(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Suhiltzaileek 402 sutetan esku hartu dute 2017ko udan     ostirala, 2017.eko urriak 20


627 hektarea erre dira, azken hamarkadan batez beste erretakoak baino gutxiago, aurtengo udan ohi baino euri gutxiago egin duen arren


Incendio en Undués de Lerda.

Uztailaren 4an Undoze Lerdan piztutako sutea ( irudia handitu )

Aurtengo udan, Nafarroako Suhiltzaileek 402 irteera egin dituzte baso-suteetan esku hartzeko; sute horien ondorioz, 627 hektarea erre dira. Nafarroako Gobernuaren udako prebentzio-kanpainak azken hamarkadako batezbestekoaren azpitik dauden kopuruak izan ditu, azken hamarkadan erre den laugarren azalera txikiena izan baita, euri gutxi egin duen arren.

Nafarroako Gobernuaren ustez, oso positiboa izan da kanpaina, bai erretako azalera txikia izan delako (2016an baino askoz ere txikiagoa, urte hartan Tafallan soilik 3.500 hektarea erre baitziren), bai Suhiltzaileen Zerbitzuak kasu gutxitan esku hartu behar izan duelako (beste urte batzuetan erregistratutako batezbestekoan baino kasu gutxiagotan). 2016an, 4.610 hektarea erre ziren.

Horrela, Nafarroa osoan zehar dauden 12 suhiltzaile-parkeek guztira 402 kasutan esku hartu dute ekainaren 15etik irailaren 30era bitartean, suteak itzaltzeko; aurreko urtean, berriz, 516 kasutan esku hartu zuten. Erretako 627,78 hektareatik, azaleraren % 34 abuztuan erre zen; hilabete horretan erre ziren hektarea gehien, eta orduan izan ziren esku-hartze gehienak (alegia, % 43).

Klimak, suteen fase guztietan erabakigarria den faktoreak, portaera irregularra izan du: oso hezea eta beroa izan da ekainean; beroa eta lehorra uztailean; beroa eta oso lehorra abuztuan; eta oso hotza eta lehorra irailean. Udaberrian batezbestekoa baino euri gutxiago egin du, eta tenperaturak ohi baino hiru gradu altuagoak izan dira ekainean; horrek guztiak areagotu egin du arriskua. Hain zuzen ere, zereal-uztaren garaian (lan horrek sute ugari eragin ohi ditu), ekainaren 22an hiru sute piztu ziren aldi berean, eta kanpainako esku-hartze nabarmenenak eragin zituzten: bi Iruñerrian, Galarren eta Arazurin, eta hirugarrena, berriz, Añorben. Galarrekoan 95 hektarea erre ziren; Arazurikoan, 54; eta Añorbekoan, 26. Hortaz, goi-tenperaturaren eraginez, 144,4 hektarea erre ziren, azken urteotako ekaineko batezbestekoa baino azalera handiagoa.

Tuterako Suhiltzaileen Parkeak egin zituen esku-hartze gehien (76); ondoren, Kordobilako Parke Nagusiak (62 esku-hartze); eta, azkenik, Lizarrakoak (52).

Prebentzio-lanak

Uda aurretik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak zenbait prebentzio-lan egin zituen. Arauei dagokienez, sinplifikatu egin zuen nekazaritza-lanetan sua erabiltzeko baimenak bideratzeko prozesua (era horretako baimenak beti murriztaileak dira), eta gomendioak eman zituen zereala biltzeko eta paketatzeko lanetan suteak saihesteko eta itzaltzeko neurriak ezartzeko, lan horietan ezbehar ugari gertatu ohi baitira.

Ekainaren 15etik irailaren 30era, Departamentuko 12 teknikarik eta basozaintzako langile guztiek (hots, 109 pertsona) zaintza-lan zehatzak egin zituzten suteak aurrez detektatzeko. Langile horiek laguntza handia eskaintzen diote Suteak Itzaltzeko Zerbitzuari, oso ondo ezagutzen dituztelako lurraldea eta bertako ingurumen-balioak eta toki-erakundeekiko harremana.

Langile horien guztien zuzendaritzarekin ondo koordinatuta, Ingurumeneko arduradunek Bulldozer motako makina astunak erabili zituzten, oso eraginkorrak baitira orografia egokia bada suebakiak egiteko edo suhiltzaileen ibilgailuentzako bideak irekitzeko.

Zeregin bakoitzaren arriskuak ebaluatzerakoan, sute-arriskua eta kontsulta meteorologikoa uztartzen dituzten tresna informatikoak erabiltzen dira. Aplikazio horiek oso erabilgarriak izaten dira, bai alerta-egoera aurreikusteko, bai landa-ingurunean erretako eremuak kudeatzeko. Tresnek simulagailuak dituzte, eta, haiei esker, sutea gertatzeko zer aukera dauden ikus daiteke; hori funtsezkoa da sutea itzaltzeko estrategia egokiena proposatzeko. Aplikazioak sutearen bilakaera irudikatzen du, denbora-tarte batean eta iragarpen meteorologikoak kontuan hartuta.


Incendio en Arazuri.

Uztailaren 4an Arazurin piztutako sutearen irudia ( irudia handitu )

Hiru eginbide penal

Foruzaingoaren Ingurumen Babeseko Brigadako agenteek zaintza-lanak egin dituzte sute eta erretzeetako 214 esku-hartzetan, eta ikerketa hasi dute 62 kasutan. Hirutan, eginbide penalei eman zaie hasiera, eta eginbide horiek dagozkion epaitegietara bidali dira. Hain zuzen ere, hauen berri eman da epaitegietan: uztailaren 16an Leringo lastategi batean piztutako sute bat; abuztuaren 2an Faltzeseko udal-mugartean piztutako baso-sutea (4 hektarea erreta); eta abuztuaren 20an Fontellaseko El Bocal auzoan izandako sutea (2,5 hektarea erreta). Hiru kasuetan, oraindik ere zabalik dago ikerketa.

Horretaz gain, Foruzaingoak kalteengatiko 28 eginbideri eman die hasiera, eta 36 salaketa administratibo bideratu. 36 salaketa horietatik, 26tan adierazi da udan surik egin ezin den eremuetan egin zela sua, eta, hortaz, ez dela bete suaren erabilera arautzen duen foru-agindua.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa