(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Osasun Departamentuak 800.000 euro inbertituko ditu erabilera anitzeko gela berria prestatzeko, NOGko larrialdietan 15 asistentzia-gune eta itxarongela berri sortuz asteartea, 2018.eko otsailak 6


Jarduketa honi esker, leku zabalagoa egonen da paziente larrien balorazio eta tratamendurako, egun dagoena murritzegia baita


Osasun Departamentuak 800.00 euro inbertituko ditu Nafarroako Ospitaleguneko (NOG) Larrialdietako Erabilera Anitzeko Gela berria prestatzeko, 15 asistentzia-gune eta itxarongela berri sortuz. Neurri honen bitartez, leku zabalagoa egonen da B Zirkuitua deritzon esparruan artatzen diren paziente larrien balorazio, tratamendu eta erosotasunerako.

Box berrietako bakoitzak 8 eta 9 metro koadro tarteko azalera izanen du, gortinaz edo bionboz itxiko da, eta oheburuan, oxigenoko, aire sendagarriko eta hutseko harguneak, argiztapena, konexio informatikorako aukera, korronte elektrikorako hargunea, displaya eta esparrua hartuta dagoela adierazteko argiak izanen ditu. Era berean, kontrol-esparru bat ere gaitzea aurreikusi da, 20-30 metro koadro ingurukoa, baita pazienteendako lagunduriko bainugela bat eta komun bat ere.

Horren harira, gogoratu behar da NOGko Larrialdietako egungo erabilera anitzeko gela 2014ko urrian ireki zela eta banakako 30 postu dituela. Hala ere, esparru horretan puntako orduetan pilatzen den paziente-kopurua 40-50 pertsonatik gorakoa da asteko egun guztietan, igandeetan izan ezik.

Egoeraren diagnostikoa eta neurri zuzentzaileak

Erabilera anitzeko gela izan zen, 2015aren bukaeran Larrialdi Zerbitzuko langileen partaidetzaz sortutako Diziplina Anitzeko Lantaldeak detektatu zituen hutsuneetako bat. Asistentzia-prozesu osoan zerbitzuaren funtzionamendu egokia eragozten zuten balizko zailtasunak aztertu eta azken bi urteotan aplikatuz joan diren neurri zuzuzentzaileak proposatzea zen lantalde horren eginkizuna.

Pazienteei dagokienez, beste arazo hauek ere detektatu zituzten: arreta egiteko eta erabakia hartzeko denbora, familiendako informazio-gunerik eza eta zenbait esparruren egokitzapenik eza. Horiei gaineratu zitzaien zenbait eremu edo ordutegitan atzemandako pertsonal-kopuru murritza. Era berean, akats tekniko batzuk hauteman dira. Haien artean, antolaketa-defizit bat aipatu behar da bizkortze, erabilera anitzeko areto, behaketa eta B zirkuituko (paziente larrientzako arreta) arloetan. Alor horretan Erizaintzako kontrol nahiz koordinazioko defizita dagoela egiaztatu da. Azterketak, gainera, honako hau jasotzen du: profesionalen arteko barneko deietarako erreferentzia puntu nagusi bat ez dagoela, eta Erizaintzako kirurgia-espezialisten eta langileen presentzia koordinatzeko beharra dagoela kontsultetan.

Antolaketa mailan, asistentzian diharduen pertsonalaren funtzioak nahiz kokapena berrantolatu dira, baliabideen optimizazioa erraztuz. Hala, beste erizain bat jarri da Bizkortze arloan (arretaren eraginkortasuna areagotuz eta erizaintzako profesionalen deslokalizazioa nabarmen murriztuz), Erizaintza-Kontrola Erabilera Anitzeko Gelara hurbildu da eta erizaintzako lantalde egonkorragoa ezarri da Behaketa gunean lehengo txandakatze-sistemaren ordez. Gainera, bosgarren triaje bat irekitzea agindu da itxaroteko denborak areagotzen diren uneetarako, paziente gehiago daudenerako.

Antolaketa mailan, beste neurri hauek ere garatu dira: jardunbide-plan bat prestatzea jende-pilaketak gertatzen direnerako; pazienteak kudeatzea errazten duten prozedurak idatzi eta eguneratzea eta “Larrialdi Zerbitzuko Harrerari buruzko eskuliburua barruko mediku egoiliarrarentzat” delakoa lantzea.

Era berean, osasun-arretarako beharrezkoa den materia jasotzeko biltegiak berrantolatu dira. Horrekin batera, esplorazio arloko farmazia berregituratu da kutxatila bikoitzeko sistemaren bitartez eta horren automatizazioa bultzatu da Behaketa arloan. Gainera, Behaketan, erizainen erregistroa txertatu da Irati programaren bitartez.

Espazioetan, bizkortze-boxaren erabilera zabaldu da paziente larriak baina kritikoak ez direnak artatzeko (P2). Paziente eta profesionalen soberako mugikortasunak eragindako eraginkortasunik eza zuzentzeko ere lan egin da. B Zirkuituko kontsulta-gela bat asistentzia-erabilerarako berreskuratu da, zirkuitu horretako Erizaintza Kontrola zegoen berbera.

Horrekin batera, hainbat prestakuntza egiten ari dira; horien artean “Larrialdietako pertsonalak analisi eta hobekuntza proiektu batean parte hartzea” deritzona.

Ekipamendu medikuetan, 208.000 euro inbertitu dira honako hauek erosteko: 2 ECG aparatu (elektrokardiograma), bizi-konstanteen 4 monitore, RX eramangarriko ekipo bat, sendagaiak kudeatzeko sistema, 12 esku-ohe eta 10 gurpildun aulki, besteak beste.

Halaber, Larrialdi Zerbitzuko plantilla indartzeko, 11 profesional gehiago sartu dira (2 mediku ondoko, 3 erizain, 2 erizain-laguntzaile, 2 zeladore eta 2 profesional pazienteei eta familiei informazio-puntu berrian arreta emateko) eta medikuen ataleko bi buruzagitza estali dira. Indartze horrek 430.000 eurotik gorako gastu gehigarria ekarri du 2017an.

Azkenik, segurtasuna indartu da, zinpeko zaindari bat jarriz goizeko nahiz arratsaldeko txandetan, 86.000 euroko kostuaz 2017rako, eta Foruzaingoa bertaratuz asteburuetan.

Arretaren iraupena murriztu da 2. motako pazienteetan

Paziente bat Larrialdi Zerbitzura iristen denean, triajean baloratu eta arreta-larritasunaren arabera sailkatzen da. Bost lehentasun finkatzen dira, Larrialdietako Medikuntzaren Espainiako Sozietatearen arabera: lehentasun gorena, berehala artatzea eskatzen duten paziente kritikoak; 2. lehentasuna, paziente larriak edo 15 minutu baino lehen artatu behar diren pertsonak; 3. lehentasuna, larrialdi gutxiagoko pazienteak eta 60 minutu baino lehen artatu behar direnak; 4. lehentasuna, 120 minutu baino lehen artatu behar diren paziente arinak; eta 5. lehentasuna, premiarik gabeko egoeran dauden pazienteak eta 240 minutu baino lehen artatu behar direnak.

2015eko irailean, urrian, azaroan eta abenduan, NOGko Larrialdi Zerbitzuak 2. mailako lehentasuneko 4.782 arreta egin zituen guztira, eta pazienteen batez besteko arreta-denbora 13,67 minutukoa izan zen. 2017ko epealdi berean, 2. mailako lehentasuna duten arreta horiek % 15 gehitu dira, hau da, duela bi urte baino 2. mailako lehentasuneko 717 arreta gehiago egin dira, guztizko kopurua 5.499 kasura igoz. Gehikuntza hori gorabehera, 2. mailako lehentasuneko itxaronaldia murriztu da, 12,9 minutukoa izanik.

Gogoratu behar da Osasun Departamentuak ezarri eta zabaldutako neurriekin lortu nahi izan den helburu nagusia, zehaztutako denbora-tartearen (15 minutu) gaineko arreta jaso duten 2. mailako lehentasuneko pazienteen portzentajea murriztea zela.

2015eko azken hiruhilekoan, pazienteen % 33,1i 15 minututik gorako arreta-aldia egin zioten 2. mailako lehentasunaz; 2017an, portzentaje hori % 27,4koa izan da, % 15 arreta gehiago erregistratu arren.

Bestelako neurriak: Ospitalez kanpoko Larrialdi Zentro berria Buztintxurin

Aldi berean, Osasun Departamentuak beste esparru batzuetan ere lanean dihardu. Horren harira, gogoratu behar da, NOGko Larrialdietan egunero artatzen diren 321 pazienteetatik 114 baizik ez direla artatzen B zirkuituan (larriak), hots, % 35,5. Kopuru hauek kontuan hartuta, argi dago larrialdietan artatzen diren kasu asko ez direla patologia larrietakoak, eta ondorioz, askoz ere hobekiago trata litezkeela beste asistentzia-maila batzuetan (ospitaleaz kanpoko larrialdi-zerbitzuak, osasun-zentroak, etab.).

Herritarrei osasun-zerbitzu publikoak egokiro, eraginkortasunez eta norberaren beharrizanen arabera erabili beharraz kontzientziatzeko asmoz, Osasun Departamentuak "Arazoa beti berdina ez bada… irtenbidea ezta ere" delako kanpaina abiarazi zuen.

Kanpainak herritarrek balia ditzaketen osasun-laguntzako bost maila bereizten ditu, mailaz maila ordenatuta osasun-egoeraren eta larritasunaren arabera (online areta, telefono bidezko arreta erizainaren gomendioa hartzeko, Osasun Zentroetako arreta, Ospitalez kanpoko Larrialdiak eta Ospitale barruko Larrialdiak).

Halaber, Departamentuak ospitalez kanpoko larrialdietako arreta-eredu berri batean lanean dihardu, asistentziaren kalitatea hobetzeko asmoz. Esparru honetan, 2018aren bukaeran, Buztintxurin, Ospitalez kanpoko bigarren Larrialdi-Zentroa irekitzea aurreikusi da, erradiologia zerbitzuaz hornituta, helduei arreta eman ahal izateko.

Hona hemen esku artean darabiltzaten beste lan-ildo batzuk: Lehen Mailako Arreta bultzatzea, Kronikoen Estrategia hedatuz, edota pazientea ahalduntzea, osasun-eskolen (pazienteak, adinekoak, gurasoak…) aldeko apustuari eutsiz.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa