(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Turismoa lurralde garapenaren eta nazioarteko irekieraren eragile gisa, 2018-2025eko Turismo Plan Estrategikoaren ardatz asteazkena, 2018.eko martxoak 14


Espezializazio Adimenduneko Estrategiari atxikita, Nafarroako Gobernuak onartu du gaurko saioan


Transcripción textual del video

Nafarroako Gobernuak 2018-2025eko Turismo Plan Estrategikoa onartzea erabaki du gaurko saioan, turismoa Foru Komunitatean lurralde-garapenaren eta nazioarteko irekieraren eragilea izan dadin, betiere Espezializazio Adimenduneko Estrategiari (S3) atxikita.

Turismoko Plan Estrategikoa

Turismoa lurralde-garapenaren eta nazioarteko irekieraren eragile gisa bihurtu da Plan Estrategikoaren ardatz nagusia.

Nafarroako Gobernuak 2018-2025eko Turismo Plan Estrategikoa onartzea erabaki du gaurko saioan, turismoa Foru Komunitatean lurralde-garapenaren eta nazioarteko irekieraren eragilea izan dadin, betiere Espezializazio Adimenduneko Estrategiari (S3) atxikita.

Plana parte-hartze bidezko metodologia baten laguntzaz landu da, Foru Administrazioko unitateen eta sektore turistikoa ordezkatzen duten erakunde publikoen partaidetzaz.

Tresna horien bitartez, 172 eragile publiko eta pribatuk parte hartu dute guztira (78 gizonek eta 94 emakumek), toki-erakundeen, enpresa publikoen, turismo elkarteen, garapen agentzien nahiz Gobernuaren ordezkari gisa. Zirriborroaren elaborazioa eta aurkezpena bukaturik, parte-hartze publikorako prozesua ireki zen Gobernu Irekiaren bitartez. Gainera, lurralde mailako aurkezpenak programatu ziren Iruñean, Irunberrin, Bertizen, Lizarran eta Tuteran, tokian tokiko erakundeei nahiz garapen-eragileei, turismo elkarteei, sektoreko enpresei eta interesatuta egon zitekeen edozein pertsonari gonbit eginez. Fase honetan beste 92 pertsonak parte hartu zuten (44 emakumek eta 48 gizonek).

Prozesu honen barruan, Gobernu Irekiaren nahiz posta elektronikoaren bitartez, 23 erakundek bidalitako 33 iruzkin eta ekarpen bildu dira, eta horietatik 7 onartu eta gaineratu dira, beste 3ren zenbait zatirekin batera. Aurkezpen-fasean izandako parte-hartzeari buruzko txostena, jasotako ekarpenei eman zaizkien erantzunekin batera, Gobernu Irekian argitaratu da.

Oinarrizko bost helburu

Planak oinarrizko bost helburu ditu. Lehendabizikoa da hurbileko merkatuetan (Espainia eta Frantzia hegoaldea) Nafarroaren posizioa sendotzea. Hain zuzen ere, Nafarroako helmugak finkatuta dauden segmentuetan emaitzak hobetzea bilatzen da, bai eta nitxo berrietan posizio nagusiak hartzea ere; hala nola, hiri-gune nagusietan hurbileko merkatu horien lau eta zazpi egun bitarteko bidaiak.

Hurbileko bidaiarien 3.520.000 gaualdiren kopurura iritsi nahi da 2025erako, eta gaualdi horien artean, 2.670.000 Espainiako eta Frantzia hegoaldeko bidaiariek egitea espero da, eta beste 850.000 gaualdi Nafarroaren mugakide diren eskualdeetakoek (Euskadi, Aragoi, Errioxa eta Frantzia Hegoaldea).

Bigarren helburua da Nafarroa-Iruñeak Europako merkatuan duen posizionamendua hobetzea, urtaroen eragina murrizteko eta eguneko batez besteko gastu handia egiten duten turistak erakartzeko. 2025erako lortu nahi diren Europako bidaiarien 650.000 gaualdiez gain, Nafarroako Gobernuak nazioarteko turisten eguneko batez besteko gastua % 20 igotzea lortu nahi du, bai eta Foru Komunitatean egiten duten batez besteko egonaldia ere.

Hirugarren helburua da lehiakortasuna handitzea, Nafarroa-Iruña helmugaren barruan segmentuak eta produktuak bereiziz, lurraldeako ondare natural eta kulturalaren nahiz pertsonen laguntzarekin. Hain zuzen ere, 2025erako markaren ezagutza % 20 hobetzea espero da. Halaber, Europako nazioarteko jatorriko turisten batez besteko egonaldia bikoiztea jasotzen da.

Planak jasotzen duen laugarren helburua da tokiko eragile turistikoen arteko lankidetza bultzatzea, enpresen zein erakunde turistikoen artekoa, baterako ekintzak bultzatzeko eta egitura produktiboak egokitzeko.

Azkenik, Planak espazio turistikoaren kudeaketa hobetzearen garrantzia ezartzen du, lurralde-erakundeen arteko lankidetza bultzatuz eta administrazioen arteko koordinazioa hobetuz. Horretarako, Nafarroako sei espazio turistiko kudeatuko dituzten erakunde publiko-pribatuak garatzearen alde egiten du, baliabideak, seinaleztapenak, trebakuntza, informazioa eta orientazioa hobetzearen arloan eginkizun zehatzak izango dituztenak. Neurri horrekin, informazio-bulegoetan eta harrera-sarean artatutako pertsonen kopurua % 35 handitzea lortu nahi da 2025erako, 600.000 pertsona baino gehixeago artatzera iritsiz.

Jarduketa-programa

Oinarrizko bost helburuak 24 orientazio estrategikotan garatzen dira (hiru lehendabiziko helbururako, beste hiru bigarrenerako, lau hirugarrenerako, sei laugarrenerako eta zortzi bosgarrenerako); orientazio horietan jasotzen dira Nafarroako sistema turistikoan planteatutako aldaketa lortzeko oinarri izango diren irizpideak. Orientazio estrategikoak garatzeko, sei programatan egituratzen da plana, eta 48 neurri jasotzen dira guztira.

Lehendabiziko programak zazpi neurri jasotzen ditu, eta helburu nagusia da jarduera turistikoarekin lotutako elementuak dauden espazioa hobetzea (turismo-baliabideak, azpiegiturak, ostatuak, jarduerak, etab.) eta turismoa hartzeko gaitasuna indartzea.

Bigarren programa Nafarroako lurralde-kapitalean sostengatutako eta xede-merkatuetara egokitutako produktu turistikoetan zentratzen da. Horretarako, sei neurri garatzen ditu, Nafarroara egindako bisita, lehiakide diren beste helmugetara egindako bisitekin alderatuta, esperientzia berezia izan dadin, kulturari, ondareari eta naturari esker.

Hirugarren programa enpresa-sarea indartzera eta kalitate, jasangarritasun eta irisgarritasun turistikoa hobetzera bideratuta dago, eta Nafarroako turismoaren gaitasun produktiboak hobetzea bilatzen duten hamar neurri jasotzen ditu. Horretarako, egokitzat jotzen du eragile turistikoen trebakuntza lantzea, enpresa turistiko txikiak indartzen laguntzeko eta kalitatearen kudeaketa-sistemak hobetzeko.

Laugarren programaren xedea merkatura zuzendutako sustapena eta merkaturatzea da, bi ideia hauetatik sortzen diren bederatzi neurriren bitartez: identifikatutako xede-merkatuei eta –segmentuei lehentasuna ematea, eta erdi- eta behe-denboraldietan promoziorako ahaleginak handitzea, online esparruan bereziki.

Bosgarren programak bederatzi neurri jasotzen ditu, eta helburua da turismoaren gobernantza hobetzea, haren kudeaketa-egiturei dagokienez, zein sektorearen araudiari dagokionez.

Azkeneko programak, seigarrenak, zortzi neurri proposatzen ditu, sektorearen adimen-sistema hobetzeko informazio-fluxu handiak (Big Data) maneiatzeko aukera emango duten aurrerapen teknologikoak sartzera bideratutakoak. Halaber, turismoan lurralde- eta gizarte-berrikuntza sustatzera bideratutako ekintzak ere jasotzen ditu.

Aurrekontua

Planaren helmuga 2025a den arren, aurrekontuak hiru urterako (2018, 2019 eta 2020rako) aurreikuspena bildu du, baina urtez urteko Aurrekontuari buruzko Foru Legean onartutako zenbatekoetara egokituko da. Hartara, 2018. eta 2020. urteen artean, 17,2 milioi euroko aurrekontua zehaztu da (5,7na milioi euroko hiru urteetan).

Programen arabera, lehendabizikoak, espazio turistikoa egokitu eta turismoa hartzeko gaitasuna indartzea xede duenak, 3,1 milioi euroko aurrekontua izanen du; bigarrenak, Nafarroako lurralde-kapitalean oinarritu eta helburuko merkatuetara egokitutako produktu turistikoak sortzea helburu duenak, 2,4 milioi euro jasoko ditu; eta hirugarrenak, enpresa-sarea indartzera eta kalitate, jasangarritasun eta irisgarritasun turistikoa hobetzera bideratuta dagoenak, 2,9 milioi euro.

Hona hemen gainerako programei buruzko datuak: 4. programak (merkatura zuzendutako sustapena eta merkaturatzea) 4,5 milioi euro izanen ditu; 5. programak (gobernantza) 1,6 milioi euro, eta 6. programak (adimena eta berrikuntza) 2,4 milioi euro.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Bideoa
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa