(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta Nafarroako Gobernuaren Adierazpen Instituzionala

asteazkena, 2018.eko martxoak 7


Gaurko batzarrean onartu du Nafarroako Gobernuak   


Nafarroako Gobernuak gaurko batzarrean, bihar, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Egunaren baitan honako adierazpen instituzionala onartu du:

"GENERO BERDINTASUNA eskubide eta betebehar bat da bere burua demokratikotzat duen gizarte ororendako. Nafarroako Gobernuak horrela dela uste du eta, ildo horretan, martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Eguna delarik, berretsi nahi du konpromisoa duela berdintasun politikak bultzatzeko, egungo defizit demokratikoa desagerrarazteko asmoz. Izan ere, egungo egoera honetan oraindik ere badira barneko zein kanpoko zenbait oztopo emakumeek gizartean, ekonomian, lanean eta politikan duten parte-hartzea ikusezin bihurtu eta aintzat hartzen ez dutenak.

Testuinguru honetan, Nafarroako Gobernua bat dator NBE Emakumeak erakundeak aurtengo hautatu duen goiburuarekin, “Hauxe da garaia: hirietako eta herrietako emakume ekintzaileak emakumeen bizitza aldatzen ari dira”, eta bat egin nahi du eredu sozial, bidezko, demokratiko eta berdinzale berri baten alde lanean ari den aurrekaririk gabeko mundu mailako mugimendu indartsuarekin. Nafarroako Gobernuak bere egiten ditu greba feministan berdintasunaren, emakumeen eskubideen eta, ondorioz, justizia sozialaren alde plazaratu diren aldarrikapenak. Helburua da emakumeen lan guztia agerian jartzea eta emakume izate soilagatik jasaten ditugun desberdinkeriak, genero diskriminazioa eta indarkeria deuseztatzea. Erabat ildo horretakoak dira Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eguneroko lana eta erakunde horrek gauzatzen dituen proiektuak; baita Nafarroako Gobernu osoan

zeharkakotasunez bultzatu eta garatzen ari den berdintasunezko politika publikoa ere.

Emakumeak haurtzarotik ahalduntzea ardatz nagusietako bat izan behar da berdintasuna lortzeko eta, horregatik, Gobernu honek konpromisoa hartu du estandarrak eraginkortasunez ezartzeko behar diren politika, programa eta zerbitzuak egiteko, Nafarroako emakume eta neskentzat onuragarri gerta daitezen.

Ahalduntzea prozesu banakakoa eta, aldi berean, kolektiboa da. Eta horixe azpimarratu da Nafarroako Gobernuak lehen aldiz, martxoaren 8a dela-eta, aurten abiarazi duen sentsibilizazio kanpainan, zeinak goiburu hau baitu: “Zure ahalduntzea berdintasuna lortzeko gakoa da_Egizu”. Kanpaina honen xedea da balio sozialen transformazio prozesu bat sustatzea, erreferentzia-eredu estereotipatuak gaindituz eta herritar guztien aldekotasunarekin espektatiba positiboak sortuz emakumeen lidergo eta parte-hartze erreala lortzeko: guztiok ere moldatzen baitugu bizi dugun gizarte hau.

Gainera, Nafarroako Gobernua lanean ari da jada Nafarroako emakume eta gizonen berdintasunerako Foru Legerako proiektuarekin. Foru Lege horrek generoko ikuspegi eta zeharkakotasuna ezarriko ditu politika publiko ororen korronte nagusi gisa. Halaber, herritarrak osoki inplikatuko ditu, emakumeen autonomia eta parte-hartze aktiboa sustatzeko lanean, aurrerabidea atzeraezina izan dadin.

Nafarroako Gobernua tinko ari da berdintasunezko aurrerabide hori gauza dadin, sinesmen eta irmotasun osoz. Halaber, gainerako erakundeei eta gizarteari bere osotasunean dei egiten die martxoaren 8 honetara bildu daitezen, emakumeen lana bistaratzeko mundu mailako aldarrikapen eguna baita, hain zuzen ere, arlo publiko zein pribatuan benetako berdintasuna erreklamatzeko, bizi dugun mundu hau eta emakumeen bizitza eraldatzeko, desberdinkeriekin, diskriminazioarekin eta genero indarkeriarekin bukatzeko eta emakume ororendako eskubideak aldarrikatzeko".


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa