(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Arga ibaian gertaturiko gasolio-isurketaren etengabeko jarraipenak kalteei buruzko lehen ebaluazioa ekarriko du datozen egunotan asteazkena, 2018.eko apirilak 4


Halaxe ziurtatu du Eva Garcia Balaguer zuzendari nagusiak ezbeharrak kalteturiko lekuetako batean


gasolio

Ingurumeneko zuzendari nagusia eta Basozaingoaren arduradunak, eusteko barreren ondoan. Ikus testuaren amaierako argazki-oina.

Iruñeko San Jorge auzoaren parean Arga ibaiaren ibilgua kaltetu duen atzoko gasolio-isurketaren ondoren, Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusi Eva García Balaguerrek eta Basozaingoaren Ataleko buru Salvador del Pinok kalteturiko ibai-tartea bisitatu dute gaur eguerdian, bertan erregaiari eusteko eta kalteen zabalera mugatzeko barrerak ezarri direla egiaztatuz.

Ibai ertza zehatz-mehatz arakatzen ari den Nafarroako Gobernuko Basozaingoaren lehendabiziko datuen arabera, Gareseraino luzatzen den Arga ibaiaren lehenengo tartean ez da oraindik arrain hilik aurkitu. Arduradunen esanetan, Arga ibaiaren azken egunotako ur-emari handia lagungarria izan zitekeen isurketa arintzeko, eragindako ingurumen-kalteen nondik norakoak murriztuz.


barrerak

Eusteko barrerek erregaiari atxikitzen diote.

Gogoratuko denez, ezbeharra atzo arratsaldean gertatu zen hidrokarburoak zeramatzan zisterna-kamioi bat irauli zenean. Istripua PA-30eko 16. pk-an dagoen biribilgunean gertatu zen, Ansoainen, eta horren ondorioz, 10.000 litro gasolio inguru isuri ziren. Isurketaren zati bat euri-urak biltzeko sarean sartu eta ibaira iritsi zen, San Pedroko monastegi zaharraren parean dagoen kolektore baten bitartez.

Kalteen ebaluazioa

Eva García Balaguerrek adierazi duenez, prebentzio neurriak hartu ondoren, kalteak ebaluatzeari ekingo diote zenbait administrazioren partaidetzaz, eta datozen egunotan lan hau bukatuta egotea espero dute. Zehazkiago esanda, Nafarroako Gobernuak, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, habitataren gaineko eraginak baloratuko ditu, hots, ibaiko faunari eta florari dagozkionak. Ebroko Konfederazio Hidrografikoak uraren kalitateari eragindako kalteak aztertuko ditu eta Iruñerriko Mankomunitateak ibaiko instalazioek (kolektoreak, araztegia, etab.) jasandako kalteak baloratuko ditu. Bestetik, Ansoaingo Udalak isurketa gertatu zen bide publikoaren gaineko ebaluazioa egingo du.

Behin kalteak ebaluatuta, dagozkien erantzukizunak finkatuko dira. Horren harira gogoratu behar da, produktu kutsatzaileak edota ingurumenarentzat arriskutsuak izan daitezkeenak garraiatzen dituzten enpresek ingurumen-erantzunkizunari aurre egiteko asegurua izan behar dutela.

Ekintza-protokoloaren aktibazioa

Halaber, Ingurumeneko arduradunek balorazio positiboa egin dute honelako kasuetan esku hartzeko protokolo orokorra abiarazteko moduaz. Iruñeko basozain nagusi José Garcia Falcesen esanetan, ezbeharra gertatu bezain laster, horrexen berri eman zieten administrazioei, Suhiltzaileen, Foruzaingoaren eta Basozaingoaren esku-hartze azkarra eta pertsonendako nahiz ingurumenarendako kalteak edo arriskuak prebenitzeko neurriak hartzea erraztuz. Horiexen artekoak ditugu istripua gertatu zen lekutik hurbil dagoen Ansoaingo 56 etxebizitza hustu beharra edota PA-30ean eta inguruko bideetan ezarritako trafiko-etena.

Ingurumena babesteko neurriei dagokionez, Basozaingoko teknikariek ibaiaren ibilgua zeharkatu zuten erregaia zein lekutan metatuta zegoen zehazteko. Aldi berean, Suhiltzaileen erreskate-taldeak sei barrera ezarri zituen San Jorge eta San Pedro aldean; horietako lau xurgatzaileak dira, eta beste bi eusteko barrerak dira, gasolioa atxiki eta gerora kendu ahal izateko.

Balizko kalteen jarraipena egiteko dispositiboa bere horrexetan mantenduko da ondorengo egunotan. Horren harira, Departamentuak jakinarazi nahi die kalteren bat ikusi edo informazioa lortu nahi duten pertsonei, harremanetan jar daitezkeela 848 42 66 98  informazio-telefonora deituz edo sian@navarra.es helbide elektronikoaren bitartez.

ARGAZKI OINA: ezkerretik eskuinera, Salvador Pino, Basozaingoko Ataleko burua; Eva García Balaguer, Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, eta José Garcia, Iruñeko basozain nagusia.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa