(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Lehenengo funts publiko-pribatua sustatu du Nafarroako Gobernuak oinarri teknologikoko enpresak sortzea bultzatzeko asteartea, 2017.eko abenduak 12


Funtsa, 4,2 milioi eurokoa, Clave Mayorrek kudeatuko du pribatuki, Sodenak babestuko du, eta EGEF funtsek eta Nafarroako zenbait enpresek (hasieran, bederatzik) finantzatuko dute


Aurkezpenera bertaratu direnen talde-argazkia.

Aurkezpenera bertaratu direnen talde-argazkia. ( irudia handitu )

Gaur goizean, Manu Ayerdi lehendakariordeak Navarra Tech Transfer funtsa aurkeztu du, Foru Komunitatean oinarri teknologikoko enpresak sor daitezen bultzatzeko eta babesteko.

Jakinik berrikuntza funtsezkoa dela garapen ekonomikoa lortzeko, eta, horrenbestez, funtsezkoa dela I+G+Bko inbertsio publikoa eta pribatua, funts hau sortu da, zeinak lehiakortasuna eta aberastasuna ekarriko baitizkio gure lurraldeari. Manu Ayerdik ekitaldia aprobetxatu du enpresek gure erkidegoko berrikuntzaren garapenean duten inplikazioa eta konpromisoa eskertzeko.

Europan zein estatuan eta eskualdean I+G+Bri finantzazio-lerro gehiago emateko beharra ikusirik sortu da Navarra Tech Transfer funtsa, eta haren helburua da eragile batzuen eta besteen (enpresa, unibertsitatea eta zentro teknologikoak) arteko lankidetza sustatzea, eta enpresek I+G+Bn inberti dezaten ingurune mesedegarri bat sortzea.

Sodenak, betiere Nafarroako Gobernuko Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren Zuzendaritza Nagusiarekin lankidetzan, ikerketa bat egin zuen identifikatzeko zer palankak ahalbidetu zezaketen eskualdean sortutako ezagutza jatorri duten oinarri teknologikoko enpresak (OTE) sortzea.

Azterketa egin eta ondorioak atera ondoren, ikusirik gabezia gehienak OTE horien hasierako etapetan zeudela, helburuak kuantifikatu ziren, eta, ondoren, Sodenako kontseiluak arrisku-kapitalaren funts bat sortzeko proposamena onartu zuen, hura baitzen balio erantsi gehien ematen zuen aukera, balio erantsia izanik enpresak finantzarioki bultzatzeko gaitasuna, inbertsioak emandako irabaziak, inbertsioak emaitzetara bideratzea eta eskualdeko I+G+Bren alorreko beharrak publikoki eta pribatuki finantzatzea.

Azterketa horretatik ondorioztatzen zen, gainera, hura kudeatu beharra zegoela arrisku-kapitalaren funtsen kudeatzaile baten bidez eta, ondoren, hura CNMVn sartu behar zela. Arrazoi horrengatik egin zuen Sodenak zegokion lizitazio-prozesua, eta Clave Mayor funts-kudeatzaileari esleitu zitzaion funtsa sortzeko eta kudeatzeko prozesua, sozietate publikoaren babesarekin.

Navarra Tech Transfer 2017ko ekainean sortu eta erregistratu zen CNMVn, hasierako itxierarekin, eta inbertitzaile berriak erakartzeko sortu zenetik 12 hilabeteko epea zabaltzeari eta funtsaren behin betiko itxierari ekin zion.

Gaur egun, 4.210.000 euroko ondarea du; horren % 50 inguru EGEF funtsek ekarri dute, eta, gainerakoa, Nafarroako bederatzi enpresa hauek: Clave Mayor, Electrónica Falcón, Frenos Iruña, Grupo AN, Grupo Infarco, Instrumentación y Componentes (Inycom), Mapsa, M. Torres eta Viscofán.

 

Finantzatu daitezkeen proiektuak

Funtsean, garapen-fase goiztiarretan dauden edo sortu berri diren oinarri teknologikoko enpresetara eta proiektuetara bideratuko dira inbertsioak, ikerketa-zentroetan, zentro teknologikoetan, unibertsitateetan, enpresetan eta/edo hango ikerketa-taldeetan sortu direnetara, bai eta Nafarroako berrikuntza bultzatzen duten beste erakunde batzuetan sortu direnetara ere.

Proiektuen helburua izango da ikerketa eta garapen teknologikoaren emaitzak (patenteak, jabetza intelektuala, prototipoak eta ikerketaren bestelako emaitzak) komertzialki ustiatzea, emaitza horiek merkatura transferi daitezen.

Horrez gain, Nafarroako Espezializazio Adimendunaren Estrategian zehaztutako sektore estrategikoetako batekoak izan beharko dute, jarduera Nafarroan kokatu beharko dute, eta inbertsio-proiekturako enpresa-plan bat aurkeztu beharko dute.

Inbertsioaren ezaugarriak

Aurreikusten da proiektu bakoitzeko batez besteko inbertsioa 500.000 euro ingurukoa izatea, dela kapitalean parte hartuz (kopuru txiki batekin), dela partaidetzazko mailegu baten bidez, eta kalkulatzen da enpresan, gutxienez, 4-6 urtez iraungo lukeela hasierako ekarpenetik hasita.

Inbertsioak proiektu bakoitzaren egoerara eta garapen-fasera egokituko dira, eta hirugarrenek ere inbertsioan parte hartzea bilatuko da. Inbertsioak pixkanaka egingo dira, balioa sortzen den heinean eta enpresaren beharren arabera, eta milioi bat euro baino gehiago behar dituzten proiektuak finantzatu ahal izango dira zenbait fasetan.

EGEF funtsak

Nafarroako Eskualde Garapenerako Europako Funtsen (EGEF) 2014-2020ko Programa Operatiboan zehaztutakoaren barruan sartzen da inbertsio-estrategia: "enpresek berrikuntzan eta ikerketan inberti dezaten sustatzea, eta enpresen, ikerketa- eta garapen-zentroen eta goi-mailako irakaskuntzaren sektorearen arteko loturak eta sinergiak garatzea", eta haren helburua da teknologia Nafarroako unibertsitateetatik eta zentro teknologikoetatik enpresa-sektorera transferitzea.

.

Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa