(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak sustatutako “Artea eta artistak Nafarroako Jauregian” liburu berria aurkeztu da osteguna, 2017.eko azaroak 30


Lan horretan nabarmentzen da zeinen paper garrantzitsua jokatu duen Foru Gobernuaren egoitza den Jauregiak Nafarroako artea eta artistak sustatzen


Transcripción textual del video

Nafarroako Gobernuak Ignacio J. Urricelquiren "Arte y artistas en el Palacio de Navarra – Artea eta artistak Nafarroako Jauregian" liburua aurkeztu du gaur. Liburu horretan, eraikin enblematiko horren aretoak apaintzen dituzten edo bere garaian erakusgai izan ziren artelanen egileek egindako lana nabarmendu nahi da. Horrez gain, artelan horien deskribapenak eta haien egileei buruzko erreferentziak jasotzen dira.

Artea eta artistak Nafarroako Jauregian

Ana Ollo kontseilaria eta Ignacio Urricelqui, liburuaren egilea. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuak Ignacio J. Urricelquiren "Arte y artistas en el Palacio de Navarra – Artea eta artistak Nafarroako Jauregian" liburua aurkeztu du gaur. Liburu horretan, eraikin enblematiko horren aretoak apaintzen dituzten edo bere garaian erakusgai izan ziren artelanen egileek egindako lana nabarmendu nahi da.

Horrez gain, artelan horien deskribapenak eta haien egileei buruzko erreferentziak jasotzen dira.

Liburuak hizpide du zeinen paper garrantzitsua jokatu zuen Nafarroako Jauregiak, XIX. mendearen erdialdean eraiki zenetik, artea sustatzeko espazio eta artearen munduko bezeroen espazio gisa.

Horrek berresten du erakunde hori Nafarroako Foru Komunitateko kultur eta ondare-erreferente bat dela, eta ez bakarrik instituzionala eta politikoa.

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo Hualdek eta egileak berak aurkeztu dute liburua. Hiru zatitan dago banatuta: lehenengoari "El Palacio de Navarra como espacio expositivo" izenburua eman dio Urricelquik, eta zenbait datu ematen ditu, batzuk inoiz argitaratu gabeak, "XIX. mendearen amaieran eraikinak bertako artistak sustatzen jokatu zuen paperari buruz —haietako batzuek erakundearen beraren beka jaso zuten—", egileak berak azaldu zuenez. Bigarrena "bertan dauden edo egon ziren artelan garrantzitsuenen bilduma da, eta bereziki aipagarria da Tronuaren Aretoa, non Nafarroako Erreinuaren garrantzia irudikatzen baita". Hirugarrenak artisten aurkibide bat dakar, bakoitzaren biografia laburrarekin, bai eta eraikinean dauden artista horien lanei buruzko erreferentziak ere.

Liburua argitaratzea 9.000 euro kostatu da. 300 ilustrazio ditu, gaztelaniazko eta euskarazko testuekin, eta 15 euroko salneurria izango du.

400 ale argitaratu dira.

Artearen eta Nafarroako Jauregiaren arteko lotura

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok esan du liburua "ilustrazioz betea dagoela, eta izenburuan agertzen diren kontzeptuak lotzen dituela:

artea eta gure komunitateko eraikin enblematiko hau, Nafarroako Jauregia".

Erakundea (XIX. mendearen erdialdean eraikia) zuzendu zuten aurreko arduradunak ere aipatu ditu, "zeinek sentikortasun artistiko berezia izan baitzuten, eta erabaki baitzuten han irudikatuko zela, osotasun solido, harmoniatsu eta erakargarri gisa, Nafarroako Erreinuaren mila urte baino gehiagoko historia".

"Haien ondorengoek ere irizpide berari jarraitu zioten, hots, garai bakoitzeko artelan berriak ekartzea, eta hango ateak ireki zituzten artelan haiek herritarrei erakusteko", eta aipu berezia egin dio "artista nafarren sormen-lanari —haietako batzuk beka jaso dute munduko hiriburu nagusietan ikasteko—".

Bere hitzaldian, Ignacio Urricelqui doktore eta historialaria aipatu du, zeinak beren lanak erakusgai jarri zituzten edo haien egile diren artistak ikertu baititu aldez aurretik.

"Lan horietako askori buruz dakiguna aztertu eta eguneratu du, eta liburu honen 230 orrialdeetan eman du ezagutzera", esan zuen.

Bere azalpena bukatzeko, kontseilariak baieztatu du egun hauetan egin diren ate irekien jardunaldiei esker Nafarroako 1.200 herritar inguruk ezagutu dutela Jauregia.

Gogorarazi du, halaber, Nafarroaren Egunaren ospakizuna prestatzen ari direla. Ekintza horiekin guztiekin, liburu honen aurkezpena barne, "xede bat lortu da: identifikatzen gaituen, batzen gaituen eta denon artean etorkizun hobe bat eraikitzera bultzatzen gaituen ondare komuna, historian zehar araztua, herritar guztiei erakustea".

"Arte y artistas en el Palacio de Navarra – Artea eta artistak Nafarroako Jauregian" liburuaren sarreran, Nafarroako Jauregia Probintziako Diputazioko egoitza iraunkor gisa eraikitzeaz arduratu zirenak dira hizpide.

Haiei buruz esaten da argi izan zutela Nafarroako Erreinuaren historia irudikatu behar zela, eta Tronuaren Aretoa da horren adierazgarri nagusia. Artista ospetsuei enkargatu zitzaien Jauregia dekoratzea, eta pinturekin, eskulturekin eta dekoraziozko beste lan batzuekin apaindu zuten.

Jauregia eraiki eta hurrengo 160 urteetan, haren arduradunek Jauregia beren garaiko artelan klasiko berriz hornitzeko politikari eutsi zioten.

XIX. eta XX. mendeen artean ere, artista nafarren lanak erakusgai jartzeko leku gisa baliatu zen. Ignacio Urricelqui Pacho

Liburuari hasiera ematen dion testu honetan, Ignacio Urricelqui Pachok dio ez dela, berez, Nafarroako Jauregiaren gidaliburu bat, baizik eta "han gordetzen diren eta urtero egiten diren hainbat bisita gidatuetan herritarrei erakusten zaizkien artelanen deskribapena eta azterketa jasotzen direla".

Liburu honetan hizpide dira "hainbat artista, beren sentikortasunarekin eta sormenarekin lagundu zutenak eraikin honek, nafar guztien etxea denak, garai desberdinetako arte-ondare aberatsa eta askotarikoa izan dezan gaur egun, batez ere Nafarroaren historiari eta errealitateari buruzkoa", azaldu zuen.

Horrez gain, erakundearen zuzendariek jokatu duten paperaren xehetasunak eman zituen; hari esker, eraikinean "erakusketa indibidual eta kolektibo ugari izan dira ikusgai, trebatzen ari ziren artista gazteek, artean aurrera egin nahi zuten gizon-emakumeek, beren lanak ezagutzera eman ziezazkioten bertako gizarteari".

Halaber, Jauregiko hormetan ikusgai izan ziren zenbait erakusketaren errepasoa egin zuen, eta zenbait artista aipatu zituen, hala nola "Jesús Basiano, Javier Ciga, Julio Briño, Emilio Sánchez Cayuela "Gutxi" eta Rosa Iribarren, eta haien lanarekin jarraitu zuten Áureo Rebolék, César Muñoz Solak, Elena Goicoecheak, Gerardo Sacristánek, Antonio Cabasések eta Miguel Pérez Torresek, besteak beste".

Eraikinean, bertako eta kanpoko artista garrantzitsuen pinturak, eskulturak, tapizak, dekoraziozko artelanak eta altzariak daude, eta gaineratu zuen "kontuan hartu direla eraikinaren barruko zein kanpoko apaindurazko eraldaketak, bai eta pieza jakin batzuen kokapen berria ere".

Idazleak 10 obraren, bildumaren edo jauregi-eremuren hautaketa bat nabarmendu du, haien garrantzi berezia dela eta:

Tronuaren Aretoko dekorazio-bilduma; Nafarroako Fernando III.aren eta Gaztelako VII.aren erretratua, Francisco de Goyak egina; Franz van den Hecke-ren sei tapiz flandestarrak; Gustavo de Maezturen horma-irudiak, Saio Aretoan; Nafarroako udalerrietako 155 armarriak dituzten beirateak; Nafarroako Gorteen mazoak eta zilarrezko kutxa, XVII. mendeko zilargintza-pieza historikoki esanguratsuak; Julián Gayarreren bustoa, Mariano Benlliurek egina; Gamazadako foru-diputatuen erretratuak, Enrique Zubirik eginak; Frantziako eta Nafarroako armarriak dituen XVII. mendeko tapiz gobelinoa; eta, azkenik, Nafarroaren Alegoria, Fructuoso Ordunak egina, Karlos III.aren fatxadan.

"Tronuaren Aretoak ezin hobeto erakusten du nola irudikatzen zuen Diputazioak Nafarroako historia, hango errege-erreginen bidez eta XIX. mendeko imajinario kolektiboan errotuta dauden zenbait gertakari gogoangarriren bidez", eta hizpide izan zituen Nafarroako lehenengo erregearen izendapena, Navas de Tolosako gudua eta Batasun Pribilegioa; bere esanetan, "gertakari horiek, bere garaian, sorkuntza artistikoaren abangoardian ezarri zuten Nafarroako Diputazioa, historia-pinturaren eta Erromatik ekarritako joera nazarenoaren korrontearen barruan".

Egilearen bibliografia

Zenbait liburu idatzi ditu Nafarroako arte garaikideari buruz; haien artean, aipatzekoak dira "La pintura y el ambiente artístico en Navarra" (1873-1940) (Iruña, Nafarroako Gobernua, 2009), bai eta Inocencio García Asarta margolariari eskainitako monografia ere (Iruña, 2002). Liburu hauek ere argitaratu ditu: "Palacio Real de Olite" (1869). Los textos, dibujos y planos de Juan Iturralde y Suit y Aniceto Lagarde que evitaron su demolición" (Iruña, Nafarroako Gobernua, 2006) eta "Recuerdos de una guerra civil. Álbum del bloqueo de Pamplona" (Iruña, Nafarroako Gobernua, 2007).

Javier Azanza Lópezekin batera, liburu hau idatzi du: "El cartel de la Feria del Toro de Pamplona 1956-2006". Arte, diseño y tauromaquia" (Iruña, Erruki Etxea, 2006), eta, José Luis Molins Muguetarekin batera, "Artistas en homenaje a Sarasate. Álbum de Roma 1882" liburua (Iruña, Udala, 2009). Parte hartu du liburu hauek idazten ere: "Carlos Ciriza" (Murtzia, 2000) eta "Guía de escultura urbana en Pamplona" (Iruña, Udala, 2009). Arte garaikideari buruzko zenbait ikerketa-artikulu argitaratu ditu aldizkari hauetan: Archivo Español de Arte, Boletín de Arte, Príncipe de Viana eta Ondare.

Erakunde hauek editatutako obra kolektiboetan parte hartu du: Fundación Lázaro Galdeano, Nafarroako Ondare eta Arte Katedra, Nafarroako Ikerketa Historikoen Elkartea, Bilboko Arte Ederren Museoa, Nafarroako Museoa eta Iruñeko Udala. Hizlari gisa jardun du arte garaikideari, ondareari eta irudiari buruzko zenbait biltzar eta jardunalditan, eta hitzaldiak ere eman ditu zenbait kultur erakundek antolatutako zikloetan. Nafarroako artista garaikideei eskainitako aldi baterako zenbait erakusketaren komisario izan da. 

Gaur egun, karlismoaren irudia eta nortasuna dira bere ikerketen jomuga; horien aurrerapen bat egin du lan honetan: "Ante Dios nunca serás héroe anónimo": imagen e ideología en torno a la muerte del Boina Roja en la Guerra Civil (1936-1939)", III Simposi d´Història del Carlisme ekitaldiko aktetan argitaratua (Centre d´Estudis d´Avià, 2015).

Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Audioa
Bideoa
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa