(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Artxiboak bost udal artxibotako 31 dokumentu zaharberritu ditu asteartea, 2018.eko otsailak 27


Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilari Ana Herrerak dokumentuak dagozkien udal ordezkariei eman dizkie gaur


Ezkerretik eskuinera, Irurtia, Martínez Ávala, Herrera kontseilari, Lacarra, Jiménez, Otondo, Salbarredi, Segura eta Llansó.

Ezkerretik eskuinera, Irurtia, Martínez Ávala, Herrera kontseilari, Lacarra, Jiménez, Otondo, Salbarredi, Segura eta Llansó ( irudia handitu )

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak Erriberri, Baztan, Leitza, Caparroso eta Mendigorriko udal artxiboetatik ekarritako 31 dokumentu berezigarriren gaineko esku-hartzea egin du, horien kontsulta eta etorkizuneko kontserbazioa bermatzeko xedez. Esku-hartze horren bidez, ondare dokumentala zaharberritu eta digitalizatu da, nagusiki.

Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilari Ana Herrerak dokumentuak dagozkien udalen ordezkariei eman dizkie, Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendari Carlos Martínez Álava; Artxiboen eta Ondare Dokumentalaren Zerbitzuko zuzendari Joaquim Llansó eta Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren Ataleko buru Félix Segura tarteko zirela.

Toki-erakundeen izenean, honako hauek parte hartu dute: Andoni Lacarra, Erriberriko alkatea; Joseba Otondo, Baztango alkatea; Andone Salbarredi, Leitzako alkateordea; Aquilino Jiménez, Caparrosoko alkatea, eta Otxando Irurtia, Mendigorriko zinegotzia.

Nafarroako Errege Artxibo Nagusian, paperezko nahiz pergaminozko milaka orri zaharberritu eta hamarnaka mila dokumentu digitalizatzen dira urtero. Horren harira, Nafarroako udal artxiboetatik ekarritako dokumentuen gaineko lanak iazko urte amaieran eta aurtengo urte hasieran egin dira.

Zaharberritze eta digitalizazio lanak, nagusiki

Caparrosoko Udalaren kasuan, herri horretako ondare dokumentalik zaharrena osatzen duten XV. eta XVI. mendeetako hamabi pergaminoren gaineko esku-hartzeak egin dira. Horietarik, Blanka Nafarroakoa erreginak eta Joan II.a erregeak Aragoi ibaiaren gaineko zubia konpontzeko emandako pribilegioak eta Leonor printzesak Caparroso errege-herri bihurtuz 1472an emandako pribilegioa nabarmendu behar dira. Hain zuzen ere, azken pribilegio honen berrespena da – Fernando Katolikoak Logroñon 1512ko irailaren 14an emandakoa– herri horretako dokumentu zaharberriturik oraintsukoena.


Zaharberritu diren Mendigorriko artxiboko dokumentuak

Zaharberritu diren Mendigorriko artxiboko dokumentuak ( irudia handitu )

Horren antzekoa dugu Mendigorriko Udalaren kasua, Erdi Aroko hamalau pergamino bidali dituelarik. Zaharrena, Artaxoa, Larraga eta Mendigorriko kontzejuen arteko mugarriei buruzko 1266ko akordioa da. Horrekin batera nabarmendu behar da Joan II.a Aragoiko eta Nafarroako erregeak emandako pribilegioa, Mendigorriari Gorteetan jarlekua zuen hiri onaren titulua eman eta bertako bizilagunen frankotasuna aldarrikatzen zuena.

Dokumenturik oraintsukoena da Fernando Katolikoak Logroñon 1512ko abenduaren 20an emandako berrespena, haren aita Joan II.ak eta Joan III.ak eta Katalina Foixkoak hiriari emandako pribilegioak egiaztatzen zituena.

Elizondon finkatuta dagoen Baztango Udaletik, dokumentu bakarra eta aparta iritsi da, kaparetasun kolektiboaren aitorpena. Kontuen Ganberak 1440an plazaratutako epaia berresteko agiri honetan, kaparetzat jo ziren haraneko biztanle guztiak. Karlos Vianako printzeak 1441ean berretsitako epaiak haren sinadura darama 3.135 mm-ko luzera duen pergaminozko dokumentuaren bukaeran.

Erriberriko Udalarentzat, Erdi Aroaren bukaeran landu eta kontzejuaren 1444tik 1526ra bitarteko erabaki guztiak biltzen dituen akta-liburua zaharberritu eta digitalizatu da. Era berean, kodize baten azal gisa erabilitako pergamino baten gaineko esku-hartzea egin da, idazkera hebrearraz taxutatako XIV. mendeko tora baten zati bat baitzuen. Horrekin batera nabarmendu behar da Erriberriko ondare dokumentalaren beste zati garrantzitsu bat, Erdi Aroko 116 pergaminoz eta hiru kodizez osatutakoa, Nafarroako Errege Artxibo Nagusian tratatu zela 2008an.

Azkenik, Leitzako Udaletik formatu handiko bi plano ekarri dira, landare-paperean landutakoak egindakoak, udalerriaren iparraldea eta hegoaldea irudikatzen dituztenak.

Dokumentuen jabetza duten udalek beren gain hartu dute aleen kontserbazio egokia bermatuko duten behin-betiko kontserbazio-muntaketetarako altzari egokiak erosteko konpromisoa, baita dokumentu horietan bildutako informazioa jaso nahi duten herritarrei dokumentuen irudien kontsulta errazteko konpromisoa ere.

Bestalde, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak esku-hartu eta digitalizatutako dokumentu guztiak beraren ekipamendu informatikoetan kontsultatzea ahalbidetuko du, baina ikertzaileei kopiak eman ahal izateko, nahitaezkoa izanen da aldez aurretik titularren baimena lortzea.

Esku-hartzea

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak zaharberritze eta digitalizazio lanetan espezializatuta dauden bi tailer tekniko ditu, eta hori dela eta, laguntza eskaini ohi die kanpoko erakundeei, berauen dokumenturik bereizgarrienen gaineko esku-hartzeak egiteko.

Zaharberritze-tailerra makineriarik modernoenaz hornituta dago eta bertako langileak dokumentu grafikoak zaharberritzen trebatuta daude. Tailerraren ohiko jardueran, paperezko nahiz pergaminozko milaka orri eta era askotako tipologiak, euskarriak eta materialak dituzten hainbat eta hainbat dokumentu zaharberritu dira; hala nola, mapa eta plano polikromatuak, argizarizko zigiluak, beirazko plaketan egindako argazkiak edo negatibo plastikoak.

Bestalde, digitalizazio tailerrak dokumentuen euskarri eta formatuetara egokitzen diren prestazio handiko eskanerrak ditu. Dokumentuen kalitate handiko kopia digitala eginez gero, erabiltzaileen eskura jar daitezke aleen segurtasuna arriskuan jarri gabe. Horretarako, euskarri bakoitzerako egokienak diren lente eta eskanerren laguntzaz eskaneatzen dira, orrialdez orrialde, bai dokumenturik zaharrenak eta bereizgarrienak, baita herritarren ikertzeko eskatzen dituztenak ere.

Udal artxiboetatik ekarritako dokumentuen kasuan, era askotako tratamenduak egin zaizkie euskarri-moten arabera eta idazketan erabilitako tinten arabera. Horrela, Caparrosotik, Mendigorritik, Erriberritik eta Baztandik ekarritako pergaminoei egindako esku-hartzeak zenbait fase izan ditu: lehenik eta behin, garbiketa mekanikoa egin zaie gainazaleko zikinkeria kentzeko, bereziki itsasgarriak eta adabakinak, eta horren ondoren, hidratazio-prozesua aplikatu zaie zuntzen lotura kimikoak indartzeko; arrakalak eta urratuak konpondu zaizkie, eta azkenik, pergaminoak kontserbazio-muntaketetan instalatu dira. Argizarizko zigiluak zituzten aleei, halaber, zigilu horiek garbitu eta konpontzeko lanak egin zaizkie.

Bestalde, papereko euskarria duten aleei, Erriberriko akta-liburuari kasu, aldez aurreko garbiketa mekanikoa egin zaie gainazaleko zikinkeria kentzeko, eta horrekin batera, arrakalak eta urratuak konpontzeko lan sakona egin zaie, askatutako folioak dagokien kokapen zehatzean sartuz –horri buruzko ikerketa eginik– eta kontserbazio-muntaketetan instalatzeko azken fasea osatuz.

Azkenik, Leitzatik ekarritako landare-paperezko mapei aldez aurreko garbiketa egin zaie gainazaleko zikinkeria kentzeko (itsasgarriak eta adabakinak), eta ondoren, arrakalak eta urratuak konpondu zaizkie, mentuak txertatuz euskarria finkatzeko eta kontserbazio-muntaketa batean behin-betiko instalatuz.

Esku-hartze prozesua ale guztien kalitate handiko digitalizazioaz amaitu da. Kasu guzti-guztietan, ekintza horiek bukatutakoan, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak dokumentuen bereizmen handiko kopia bana ematen die administrazio titularrei, baita bereizmen txikiko kopia bana ere kontsultak egiteko.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa