(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Kultura Departamentuak 1956 eta 1976 artean Iruñerrian beste langile klase bat sortu izanari buruzko azterlan bat argitaratu du

osteguna, 2017.eko azaroak 9


Nerea Pérez Ibarrolaren Langileria Berri Baten Eraketa. Iruñerria 1956-1976 liburuak klase hartako kideek sortu zituzten eremuak eta harremanak berreraikitzen ditu, eta izan zituzten esperientziak, ideiak eta balioak erakutsi, baita izan zituzten gatazkak eta borrokak ezagutarazi ere


Liburuko lehen orrialdearen irudia. ( irudia handitu )

Kulturako Zuzendaritza Nagusiak Langileria Berri Baten Eraketa. Iruñerria 1956-1976 liburua argitaratu du. Nerea Pérez Ibarrolak idatzi du, euskaraz, 2016an Nafarroako Unibertsitate Publikoan defendatu zuen doktorego-tesian oinarrituta.

Egileak dioen bezala, lana ez da langile-mugimenduaren historia, baizik eta mugimendua osatu zuten langileen historia; frankismoaren garaian eratu zen Iruñeko langile haien inguruko azterketa. Lana egiteko, Pérez Ibarrolak askotariko iturri bibliografikoak, dokumentalak, hemerografikoak eta ahozkoak kontsultatu eta alderatu ditu.

Langileek diktadura-garaiari amaiera emateko izan duten eginkizuna azaltzeko beharretik abiatuta, eginkizun hori betetzera nola iritsi ziren aztertzen du lanak, zergatik hartu zuten parte langile-mugimenduetan eta mugimendu sindikal eta politikoetan, eta zergatik esku hartu zuten urte haietako gatazka eta grebetan.

Lan horretan, langileek nortasun komuna nola osatu zuten ere azaltzen da. Nortasun horrek taldean aritzera eraman zituen langileak, batetik, bizimodua eta lana hobetzeko, eta, bestetik, diktadura-garaiari amaiera emateko, erregimena desagerraraziz gero bizimodu hobea izango zutelako.

Kontuan hartuta zer testuingurutan sortu zen langile klase hori, frankismoaren garaian langileak zein egoeratan geratu ziren, eta zer esperientzia bizi izan zituzten XX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera izandako aldaketa sozial bizkor eta handien ondorioz, liburuak prozesu horren garapena deskribatzen du, eta klase hartako kideek sortu zituzten eremuak eta harremanak berreraikitzen ditu, eta izan zituzten esperientziak, ideiak eta balioak erakutsi, baita izan zituzten gatazkak eta borrokak ezagutarazi ere.

Hainbat agertoki aztertzen dira: fabrikak eta langile-auzoak; elkarte apostolikoak eta langile-mugimendua; eta alderdi politikoak eta 60ko hamarkadaren amaierako eta 70eko hamarkadaren hasierako grebak; horrela, testuinguru oso bat sortzen da, liburuko protagonisten bizitzako ibilbidea eta ibilbide militantea uztartuz.

Lan honek trantsizioaren eta diktadura-garaiaren amaieraren subjektu historiko gisa jartzen du langile klasea; haren istorioetan jartzen du arreta, eta langileek bilakaera bat dutela erakusten du, langile-nortasuna izatetik frankismoaren aurkako borrokan duten eginkizunaz ohartzen diren langile izatera.

Azterlanari hasiera emanez, aldaketa sozioekonomiko handien garaia agertzen da, baita Iruñerriko langile berrien sorrera ere. Ondoren, langileek bizi izan zuten garapenaz eta esplotazio-esperientziez hitz egiten da; eta langileek auzoetan, aisialdian, Elizarekin eta mugimendu sekular apostolikoan zer bizi duten ere aztertzen da. Gero, beste langile-kultura bat sortzeko eremuak eta antolaketa moduak aurkezten dira: fabrikak, langileak, militanteak eta batzordeak.

Azkenik, Iruñerriko langile horien kultura politikoak, Iruñeko langile-borrokaren eta -mugimenduen gatazka eta dinamika eta borroka haren ondorioak deskribatzen dira.

Egilea

Nerea Pérez Ibarrola historialaria da, Euskal Herriko Unibertsitatean lizentziatu zen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan (UPNA) doktoratu, frankismoaren garaiko historia sozialari, mugimenduei eta gizarte-gatazkei buruzko tesi batekin.

Gerónimo de Uztariz Historia Ekonomiko eta Sozialeko Institutuko idazkaria izan da, eta, gaur egun, bertako zuzendaritza-batzordeko kidea da. Horretaz gain, UPNAren Nafarroako Memoria Historikoaren Dokumentu Funtseko «Recuperando Memoria Berreskuratzen» ikerketa-taldeko kidea ere bada.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa