(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

“Navarrorum” erakusketak Nafarroa zeharkatuko du urte osoan ostirala, 2018.eko apirilak 6


Hilaren 8a arte Erronkarin izanen da, eta geroztik beste zortzi herri bisitatu eta Oñatira ere iritsiko da


“Navarrorum. Euskararen gaineko dokumentu nafarren bi mila urteko ondarea” erakusketak Nafarroako zortzi herri bisitatuko ditu 2018an: Agoitz, Auritz, Erriberri, Viana, Baztan, Gares, Zangoza eta Altsasu. Une honetan, Erronkarin dago ikusgai, igandera arte. Era berean, Oñatira ere eramatea aurreikusi da, hango udalak eskatuta. Egutegia ez dago itxita, Nafarrako beste hainbat udalek erakusketa hartzeko interesa azaldu duten aldetik.

Euskararen “nafartasuna” da “Navarrorum. Euskararen gaineko dokumentu nafarren bi mila urteko ondarea” erakusketaren ardatz nagusia. Bertan, Nafarroari dagokion dokumentuak bildu dira, Nafarroan idatzitakoak zein nafarrek landutakoak. Aldi berean, komunitateak euskararen bilakaeran izan duen garrantzi berezia islatzen du. “Hemengoak dira, hain zuzen ere, Pirinioen hegoaldean euskaraz idatzitako lehen hitzak. Bai, historian barrena, euskara izan da Nafarroako esentzia kulturala eta Nafarroa izan da, Pirinioen bi aldeetan, euskararen mundua dinamizatu duen ardatza”, erakusketari buruzko informazioan azaldu denez. Erakusketa Nafarroako Errege Artxibo Nagusian izan da ikusgai irailaren 21etik 2018ko urtarrilaren bukaera arte.

Hauxe da Euskarabideak proposatutako behin-behineko egutegia:

- Erronkari: apirilaren 8a arte

- Agoitz: apirilaren 13tik maiatzaren 1era

- Auritz: maiatzaren 5etik 20ra

- Oñati (Gipuzkoa): maiatzaren 23tik ekainaren 3ra

- Erriberri: ekainaren 8tik ekainaren 24ra

- Viana: abuztuaren 17tik irailaren 9ra

- Baztan: urriaren 6tik 21era

- Gares: urriaren 23tik azaroaren 7ra

- Zangoza: azaroaren 10etik 25era

- Altsasu: abenduaren 1etik 23ra

Ibilbidea Iruñean izandako egonaldi arrakastatsuaren ondoren gauzatuko da, izan ere, Iruñean 6.000 bisitari baino gehiago erakarri zituen, eta horietarik % 10 Estatutik kanpokoak ziren, Korea eta Estatu Batuak bezalako herrialdetatik etorritakoak. Arrakastari erantzunez, erakusketa hilabete luzatu behar izan zen. Nabarmendu behar da, erakusketa osatzeko antolatu ziren hitzaldi guztiak jendez gainezka egon zirela.

Ekimenak oihartzun zabala lortu du komunikabideetan nahiz sare sozialetan, eta barnera nahiz kanpora begira izan duen aparteko zabalkundearen harira, erakusketako material guztia lau hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez) landu da.

Erakusketa proiektu ibiltari gisa diseinatu zen, lehenik Nafarroa osoa zehakatu eta gero Estatu frantziar eta espainiarreko beste erkidego edo eskualde batzuetara eramateko asmoz.

Obren katalogoa

Erakusketan ikusgai dauden dokumentu gehienak Nafarroako Errege Artxibo Nagusikoak eta Nafarroako Gobernuaren menpeko beste zentro dokumental batzuetakoak dira –Nafarroako Museoa eta Nafarroako Liburutegi Nagusia, kasu–, baita Kaputxinoen Liburutegia, Nafarroako Unibertsitateko Liburutegia, Iruñeko Katedraleko Artxiboa, Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboa, Gaiarre Museo-Etxea, Nafarroako Kutxa Fundazioa eta Iruñeko Udal Artxiboa bezalako komunitateko beste erakunde batzuetatik ekarritakoak. Era berean, Madril, Santiago de Compostela, Bilbo, Paris (Frantzia), Oxford (Erresuma Batua), Chicago (USA) eta Tombouctou (Mali) hirietako artxiboetatik ekarritako piezak ere ikus daitezke.

Erakusketak euskarari buruzko azalpen historikoa eskaini nahi du hizkuntzaren egungo egoera dagokion testuinguruan kokatzeko. Helburua, oroz gain, hizkuntzaren balio kulturala nabarmentzea da. Horren harira, Navarrorum euskarari ondare kultura gisa egindako aitorpen publikoa da, hizkuntza zaindu eta sustatzeak duen garrantzia azpimarratuz.

Erakusketa Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak antolatu du Euskarabidearen lankidetzaz, eta azken hau ikusentzunezko edukiak lantzeaz arduratu da, material dokumentalak erakusketatik haratago iraun dezan. Honela, arreta berezia egin zaio Nafarroako ondare kulturala zabaltzeari, horixe baita Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren eginkizun nagusietakoa.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa