(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Barkos Lehendakariak Foruzaingo “integral, heldu, prestatu eta gizartera irekitakoaren” alde Gobernuak egindako apustua azpimarratu du larunbata, 2018.eko otsailak 24


Foruzaingoaren Eguneko ekitaldi nagusian 34 sari eta errekonozimendu banatu zaizkie erakunde eta agenteei


Nafarroako Lehendakariak, Uxue Barkosek.

Nafarroako Lehendakariak, Uxue Barkosek, Foruzaingoaren Eguneko ekitaldi nagusia zuzendu du gaur goizean, eta, bertan, Gobernua Foruzaingo "oso, heldu, gizartera irekitako, prestatu eta beti herritarren zerbitzura izateko" egiten ari den apustua nabarmendu du. Horretarako, antolaketa-eredu berriak sustatzen ari da, bitarteko materialetan eta instalazioetan inbertsioak egiten eta eskumen berriak hartu ahal izateko plantilla gehitzen.

1928. urtean, duela laurogeita hamar urte, Errepideetako Polizia izenarekin sortu zen, eta ospakizunak bat egingo du aurten urtemuga horrekin. Herri Administrazioaren Nafarroako Institutuko Isabeldar klaustroan, Iruñean, egindako ekitaldian zehar, agenteen, pertsonen eta erakunde kolaboratzaileen lana saritu da, eta zerbitzu gorenen 11 medaila, ohorezko 9 metopa eta beste 14 sari publiko banatu dituzte. Nafarroako Lehendakariarekin batera, bertan izan dira Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, Ainhoa Aznarez; Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont; Barneko Zuzendari Nagusia, Agustín Gastaminza; eta Foruzaingoaren burua, Torcuato Muñoz.

Lehendakariaren hitzak

Hitzaldian zehar, Lehendakariak ziurtatu du Foruzaingoak "balorazio-maila altua duela herritarren artean, eta ez soilik gure gizartean gizarteratuta dagoelako, baizik eta jarduera profesionalarengatik ere bai". Hori horrela dela esan daiteke Nafarroan aurkezten diren salaketen eta ofiziozko jarduteen ia %40a Foruzaingoari zuzentzen zaizkiolako, "eta segurtasun publikoaren arloan lehen erreferentea bezala finkatzen jarraitzen du", adierazi du.


Foruzaingoaren Eguneko.

Dena den, baita ere onartu du Foruzaingoaren erabateko zabaltzea "moteltzen eta zailtzen" duten gabeziak izan badirela. "Foruzaingoaren garapena gure Komunitatean gerta daitezkeen segurtasun-gorabehera gehienak, denak ez bada ere, konpontzeko gai den erakunde integral bat bezala ulertu behar da", azaldu du Lehendakariak.

Ildo horretan, Gobernua Foruzaingoaren alde egiten ari den apustuaren barnean zer-nolako urratsak ematen ari den azaldu du. Tartean, Polizien Foru Legearen proiektua aipatu du, Parlamentuan azkenean onartu gabe geratutakoa. Horren inguruan ondorengoa esan du: "beharbada ez dugu jakin gure apustuaren helburua helarazten". Baina, era berean, Foruzaingoaren Plan Zuzentzailea aipatu du; "horrek poliziaren eredu berria ekarriko du datozen urteei begira, jarraitu beharreko bidea definituaz, eta, garrantzitsuena, gure Komunitateko eredua zehaztuaz", adierazi du.

Material teknikoa, ibilgailuak eta jantziak berritzeko aurrekontuan egindako ahalegina aipatu ondoren, Barneko Zuzendaritza Nagusiaren zerbitzu guztiak batera hartzeko instalazio berriak sortzeko proiektua aipatu du, orain sakabanatuta baitaude Beloson, Beriainen eta Kordobillan. Instalazio horiek, adierazi duenez, Aranguren-Sankinen koka daitezke.

Azkenik, gogoratu du, Hitzarmen Ekonomikoa eguneratzeari esker, plantilla handitu egin dela (1.200 agente); beraz, "horrek Estatuarekiko elkarrizketak errazten eta ahalbideratzen ditu eskumen berriak hartzeko edo Estatuko Segurtasun Indarrekin eta Kidegoekin beste batzuk jorratzeko koordinazioa berregokitzeko.

Artatutako 12.000 salaketa penal baino gehiago

Bestalde, Foruzaingoaren buruak, Torcuato Muñozek, azken urtean burututako ekintzak nabarmendu ditu. 2017. urtean, 12.461 salaketa penal jaso dituzte. 1.471 pertsona atxilotu zituzten, eta horietatik 272 emakumeen aurkako indarkeriarengatik izan ziren. Ezbehar-tasari dagokionez, 2.985 trafiko-istripu artatu zituzten, baina datu positiboa da hiriarteko bideetan hildako gutxiago izan zirela.

Halaber, informazioa emateko jarduera desberdinak egin dira. Esate baterako, Bide Hezkuntzako taldeak 813 ikastaro eman ditu, eta Nafarroa osoko 21.000 ikaslerengana heldu da; delitu informatikoen taldeak, berriz, Interneteko eta sare sozialetako segurtasunari buruzko 145 ekintzatan parte hartu du; horrez gain, drogen eta gazteriaren inguruko 46 ekintza osatu dira, 1.770 neraberi eskainitako hitzaldi espezifikoekin.

Orobat, Torcuato Muñozek nabarmendu du Mossos d’Esquadra, Ertzaintza eta Polizia Nazionalarekin egindako lankidetza; hain zuzen ere, gizakien salerosketan aritzen ziren talde kriminal bana desartikulatu dituzte, jabetzaren kontrako eta drogen trafikoko delituak konpontzearekin batera. Azkenik, Foruzaingoaren buruak Tokiko Polizia ezberdinekin egindako elkarlana azpimarratu du: "hainbat hitzarmen sinatu dira, eta, horri esker, informazioaren tratamendua eta ezagutza asko hobetu da", nabarmendu du.

Sariak

Gaur goizean egindako ekitaldi nagusian, zerbitzu gorenen medailak jaso dituzte honako hauek: María Boedo Escribano, Aoizko Lehen Auzialdiko eta I. Instrukzioko Epaitegiko magistratu-epaile titularra; Valentín Velasco Carrasco, Nafarroako Foru Komunitatean Gobernuaren Delegazioko idazkari nagusia; Josu Bujanda Zaldúa, Herritarrak Babesteko Ertzaintzaren Dibisioko burua; Robert Alexandre Rodríguez Díaz, sargent cap de la Unitat Central de Bandes Criminals de Los Mossos D’Esquadra; eta polizia-kidego ezberdinetako zazpi agente.

Foruzaingoaren ohorezko bederatzi metopa honako hauei eman zaizkie: David Jaúregui Goñi, Etxauriko Udaletxeko langilea, pabiloi industrialetan hainbat lapurreta egindako banda antolatua atxilotzen laguntzeagatik; Saray Domínguez Garcia, Nafarroako Estatistika Institutuko Azpiegitura Estatistikoaren Ataleko soziologoa, Foruzaingoaren 2016-2020 Plan Zuzentzailerako egindako ekarpenengatik; San Adriango Adin Nagusikoen Egoitzako langileak, 2017ko otsailaren 18an izandako sutean egindako lan goresgarriarengatik; José Miguel Moreno Vázquez, bihotz-biriketako geldialdia izandako herritar bat bizkortzean erakutsitako izpiritu zibiko eta humanitarioarengatik, Dorrao-Torranon; Fernado de Diego García, desordena publikoengatik ondoren atxilotua izandako gizona menderatzen erakutsitako egiten jakite eta lankidetzaren adibide baliotsuarengatik; Emilio Matalobos de la Iglesia eta Luis Armando Gutiérrez Laplana, CASESA enpresako segurtasun-zaindariak, zentro batean nahitaez sartzeko eskaera zuen pertsona aurkitzen eta geldiarazten laguntzeagatik; Nafarroako Su-hiltzaileen Zerbitzuko Uretako Erreskate Taldea, Ikerketa Kriminaleko Arloarekin zerikusia duten zerbitzuetan lan estua egiteagatik; Melchor Crespo Serrano Foruzainaren familia, iaz 49 urte zituela hila; eta izena ezkutuan gorde nahiago duen gazte bat, barruan 7.000 euro zituen galdutako motxila bat entregatzearengatik, langabezia-txartela zigilatzetik irten zenean aurkitua, herritar bezala eredu ona erakutsiaz.

Halaber, 14 zorion publiko banatu zaizkie Foruzaingoaren zerbitzuan agente ezberdinek erakutsitako meritu profesional ezberdinengatik.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa