(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Tuterako Nekazaritzako Elikagaien hiriak lehen aldiz irabaziak lortu ditu, eta aurten 2 M €-ko inbertsioa egingo du nabeak eta zerbitzuak handitzeko osteguna, 2018.eko apirilak 5


Erriberako enpresa-plataformak hamar urte bete ditu, eta izandako emaitza ekonomikoak eta zorra osotasunean amortizatu izanak, kudeaketa-eredu berria bermatzeaz gain, funts propioekin beste inbertsio batzuk egiteko aukera ematen dute  


Aurkezpenaren une bat. Ezkerretik eskuinera: López Córdoba, Ciriza, Elizalde kontseilaria, Aierdi eta Ríos. ( irudia handitu )

Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiriak (TNEH) azken ekitaldia ixteko izandako emaitza ekonomikoak Nafarroako Erriberako enpresa-plataformaren hazkunde-hasiera berretsi du, galera handiei eta azken bost urtetatik hona zuen zorrari aurre egin ahal izateko landutako kudeaketa-eredua bermatzearekin batera.

Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria den Isabel Elizalde; nekazaritzako elikagaien enpresa-parkeko kudeatzailea, José Mª Aierdi; TNEHko Bernardo Ciriza eta Adalberto Ríos kontseilariak; eta Tuterako Udaleko Lurralde Antolamenduko zinegotzia, Daniel López Córdoba, gaur agertu dira sozietate publiko honen egoitzan, argazki ekonomikoa aurkezteko eta inbertsio berriak iragartzeko.

Izan ere, Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiria aurten hasi da emaitzen kontuan irabaziak lortzen lehendabiziko aldiz bere historian, eta finantza-kaudimen honi esker, duela ia bi urte 30 milioi eurokoa zen zorra eta duela lau urte 50 milioitik gorakoa zena zerora ekartzeaz gain, 2018. urtean 2 milioi eurotik gorako inbertsioak egin ahal izango ditu zerbitzuak hobetzeko eta nabeak handitzeko. Lehen bost ezarpenetarako proiektua eta obra-zuzendaritza lizitazio publikora atera berriak dira duela bi aste, Nafarroako Gobernuaren kontratazio-atarian.

Emaitzen kontua 140.000 eurorekin zenbaki beltzetan

TNEHko Administrazio Kontseiluak martxoaren 22ko bilkuran 2017ko emaitza ekonomikoaren amaiera ezagutu eta aztertu zuen. Horrela, Kontseiluak berretsi du zenbatekoak azken hiruhilekoan espero ziren aurreikuspenen oso gainekoak izan direla, eta Erriberako enpresa-parkeak 144.490 euroko irabazia lortu duela galeren eta irabazien kontuan; beraz, historian lehendabiziko aldiz, zenbaki beltzetan jarri dira, hain justu atzo bertan hamar urteko ibilbidea bete zuenean.

TNEHko kontuetan, 3,1 milioi euroko galera zegoen 2013. urtean, 2,5 milioi eurokoa hurrengo urtean eta 2,4 milioikoa 2015ean. Baina gorakada nabaria izan dute azken bi urte hauetan, 2016an zenbaki gorriak 1,2 milioiraino jaitsi baitziren, ekitaldi honetan balantza berdintzeaz gain, irabaziak lortzera ere iritsi arte.

Zorraren kudeaketari dagokionean —duela ia lau urte 53 milioi eurokoa zen—, Nekazaritzako Elikagaien Hiriak erabat amortizatzea lortu du. 2017an lortutako emaitza ekonomiko onei gehitu behar zaie Nafarroako Gobernuak Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoaren (NEKP) bidez egindako 19,4 milioi euroko ekarpena, kontuak onbideratzeko eta zorra azkarrago amortizatzeko. Hortaz, TNEHk, orain, inbertsio berriak egin ahal izango ditu funts propioekin, berriro ere zorpetzeko beharrik gabe.

Produkzio-ehunera eta lurraldera egokitutako kudeaketa-eredua

“TNEHren kudeaketa-eredua aldatu egin da; orain, gure produkzio-ehuneko eskaeran eta errealitate zehatzean, produkzio-inbertsioetan eta finkatutako kontuetan oinarritzen da, aurreko urteetako hirigintza-hedapen handien aurrean, eta horrek ikusarazi digu plataforma hau palanka garrantzitsua dela nekazaritzako elikagaien sektoreari bultzada berria emateko Erriberan”, Isabel Elizaldek, Nafarroako Gobernuko kontseilariak eta TNEHko Administrazio Kontseiluko lehendakariak, gaurko agerraldian nabarmendu duenez.

“TNEHk eskaintzen dituen zerbitzuak eta balio-katea modernizatzea, nekazaritzako elikagaien industria bizitzen ari den eraldaketa-prozesuarekin batera, eta Erriberako eskualdeko tokiko produkzio-ehunarekin ezarri dugun konplizitate estua, enpresen, toki-erakundeen edo prestakuntza-zentroen artean, parke hau izaten ari den zabalkuntza azaltzen duten beste faktore batzuk dira”, gehitu du kontseilariak.

Ildo horretan, Isabel Elizaldek ondorengoa azpimarratu du: “TNEHk jakin du nekazaritzako elikagaien sektorea oro har eskaintzen ari zaigun goren unea eta aukerak interpretatzen; sektorea estrategikoa da Nafarroako Erriberan kalitateko enplegua sortzeko eta, azken finean, eskualde horren dinamismorako, garapenerako eta bultzada berrirako palanka gisa”.

Nabeen okupazio osoa eta handituz doan eskaria

Bestalde, sozietateko kudeatzailea den José Mª Aierdik TNEHko Administrazio Kontseiluaren azken bilkurara eramandako kudeaketa-txostena azaldu du; esan du 2,3 milioi euroko EBITDA egon dela —2015ean 0,2 milioikoa zen—, baina batez ere azpimarratu du Erriberako nekazaritzako elikagaien parkea hedatu duen enpresa-jarduerak izandako gorakada. Ildo horretan, Aierdik nabarmendu du Nekazaritzako Elikagaien Hiria industria-nabe guztiak okupatzera iritsi dela aurten —duela bi urte %64—, eta saldutako partzelen azalera 11.426 metro karratukoa izan dela, aurreko ekitaldiko kopurua hirukoiztuaz.

TNEH azken urteetan ezarpen berrien igoera erregistratzen joan dela eta horretarako aukera ematen duten emaitza ekonomikoak kontuan hartuta, kudeatzaileak, halaber, iragarri du Nafarroako Gobernuaren kontratazio-atariak argitaratu berriak dituela Tuterako enpresa-plataforman beste bost nabe berri (guztira 2.500 metro karratuko azalera) handitzeko proiektuaren eta obra-zuzendaritzaren lizitaziorako pleguak. Esleipen-prozesuaren ondoren, obrak urtebete baino lehenago hastea aurreikusten da.

Nabeak eta industria-lurzoruaren azalera handitzeko lanetarako 1,2 milioi euroko inbertsioa jaso du Nekazaritzako Elikagaien Hiriak aurtengorako aurrekontuan; horiei beste 500.000 euro gehitu behar zaizkie azpiegiturak eta energia-eraginkortasuna hobetzeko eta beste 200.000 euro bestelako egokitzapen eta obretarako. Hortaz, TNEHren 2018ko inbertsioa guztira 2 milioi eurokoa izango da.

TNEHk pilatutako eskaera-poltsa eta nekazaritzako elikagaien sektoreko enpresa garrantzitsuek azken hilabeteetan egindako eskaintza-eskaerak kontuan hartuta, pentsa daiteke bost nabe berriak jada hartuta egongo direla amaitzen direnerako; horrela, beste fase batean etorkizuneko handitze-lanak aztertu beharko dira, inbertsioak enpresen eskaeraren eta jardueraren arabera egite aldera.

Zuntz optikoa eta Europara irekitzea

Aldi berean, Aierdik aurreratu du enpresa-parke osoan zuntz optikoa garatu eta telekomunikazioak hobetuko direla eta, horrez gain, produktuak Europako merkatuetako ibilbide nagusietara irekiko direla Bilboko Portuaren bidez, Tuterako plataforman zentro logistikoa baitu. Beraz, Nekazaritzako Elikagaien Hiriak bi erronka garrantzitsu horiei erantzuna emango die aurtengorako duen jarduera-planean.

TNEHk, egun, berrogeita hamar enpresa baino gehiago ditu, eta azken hilabeteetan Bimbo, Brotalia eta Haragiaren Profesionalak gehitu dira, sektoreko hiru etxe garrantzitsu. Enpresa horietako hogeita hamar bat 200.000 metro karratutik gorako lurzoru industrialeko nabeetan eta partzelatan ezarrita daude, eta beste 21 enpresak TNEHren Negozio Zentroan jarduera garatzen dute. Guztira, Nekazaritzako Elikagaien Hirian kokatutako enpresetan zuzeneko 400 enplegu baino gehiago daude.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa