(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Babes Zibilerako Batzordeak udal-ekimeneko hiru planen homologazioa onartu du uholde-arriskuaren aurrean asteartea, 2018.eko urtarrilak 16


Batzordean, gainera, uholde-arriskuaren eta arrisku erradiologikoen aurkako larrialdietarako plan berezien aldaketak ere aurkeztu dira, eta baita elurte handiak bezalako fenomeno meteorologiko gogorren aurreko lurraldeko jardun-plana ere.


comisión protección civil

Babes Zibilerako Batzordeko kideak, gaur, Foru Jauregian izan den batzarrean. ( irudia handitu )

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilari Mª José Beaumont izan da gaur Nafarroako Babes Zibilerako Batzordearen batzarreko buru, goizez Nafarroako Jauregian ospatu dena. Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren 2017ko abenduaren 22ko 139/2017 Foru Aginduan izendatutako batzordeko kide berriek homologatu dituzte udal-ekimeneko planak, Atarrabian, Baztanen eta Donezteben uholdeak izateko arriskuaren aurrean.

Batzordeak ospatutako batzarrean Nafarroako Foru Komunitatean uholdeak izateko arriskuaren aurkako Larrialdietako Plan Bereziaren aldaketaren aldeko txostena eman da, eta baita Nafarroako arrisku erradiologikoaren aurreko Larrialdietako Plan Bereziarena eta elurte handiak bezalako fenomeno meteorologikoen aurkako ekintza-planaren aldaketa.

Babes Zibilerako zuzendariak, Isabel Anautek, Larrialdietako Plan desberdinetan sartutako aldaketen berri eman du. Foru Komunitatean uholdeak jasateko arriskuaren aurkako Larrialdietako Plan Bereziaren kasuan, aldatu egin da berau, babes zibilerako politikak uztailaren 9ko 903/2010 Errege Dekretura moldatzeko helburuarekin, uholdeen aurkako babes zibilerako prebentziozko politika bat lortzeko administrazio guztien artean modu azkar, eraginkor, efiziente eta koordinatuan egingo dena, ondorioak ahal den neurrian minimizatzeko helburuarekin. Hala, eguneratu egin dira Uholde Arrisku Handiko Eremuak (UAHE), eta baita uholde-arriskua duten ibai-tarteak ere, arrisku-mapak eta beraien uholde-eremuak sartuz, arrisku-mapen goi-mailako, erdi-mailako eta behe-mailako probabilitateen araberakoak. Gainera, eguneratu egin da Nafarroan gertatutako uholdeen azterketa historikoa, 1993tik 2015era arte, eta egokitu egin da aipaturiko Arriskugarritasun eta Arrisku Mapetako uholdeen analisia.

Halaber, eta prebentziorako neurriei jarraiki, udal-jardunerako planen homologazioa ere gauzatu da, Atarrabia, Baztan eta Doneztebeko udaletxeetako uholde-arriskuari aurre egiteko. Aipatu udalerrietako ordezkariak, Mikel Oteiza, Mikel Ortega eta Santiago Uterga hurrenez hurren, presente izan dira gaur goizeko batzarrean.

Uholde-arriskuaren aurkako udal-ekimenerako planak erreminta baliotsuak dira, tokiko mailan informaziorako, alertarako eta mota hauetako balizko larrialdietarako jarduna kudeatzeko larrialdi dispositibo iraunkor eta eguneratu bat ezartzeko. Populazioa babestea dute helburu, eta, ahal den neurrian, gerta daitezkeen kalteak saihestu edo txikiagotzea. Plan hauek, beste aspektu batzuen artean, uholde baten aurreko jardun-prozedura jasotzen dute, eta baita tokiko entitatearen eta SOS Nafarroaren arteko alerta- eta komunikazio-prozedurak ere. Udaletako bilkuretan onartzen dira planok, eta Babes Zibilerako Batzordeak homologatzen ditu, Nafarroako Gobernuaren Uholdeen Plan Berezian osoki integratzen diren ziurtatzeko.

Babes Zibilerako Batzordearen 11. batzarrean, gainera, Nafarroako Babes Zibilerako Lurralde Planaren 7. eranskinaren aldaketaren berri ere eman da, "Fenomeno meteorologiko gogorren aurkako jardunerako plana: Elurteak". Nafarroako parte handi batean ohikoa da elurraren presentzia neguan zehar eta, hortaz, Administrazioak ematen dituen ohiko zerbitzuen artean, Nafarroako errepideen garbiketa eta mantentze-lanak daude, izotza eta elurra daudenerako. Obra Publikoen Zuzendaritza Nagusiak, gainera, urtero egiten du Neguko Bideragarritasunerako Plana, non bere garapen egokirako irizpide, antolakuntza, koordinazio eta prozedurak ezartzen diren. Hala ere, dimentsio handiagoko elurte bat gertatzen denean, eta errepide-sarearen egoeraz gain, beste hainbat aspektu ere hartu behar dira kontutan, oinarrizko zerbitzuak bermatu ahal izateko, izan sanitarioak, hezkuntzakoak edo gizarte-mailakoak. Hori dela eta, 7. eranskinaren aldaketaren aldeko txostena igortzea erabaki du Babes Zibilerako Batzordeak, Foru Komunitateko biztanleen egunerokotasunean elurte handiek izan dezaketen eragina txikiagotzeko helburuarekin.

Arrisku erradiologikoa

Babes Zibilerako Sistema Nazionalaren uztailaren 9ko 17/2015 Legeak substantzia erradioaktiboak erabili edo gordetzen diren prozesu edo instalazioetako istripuetatik eratorritakoak sartzen ditu horietarako Plan Espezialak idatzi behar direnen artean. Babes Zibileko zuzendariak arrisku erradiologikoaren aurkako Larrialdietako Plan Berezi berria aurkeztu du. Plan horren oinarrizko funtzioak dira, beste batzuen artean: Nafarroako arrisku erradiologikoak identifikatu eta aztertzea, ebaluazio eta jarraipenerako prozedurak ezartzea, biztanleria babesteko neurriak hartzea eta informazio-prozedurak eta koordinazio-prozedurak ezartzea.

Irisgarritasun Unibertsala

Gai-zerrendako beste puntu batzuen artean, Irisgarritasun Unibertsaleko Foru legearen aurreproiektuaren berri eman du Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari Edurne Eginoak, larrialdi-sistemak desgaitasunen bat duten pertsonentzako irisgarri egiteko aintzat hartu beharreko aspektuei dagokionez.

Larrialdi-egoera baten aurrean funtsezkoa da erabilera publikoko eraikinetan segurtasun-sistemak ezartzea, desgaitasunak dauzkaten pertsonentzako erabilgarriak izango direnak. Irisgarritasun unibertsala bermatu ahal izateko eraikinetan aplikatu beharreko aldaketen berri ere eman da batzarrean, gogoratuz, irisgarritasun Unibertsalerako Foru Legeak, bere 39. artikuluan ezartzen duenaren arabera, "autobabeserako, larrialdietarako eta eraikinetako ebakuaziorako planek eta erabilera edo konkurrentzia publikoko establezimendu eta instalazioek desgaitasunak dauzkaten pertsonak laguntzeko abisu-prozedura irisgarriak eta produktuak izan beharko dituztela". Gainera, 21. artikuluak jasotzen duenez, "erabilera publikora bideratutako titulartasun publiko edo pribatuko eraikinak horietarako irisgarritasuna bermatzeko moduan proiektatu, eraiki, zaharberritu, berritu, mantendu eta erabili beharko dira".

Babes Zibilerako Batzordean, halaber, Babes Zibilerako Zuzendaritzak tuneletako segurtasunerako plan berezia berrikusiko duela ere adierazi da, iragan azaroko hilabetean Ledean egindako larrialdi-simulazioa egin ondoren jasotako ekarpenak aintzat hartuta, eta Nafarroako Larrialdietarako eta Segurtasunerako Eskolak, parte hartzen duten zerbitzu guztiak bertan zirela, plan horri buruzko antolatutako jardunaldietan jasotakoa ere kontuan hartuz.

Batzordeko kideak

Nafarroako Babes Zibilerako Batzordea Estatuko Administrazio Orokorreko ordezkariek, Foru Komunitateko Administrazioak eta Nafarroako Tokiko Entitateek osatzen dute, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren 139/2017 Foru Aginduan jasotzen den bezala.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa