(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gobernuak sentsibilizazio-kanpaina sustatu du 112 larrialdietako telefonoa ongi erabiltzearren ostirala, 2017.eko azaroak 17


Jasotako deien %30a ez dira egokiak zenbaki horretarako; hori dela-eta, urtean 5.000 lanordu behar izaten dira, eta benetako larrialdiak artatzeko baliabideak gutxiagotzen dituzte.


112 telefonoaren erabileraren sentsibilizazio-kanpainaren kartela

112 telefonoaren erabileraren sentsibilizazio-kanpainaren kartela ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuak sentsibilizazio-kanpaina bat egingo du 112-SOS Nafarroa larrialdietako telefonoa ongi erabiltzeko; izan ere, urteetan zehar egiaztatu ahal izan da egindako deien %30 inguru desegokiak direla zenbaki horretarako. Praktika oker horren ondorioz, zentro koordinatzaileko operadoreek urtean 4.000 eta 5.000 ordu igarotzen dituzte dei horiek artatzen, eta, horrela, benetan larriak diren kasuak artatzeko baliabideak gutxiagotzen dira.

Gaur goizean egindako prentsaurrekoan, ekimen horren berri eman dute Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justiziako kontseilaria den María José Beaumontek; Osasuneko kontseilari Fernando Domínguezek eta Babes Zibileko Zerbitzuaren zuzendaria den Isabel Anautek.

Kanpaina

Kanpainak ondorengo leloa izango du: "112. Ongi erabiltzea ezinbestekoa da". Kanpainaren helburu nagusia da deien %30 hori murriztea eta baliabide hori gaizki erabiltzeak benetako kostu ekonomikoa duela eta egiazko larrialdien aurrean zerbitzuaren eraginkortasunean eragin negatiboa duela helaraztea. Azkenik, materialaren bitartez, herritarrei jakinaraziko zaie larrialdia ez den kasuan herritarrak artatzeko zer-nolako baliabideak dauden.

Publizitate-sormenean, pertsonaia bizidunak agertzen dira egoera ezberdinetan, eta telefonoaren erabilera egokiak zein desegokiak erakusten dituzte. Lehenengoen artean honako hauek agertzen dira: istripuak, larrialdi medikoak, suteak eta hondamendiak, lapurretak eta erasoak eta mendiko erreskateak eta bilaketak. Erabilera desegokien artean, aldiz, maiztasuna medio, guardiako farmazien inguruko informazioa, aurreikuspen meteorologikoak eta uztondoak erretzeari buruzko informazioa eskatzeko deiak aurkitzen dira.

Publizitatea Gabonetara bitarte egingo da; hots, prentsako iragarkiak (egunkarietan eta tokiko aldizkarietan), irratiko iragarkiak, telebistan eta zineman hedatzeko spotak edota markesinak Iruñeko Eskualdean eta Tuteran eta Lizarran.

Horrez gain, 30.000 informazio-liburuxka eta 1.300 kartel argitaratu dira, eta osasun-etxeetan, farmazietan, ikastetxeetan eta lokal publikoetan (liburutegiak, Udalak, e.a.) banatuko dira.

Dei desegokiak

112-SOS Nafarroak iaz 1.064.013 dei artatu zituen, eta horietatik %28,8 desegokiak deitzen direnak izan ziren. Dei horiek hiru multzo handitan biltzen dira

1. Informazio orokorrari buruzko galderak egiteko deiak; dei horiek ondorengo baliabideek artatu ditzakete:

-Herritarrak Artatzeko Zerbitzua (012 eta 948 012 012 zenbakiak).

-Errepideei buruzko informazioa (848 423500; web gunea: carreteras.navarra.es).

-Eguraldiari buruzko informazioa: meteo.navarra.es.

-Uztondoak erretzeari buruzkoa: 848 42 60 40 edo autorizacionquemas.navarra.es

2. Osasun-arloko informazioa eskatzeko deiak, baina larrialdikoak ez direnak. Horiek artatzeko bestelako ordezko telefonoak daude:

-Osasun-arloko informazioa eta aholkuak eskatzeko kontsultak: 948 290290 eta web gunea: telefonodeconsejosanitario.navarra.es

-Guardiako farmaziak: 948 226000 eta web gunea: farmaciasdeguardia.com 

3. Dei maltzurrak. Asmo txarrarekin egindako deiak, broma eran gezurrezko abisuak emateko eginak. Biztanleei dei horiek zer kaltegarriak diren adieraztea oso garrantzitsua da, baliabideak mobilizatzen baitituzte, benetako larrialdiak diren kasuei kenduaz.

112-SOS Nafarroa

SOS Nafarroa larrialdiak kudeatzeko Nafarroa osorako dagoen zentro bakarra eta integratua da. Zentroaren egiteko nagusia da urteko egun guztietan eta eguneko 24 ordutan, larrialdi-egoeran aurkitzen diren herritarren deiak jasotzea, eta, eskaera horren aurrean, dagokion larrialdia ebazteko beharrezkoak diren baliabide guztiak aktibatzea eta koordinatzea.

Pertsona batek 112ra deitu eta arazoa konpondu arte edo konpontzeko beharrezko bitarteko guztiak abian jarri arte igarotzen den prozesu osoa Koordinazio Zentroan lan egiten duten profesionalen talde batek zuzentzen du. Taldeak era guztietako larrialdiak artatzen ditu; hala nola, istripu larriak, suteak, salbamendua eta erreskatea, genero-indarkeria kasuak, larrialdiko arreta medikoa, lan-istripuak,…

Zentroak berrogeita hamar bat langile ditu, eta gelako zortzi buruk koordinatzen dituzte. Horiekin batera, 30 bat mediku eta Suhiltzaileen Zerbitzuko arduradunak daude, eta Foruzaingoaren Aginte eta Kontrol Zentroarekin eta Herri Lanen Kontrol Zentroarekin konektatuta daude 112ko larrialdien sistema kudeatzailearen bitartez.

Deien banaketa

Jada adierazi den moduan, 112-SOS Nafarroa larrialdietarako telefonoak iaz 1.064.013 dei artatu zituen, 2015ean baino %2,5 gehiago, egunean batez beste 2.900 dei. Dei gehienak uztailean, abuztuan eta abenduan erregistratu ziren.

112 zenbakia 919.116 kasutan erabili zen kanpotik. SOS Nafarroak artatutako gainerako deiak adin nagusikoei eskainitako telealarma zerbitzuaren (medailoia) bidez jaso ziren, guztira 41.067 dei, eta Foruzaingoaren bidez ere bai; azken horrek telefono hori markatutako herritarren 103.830 dei bideratu zituen.

Artatutako dei guztietatik, hirutatik batek (%32,5) harreman zuzena zuen larrialdiarekin, eta beste %17,45en kasuan, beste herritar batzuek aurretik deitu eta gertaera beraren berri emateko beste pertsona batzuek egindako deiak izan ziren. Beste %28,8a jadanik aipatutako dei desegokiek osatu zuten eta gainerako %21,1a mobilizatutako baliabideek egindako deiak izan ziren, koordinazio-lanak egiteko, informazioa emateko edo laguntzak eskatzeko.

Larrialdiak artatzeko maiztasun handienarekin mobilizatutako baliabideen eta langileen artean honako hauek aipatu behar dira: lehen mailako osasun-taldeak (2016an beharrezkoak izan ziren 105.617 esku-hartzetan), anbulantzia konbentzionalak (36.892), Foruzaingoaren unitateak (15.314), suhiltzaileak (10.978) eta anbulantzia medikalizatuaren zerbitzuak (7.962). Esku hartutako 649 kasutan, beharrezkoa izan zen aireko baliabideak erabiltzea; beste 14.588 kasutan, berriz, bestelako baliabideak erabili behar izan ziren.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa