(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroak Turismorako duen Plan Estrategikoa aurkeztu du FITUR inauguratzeko ekitaldian asteazkena, 2018.eko urtarrilak 17


Turismo Azokaren bigarren jardunaldian, Ayerdi lehendakariordeak Donejakue Bide irisgarria aurkeztu du, eta Iruñeko Udalak bere plan estrategikoa ezagutzera eman du


Ayerdi lehendakariordea eta Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia den Maitena Ezkutari Nafarroako standan

Ayerdi lehendakariordea eta Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia den Maitena Ezkutari Nafarroako standan ( irudia handitu )

Garapen Ekonomikoko lehendakariorde Manu Ayerdik gaur goizean aurkeztu du, FITURen 38. edizioaren esparruan, Foru Komunitateak Turismorako duen Plan Estrategikoa. Estrategia horren bitartez, sektore turistikoa 2025. urtera bitarte garatuko da, eta Komunitateak dituen erakargarri nagusietan oinarritzen da: geografia, kultura eta ondare artistikoa eta historikoaren aldetik duen dibertsitate izugarria; jendearen izaera irekia eta abegikorra; lurraldeko produktuetan oinarrituriko gastronomia aberatsa; eta eskaintza turistiko eredugarria iraunkortasunaren ikuspegitik. Beraz, erakargarritasun horiei ahalik eta probetxurik handiena atera nahi die Planak, Nafarroara estatuko nahiz nazioarteko merkatu berriak erakartzea lortzeko asmoarekin.

Ayerdirekin batera izan da Maitena Ezkutari, Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia. Ayerdik baita ere azaldu du Nafarroako turismoaren fokuetariko bat Donejakue Bidea dela, Foru Komunitatea lau ibilbide ezagun eta interesgarrienetatik igarotzen duena. Aurten, gainera, Nafarroako eskaintzaren ardatz nagusia izango da FITUR bisitatzen dutenentzat.

Nafarroa zeharkatzen duten Donejakueko lau bideak ‘Navarra tiene un plan: Las raíces del Camino’ aldizkarian jaso dira, Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiak argitaratzen duen aldizkarian. Nafarroa zeharkatzen duten Donejakueko lau bideak hauek dira: frantsesa (Orreagatik Vianarakoa) eta horren bigarren adarra (Zangozatik Gares herrira); baztandarra, Atlantikoko Pirinioak Baztango haranetik igarotzen dituena; eta Ebroko Bidea (Nafarroan Cortes herritik sartu eta Ebro ibaiaren alboan igarotzen dena).

Plan Estrategikoari dagokionean, Ayerdi lehendakariordeak adierazi du Nafarroak "Europako merkatu turistikoan sartu nahi duela irismen orokorreko helmuga iraunkor bezala, urtaroez kanpoko eskaera-fluxuak lortzeko, batez besteko gastu altuarekin, eta hurbiltasuneko merkatuetan finkatzeko".

Lehendakariordearen arabera, Gobernuak sektorea bultzatu nahi duenez, estrategiko bihurtu du epe ertaineko eta luzeko helburuei erreparatuta, eta giltzarria izango da Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren barnean: "Sektorearen aldeko apustua egiten dugu ziur gaudelako gure lurraldeak eskaintzen dituen aukerez, jarduera turistikoak gaitasuna baitu biztanleria eskualde ezberdinetan finkatzeko eta lurralde-kohesioa eta ingurunearen iraunkortasuna errazteko".

Modu horretan, Plana Komunitateko sistema turistiko osoa zuzentzeko eta aldatzeko tresna moduan gauzatu da, "Nafarroan balioa sortzen duen enpresa publiko-pribatu handiari koherentzia eta gogoa emateko" asmoarekin.

Nafarroako Turismorako Plan Estrategikoak oinarrizko zenbait segmentu identifikatu ditu 2017-2025 denboraldirako, eta bakoitza beste segmentu espezifiko batzuekin lotu du, bidaiaren motibazio nagusiaren eta helmugaren aukeraketaren ingurukoak.

Nafarroako oinarrizko erakarpenekin lotuta, ‘Navarra Esencial’ean bidaia-proposamenak sartu dira, bisita kultural, etnografiko, naturako bisitak,… eta guzti. Eta horietan guztietan ez da falta osagai gastronomiko-enologikoa. Hor kokatzen dira asteburuko ihesaldiak ere.

Segmentu espezifikoei dagokienez, bilerak garrantzitsuak dira; hots, biltzarrekin, konbentzioekin, pizgarriekin eta ekitaldiekin zerikusia duten bidaiak. Gainera, bada Nafarroan indar handia duen beste segmentu bat: osasunarena (stand propioa du FITURen, 8. pabiloian). Osasun-zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsonen eta haien laguntzaileen arretarekin eta talde horientzako zerbitzu berriak sustatzearekin lotzen da.

Hitzaldian, Ayerdik iazko urriaren amaiera aldera Nafarroako turismoaren inguruan ateratako publizitate-kanpaina errepasatu du, hurbileko merkatuari zuzendua eta modu sortzailean turistarentzat puntu erakargarri nagusiak azpimarratzen dituena: tabernak eta pintxoak, landa-turismoa, gastronomia, natura edo kultur ondarea. Era berean, publizitate-piezen lau hizkuntzak azaldu dizkie bertaratutakoei, hurbiltasuneko merkatua indartzera zuzenduak, Nafarroa batik bat bisitatzen dutenen jatorria kontuan hartuta: Euskal Herria, Madrilgo Komunitatea, Katalunia eta Frantzia, barneko turismoaz gain.

Donejakue Bideak eta Nafarroako horren lau bideak hizpide nagusi izan ditu Ayerdi lehendakariordeak Nafarroak FITURen duen standan. Kanpoaldean, Santiago Bidea Nafarroaren marka turistiko nagusietarikoa dela kontuan hartuta (bestea Iruña eta San Ferminak dira), lehendakariordeak gogoratu du "harekin loturiko ezaugarri guztiak positiboak direla. Nafarroa Donejakue Bidearen sarrerako atea da penintsulan eta nazioartekotzeari begira gure helburua betetzen lagun diezagukeen erreminta".

Halaber, Bidearen gainean egiten ari diren zenbait lan aurreratu ditu; hala nola, Donejakue Bidearen diagnostikoa egitea, Bidea dinamizatzeko plana abian jartzea edo Bidearen irisgarritasuna hobetzea Nafarroako etapetan. Horiek guztiak aurkeztuko dira ostegun honetan.

Iruña Francfort-ekin airez konektatzea eta osasun-arloko turismoa sektorea hazten laguntzen duten aktiboak dira, Ayerdi lehendakariordeak zehaztu duen moduan.

Horrez gain, berrikuntza eta adimen turistikoaren arloan Nafarroak dituen erronkak aipatu ditu lehendakariordeak: Nafarroako behatoki turistikoa sortzea eta sektorearen berrikuntza teknologikoa. Gauzatzen ari diren zenbait lan azaldu ditu; esate baterako, Kontu satelite bat sortzea, jarduera horrek Komunitateko BPGd-an duen eragina neurtzeko (azterketa hori egiten ari dira gaur egun) edo big data esperientziak hiru eremu naturaletan.


Manu Ayerdi y Maitena Ezkutari han mostrado el espacio de Navarra a los Reyes de España.

Manu Ayerdik eta Maitena Ezkutarik Nafarroako gunea erakutsi diete Espainiako Erregeei. ( irudia handitu )

Erresumako Hotel Nobleak

Nafarroako standan, Erresumako Hotel Nobleen Elkartea ere aurkeztu da gaur goizean. Bederatzi establezimendu ditu landa-ingurunean eta Nafarroako geografia osoan zehar banatuta. Roberto Fuertes ordezkariak adierazi du elkarte hori sortu dela hotelen artean sinergiak sortzeko asmoarekin, bisitariak Nafarroa igarotzeko eta haren historia, natura, jendea eta gastronomia ezagutzeko aukera izan dezan, kalitatezko ostatuetan, plataforma bakar batetik eta klik bakarra eginaz.

Hiru eta bost izar arteko hotelak dira, eta kalitatea, zerbitzua eta bezeroen erosotasuna dira nagusi. Mendi ingurunean honako hauek aurkitzen dira: Arantza Hotela (Nafarroan bost izar dituen bakarra), Señorío de Ursua Hotela, Palacio Borda Hotela, Churrut Hotela eta Elgorriagako Bainuetxe Hotela (Europako bainuetxerik gaziena); Erdi aldean, berriz, Joyosa Guarda Hotela, Valdorba Hotela eta Tximista Hotela ditugu; azkenik, Erriberan, Villamarcilla Hotela aurkitzen da.

Los Arcosko zirkuitua eta Irantzuko Lurretako ekoesperientziak

Ekitaldiek eta aurkezpenek aurrera jarraituko dute arratsaldean, standan bertan. 16:30ean, 2018rako aurreikusitako Los Arcosko Zirkuituaren programazioa aurkeztuko da. Nabarmentzekoak dira automobilismoko bi lasterketa berri nazioarte-mailan (12 orduko erresistentzia eta VDV, karrerako autoen prototipoekin) eta mundu-mailako ibilgailu berri baten aurkezpena.

FITURen lehen jardunaldia gaur arratsaldean amaituko da Irantzuko Lurren Elkarteak egingo duen ‘El mar muerto de Navarra, las Salinas de Oro y otras Ecoexperiencias’ aurkezpenarekin. Bi aurkezpen-bideoren bitartez, bisitari guztiek aukera izango dute milaka urteko gatzagez eta Irantzuko Lurren dibertsitate handiaz gozatzeko, Hegoaldean mahastiez inguratuta dagoen Donejakue bidetik hasi eta Urbasa eta Andiako parke naturaleko pagadietako baso harrigarrietaraino, Allozko urtegiko ur turkesak eta Irantzuko Monasterioa nabarmenduaz.

Aurkezpena amaitzeko, gatz ekologikoak dastatuko dira iruzkin eta guzti, Nafarroako Jatorri Deituriko olioekin batera. Azantza Patxarana ere dastatu ahal izango da.

Beste hamar bat hitzordu

Bihar, osteguna, urtarrilak 18, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariordea den Manu Ayerdik, Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Estatuko Ordezkaritza Plataformarekin (PREDIF) batera, 'Guztiontzat irisgarria den Donejakue Bidea' aurkeztuko du.

Halaber, ‘Erdi aroko eta judu arkeologia Lizarran’ eskainiko digute Egako hiriko Udaleko ordezkariek. Ondoren, Iruñako Udalak turismo arloko Plan Estrategikoa aurkeztuko du, Iruñako marka turistikoa erakutsiko du, hiriaren App-arekin batera, eta Bideko interpretazio-zentroa eta Iruña Card txartel berria ere bai.

Bestalde, Lizarra Lurraldeko Kontsortzioak Espacio BTT programa ezagutzera emango du eta Iruñako Planetarioak 2018rako duen programazio berezia, XXV. urteurrena duela-eta. Halaber, unibertsoarekin eta izarrekin lotuta, Pirineos La Nuit Proiektua aurkeztuko du NICDOk. Aurkezpenarekin bat eginez, Starlight Fundazioaren zuzendariak, Luis Martínezek, Erronkari Haraneko Batzorde Orokorreko Tomas Pasquel lehendakariari emango dio, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariordea den Manu Ayerdiren aurrean, ‘Starlight-Erronkari harana helmuga turistikoa’ ziurtagiria, harana izarrak ikusteko Pirinioetako lekurik onenetarikoa bezala egiaztatzen duena eta turismo aldetik modu iraunkorrean ustia daitekeen baliabidea izatea ziurtatzen duena.

Arratsaldean, Oliteko Udalak herrian zeharreko ibilbide turistiko monumentalari buruzko xehetasunak azalduko ditu; era berean, Tuterako Katedralaren Judizio Atariaren zaharberritzearen berri emango da, ‘Las verduras del hielo’ ezagutzera ematearekin batera. Jardunaldiari amaiera emateko, Red Explora Navarra aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuak Landa Garapen, Ingurumen eta Administrazioko Departamentuaren bidez bultzatutako proiektua; baita ere, Sakanako Garapen Agentziak burututako Saborea Sakana programa aurkeztuko da, bidexken maparekin batera.

Erregeen bisita

Aurrez, FITURen 2018ko edizioaren inaugurazio ofizialean, Espainiako Erregeek Autonomia Erkidegoen standa bisitatu dute. Nafarroakoan, Garapen Ekonomikoko Manu Ayerdi lehendakariordeak eta Turismo eta Merkataritzako Maitena Ezkutari zuzendari nagusiak harrera egin die. Era horretan, Foru Komunitateak aurtengo FITURerako prestatu duen espazioaren ezaugarriak eta Nafarroan Santiago Bidean batzen diren bide ezberdinak azaldu dizkiete.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa