(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuaren adierazpen instituzionala Kataluinako egoeraren aurrean asteazkena, 2017.eko urriak 11


Dokumentua gaurko bilkuran onartu du


palacio

Nafarroako Jauregia.

Nafarroako Gobernuak gaurko bilkuran honako adierazpen instituzionala onartu du Kataluinako egoeraren aurrean:

Espainiar Estatuan eta, ondorioz, Europan azken asteotan bizitzen ari garen egoera zailtasun handikoa da, larria, eta, beraz, erantzukizun historiko handia eskatzen digu.

Eta interes orokorraren defentsa lanbide hartu dugunok ezin dugu ez ikusiarena egin, horrek ez baitu ezertan laguntzen. Erakundeek konponbideak eskaini behar dituzte, konponbide politikoak, eta, hortaz, ezinbestean, elkarrizketan oinarritutako konponbideak, Katalunian ez ezik Espainia osoan gertatzen ari den tentsio goraldia gainditzen lagunduko dutenak.

Horri dagokionez, Nafarroako erakundeak, eta Nafarroako Gobernua haien buru, lan egitera behartuak gaude, gure erantzukizun eta baliabideen arabera konponbideak eskaintzera. Horregatik, lehenik eta behin, elkarrizketarako dei sendo eta irmoa egiten dugu.

Kataluniako Generalitateko Puigdemont presidenteak, atzo, horretarako bidea ireki zuen.

Nafarroako Gobernuak, lehenbizi, aitortu nahi du bai Kataluniako lehendakariak bai hango parlamentuaren gehiengoak egindako ahalegina.

Baina, batez ere, aintzatetsi eta goraipatu nahi dugu erabaki honekin Kataluniako gizartearen parte handi bati eskatzen ari zaion esfortzua, herritarren parte izugarri handi batek urriaren 1ean modu demokratikoan botoa emateko eskubidea errebindikatu eta gauzatu baitzuen, nahiz eta denok ezinbestean gogoan dugun haren kontra erabilitako indarra, eta nazioartean utzitako irudi ahaztezina.

Nafarroako Gobernuak, bestalde, aintzat hartzen du Kataluniako gizartearen beste parte hori ere, urriaren 1eko hauteskundeetan parte ez hartzeko erabaki zilegia hartu zuena. Horrek ere egoera honetarako konponbidea bilatzeko eskatzen digu.

Kataluniako gizarteari zor diogu hain zuzen ere gure konpromisoa, eta, behin honetara ezkero, datozen orduetako urratsetan konponbideetan asmatu ahal izateko borondatea.

Helburu hori buruan, Espainiako Gobernuari dei egiten diogu, baita Estatuaren erakundeei ere, elkarrizketaz balia gaitezela egoera bideratzeko.

Nafarroako Gobernua jakitun da elkarrizketarako deiek oihartzun desberdinak izaten dituztela, baina, ikuspuntu desberdinak egonagatik, ezin dugu etsi, ezin dugu pentsatu soluzio politikoa ez den beste bide batzuk erabili behar direla.

Ez. Politikatik kanpoko beste edozein erantzunek, desberdinen arteko bizikidetza sendotu beharrean, gizartea urratuko luke.

Azken egunotako gertaerak direla-eta, Nafarroako Gobernuak, bestalde, bere kezka adierazi nahi du, honezkero desagertua zela uste genuen ultraeskuin frankistaren piztualdia ikusi baitugu.

Kezka berezia, bai, Nafarroan, izugarrikeria haien ondorioak gaur arte ailegatu baitzaizkigu. Memoriak ere garbi oroitarazten digu egoera hau elkarrizketa demokratiko, sendo eta irmoaz bideratu behar dugula. Mugarik gabe, adostasunez gaurkotutako legaltasuna izanik zerumuga bakarra.

Kontsentsua eta elkarrizketa: gure ustez, horixe eskatzen digu gaur egun gizarteak.

Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa