(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

CEIN eta Udala 20 proiekturen bila dabiltza "Iruñeak nahi zaitu! Abiatu zure saltokia Denda Naiz - Soy Comercio bitartez" ekimenerako ostirala, 2018.eko otsailak 23


Merkataritza arloko negozio-ideiak laguntzeko prestakuntza emango zaie, eta proiektu onenei hiru diru-sari, abiatu daitezen


Escaparate de un comercio

Denda bateko erakusleihoa

Iruñeak nahi zaitu! Abiatu zure saltokia Denda Naiz - Soy Comercio bitartez. Hori da Udalaren eta CEINen mezua programaren hirugarren ediziorako, xede duena hirian negozio berriak abiatzea. Ekimenak zenbait berritasun ditu aurten: parte hartuko duten proiektuen kopurua 8tik 20ra igo da eta hiru sari aurreikusi dira, 5.000, 3.000 eta 2.000 eurokoak, programan parte hartzen duten hiru ekintzailerik onenendako, negozio berria martxan jartzeko lagungarri.

Gaur goizeko prentsaurrekoan Denda Naiz-Soy Comercio programa ondorengo pertsonek aurkeztu dute: CEINeko kontseilari ordezkari Pilar Irigoienek, Tokiko Ekonomia Jasangarriko zinegotzi ordezkari Patricia Peralesek, Nafarroako Rural Kutxako ekintzaile-lerroko arduradun Gonzalo Sotok eta CEINeko Enpresak sortzeko Alorraren arduradun Pilar Tellecheak. Programa gaur, otsailak 23, jarri da abian eta parte hartzeko izen-emate epea irekita dago. Hautagaiek beren ideiak aurkezteko aukera izango dute martxoaren 21eko 13:00ak arte.

Zer da Denda naiz - Soy Comercio, eta zer eskaintzen du?

Denda Naiz-Soy Comercio merkataritza-arloan negozio-ideia bat eduki eta Iruñean gauzatu nahi duten ekintzaileei zuzenduta dago. Hirugarren edizio honetan 20 proiekturen bila dabiltza, halakoak ezen ikuspegi berriak bultzatu eta merkataritzako hiri-ehuna berritu eta hobetzea sustatuko baitute.

Hautatuko proiektuei berariazko programa bat eskainiko zaie. CEINek emango du hiru hilabetez -apiriletik ekainera- eta horretan, beharrezko baliabideak eta tresnak eskuragarri jarriko zaizkie; hala negozio-ereduak garatu eta alderatzeko nola enpresa-jarduerak abiatzeko prestatzeko. Horrez gain, Iruñeko zenbait negozioren arduradunen babesa eta ezagutzak izango dituzte eskura; izan ere, laguntza emanen diete proiektuetan haien eskarmentuen berri emanda. Hori horrela, honako negozio hauen ordezkariek laguntza emango dute programan: Ayestarán, La Mandarra de la Ramos, Txirrintxa eta Katuzarra, Mundoraintxe eta Planet Fitness Pamplona.

Halaber, hautatutako proiektuek aukera izanen dute Nafarroako Rural Kutxak babesle gisa emango dituen 5.000, 3.000 eta 2.000 euroko hiru sarietako bat eskuratzeko, negozioa abiatzera bideratu beharko direnak.

Denda Naiz-Soy Comercio programan hautagaitza aurkezteko formulario bat bete behar da, www.cein.es eta www.pamplona.es webguneetan eskuragarri, martxoaren 21eko 13:00ak baino lehen. Behin hautagaitzak jasota, programan parte hartuko duten proiektuak hautatuko dira. Webgunean kontsultatu daitezke programaren oinarriak eta garapena. Edozein zalantza argitzeko, interesdunek 848 430 030 telefonora deitu dezakete, edo administracion@cein.es helbide elektronikora idatzi.

CEINeko proiektuak baloratzeko batzorde tekniko batek hautatuko ditu potentziala duten proiektuak, gehienez ere 20 negozio-ideia aukeratuta. Hautaketa honako irizpide hauek aintzat hartuta egingo da: talde eragilearen eskarmentua, prestakuntza, motibazioa eta gaitasunak, guztizko puntuazioaren % 30era bitarte; enpresa-proiektua bera (sektorea, berritasun edo bereizgarritasun-maila, proiektuaren heldutasuna eta aurrebideragarritasun ekonomikoa), % 35 bitarte; eta hiriari egingo dion ekarpena, hots, zer nolako eragina izan dezakeen proiektuak hiria biziberritzeko, puntuazioaren gainerako % 35 bitarte.

Programaren xede diren proiektuek negozio-ideiak izan behar dute, Iruñeko udal-mugartean merkataritza-jarduera bat garatzen duen gune fisiko bati lotuak. Gainera, lehentasuna emanen zaie berrikuntza sustatu eta hiriko merkataritza-ehuna hobetuko duten ideiei, bai eta herritarren beharrei eta hiriko merkataritza-joerei erantzuten dietenei ere.

Programa apiriletik ekainera egingo da, CEINen bulegoan (Leire kalea, 20). Baliteke zenbait jarduera Kondestablearen jauregian egitea. Denda Naiz - Soy Comercio ekimenean parte hartzeko hautatu diren proiektuek aukera izanen dute hilabete horietan programaz baliatzeko, beren merkataritza-proposamena azkartze aldera; programa horretan, halaber, gaitasun ekintzaileak garatu eta CEINeko teknikarien zein sektoreko profesionalen banakako tutoretzen babesa jasoko dute.

Prozesu horren helburu nagusia da programan parte hartzen duen proiektu bakoitzaren garapena babestea, berme-arrakasta duten negozio bideragarriak sortzeko.

Sariak

Proiektu guztiek, partaidetza hori arrakastaz amaituz gero, epaimahaiari aurkeztu ahalko diote proiektua, eta hark aurreikusitako 3 sariak emango ditu negozioa abiarazteko. Ekainean eginen dira, behin programa amaituta, hala proiektuen defentsa-saioak nola sari-banaketa. Sari horiek eskuratu ahal izateko, betekizun hauek bete beharko dira: proiektua mamitzeko programak eskatutako lana egitea; programaren prestakuntza-jardunaldi, tutoretza-saio eta jarduera guztietara bertaratzea; eta programak zedarritutako lan-plangintza betetzea, betiere enpresa-proiektu bakoitzerako ezarritako helburuak beteta; tutorearekin hitzartutako bileretan parte hartzea; eta negozio-ideiaren bideragarritasuna egiaztatu ostean, ideia hori Iruñean garatzen saiatzea.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa