(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Errenta Bermatuak 1.239 lanpostu sortzea eragin zuen, eta 15,3 milioi itzuli ziren zergatan Foru Ogasunera asteartea, 2018.eko urtarrilak 30


Gainera, 2017an egin zen 98 milioiko inbertsio sozialak 98,27 milioi euroko eragina izan zuen balio erantsi gordinean Nafarroako ekonomian


Jendea lanean.

Jendea lanean.

Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak 2017ko Errenta Bermatuaren balantzea aurkeztu du.

Departamentuak egin dituen analisien arabera, prestazio sozial horretan egindako inbertsioak eragin ekonomiko positiboa izan du. Nafarroako balio erantsi gordinari dagokionez, bideratu diren 98.081.807,38 euroek —2014an 48.991.023,56 euro bideratu ziren— 98.274.836,33 €-ko balio-igoerak eragin dituzte. Hau da, Errenta Bermatura bideratutako euro bakoitzeko, Foru Komunitateak 1,002 euro itzuli dizkio ekonomiari, zuzeneko eraginak (67 milioi euro baino gehixeago), zeharkakoak (15 milioi) eta eragindakoak (ia 16 milioi euro) kontuan hartuta.

Errenta Bermatuak eragin positiboak izan ditu enpleguan ere:

1.239 lanpostu sortu zituen (zuzenekoak 754, zeharkakoak 228 eta eragindakoak 248).

Kalkuluaren arabera, Foru Ogasunak 15.375.829,22 euroko diru-sarrerak izan ditu zergatan:

9.697.269,48 € BEZagatik, eta 5.678.559,74 € PFEZgatik.

2017an, 35.514 lagunek (15.918 familia-unitatetan banatuta) jaso dute Errenta Bermatua (EB), hau da, 2016an baino % 11,37 gehiagok; horietatik gehienak (12.781) adin txikikoak dira.

Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak balorazio "oso positiboa" egin du eskubide sozial horren aplikazioaz; izan ere, "laneratze handiagoa eragin du, estaldura eta babes handiagoa eman die herritarrei, hobetu egin du Nafarroako ekonomian eta enplegu-sorreran izan duen eragina, kontrol-mekanismoak indartu ditu, larrialdi sozialeko egoera-kasuak murriztu ditu, kudeaketaren eraginkortasuna hobetu du —eta, horrenbestez, ez dira Caritasen aurrerakinak behar izan—, eta, oro har, enplegua sortu da, eta langabezia murriztu egin da —azken 12 urteetako daturik onenak ditugu—".

Lehendakariordeak astearte honetan jakinarazi duenez, inbertsio soziala 98.081.807,38 €-koa izan da, hau da, 2016koa baino % 18,3 handiagoa, baina 11,5 puntu jaitsi da 2016ko urtetik urterako aldakuntzari dagokionez.

2014az geroztik, bikoiztu egin da enpleguagatiko diru-sarrerak izanik Errenta Bermatua jasotzen dutenen kopurua —2014an, 1.082 lagun ziren, batez beste, eta, orain, 2.265 lagun, lanagatiko diru-sarrerak dituztenak—.

Ildo horretatik, 2017an, 2.360 lagunek eman zuten baja edo aldatu zuten prestazioa lan bat lortzeagatik.

Programan irauten den denborari dagokionez ere, datuak positiboak dira.

2007an, 55,25 hilabete ematen ziren, batez beste, orduko Oinarrizko Errenta jasotzen; 2017an, berriz, 36,46 hilabete izan da batezbestekoa, 2016an baino ia lau hilabete gutxiago; horrek esan nahi du Errenta Bermatua jasotzen dutenak laneratu egiten direla, eta jada ez dutela errenta horren beharrik.

 

Babes handiagoa

Programari bere testuinguruan erreparatzen badiogu, % 35,9 igo da artatzen den pertsona-kopurua (2014an, 35.514 lagun, eta, 2015ean, 28.821 lagun).

Puntu honetan, aipatzekoa da prestaziorako eskubidea zabaltzeak (15/2016 Foru Legean jasoa) mesede egin diela gazteei eta 65 urtetik gorakoei. Izan ere, 2014tik 2017ra, hirukoiztu egin da EBa lortu duten 18 eta 24 urte bitarteko gazte-kopurua (309 kasutik 930 kasura). Estaldura zabaltzeak mesede egin die adinekoei ere; lehen, ez zuten eskubide hori aitortua RIS sisteman, eta, orain, bi bide dituzte: eskaera konbentzionala edota zenbateko bereko zerga-desgrabazioa. Lege berria martxan jarri zenetik, 65 urtetik gorako 437 lagunek lortu dute EBa edo zerga-kenkaria.

Familia-unitateka, Eskubide Sozialetako Departamentuaren datuen arabera, 2017. urtearen bigarren erdian, egonkortu egin da errenta jasotzen duten familia-nukleoen kopurua, eta joera beherantz egiten hasi da, eta horrela jarraitu dezake beste aldagai batzuk aldatu ezean.

2017ko bigarren seihilekoan, 12.500 familia baino gutxiago artatu dira hilabete guztietan.

Balantzeak nabarmendu du, halaber, aldatu egin dela, hein batean, onuradunen profila, haien nazionalitateari dagokionez.

2014 eta 2017 artean, % 41,21 hazi da Errenta Bermatua jasotzen duten familia-unitate espainiarren kopurua, eta % 26,04 hazi da beste nazionalitatetakoena. 2017ko 15.918 familia-unitate onuradunetatik, 10.705 espainiarrak ziren, eta 5.213 beste nazionalitate batekoak.

Beste datu aipagarri bat da zeinen garrantzitsua den sistema guraso (ama) bakarreko familiak babesteko.

Etxe guztien % 35,26 (3.082 kasu) emakume batek bakarrik mantentzen du —halako kasuak % 13,52 igo dira 2016. urtearekiko—.

Nafarroako banaketa geografikoari dagokionez, zertxobait igo da Iruñerriko eta Lizarrako onuradun-kopurua, eta proportzioa jaitsi egin da Tafalla eta Tutera inguruetan.

Laguntzen % 63,7 Iruñerrira bideratzen da (2007koaren antzeko ehunekoa); haren atzetik, Tuterako eskualde oinarrizkoa dator, non familia-unitateen % 15,5 artatzen baita (2007an, % 17,3). Gainerako eskualdeek antzera jarraitzen dute.

2014. urtearekin alderatuta, % 27,2 igo da jasotzen den zenbatekoa —2014an, 504 euro jasotzen ziren, batez beste, hilean; 2017an, berriz, 641 euro—; horrek argi erakusten du Nafarroako Gobernuak ahalegin berezia egiten duela gizarte-babesean.

Puntu honetan, aipatzekoa da 2016 eta 2017 artean zertxobait jaitsi direla pertsona bakarreko familiek jasotzen dituzten zenbatekoak (2016an, 4.987 € urtean, eta, 2017an, 4.741,08 € urtean), baina talde horretan izan da igoerarik handiena 2014az geroztik (bikoitza baino gehiago). Iaz, nabarmen igo zen bi kide edo gehiagoko familiek jasotzen duten errenta, eta helburu hori lehenetsi da Departamentuak haurren pobreziaren aurka borrokatzeko duen estrategian. Hala, 2017an 4 kideko familiek jaso duten laguntza % 15,6 igo da 2016. urtearekiko (2016an, 6.789 euro, eta, 2017an, 7.847 euro), eta, 2014tik, ia % 57 igo da.

Era berean, indartu egin dira prestazioaren gaineko kontrolak.

Lehen aldiz, baterako jardute-protokolo bat jarri da martxan Nafar Lansareren eta Gizarteratzeko Zuzendaritza Nagusiaren artean, bermatzeko betetzen dela EBaren onuradunek lanpostu egoki bat onartzeko duten betebeharra. Alde horretatik, eskura dagoen azken datuaren arabera, zenbait kontrol-mekanismoren bidez, bertan behera geratzen da ematen diren prestazioen % 1,59, eskatzen diren baldintzetakoren bat ez betetzeagatik.

Ateratzen den beste ondorio bat da Nafarroak bere baliabideetatik jarri duela estatuak langabezian egonik prestazioak agortzen zaizkienak edo prestaziorik ez dutenak babesteko duen defizita arintzeko.

2012tik, 233 milioi gutxiago bideratzen zaizkie urtean Nafarroako langabeei, eta, ondorioz, Nafarroak bere baliabideekin ordaintzen du gobernu zentralak langabeziagatiko babesaren arloan ematen ez duen babesa. 2017an, abenduko datuak jasotzeko zain, estatuak babes gutxiago ematen jarraitu du langabeziagatik.

Laparra lehendakariordeak nabarmendu duenez, "gaur egun, Errenta Bermatua funtsezko tresna da zailtasunak dituzten kolektiboak gizarteratzeko eta laneratzeko, bai eta Nafarroako biztanleriaren sektore baten pobrezia larriaren aurka borrokatzeko ere.

Datuak ikusirik, halaber, azpimarratzekoa da prestazioak eragin ekonomiko positiboa duela Foru Komunitate osoan (errenta altuetako sektoreetara bideratutako bestelako zerga- edo aurrekontu-onurak baino handiagoa), eta, gainera, hobekuntzak egin direla gizartearen kohesioan, segurtasunean, egonkortasunean eta pertsona guztien aukera-berdintasuna sustatzen". Argi eta garbi esan dezakegu errenta bermatua laguntzen ari dela hura martxan jarri genuenean ezarri genituen helburuak lortzen: gizarteratzea eta laneratzea hobetzea, pobreziaren aurka borrokatzea (bereziki haurrena), eta Nafarroako herritar guztiei bizitza duin baterako eskubidea bermatzea.

Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
RP_RentaGarantizada.pdf
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa