(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gobernuak Irisgarritasun Unibertsalari buruzko Foru Lege proiektua onartu du asteazkena, 2018.eko martxoak 7


Pertsona guztien aukera berdintasuna, gizarteratzea eta bizimodu independentea bermatzea du xede


Gobernuak Irisgarritasun Unibertsalari buruzko Foru Lege proiektua onartu du.

Nafarroako Gobernuak Irisgarritasun Unibertsalari buruzko Foru Lege proiektua onartzea erabaki du gaurko saioan, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren eskariz, pertsona guztien aukera berdintasuna, gizarteratzea eta bizimodu independentea bermatzeko xedez. Jarraian, testua Nafarroako Parlamentura igorriko da, bertan eztabaidatu eta, hala badagokio, onespena eman diezaioten.

Arauaren elaborazioan, parte hartze aktiboa izan du Desgaitasunak dituzten Pertsonen Nafarroako Erakunde Ordezkarien Batzordeak (CERMIN) eta Nafarroako Gobernuko Departamentu guztiak kontsultatu dira, baita Toki Araubideko Foru Batzordea, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, Nafarroako Adingabeen Kontseilua, Nafarroako Adinekoen Kontseilua, Nafarroako Desgaitasunaren Kontseilua, Nafarroako Gizarte-Ongizatearen Kontseilua, desgaitasunen bat duten pertsonen irisgarritasun unibertsala eta aukera berdintasuna sustatzeko Kontseilua, Kirolaren Nafarroako Kontseilua eta Kulturaren Nafarroako Kontseilua ere. Hortaz, parte-hartze handia izan duen araua izan da, eta hau arras garrantzitsua da, arauaren zeharkako izaerari erreparatuta eta pertsona guztiek –bereziki desgaitasuna dutenek eta adinekoek– beraien eskubideez baliatu ahal izateko duen eragin handia kontuan hartuz.

Irisgarritasun unibertsala

Irisgarritasuna dugu desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioaren printzipioetako bat, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2006an onartu, Estatu espainiarrak 2007an berretsi eta 2008ko maiatzaren 3an indarrean sartu zena. Konbentzioak desgaitasuna duten pertsonen eskubideak aitortzen ditu, eta botere publikoak eskubide horiek osotasunez eta eraginkortasunez bermatzera behartzen ditu. Kolektibo hauek aukera berdintasunaren arloan dituzten eskaerak eta beharrak gainerako herritarrenak bezalaxe estali behar dira.

Foru Lege proiektu honen arabera, irisgarritasun unibertsala “inguruek, prozesuek, ondasunek, produktuek eta zerbitzuek, hala nola objektuek, tresnek, lanabesek eta gailuek bete behar duten baldintza da, segurtasunez eta erosotasunez ulertu, erabil eta gauzatu daitezen, ahal denik eta modurik autonomoen eta naturalenean”.

Foru Legearen lehendabiziko helburua irisgarritasun unibertsalaren zeharkakotasuna bermatzea da, pertsonen bizi-kalitatea lortzeko eraginkortasunez esku hartu behar duten Foru Komunitateko Administrazioaren Departamentu desberdinen eta gainerako botere publikoen arteko ekintza koordinatuaren bitartez.

Sei titulu

Foru Lege proiektuak sei titulu, xedapen osagarri bat, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen ditu. I. Tituluan, Foru Legeari eusten dioten printzipioak bildu dira, baita arauaren edukia eta aplikazio-esparrua ulertzen laguntzen duten zenbait definizio ere. Foru Legea urbanizatutako esparru publikoetan, azpiegituretan, eraikinetan, garraioetan, komunikazioetan, informazioaren gizartean, jendearen eskura jarritako produktu eta zerbitzuetan, Administrazio publikoekiko harremanetan, Justizia Administrazioan, ondare kulturalean, kultura, kirol eta aisia arloetako jardueretan, enpleguan, unibertsitateetan eta hezkuntza sisteman aplikatuko da.

II. Tituluan aplikazioari dagozkion xedapenak eta neurri orokorrak jaso dira. III. Tituluan esparru bakoitzerako aurreikusitako irisgarritasuna erregulatzeko berariazko xedapenak bildu dira. IV. Tituluak pertsona guztiendako irisgarritasun unibertsala eta aukera berdintasuna Sustatzeko Kontseilua arautu du. V. Tituluakirisgarritasun unibertsalaren arloko arbitrajea arautu du, eta VI. Tituluak zigor-araubidea finkatu du, Estatuko oinarrizko araudian ezarritako arau-hauste eta zigor-araubidearen arabera.

Azken xedapenean aurreikusi denez, foru legea indarrean sartzen den unetik, Nafarroako Gobernuak urtebeteko epea du irisgarritasun unibertsalaren eta pertsona guztiendako diseinuaren eskubideari lotutako gabeziak zuzentzea xede duen ekintza-plana aurkezteko.

Gainera, arauak lantzeko prozeduretan, Departamentu bakoitzak irisgarritasunaren eta desgaitasunaren inpaktuari buruzko txosten bana erantsi beharko du, eta gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak ezabatzeko landu diren generoaren inpaktuari buruzko txostenak bezalaxe, arras tresna erabilgarria izanen da desgaitasuna duten pertsonen aukera berdintasunaren gaineko inpaktu negatiboa saihesteko. Pixkanaka-pixkanaka betebehar hau Nafarroako toki-erakundeetara zabaltzea aurreikusi da.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa