(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak bere Twitter eta Facebook kontu nagusien diseinua berrantolatu eta eguneratu du
astelehena, 2018.eko urtarrilak 15


Foru Administrazioak zabalik dituen 44 kanalek 220.000 jarraitzaile baino gehiago dituzte


Nafarroako Gobernuak bere Twitter eta Facebook kontuen diseinua berrantolatu eta eguneratu du. Bi kontu horiek sare sozialetan dituen komunikazio-kanal nagusiak dira eta, egun, guztira, 220.000 jarraitzaile baino gehiago dituzte.

Aldaketa horiek eginda, Foru Administrazioak edukira doitu nahi du bere kontuen izena, herritarrak errazago irits daitezen interesatzen zaizkien gaietara, eta irudi bateratu eta komun bat ere eskain dadin, kontuak bizkor identifikatu ahal izateko Nafarroako Gobernuarekin.

Twitter-en kasuan, aldaketa nagusiek gaurkotasun-albisteei, herritarrentzako informazioari eta Nafarroak Bruselan duen Ordezkaritzari buruzko kontuetan egin dira.

Lehenengoari dagokionez, orain arte «Noticias-Berriak» izena eta @noticiasgob_na helbidea zituenak, «Gobierno de Navarra» izena eta @gob_na helbidea izango ditu. Kanal horretan, Foru Administrazioari buruzko informazio eta gaurkotasun-albiste instituzionalenak eskaintzen jarraitzen da.

@navarra kontuak, orain arte «Gobierno de Navarra» izena zuenak, «Info Ciudadana» izena izango du. Bertan, erabiltzaileek zerbitzu-informazioa aurkituko dute; besteak beste, laguntzak, bekak, meteorologia, abisuak, aisialdia, etab. Modu aktiboan entzuteko eta hitz egiteko kanala da, herritarren zalantzak eta kontsultak argitzeko.

Azkenik, Nafarroak Bruselan duen Ordezkaritzaren kontuak, «Delegación Bruselas» izena eta @bruselas_na helbidea zituenak, «Europa» izena eta @Europainfo_na helbidea izango ditu.

Horretaz gain, Twitter kontuetatik seiri avatarra aldatu zaie. Nafarroako Gobernuak sare sozial honetan duen presentziak diseinu komun eta homogeneoa du, kontuak erraz identifikatu ahal izateko Foru Administrazioarekin. Irudi horrek hondo gorria du eta, gainean, tonu zurietan, kontuetako edukiari buruzko sinboloa eta «na» silaba.

Bestalde, Facebook-en, atariaren edo «hormaren» diseinua eguneratu da. Irudi horizontal handi bat du goiko aldean, eta, eskuinaldean, banda bertikal gorri bat, Nafarroako Gobernuaren logotipoa eta «na» silaba dituena.

220.000 bisitari baino gehiago dituzten 44 kontu

Gaur egun, Nafarroako Gobernuak 44 kontu ditu guztira bederatzi sare sozialetan, eta, 2017ko abenduaren 31n, kontu horiek guztiak 223.897 jarraitzaile zituzten.

Foru Administrazioarentzat oso tresna garrantzitsuak dira kanal horiek, gizarteari entzuteko eta harekin hitz egiteko eta zuzenean komunikatzeko. Hori dela eta, herritarrentzako arretari eta gaurkotasun-albisteei buruzko kontu orokorrak ez ezik, kontuak dituzten 20 administrazio-unitateetako gehienak herritarren intereseko arloei dagozkie: osasuna, hezkuntza, turismoa, ingurumena, segurtasuna, enplegua eta enpresak, kultura, gazteria eta kirola.

Egun dauden 44 kontuetatik, 17 Twitter-en daude; 14, Facebook-en; 5, Instagram-en; 2, LinkedIn-en; eta, hein txikiagoan, Vimeo-n, Wordpress-en (bloga), Google+en, Pinterest-en eta Youtube-n. Jarraitzaileen banaketari dagokionez, erlazioa bera da: lehenengo tokian, Twitter (149.386 erabiltzaile); ondoren, Facebook (61.723); gero, Instagram (8.306); eta, azkenik, LinkedIn (4.208). Gainerako kontuetan mila erabiltzaile baino gutxiago daude.

Twitter-en barruan, erabiltzaile gehien dituen kontua Nafarroako Gobernuaren gaurkotasun-albisteei buruzkoa dago, «Noticias-Berriak» (35.504 jarraitzaile); ondoren, Turismokoa (32.800 erabiltzaile); gero, herritarrentzako arretari buruzkoa (21.791); laugarren, Foruzaingoarena (18.900); eta, azkenik, Hezkuntzakoa (14.200).

Sare sozial honetan, iaz gehien ikusi zen txioa (125.937 pertsona) Foruzaingoaren kontuko bat izan zen, 14 italiar Iruñeko jatetxe batetik ordaindu gabe joaten saiatu zirenean Foruzaingoak esku hartu zuenekoa. Oso atzetik, hitzarmen ekonomikoaren kupoa eguneratzeari buruzko azalpen-bideo bat dago (19.814 ikustaldi), «Noticias-Berriak» kontuan argitaratua; eta Sanferminetako eraso sexistei buruzko kanpaina (18.326 ikustaldi), herritarrentzako arretaren kontuan argitaratua.

Hau da beste sare sozial batzuetako segimendua: Facebook-en, lehenengo tokian, Turismoko kontua dago (23.290 erabiltzaile); bigarren tokian, Punto de Vista zinema dokumentaleko jaialdiarena (11.485); eta, hirugarren tokian, Kulturakoa (9.933). Instagram-en, Turismokoa da baita ere (6.851 jarraitzaile) konturik bisitatuena; eta bigarrena, berriz, Osasunbidearena (1.132 jarraitzaile).


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa