bidezko babesaren estatu-sistemaren estaldurari buruzkoa. Aurkeztutako azken datuen arabera, estatu-sistemak argi eta garbi mugatzen du, estaldura-mailak beherazko joera hautsi eta gorakadako bigarren hilabete jarraitua izan badu ere. Uztaileko langabeziaren gaineko estaldura-tasa, daukagun azken datua, %50,9koa da; alegia, ekainekoa baino 2,3 puntu gehiagokoa baina duela urtebete baino 0,8 puntu gutxiagokoa.

Azken finean, lan-esperientzia duten pertsona langabeen erdia baino gehiagok estaldurarik ez du sistema honetan. Langabezian dagoen biztanleria osoa kontuan hartuz gero, Nafarroan estaldurarik gabeko langabeen kopurua 19.483 pertsonakoa da. Beraz, oso garrantzitsua da laguntzeko Bermatutako Errenta bezalako tresna propioak izatea.

Estatuan, estaldura-tasa %58,8 bitartekoa da; hau da, 7,9 puntu gehiagokoa. Nafarroan, estaldura-tasa urte batean 0,8 puntu jaitsi den bitartean, Estatuan ia bi puntu gehitu da (1,9 puntu).

Gizarte Segurantzarako afiliazioa eta kontratazioa

Gizarte Segurantzarako afiliazioari dagokionez, datuek hilabetean jaitsiera baxua izan dela erakusten dute; hortaz, afiliazio-maila egonkorra da. Nafarroan, Gizarte Segurantzara abuztuan afiliatutako pertsonak batez beste 271.595 izan dira, aurreko hilabetean baino soilik 14 gutxiago, baina duela urtebete baino 7.583 gehiago. Bariazio horiek -%0,01eko jaitsiera erakusten dute hilabete batean, baina urteko %2,87ko hazkundea. Horrek enplegua sortzen ari dela erakusten du. Gainera, Estatuarekin alderatuta, jaitsiera txikiagoa izan da. Estatuan, hilabeteko jaitsiera -%0,97koa izan da.

Urteko igoerari dagokionean, Estatukoa baino apur bat txikiagoa izan da, %3,45, gutxi gorabehera 0,6 puntu gutxiago. Hala ere, esan behar da langabezia-tasa baxuagoak izan dituzten erkidegoekin alderatuta, afiliazioaren igoera erlatiboari dagokionez, hileko eta urteko bilakaera positiboagoa izan dela.

Jada adierazi dugu Nafarroan, langabezia-tasa gutxieneko komunitatean, afiliazioa urtean %2,87 gehitu dela. Errioxan (langabezia-tasa gutxieneko bigarrena), esate baterako, urteko igoera apur bat baxuagoa izan da, %2,64, hilabeteko jaitsiera -0,58koa izan den bitartean. Euskal Autonomia Erkidegoari erreparatuta, berriz, langabezia gutxieneko hirugarren erkidegoa, urteko igoera %1,94koa izan da eta hilabeteko jaitsiera -%1,3koa.

Halaber, ez da ahaztu behar afiliazioaren gutxieneko kota 2014ko urtarrilean izan zela, 243.505 afiliaziorekin. Beraz, abuztuko azken datuak kontuan hartzen badugu, 28.090 afiliazio gehitu dira, %11,5. 2009ko hasiera aldera itzuli behar da, Gizarte Segurantzako afiliazioaren arabera neurtuta, antzeko enplegu-maila aurkitzeko.

Bestalde, kontratazioari dagokionez, Foru Komunitatean lanerako zentroa dutenek egindako kontratu-kopurua, Nafar Lansarean abuztuan erregistratua, 31.047koa izan da. Kopuru horren arabera, pasa den hilabetean baino 1.248 gutxiago egin dira, -%3,9, baina urtean baino %4,8 gehiago; hots, 2016ko abuztuan baino 2.711 kontratu gehiago. Kasu horretan, abuztua ez da hilabete ona izan kontratazioarentzat. Edonola ere, 2011ko abuztura itzuli behar da hileko jaitsiera hain txikia aurkitzeko.

Modu positiboan nabarmendu beharreko beste elementua da kontratazio mugagabeak izandako igoera, aldi baterakoa baino askoz ere handiagoa izan da eta. Hilabeteko datuei erreparatuta, kontratu mugagabeak %5,5 gehitu dira, aldi baterakoak -%4,3 jaitsi diren bitartean. Beraz, uztailarekin alderatuta, kontratazioaren jaitsiera batik bat aldi baterako kontratazioa jaitsi delako gertatu da.

Iazko hilabete berarekin alderatuz gero, datuek kontratazio mugagabearen igoerarik handiena erakusten dute, enplegua sortzearen testuinguru orokorrean. Era horretan, kontratu mugagabeen kopurua urtean %13,6 gehitu da, aldi baterakoak gutxiago gehitu diren neurrian, hots, %4,4.

Kontratazio mugagabearen pisua abuztuan egindako kontratazioaren %5aren inguruan kokatzea bultzatu dute bariazio horiek.

Horrez gain, aldi baterako kontratazioak kontratuaren iraupenaren aldetik izan duen bilakaera kontuan hartuta, aldi baterako kontratazioa kalitate hobekoa izan da. Urteko bariazioaren arabera, sei hilabetetik urtebeterako aldi baterako kontratuen kopurua %70,3 gehitu da, urtebetetik gorako kontratuak %9 gehitu diren bitartean.

Azken finean, enplegua sortzen ari da, eta sortzen ari dena ere kalitate hobekoa da. Kontratu mugagabeak asko ari dira gehitzen, eta aldi baterakoak iraupen luzeagokoak dira.

Langabeziaren datuen banantzea

Enplegu Agentzienarabera eta hilabeteei erreparatuta, hilabeteko bariazioa desberdina izan da.

Langabeziaren jaitsiera honako agentzia hauetan izan dute: Lodosa, -%8,4; Tutera, -%3,1; Tafalla, -%1,9; Lizarra, -%1,2; eta Errotxapeako agentzia (Iruña), -%0,9.

Aldiz, langabezia gehitu egin da ondorengo agentzietan: Zabalgunea (Iruña), %0,6; Doneztebe, %0,9; Yamagutxi (Iruña), %1,4; Agoitz, % 5,3; eta bereziki esanguratsua izan da Altsasuko agentzian langabeziak hilean izandako igoera, %10,8.

Urteko bariazioari dagokionez, kasu honetan langabezia orokorra jaitsi egin da; alegia, langabezia murriztu da Agentzia guztietan, beste behin desberdina izan bada ere.

Hona hemen urteko jaitsierak: Tutera, -%12,4; Lizarra, -%11,6); Doneztebe, -%10,8); Tafalla -%10,1; Errotxapea (Iruña), -%6,4; Yamagutxi (Iruña), -%6,4; Lodosa, -%5,5; Zabalgunea (Iruña), -%5,3; Agoitz, -%2,4; eta Altsasu, -%2,3.

Langabeziaren karakterizazioari dagokionez, sexuaren arabera, 21.102 emakumezko erregistratu dira langabezian (jaitsiera txikia, 3 emakume langabe gutxiago hilabete batean) eta 14.849 gizonezko (-%1,2, aurreko hilabetean baino 179 gizonezko gutxiago). Beraz, langabeziaren hilabeteko jaitsiera askoz ere handiagoa izan da gizonei dagokienean.

Urteko bariazioa generoaren ikuspegitik aztertzen badugu, krisiaren urterik larrienetan banaketa antzekoa izan zen ("beheranzko berdintasuna"), eta urte horien ondoren, langabeziaren banaketa desorekatuagoa izatera iritsi da. Era horretan, langabeen kopurua urtean -%9,4 txikiagoa izan da, emakumeena txikiagoa izan den arren, -%6,3. Horrela, emakume langabeen proportzioa langabe guztienarekin alderatuta, egun %59koa da. 2009ko amaiera aldera %49koa izan zen; hau da, hamar puntu gorago.

Adin-tarteei

dagokienez, langabezia hilabetean gehitu egin da lehen adin-tarteetan; hots, 25 urtetik beherakoen eta 25 eta 34 urte artekoen artean. Lehen kasuan, igoera %1,6koa izan da (58 gehiago) eta bigarrenean %0,82koa (55 gehiago).

Gainerako adin-tarteei erreparatuta, 35 eta 44 urte arteko langabeen kopuruak behera egin du uztailarekin alderatuta, %1,8 (161 gutxiago), eta 45 eta 54 urte arteko langabeak ere -%1,4 jaitsi dira (122 gutxiago). Azkenik, 55 urtetik gorako langabeen kopurua bere horretan mantentzen da, soilik 12 gutxiago izan baitira (-%0,1).

Modu horretan, 25 urtetik beherako langabeak 3.653 lagun dira (kopuru osoaren %10,2), 25 eta 34 urte arteko langabeak langabezia osoaren %18,8ra iritsi dira (6.747 pertsona), 35 eta 44 urte arteko langabeek %24,5a osatzen dute (8.823 lagun) eta 45 eta 54 urte artekoek %23,4 (8.430 pertsona). Azkenik, 55 urteko edo gehiagoko langabeak %23,1 dira, 8.298 pertsona.

Urteko bariazioari dagokionez, erregistratutako langabeziaren jaitsiera orokorra gertatu da, intentsitate desberdinekoa izan arren. Langabe gazteak -%2,9 jaitsi dira (109 gutxiago), 25 eta 34 urte artekoak -%12 (775 gutxiago), eta 35 eta 44 urte arteko langabeen urteko jaitsiera -%10ekoa izan da (985 gutxiago). 45 eta 54 urte arteko langabeei dagokienez, berriz, urtean -%9,5 jaitsi dira (883 gutxiago), 55 urteko edo gehiagokoak -%2,3 jaitsi diren bitartean (196 gutxiago).

Arazo larria iraupen luzeko langabezia da. Abuztuko datuen arabera, langabe moduan erregistratutako kopuru osotik %38,6 iraupen luzeko langabeak dira; hau da, hamarretik ia lau. Hain zuzen ere, 13.868 pertsona dira, eta horietatik %64 45 urtetik gorakoak dira.

Hori dela-eta, iraupen luzeko langabeziaren jaitsiera nabarmena izan arren, gutxi gorabehera -%33koa 2014ko hasieraz geroztik, Nafarroako Gobernua arazo horretaz jabetzen da. Adierazi moduan, Nafar Lansarean neurriak hartu dira iraupen luzeko langabeei zuzendutako lan-aktibazioko prozesuak indartze aldera. Helburua da talde hori kontratatzea lortzea, bereziki 45 urtetik gorakoak, langabezian bi urtetik gora daramatenak, eta 55 urtetik gorakoak, egoera horretan gutxienez urtebetean aurkitzen direnak.

Bestalde, ikasketa-mailari dagokionez, hamar langabetatik ia zazpik bigarren hezkuntzako lehen etapa baino goragoko prestakuntzarik izan gabe jarraitzen du, eta kopuru osoaren %68,5 izatera iristen dira (24.629). Unibertsitate-mailako prestakuntzako pertsonen langabezia, berriz, %12,3koa da (4.414 pertsona). Unibertsitate-ikasketak dituzten langabeei dagokienean, aipatzekoa da hamarretatik zazpi emakumeak izaten jarraitzen dutela (%72,5).

Azkenik, sektore ekonomikoka, langabeziak hilean behera egin du nekazaritzan, industrian eta eraikuntzan, zerbitzuen sektorean arinki gora egin duen bitartean. Horrela, lehen sektorean, jaitsiera esanguratsuena izan da, -%8,7 (178 pertsona langabe gutxiago). Ohiko gertaera izaten da hori, nekazaritzako langabezia abuztuan jaitsi egin ohi da. Industrian, berriz, jaitsiera -%1,4koa izan da (69 pertsona langabe gutxiago). Halaber, eraikuntzan, erregistratutako langabeziaren hileko jaitsiera -%1,4koa izan da (32 pertsona langabe gutxiago uztailarekiko).

Zerbitzuen sektorean langabezia %0,7 igo da; hots, hilabete batean 175 langabe gehiago. Azkenik, aurreko enplegurik gabeko pertsonen kopurua -%2,3 jaitsi da, 78 pertsona gutxiago.

Urteko datuei erreparatuta, positiboa da langabeziak nabarmen behera egin izana sektore guztietan, baina batik bat eraikuntzan eta industrian jaitsi izana (termino erlatiboak). Era horretan, eraikuntzaren sektorean urtean izandako jaitsiera esanguratsua izan da, -%17,5ekoa (467 pertsona langabe gutxiago urte batean). Industriako jaitsierari dagokionez, berriz, -%11,3koa izan da; hots, 614 langabe gutxiago urte batean. Lehen sektorean -%2,8ko jaitsiera gertatu da, 53 pertsona langabe gutxiago. Azkenik, zerbitzuen sektorean urteko jaitsiera -%6,9koa izan da, 1.765 pertsona langabe gutxiago.

Bestalde, gehitu behar da Zerbitzuen sektoreko langabeziak erregistratutako langabeziaren ia %66a hartzen jarraitzen duela; aldiz, industriako langabezia %13,4ra iristen da, eraikuntzakoa %6,1era eta lehen sektorekoa %5,2ra. Urtetik urtera ere langabeziak behera egin du aurretik enplegurik ez zutenen artean, -%1,4 (49 pertsona gutxiago), eta langabezia osoaren %9,4 hartzera iritsi dira.

Langabeziaren bilakaera azpisektore ekonomikoen arabera aztertzen badugu, langabeziaren hileko jaitsieraren foku nagusi bezala ondorengo adarrak aipatu behar dira: Nekazaritza (178 langabe gutxiago), horrekin lotuta elikaduraren industria (159 gutxiago) eta zerbitzuen sektorearen barnean, enpleguarekin zerikusia duten jarduerak (112 gutxiago).

Hilabeteko igoera nagusiei dagokienean, honako hauek nabarmendu behar dira: Txikizkako merkataritza (60 gehiago), janarien eta edarien zerbitzuak (59 gehiago), ibilgailu motordunen fabrikazioa (59 gehiago), osasun-arloko jarduerak (49 gehiago) eta hezkuntzarekin zerikusia duten adarrak (39 gehiago).

Langabeziaren urteko bariazioari dagokionez, jarduera-adar gehienetan langabezia jaitsi egin da. Edonola ere, ondorengoak adierazi behar dira:

Txikizkako merkataritza

(265 pertsona langabe gutxiago urte batean), eraikinen eraikuntza (236 gutxiago), administrazio publikoa eta defentsa; derrigorrezko gizarte-segurantza (234 gutxiago), eraikuntza espezializatuko jarduerak (229 gutxiago), elikaduraren industria (159 gutxiago), janarien eta edarien zerbitzuak (146 gutxiago), hezkuntza (139 gutxiago) eta eraikinetarako zerbitzuak eta lorategietako jarduerak (120 gutxiago).

Langabezia gehitu den jarduera gutxi batzuen artean, aipatzekoa da langabeziaren igoera izen hauek dituzten jardueretan: motordun ibilgailuen fabrikazioa (87 gehiago), bestelako manufaktura-industriak (57 gehiago), bestelako zerbitzu pertsonalak (37 gehiago eta bestelako jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak (24 gehiago).


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Audioa
Bideoa
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa