(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

1.700 paziente inguruk hasi dituzte abendutik aurrera Nafarroako Gobernuak finantzatzen dituen erretzeari uzteko tratamenduak osteguna, 2018.eko apirilak 5


Botika bidezko laguntza jasotzeko, beharrezkoa da kontsultan pazienteen jarraipena egitea edo talde tailerretan parte hartzea, arrakasta lortzeko aukerak handitzeko


Tabakoari uzteko lagungarria den partxea.

Tabakoari uzteko lagungarria den partxea.

1.700 paziente inguruk hasi dituzte joan den abenduan Nafarroako Gobernua finantzatzen hasi zen erretzeari uzteko tratamendu farmakologikoak. Prestazio hori jasotzeko betekizunak Foru Dekretu baten bitartez ezarri ziren. Botikak agintzeko beharrezkoa da pazienteen jarraipena egitea banakako kontsultan edo osasun zentroetan tabakoari uzteko taldeko hezkuntza tailerretan parte hartzea, prozesuaren arrakasta aukerak handitu ahal izateko.

Osasunbidearen, Nafarroako Osasun Zerbitzuaren, Farmazia Zuzendariordetzak emandako informazioak adierazten duenez, azken hiru hilabeteetan 1.248 pertsonak hasi dituzte tratamenduak Vareniclinarekin, 253k nikotina partxeekin eta 164k Bupropionekin, Agencia Española de Medicamentos y Productos Sanitarios (AEMPS) izenekoak tabakoari uzteko tratamenduetarako onetsita dituen hiru botika motekin, alegia. Botika horiek tabakoari uzteko prozesuarekin loturiko zailtasunei (antsietateari, nikotinaren mendekotasunari, jokaeraren berregokitzapenari…) aurre egiten laguntzen dute.

Lehen Arretako sendagileak dira kasu bakoitzean egokia den botika aginduko dutenak. Botika horiek agintzearekin batera programaturiko hezkuntza alorreko laguntza eskainiko da Erizaintzako kontsultan, gutxienez hilabeteko iraupena izango duen banakako asteroko jarraipenarekin. Osasun zentroek programaturiko taldekako hezkuntza saioek (2-3 orduko motibaziozko tailerra edo/eta 3 saio edo gehiagoko tailer laburra) jarraipen hori ordezkatu edo indartu dezakete.

Errenta txikiagoko taldeentzako aukera

Paziente eta urte bakoitzeko tratamendu bakarra finantzatzen da, eta iraupena 8 eta 12 aste artekoa da, botikaren arabera. Tratamendu osoaren jendearentzako salmenta prezioa 210 euro ingurukoa da. Finantzaturiko botikak direnez, dagokien koordainketa izango dute, errenta tarteen eta Nafarroan ezarritako koordainketa sistemaren arabera. Horrek erraztu egiten du egoera ekonomiko eskasagoan dauden gizarteko taldeek jaso ahal izatea, talde horietan erretzaileen ehunekoa handiagoa baita.

Gogorarazi behar da, Nafarroako Gobernuak botiken koordainketari laguntzeko sustatu zituen laguntza berriak indarrean sartu ondoren, 6.000 eurotik beherako errentak dituzten pentsiodun eta langile aktibo eskatzaileei, beraien botikak eskuratzeko ordaindutako diru-kopurua itzuliko zaiela, hilean 2,6 eurora arte. Halaber, 6.000 eta 18.000 euro arteko errentak dituzten eskatzaileei, ordaindutakoaren eta tarte horretarako botikatan gastatzeko ezarririk dagoen hileko 8,23 euroko gehieneko ordainketaren artean dagoen aldea itzuliko zaie. 18.000 eta 100.000 euro arteko urteko errenta duten pertsona aktiboek salmenta prezioaren %50 ordaindu beharko dute. 18.000 eta 100.000 euro arteko urteko errenta duten pentsiodunei dagokienez, salmenta prezioaren %10 kobratuko zaie, baina 18 euro hilean, gehienez ere. 

NOS-Osasunbidean egindako aurreikuspenak kontuan izanik, biztanle erretzaileen %6 inguruk hartuko dute tratamendua, botika horiek finantzaturik egon diren beste urteetako antzeko eskaria, alegia. Neurri horretarako aurreikusten den urteko kostua 590.000 eurokoa izango da, baina handitu egin daiteke, erregistratzen den eskariaren arabera.

Arrakastaren ehunekoa handiagoa da

Hainbat azterlanek erakusten dutenez, botiken laguntzarekin tabakoa uzteko prozesua hasteak arrakastarako aukerak handitzen ditu, urtean %14 eta %20 arteko tasa lortuz. Portaera ohitura aldatzeko hezkuntza alorreko laguntza soilarekin lortzen den arrakasta, berriz, %8-11koa da.

Nafarroako Gobernuaren helburua, datozen bost urteetan 15 urtetik gorako erretzaileen ehunekoa %20tik behera murriztea da. Kalkuluen arabera, gaur egun 123.000 erretzaile inguru daude (65.000 gizon eta 58.000 emakume). Aurreikusten denez, erretzaileek, erretzen ez dutenek baino hamar urte gutxiagoko bizi itxaropena dute.

Botiken laguntzarekin aurrera eramaten ari den tabakoari uzteko programa, tabakoaren mendekotasuna prebenitzeko martxan dauden beste bi azpi-programei gehitzen zaie. Azpi-programa horiek kerik gabeko guneen sustapenera eta ikastetxeetan tabako kontsumoaren prebentziora daude zuzendurik. Hiru programak 90eko hamarkadan hasi ziren, garai hartako Nafarroako Osasun Publikoko Institutuan.

Tabakoa, osasun publiko arazo larria

Tabakoaren kontsumoa eta kea heriotzaren lehenbiziko zergati saihesgarria dira, eta osasun publikoaren lehentasunetako bat. Tabakoa 25 gaixotasun baino gehiagoren faktore eta zergati da (hainbat minbizi mota, gaixotasun baskularrak, arnas gaixotasunak, etab.). Birikietako gaixotasunaren kargaren %38aren eta birikietako minbiziaren %82aren eragilea da.

Nazio eta Europa mailako osasunari buruzko inkestek erakusten dutenez, 1991tik Nafarroan tabakoaren kontsumoaren beherako joera hautematen da 15 urtetik gorako biztanleen artean, emakumeengan eta gizonengan, baina joera hori nabarmenagoa izan da azken horietan.

Europa mailako osasunari buruzko 2014ko inkestaren datuak kontuan izanik, egunero erretzen zuen 15 urtetik gorako Nafarroako biztanleriaren ehunekoa %23,3koa zen, 5 puntuko jaitsiera erakutsiz bi sexuetan, 2009ko datuekin alderatuz. 1991 eta 2014 artean (23 urte) ehunekoak 15 puntu egin zuen behera gizonen artean eta 6 puntu emakumeengan. Eguneroko kontsumoaren hasierako adina 16,5 urtekoa da. Adinen arabera, Gazteriari buruzko Nafarroako 2014ko Inkestak erakusten duenez, 14 eta 29 urteko adin tartean kontsumoak 7 puntu egin zuen behera 2007-2013 epealdian, baina 14 eta 17 urte arteko taldean, nesken ehunekoa mutilenaren bikoitza da (%10,25 eta %5,3). Horrek genero etena erakusten du gazteenen artean. Beharrezkoa da horretan eragina duten faktoreak hobeto aztertzea eta ezagutzea.

Kopuruek behera egiten dute talde sozio-ekonomiko guztietan, baina gehiago eta azkarrago errenta maila altuetan eta ertainetan, eta gutxiago errenta baxuko taldeetan. Tabakoaren mendekotasunak eragin handiagoa erakusten du diru-sarrera eta hezkuntza maila urriagoak dituzten biztanleen artean eta, beste alde batetik, talde horietan beste osasun adierazle batzuetan ere alde nabarmenagoak egotea eragiten du, gaixotasun kronikoak edo heriotza goiztiarrak, besteak beste.

Osasun Sailetik mezu bat zabaldu nahi da: “erretzeari uztea ez da erraza, baina lor daiteke” eta erretzen duenarentzat “bere osasuna hobetzeko egin dezakeen gauzarik garrantzitsuenetarikoa da”.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa