(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Tuterako Osasun-barrutiak beste hamar ohe eta beste hiru profesional jarri ditu etxeko ospitaleratze-zerbitzua indartzeko astelehena, 2017.eko urriak 23


Jarduera % 30etik gora handitzea espero du; hau da, urtean, 550 gaixo artatzetik 750 artatzea


Etxeko ospitaleratze-zerbitzua

Tuterako etxeko ospitaleratze-zerbitzuko taldea ( irudia handitu )

Tuterako Osasun-barrutiak beste hamar ohe, beste mediku bat eta beste bi erizain jarri ditu etxeko ospitaleratze-zerbitzua indartzeko; baliabide horiek kontuan hartuta, etxez etxeko arreta-unitate aurreratu honetan, guztira 30 plaza eta bederatzi profesional sanitario daude. Zerbitzua zabaltzeari esker, urtean 550 gaixo izatetik 750 izatera pasatzea espero da; hau da, ospitalez kanpoko arreta-taldearen laguntza-jarduera % 30 baino gehiago handitzea. Zerbitzu horrek 90.000 biztanleri baino gehiagori laguntzen die.

Gaur goizean, Osasuneko kontseilari Fernando Domínguez Tuterako Etxeko Ospitaleratze Unitateko profesionalekin bildu da. Bertan izan da, orobat, Osasun-barrutiko kudeatzaile José Ramón Mora.

Etxeko ospitaleratze-zerbitzuak gaixoaren etxean bertan ematen ditu ospitaleetan ematen diren zainketa medikoak eta erizaintzakoak. Horrela, bizkorrago sendatzen dira gaixoak, ingurunea erosoagoa delako, bai gaixoentzat, bai haien senideentzat, eta ospitaleetan egon ohi den infekzio- edo kutsadura-arriskua saihesten da. Orobat, arreta-eredu horrek lehen mailako arretaren eta arreta espezializatuaren arteko koordinazioa hobetzen du, baita ospitale-baliabideak modu eraginkorragoan kudeatu ere.

Tuterako Osasun-barrutian langile gehiago kontratatzeak 140.000 euroko kostua izan du. Profesional eta ohe gehiago jartzeaz gain, joan-etorrietarako beste ibilgailu bat erosi da, baita ekipamendu informatiko osagarria ere (beste bi ordenagailu eta beste bi tableta). Baliabide materialei dagokienez, Etxeko Ospitalieratze Unitateak guztira lau auto, lau ordenagailu eta lau tableta ditu, baita hamabi ponpa elektroniko ere, sendagaiak banatzeko.

Hamar urtetik gorako ibilbidea

Tuterako Osasun-barrutiko Etxeko Ospitaleratze Unitatea 2006ko azaroan jarri zen martxan, Reina Sofía ospitaleko Barne Medikuntzako Zerbitzuaren menpeko egitura gisa. Hasieran, mediku bat eta erizain bat zituen, goizez eskaintzen zen, eta 10 gaixo har zitzakeen. Orain, zerbitzua zabaltzeari esker, hirukoiztu egin da hasierako egitura: 30 ohe daude, eta, goizeko txanda ez ezik, guardiak ere egiten ditu arratsaldeetan, gauetan eta asteburuetan.

Tuterako Etxeko Ospitaleratze Unitateak 500 eta 550 gaixo artean artatzen ditu urtean; gaixo horiek era guztietako patologiak dituzte, batez beste 10,2 egunean jasotzen dute zerbitzuaren arreta (urtean 6.000 inguru), eta oheen % 88 okupatzen dituzte. 2017an, irailera arte, guztira 494 gaixok jaso zuten zerbitzuaren arreta, batez beste 9,68 egunean, eta oheen % 88,71 okupatu zituzten.

Aurreikuspenen arabera, 30 oheei esker, 750 gaixo artatuko dira urtean, eta, ondorioz, ospitaleratze kopurua proportzionalki murriztuko da.

Bi jardun-eremu

Urritik, ospitaleratze-unitate horren jarduera medikuntzako eta erizaintzako hiru talderen artean banatzen da, eta laguntza bi eremutan ematen da: iparraldea (Tuterako iparraldea, Milagro, Cadreita, Castejón, Cintruénigo, Corella, Fitero, Arguedas, Valtierra eta Alesbes; azken udalerri hori dago Erriberako hiriburutik urrunen, hau da, 31 km-ra); eta hegoaldea (Tuterako hegoaldea, Cascante, Murchante, Ablitas, Monteagudo, Barillas, Fontellas, Cabanillas, Ribaforada, Fustiñana, Buñuel eta Cortes; azken udalerri hori dago Tuteratik urrunen, hau da, 22 km-ra). Udalerri guztiak 30 minutuko isokronan daude.

Zerbitzua osatzen duten hiru medikuak barne-medikuntzan dihardute, baina zerbitzuko beste jarduera batzuetan ere parte hartzen dute, hala nola guardiak eta ospitaleratzea. Txandakatu egiten dira, etxez etxeko arretako txanda guztiak eman ahal izateko. Arratsaldeetan, barne-medikuntzako aditu bat dago, eta haren lana da, besteak beste, etxeko ospitaleratze-zerbitzuan gaixo berriak erregistratzea, eta zerbitzua jasotzen duten gaixoekin sor daitezkeen gorabeherei erantzutea. Gauetan, Reina Sofía ospitaleko barne-medikuntzako guardiako adituak erantzuten die gorabeherei, guardiako erizainarekin batera.

Gaixo kronikoak artatzeko funtsezko zerbitzua

Mota honetako ospitaleratzea aukeratzen duten gaixoek zenbait eskakizun bete behar dituzte, adibidez, informazio guztia jaso ondoren zerbitzuan beren borondatez sartzea, zerbitzuaren estaldura-eremuan bizitzea, eta gaitasun guztiak dituen eta gaixondoan lagunduko dion pertsona batekin bizitzea (zaintzailea).

Besteak beste, gaixo hauei ematen zaie laguntza etxean: gaixo kroniko larriak, minbizia duten gaixoak, traumatologiako gaixoak, kirurgia osteko gaixoak eta gaixo dauden umeak. Etxeko ospitaleratze-taldea aldizka joaten da gaixoarengana, eta etxean bertan egiten ditu beharrezkoak diren proba diagnostikoak, hala nola analisi klinikoak, elektrokardiograma, tentsio arterialaren monitorizazio anbulatorioa, oxigenoterapia, aerosolterapia edo intubaziorik gabeko aireztapen mekanikoa.

Horretaz gain, ospitalean jarri ohi diren hainbat prozedura terapeutiko jar daitezke etxean, esaterako, zain barneko tratamendu antibiotikoak, elikadura artifiziala, sendaketa konplexuak eta odol-transfusioak, betiere, ospitalean dauden arreta- eta segurtasun-berme berberekin.

Teknika diagnostiko ugari ere egiten dira, besteak beste, espirometriak, pultsioximetriak, odol-azterketak eta era guztietako laginak lortzea (adibidez, likido sinobiala, peritoneala eta torazikoa). Erizaintzako zainketen helburua da gaixoari bere burua zaintzen erakustea eta haren autonomia sustatzea. Orobat, jarraibideak eskaintzen dizkiete gaixoaren zaintzaileei eta senideei.

Erizaintzako zereginen artean daude, adibidez, mina kontrolatzea, botikak ematea, zain barneko tratamenduak egitea, larruazalpeko bideak jartzea eta kentzea, gaixoaren segimendua egitea eta osasunaren arloan heztea, material sanitarioa eta ortopedikoa ematea, ospitalean egin beharreko proba diagnostikoak (hala nola endoskopiak eta irudi-probak) egiteko prestatzea eta hitzordua ematea, eta beste espezialista batzuekiko kontsultak bideratzea.

Gogorarazi behar da barne-medikuntzako zerbitzua, lehen mailako arretarekin batera, ardatz nagusia dela patologia anitzeko gaixo kroniko konplexuei arreta emateko. Horren haritik, etxeko ospitaleratze-zerbitzua funtsezkoa da gaixo horiei arreta emateko. Hori dela eta, ospitaleratze-modalitate honetako zerbitzuen zorroa zabaldu egin da, gaixo horietako askori arreta eman ahal izateko; izan ere, zerbitzu honek lasaitasun handia ematen die gaixo horiei, itxaronaldiak laburtzen dituelako eta larrialdi-zerbitzuetara joatea saihesten duelako.

Etxeko ospitaleratze-zerbitzuaren beste jardun-eremu bat da gaixoari zainketa aringarriak etxean ematea, gero eta beharrezkoagoa baita hori, biztanleen adina etengabe goraka doalako.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa