(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroak hezeguneen nazioarteko eguna ospatuko du Las Cañasko aintziran
ostirala, 2018.eko otsailak 2


Isabel Elizalde kontseilaria eta Yolanda González Vianako alkatea gaur goizean izan dira Las Cañasko aintziran, Nafarroako hezegunerik garrantzitsuenetariko batean


Taldeko argazkia

Elizalde kontseilaria eta Vianako alkatea aintzira kudeatzen duen enpresako kideekin. ( irudia handitu )

Erdialdeko Zonako eta Erriberako aintzirak eta ibar-basoak, iparraldeko zohikaztegiak edo Nafarroako geografia osoko putzu artifizialak ekosistema konplexuak eta ahulak dira. Multzo heterogeneo eta berezia, lurraren eta uraren artean, bereziki aberatsa eta delikatua, balio handikoa bertan dagoen bizitzarengatik. Isabel Elizalde kontseilaria eta Yolanda González Vianako alkatea Las Cañasko aintziran izan dira gaur goizean; hots, Nafarroako hezegunerik garrantzitsuenetariko batean, espezien barietateari dagokionez, Hezeguneen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Bisitan, haiekin batera izan dira Ingurumeneko teknikariak eta "El Bordon" Behatokia kudeatzen duen Ostadar enpresako kideak.

Uraren eta lurraren arteko loturak produkzio-ingurune eta dibertsitate biologikoaren sorleku bilakatzen ditu leku hauek, uraren eta produktibitatearen iturriaz gain. Bertan bizi da landare eta animalia espezie mordoa, batez ere uretako hegaztiak. Eta eskala egiten dute milaka hegazti migratzailek haien bidaia luzeetan. Beste hegazti askok, Europaren erdialdeko hegazti negutarrek, hilabeterik hotzenak igarotzeko hautatzen dituzte. Bizitza hori guztia eta hori babesteko dagoen premia urtero otsailaren 2an ospatzen da.

Kontseilariak bisitan adierazitakoaren arabera, “XVI. mendean ureztatzeko ura behar zen, eta premia horri gizakiak erantzuteko sortu zena, mendeak igaro ahala, biodibertsitatean aberatsa den erreserba natural bilakatu da. Espazio horiek babestea ezinbestekoa da, eta horietan erabileren bizikidetza bermatu behar dugu. Elizaldek ondorengoa gehitu du: “hezeguneak belaki naturalak bezalakoak dira, prezipitazio gehiegi gertatuz gero, xurgatu eta biltegiratu egiten dute. Uholdeak eramangarriagoak izango dira natura bera babesten badugu. Gainera, lehorteak hain luzeak ez izaten laguntzen dute eta ura izaten, gutxiago bada ere, pilatzen joandako ura pixkanaka-pixkanaka askatzen baitute”.

Las Cañasko urtegia garrantzitsuena da espezien barietateari dagokionean, baina ez da bakarra. Pitillas zabalena da (216 hektarea). Biak nazioarteko garrantzitsutzat hartzen dira.

Baina gehiago ere badaude. Badina Escudera dago Alesbes herrian, El Pulguer urmaela (Tutera, Cascante eta Murchante), Bi Erreinuen urmaela Zarrakaztelun eta Juncal urmaela Tafallan, horiek denak Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Zona bezala izendatuak. Beste batzuek ere badira: Moreako urmaela (Beriain) edo Lorreko aintzira (Cascante). Guztira, 23 hezegune aurkitzen dira Nafarroako Zona Hezeen Inbentarioan. Elizalde kontseilariak adierazi duenez, zerrenda hori handitzeko lanean ari dira.

Las Cañasen kudeaketa

Las Cañas ureztatzeko putzua bezala sortu zen XVI. mendean, eta gaur egun ere helburu horrekin jarraitzen du. Dituen ezaugarriak (perimetro irregularra eta ehun hektarea eskasekoa) eta inguruko landaredia (lezkak, ihiak edo larreak) medio, aintzira natural bat gehiago ematen du urtegi bat baino. Bertan bizi da, egun, Nafarroan eta penintsulan gehien mehatxatuta dagoen faunaren zatia; esate baterako, txori zezen arrunta, zingira-berdantza, apoarmatu istilzalea eta bisoi europarra.

Abeltzaintza galarazita dago erreserban, baina Departamentuak hartutako neurrien artean, 2017az geroztik behorrak urteko hilabete batzuetan larrean ibiltzea baimendu da, gunea kontserbatzen eta inguruneko lursailak baldintza onetan eta modu naturalean mantentzen laguntzearren. Elena Baezak, Erdialdeko Zonako eta Erriberako buruak, adierazi du “era horretako esperientziak jorratzen direla Europako geografian ingurumen-balioa duten hezeguneen zati handi batean”. Beraz, esperientzia pilotuaren emaitzak gogobetekoak izan direnez, zaldi eta behorrek bazkatzen jarraituko dute Las Cañasen, eta Agua Salada eta El Juncal hezeguneetara ere zabaltzea proposatu da.


Kontseilaria

Elizalde kontseilaria aintziran bizi diren hegazkiak begiratzen. ( irudia handitu )

Erreserban, ordea, espezie inbaditzaileak ere badira. Tartean aipatzekoak dira arrantzarako interesgarriak diren espezieak, eta, hain arrakastatsuak direnez, urtegian bizi diren hegazti batzuekin lehiatzen dira. Hori dela-eta, iazko udan, urtegia ia hutsik zegoenean, inbaditzaileak kentzen aritu ziren. Ondorioz, arrantza galarazita dago.

Behatokia

“El Bordón” 1995. urtean ireki zen, eta informazioaren, interpretazioaren eta ingurumen-hezkuntzaren arloan Nafarroan irekitako lehen ekipamendua izan zen. Aitziraren gaineko muinoan kokatuta dago, eta behatokia begiratoki aproposa da Erreserba Naturalean dauden hegaztiak begiztatzeko.

DRMAyAL Departamentuaren mendekoa da; instalazioetan urtero 3.500-4.000 erabiltzaile inguru artatzen dira, gehienak partikularrak. %24 ingurumen-hezkuntzako jardueretan parte hartzen duten ikasle-taldeak dira eta %13 bestelako taldeak.

Zentroan prismatikoak eta teleskopioak daude, Erreserba Natural honetan bizi diren espezie ezberdinak zuzenean ikus ahal izateko. Gainera, panelen eta ikus-entzunezkoen bitartez, askotariko informazioa eskaintzen da Nafarroako babestutako Espazio Sarearen inguruan, uraren erabileren gainean, landaredia eta tokiko hegaztien inguruan. Eta, nahi izanez gero, behatokirako bisita osa daiteke urtegiaren inguruan egokituta dagoen ibilbidearekin, hegaztiak hurbilagotik behatu ahal izateko.

Pitillasko Aintzirako Behatokiaren antzera, 2018. urtetik aurrera, zentroa zuzenean departamentuak kudeatuko du, ingurumen-hezkuntzako beste ekipamendu batzuek bezala. Gaur egun, datozen 4 urterako kontratazio-espedientea izapidetzen ari da urteko 28.938 euroko lizitazio-zenbatekoaren truke; zenbateko osoa 115.754,56 eurokoa izango da. “Helburua da jarraipena eta egonkortasuna ematea behatokiaren jarduerari eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzea”, esan du Alfredo Ruedak, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Ingurumen Hezkuntzako arduradunak.

Behatokia irekita egoten da asteburu guztietan eta lanegunetan eta Aste Santuan eta udan. Eskola-kanpainako bisita itunduak 11:00etatik 14:00etara artatuko dira lanegunetan, urritik ekainera bitartean. Antolatutako beste taldeen bisitak ere aurrez hitzartuko dira, eta enpresaren eta erakunde eskatzailearen artean adostutako ordutegian artatuko dira.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Bideoa

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa