(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroak Donejakueko 4 Bideri buruzko eskaintza turistiko zabala aurkeztuko du FITURen 2018ko edizioan; Plan Estrategiko berriko zutabeetariko bat da ostirala, 2018.eko urtarrilak 12


Iaz, Foru Komunitatea bisitatzera etorri ziren milioi eta erdi pertsona inguru, 2016an baino %3,8 gehiago


Transcripción textual del video

Nafarroa puntu kardinal guztietan zeharkatzen duten lau ibilbideak, Donejakue Bidekoak, Foru Komunitateko pabiloiaren protagonistak izango dira Nazioarteko Turismo Azokaren 38. edizioan (FITUR); Madrilen egingo da, urtarrilaren 17tik 21era bitartean.

Nafarroako standaren berregitea ordenagailu bidez, Fitur-en 2018ko edizioan.

Nafarroako standaren berregitea ordenagailu bidez, Fitur-en 2018ko edizioan. ( irudia handitu )

Nafarroa puntu kardinal guztietan zeharkatzen duten lau ibilbideak, Donejakue Bidekoak, Foru Komunitateko pabiloiaren protagonistak izango dira Nazioarteko Turismo Azokaren 38. edizioan (FITUR); Madrilen egingo da, urtarrilaren 17tik 21era bitartean.

Nafarroako Gobernuak baliabide horien aukerak hurbilduko ditu bisitariengana, 2017-2025 denboraldirako duen estrategiaren funtsezko ardatzetariko bat baitira, eta Nafarroako markaren helmugarik ospetsuenetarikoa ere bada. Exekutiboaren asmoa da, era honetan, duen erakargarritasuna indartzea, dibertsitatearen, soziabilitatearen, gastronomiaren, kontakizun historikoen, paisaiaren eta iraunkortasunaren bitartez.

Nafarroa zeharkatzen duten Donejakueko lau bideak hauek dira: frantsesa (Orreagatik Vianarakoa) eta horren bigarren adarra (Zangozatik Gares herrira); baztandarra, Atlantikoko Pirinioak Baztango haranetik igarotzen dituena; eta Ebroko Bidea (Nafarroan Cortes herritik sartu eta Ebro ibaiaren alboan igarotzen dena)

Donejakue bidea Plan Estrategikoan Turismo Kulturalaren arloan jasotako segmentu espezifikoetariko bat da, beste ibilbide kultural batzuekin batera; hala nola, Inaziotar Bidea, Erromanikoaren Ibilbidea, e.a. Halaber, Plan Estrategikoan nabarmendutako beste segmentu batzuk landa eta natura dira; ‘Nafarroa funtsezkoa’, deiturikoa, interes gastronomikoa eta enologikoa kontuan hartzen duena; asteburuetako joan-etorriak; eta biltzarren eta bileren eta osasunaren turismoa.

Garapen Ekonomikoko lehendakariordeak, Manu Ayerdik, gaur goizean prentsaurrekoan aurkeztu du Nafarroako standa FITURen. Era horretan, Foru Komunitatea iaz bisitatu zutenen datuak ezagutzera eman ditu. 2017ko azarora bitarte bildutako datuen arabera, sektoreak goranzko joerari eusten dio Nafarroan, bai bisitarien kopuruaren aldetik, 1.365.980, bai portzentaje aldetik; gainera, %3 igo da 2016ko denboraldi berarekin alderatuta.

FITUR nazioarteko turismo-azoka garrantzitsuenetarikoa da mundu-mailan, eta, hala, Nafarroarentzako erakusleiho handia da. Soilik iaz, azokak bertaratutakoen errekor berria jarri zuen, guztira 245.000 bisitarirekin: horietatik 135.838 sektore turistikoko profesionalak, 9.672 enpresa parte-hartzaile eta 165 herrialde.

Foru Komunitatearen standa

Nafarroako standak (9C13), 500 metro karratu ditu, eta IFEMAren Azoka Barrutiko 9. pabiloian kokatuko da. Protagonistak izango dira, formatu handiko irudien bitartez, Nafarroan dauden Donejakue Bide ezberdinak.

Frantses Bideak hiru argazki izango ditu: bata Orreagakoa, Iñaki Tejerinak egina; bestea Iruñatik igarotzen ari diren erromesena, Oriol Conesak ateratakoa; eta beste bat Lizarrako mahasti-paisaiarena, Javier Camposena. Aragoitik igarotzeen den Frantses Bidea agertzeko, berriz, Patxi Úrizek Zangotzako Santa Maria elizari ateratako argazki bat eta Oriol Conesak Garesko zubi erromanikoari ateratakoa jarriko dira.

Ebroko Bidea irudikatzeko, Patxi Úrizek orburuei ateratako argazki bat izango da eta bestea Blanca Aldanondok Tuterako Katedralaren Judizio Ateari ateratakoa. Azkenik, Baztango bidearen kasuan, Zigatik ateratako Baztango paisaiaren argazkia izango dugu, Eskiz Informatika Zerbitzuak ateratakoa. Hautatutako argazki guztien helburua da aniztasuna erakustea Nafarroako Donejakue Bide ezberdinetako monumentuen, naturaren eta gastronomiaren aldetik.

Standaren egituran bi zona ezberdin daude. Alde batetik, jendea artatzeko erakusmahaien gunea dago, eta bertan jarritako zona batean, bisitariek interaktuatu ahal izango dute, ukimen-pantailen bitartez, Tuterako Judizio Atearen App-arekin, eta Nafarroa Nahieran eta Olite Monumentalaren bideoak ikusteko aukera izango dute, errealitate birtualeko betaurrekoak eskuratu ahal izatearekin batera, Nafarroatik igarotzen den Donejakue Bidea 360ºtan ikus ahal izateko.

Bestalde, standak beste zona bat izango du Nafarroako sektore turistikoaren aurkezpenak eta proposamenak egiteko eta barruko zona bat bileretarako, taberna-zerbitzu eta guzti; horrela, Nafarroako sektore turistikoko profesionalak eta oro har sektorekoak elkartzeko gunea izango da.

Standaren diseinua eta muntaia Eventos Zunzarren enpresari esleitu zaio 170.598 euroren truke (BEZ barne). Stand hori egokitu ahal izango da Nafarroako Gobernuak 2018an zehar parte hartuko duen beste azoka batzuetarako; tartean, Navartur Iruñean, B-Travel Bartzelonan, Intur Valladoliden eta Expovacaciones Bilbon.

Nafarroak Fitur 2018an duen gunea ez da Stand berara mugatuko. 8. pabiloian, osasun-turismorako beste espazio bat instalatuko da, merkatuan gora egiten ari den joera baita. Horrela, osasunaren bidezko bidaiek beren atala dute Nafarroako Turismoaren 2017-2025 denboraldiko Plan Estrategikoaren barnean.

8. pabiloian dagoen gaikako standaren 30 metro karratutan, Nafarroako Osasun Turismoko Klusterraren eskaintza egongo da. Klusterra honako hauek osatzen dute: Nafarroako Gobernua, Iruñako Udala, Nafarroako Ostalaritza Elkartea, Nafarroako Unibertsitate Klinika, Sannas Klinika, Fiteroko Bainuetxea, Elgorriagako Bainuetxea, CIMA (Ikerketa Mediko Aplikatuaren Zentroa, Nafarroako Unibertsitatea), Nafarroako Medikuen Elkargoa, Pyrenalis Atlantic Tours and Travel, ANET (Garraio eta Logistikako Enpresarien Nafarroako Elkartea), Korolevsko Navarra (bisita gidatuak errusiar bezeroentzat).

Nafarroaren Eguna eta bestelako jarduerak FITURen

Turismo eta Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiak jardueren programa zabala prestatu du stand instituzionalerako, azokaren egunetarako, profesionalentzat nahiz hiritarrentzat, oro har. Jardunaldi nagusia ostiralean egingo da, hilaren 19an, Nafarroaren Egunean.

Programa, 17an, asteazkenean, hasiko da Turismoko 2017-25 Plan Estrategikoaren aurkezpenarekin eta Donejakue Bideen eskaintza zehatzarekin. Horrez gain, honako hauek aurkeztuko dira: Erresumako Hotel Nobleak; Los Arcosko Zirkuituaren denboraldi berria; eta Irantzuko Lurrak Elkarteak proposatzen dituen ekoesperientziak (tartean, Nafarroako itsaso hilaren bisita, Jaitzen).

Ostegunean, 18an, jardunaldia hasteko ‘Erdi aroko eta judu arkeologia Lizarran’ eskainiko digute Egako hiriko Udaleko ordezkariek. Ondoren, Iruñako Udalak turismo arloko Plan Estrategikoa aurkeztuko du, Iruñako marka turistikoa erakutsiko du, hiriaren App-arekin batera, eta Bideko interpretazio-zentroa eta Iruña Card txartel berria ere bai.

Bestalde, Lizarra Lurreko Kontsortzioak Espacio BTT programa ezagutzera emango du eta Iruñako Planetarioak 2018rako duen programazio berria, XXV. urteurrena duela-eta. Halaber, unibertsoarekin eta izarrekin lotuta, Pirineos La Nuit Proiektua aurkeztuko du NICDOk.

Goizeko jardunaldia amaitzeko, ‘Donejakue bidea, denentzat eskuragarri’ aurkeztuko du Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariordea den Manu Ayerdik, Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Estatuko Ordezkaritza Plataformarekin (PREDIF) batera.

Arratsaldean, Oliteko Udalak herrian zeharreko ibilbide turistiko monumentalari buruzko xehetasunak azalduko ditu; era berean, Tuterako Katedralaren Judizio Atariaren zaharberritzearen berri emango da, ‘Las verduras del hielo’ ezagutzera ematearekin batera. Jardunaldiari amaiera emateko, Red Explora Navarra aurkeztuko du Eva García Balaguerrek, Nafarroako Gobernuko Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak; baita ere, Sakanako Garapen Agentziak burututako Saborea Sakana programa aurkeztuko da, bidexken maparekin batera.

Azkenik, urtarrilaren 19an, ostiralean, Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakari Uxue Barkos Nafarroako Egunaren ekitaldi instituzionalaren buru izango da, eta, ondoren, Nafarroako pintxoak dastatzeko aukera eskainiko da, Baserriberri jatetxeko Iñaki Andradas sukaldari-buruak egindakoak

Dastatzeak

Nazioarteko azokan zehar, Nafarroako standan Nafarroako Jatorri Deiturako produktuen dastatze ezberdinak egin ahal izango dira. Nabarmendu behar da, Nafarroako Turismoak Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutuarekin (INTIA), Reyno Gourmet markaren azpian, Nafarroako Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailearekin eta Nafarroako Patxarana Berariazko Deiturarekin izandako lankidetza.

Iruñean dagoen Baserriberri jatetxeko Iñaki Andradas sukaldari-buruak fusioko bederatzi pintxo egingo ditu, pintxo sortzaileak, horien bitartez Nafarroako geografia osoan zehar ibilbide bat egin ahal izateko. Horien guztien oinarria tokiko produktuak izango dira; hala nola, Adierazpen Geografiko Babestua (AGB) duten zainzuriak eta orburuak, artisau-txistorra, Lodosako Pikillo Piperrak (Jatorriko Deitura Babestukoak) nahiz Nafarroako bestelako produktu tipikoak: artzain-apurrak, borraja, sagardoa edo mamia.

Gainera, urtarrilaren 20an, larunbatean, bi dastatze egiteko aukera izango du publikoak oro har. Goizean, ‘Nafarroako Jatorri Deiturako ardo zurien eta Nafarroako gazten harmonia’: lau gazta (Erronkariko JD, Idiazabalgo JD eta Pirinioetako Ekologikoa) eta hiru ardo zuri (Príncipe de Viana, Nekeas eta Malón de Echaide Bodegak). Arratsaldean, berriz, ‘Nafarroako Jatorri Deiturako ardo beltzen eta Nafarroako haragien harmonia’; hots, haragiaren bi prestakin Nafarroako txekorra eta arkumearekin, eta hiru ardo beltz (Lezáun, Pagos de Aráiz eta Sada Bodegak).

Orobat, azokak iraungo duen bost egunetan zehar, hainbat upeltegi Nafarroako standan egongo dira Nafarroako Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailearekin: Grupo Chivite, Bodega de Sada, Bodegas Ochoa eta Bodega Otazu.


Eunateren irudia, Nafarroako programaren ilustratzailea 2018ko Fitur azokan.

Eunateren irudia, Nafarroako programaren ilustratzailea 2018ko Fitur azokan. ( irudia handitu )

Datu positiboak 2017. urtean

Ayerdi lehendakariordeak azaldu duenez, 2017ko azarora arte jasotako datuen arabera, iaz Nafarroa bisitatzera 1.365.980 lagun etorri ziren; hau da, 2016ko denboraldi berean baino %3,8 gehiago, eta estatuko (%4,1) nahiz nazioarteko (%3) bidaiariak gehitu direla ikusi da.

Emandako datuak kontuan hartuta, gaualdi-kopuruak %5,2 gehitu dira, eta 2.948.091 gau fakturatu ziren ostatu hartzeko establezimendu ezberdinetan.

Bereziki aipatzekoa da atzerritar turisten ostatu-gauek izandako igoera, 597.950 izatetik 644.285 izatera igaro baitira, edo, beste era batera esanda, azken urtean baino %7,7 gehiago.

Beste datu interesgarri bat da jarduera horrekin loturiko enpleguarena, Gizarte Segurantzan aurreko urtean baino alta gehiago egon baitira, %5,9 hain justu. Era horretan, azarora bitarte, hilabetean batez beste 17.155 pertsonak zuten enplegua ostatu-zerbitzuetan, jatetxe eta tabernetan, bidaia-agentzietan eta operadore turistikoetan.

Sektorean enplegu askoz ere gehiago dute emakumeek gizonek baino; %62 eta %38, hurrenez hurren.

2017an, abenduko datuak zenbatu gabe, Nafarroak hilabetean batez beste 1.384 ostatu eskaini dizkio turistari. Plazei dagokienez, hilabeteko batez besteko eskaintza 30.629 plazakoa izan da, iazko batez bestekoa baino apur bat handiagoa

Hilabeteko batez besteko egonaldia 2,16 egunekoa izan zen turista bakoitzeko, 2016an baino %1,4 gehiago, hori ostatu-motaren arabera aldatzen den arren. Esate baterako, hoteletan, batez besteko egonaldia 1,9 egunekoa da; apartamentuetan 3 egunekoa; eta landa-etxeetan 2,7 egunekoa.

Ostatu-motaren arabera, okupazioa gehitu egin da hoteletan (%7,7 gehiago), apartamentuetan (%9,5 gehiago), landa-etxeetan (%17 gehiago) eta aterpetxeetan (%6,2 gehiago). Kanpinetan, aldiz, okupazioa %0,6 jaitsi da.

Datuak ematerakoan, Ayerdi lehendakariordeak RevPar indizea ere aipatu du; hots, hotel-sektorean libre dagoen gela bakoitzeko batez beste lortutako sarrera neurtzen duena. Indize hori %14 igo da 2016ko berarekin alderatuta.

2017an, libre dagoen gela bakoitzak hilabetean eguneko batez beste 35,21 €-ko sarrerak sortu ditu. Hotel-sektoreko eguneko batez besteko fakturazioa hotelean okupatutako gela bakoitzeko 64.88 €-koa da; beraz, 2016an baino %5,2 altuagoa izan da.

Turisten jatorriari dagokionez, nabarmen igo da estatuko bidaiarien kopurua (%4,1) nahiz nazioartekoena (%3). Gertuko turismoa garrantzitsua da Nafarroako bisitarientzat. 2016tik 2017ra Euskal Autonomia Erkidegoko turisten kopuruak egin du gora gehienbat; hots, %12,5.

Estatuko bidaiarien jatorria honela banatzen da: %16,15 Euskal Autonomia Erkidegokoak, %13,85 Madrilgo Komunitatekoak, %10,93 Kataluniakoak eta %7,81 Nafarroakoak.

Atzerriko turistek Foru Komunitatera iristen direnen laurdena osatzen dute (%26,73). Batez ere Frantziatik eta Alemaniatik etortzen dira eta bereziki maiatza eta urria artean.

Halaber, Iruña eta Fráncfort arteko Lufthansa lineako bidaiarien datuak erakutsi ditu Ayerdik. Abian den bi hilabeteetan, 1.235 pertsona iritsi dira Nafarroara bide horren bitartez.

Nafarroako Pabiloiak Fitur Azokan duen gai nagusiari lotuaz, Ayerdi lehendakariordeak azpimarratu du Nafarroan Donejakue Bidea egiten hasitako 65.000 lagunen %70a atzerritarra zela.

Dauden datuen arabera, 2017an, Donejakue Bidetik igaro ziren Nafarroan 6.906 frantses, 6.278 italiar, 4.446 alemaniar eta 1.364 britainiar.

Munduko gainerako lekuetako bisitarien artean, AEBak nagusi dira 5.504 lagunekin; ondoren, Korea dago, 3.590 lagun; Australia, 1.588 lagun; eta, azkenik, Kanada, 1.702 lagunekin.

Kopuru horien artean soilik agertzen dira Orreagako Kolegiatan egiaztagiria zigilatu zutenak; beraz, ezin dira zenbatu Bideak Nafarroan dituen beste 3 adarretatik igarotako gainerakoak.

Maiztasunaren eta bisitarien inguruko datuei erreparatuta, esan daiteke turismoa sektore estrategiko gisa finkatzen ari dela Foru Komunitateko ekonomian, eta lehentasunezko sei arloetariko bat dela. Horrela jasotzen da Espezializazio Adimentsuaren Estrategian, S3, Nafarroako garapen ekonomikorako ezarritako ibilbide-orria, Europako irizpideen arabera.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Audioa
Bideoa
PresentacionFitur.pdf
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa