(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Osasun Departamentuak ‘Harreman Osasuntsuak’ kanpaina abiatu du pazienteen eta profesional sanitarioen arteko elkarlana eta errespetua sustatzeko osteguna, 2018.eko martxoak 15


Kontseilariak aurkeztu du ekimena, elkargo profesionaletako, sindikatuetako eta osasun-sistemako beste agente batzuekin batera


Osasun kanpaina

Kontseilariak aurkeztu du ekimena, elkargo profesionaletako, sindikatuetako eta osasun-sistemako beste agente batzuekin batera ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak gaur bertan aurkeztu du ‘Harreman Osasuntsuak’ kanpaina, osasun-sistemako profesionalen eta pazienteen artean elkarlaneko eta errespetuzko giroa sustatzeko sortua. Kanpainak “konfiantza, errespetua eta enpatia” aldarrikatzen ditu osasun-sistemaren erabiltzaile guztien eta bertako langile guztien asebetetze-maila eta ongizatea handiagotzeko bidea emango duen klima bat sortzeko oinarrizko osagai gisa.

Fernando Domínguez Osasuneko kontseilariak gaur bertan aurkeztu du ekimena, Jorge Pascual Osasunbideako Lan Arriskuen Prebentziorako zerbitzuko buruarekin, Matilde Lahera zerbitzu bereko psikologoarekin, Rafael Teijeira Nafarroako Medikuen Elkargoko presidentearekin, Beatriz Erdoziain Erizaintzako Elkargoko bokalarekin eta Manuel Arellanorekin batera, zeina pazienteen kolektiboko ordezkari gisa, CERMIN Nafarroa desgaitasunak dauzkaten pertsonen batzordeko ordezkari gisa eta ALCER Nafarroa Giltzurrunetako Gaixotasunen Kontrako Erakundeko presidenteorde gisa aritu den.

“Ikuspuntu prebentibo bat duen kanpaina da gaur aurkezten dizueguna, harreman gertukoago, atseginago eta kooperatiboagoak bultzatzearen alde egiten duena, gako direnak gure ustetan eraso izatera irits daitezkeen gatazka-egoerak saihesteko”, azaldu du kontseilariak.

Ekimen honen aurkezpena bat dator ostiral honetan egingo den Osasun Eremuko Erasoen Kontrako Egun Nazionalaren ospakizunarekin; orain ia hamarkada bat sortu zen jardunaldia sektore medikoaren baitatik, herritarrak arazo honen inguruan sentsibilizatzeko. ‘Harreman Osasuntsuak’ kanpaina, hain zuzen, hainbat eta hainbat pertsonak Administrazioari jakitera emandako arduren fruitua da, horien artean agente profesionalak, agente sindikalak, gestoreak eta pazienteen elkarteak.

Azken urteetan areagotu egin da osasun-sistema publikoan ematen den erasoen jakinarazpen-kopurua, aldi berean jakinarazpenetarako protokolo eta mekanismoak jarri direlarik martxan, egoera hauek salatzeko aukera egon dadin, bai barne-mekanismoen eta bai kanpo-mekanismoen bitartez. Lan Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak berriki argitaratutako balantzearen arabera, 2017an osasun-sistema publikoko profesionalek jakitera emandako lau erasoetatik hiru hitzezko erasoak izan ziren. Zehatzago esateko, 286 eraso-jakinarazpen jaso ziren guztira iaz; horietatik 221 hitzezko erasoak (horietatik bat idatziz) eta beste 65ak eraso fisikoak.

Jakinarazpen gehienak estamentu medikotik egin dira (87 kasu), erizaintzatik gero (79 kasu), erizaintzako zaintzako tekniko laguntzaileek ondoren (59) eta administrazioko laguntzaileek azkenik (41). Erregistratutako jakinarazpenen %72an pazienteen aldetik eman dira erasoak eta %28an familiakoen edo laguntzaileen aldetik.


Bi hedapen-esparru: publiko orokorrarentzako kanpaina eta barne-kanpaina

Gaur aurkeztu den kanpaina prebentzio-ikuspuntu batetik abiatzen da eta erasoen arazoari “ikuspuntu positibo eta eraikitzaile batetik” aurre ematea du helburu. “Denok ikusi dugu sentsibilizazio-kanpaina bat abian jartzearen beharra, osasun-sistemako profesionalen eta erabiltzaileen arteko harremanetan klima egoki baten alde egiteko”, nabarmendu du kontseilariak.


Harreman Osasuntsuak horma irudia

Aurkeztutako kanpaina herritarrekin orokorrean eta osasun-sistemako profesionalekin garatuko da ( irudia handitu )

Kanpaina bi eremutan garatuko da: herritarrekin orokorrean eta osasun-sistemako profesionalekin bestetik. Horretarako, herritarrei zuzendutako materiala sortu da bai euskaraz eta bai gazteleraz, eta bai barne-kanalen bitartez zabalduko den beste material bat ere.

Kanpora begirako kanpainan, pazienteak eta profesionalak dira material grafikoetako protagonistak, eskuarekin ‘ok’ keinu bat egiten dutenak, hala elkarlanerako eta tratu egoki baterako duten aldeko jarrera islatuz, “harreman osasuntsuak” sortzeko. Material horiek prentsa digitalean eta idatzizkoan, irratian, autobus-markesinetan, sare sozialetan eta www.salud.navarra.es webgunean banatuko dira. Era berean, 30.000 liburuxka banatzea aurreikusten da bai euskaraz eta bai gazteleraz, kartelak jarriko dira osasun-zentroetan eta ospitaleetan, eta pertxa formatuko irudi bat ere ezarriko da, euskarri desberdinetan esekiko dena, kontsultetako ateetako eskulekuetan besteak beste.

Bestalde, eta barne-esparruari dagokionean, talde-lana eta elkarlana islatzen dituen irudi baten aldeko apustua egin da. Giro on bat sortzeko gomendioak jasotzen dituen txartel bat banatuko da, eta baita era desberdinetako materiala, profesionalek, erasoren bat sufrituz gero, jarraitu beharreko protokoloa ezagut dezaten eta laguntza psikologiko eta legala lortzeko bidearen berri izan dezaten.

Kanpaina hau Osasun Departamentutik sustatzen ari diren beste prebentzio-ekintza batzuen errefortzu gisa planteatzen da, profesionalei egiten zaizkien erasoak ekidin eta osasuneko lan-esparruetan giro on bat bermatzeko. Ekintza horien artean nabarmentzen dira Prestakuntza Planetik antolatzen ari diren profesionalentzako ikastaroak, kontsultan komunikazio-trebetasunak hobetzeko, indarkeria-egoerak saihesteko edo autobabeserako kontzeptuak jasotzeko.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa