Castellano | Euskara | Français | English
Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa: navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.
Ikusi egun honetako albiste gehiago
NOGeko profesionalek fibrilazio aurikularreko proba prebentiboak egingo dituzte asteazkenean Baluarten, telefono mugikorrerako aplikazio baten laguntzaz
NOGeko Bihotzaren Ataleko eta Neurologia Zerbitzuko profesionalak.
(
irudia handitu
)
Nafarroan gertatzen diren hamar iktusetik bi fibrilazio aurikularrak eragindakoak dira, baina erritmo kardiakoaren arazo hori, ohikoena izateaz gain, aisa asko kontrola daiteke medikuaren jarraipenaz eta nork bere burua zainduz.
Herritarrak arritmia hori garaiz detektatu eta tratatzeak duen garrantziaz kontzientziarazteko asmoz, Nafarroako Ospitaleguneko (NOG) Bihotzaren Ataleko eta Neurologia Zerbitzuko profesionalek informazio saioa egingo dute heldu den asteazkenean, apirilak 11, Baluarte Biltzar Jauregiko Luneta Aretoan, prebentzio arloko gomendioak emateko eta fibrilazio aurikularreko proba prebentiboak egiteko, elektrokardiogramak egitea ahalbidetzen duen telefono mugikorrerako aplikazio baten bitartez. Jardunaldia Euskal Herriko Kardiologia Elkartearen (EHKE) eta Bihotzaren Espainiako Fundazioaren (FEC) laguntzaz sustatutako kanpainaren barruan antolatu da, iktusaren eragile nagusietakotzat jotzen den fibrilazio aurikularraren kasuak detektatzeko asmoz.
NOGeko Ospitalizazio eta Larrialdi Prozesuetako Asistentzia arloko zuzendariorde Tomás Belzuneguik aurkeztu du gaur, “Iktusa izateko hautagaia zara? Fibrilazio aurikularra garaiz antzemateak bizitza salbatu ahal dizu” izenburupean, asteazkenean Baluarten 15:00etatik 19:00etara egingo den prebentzio-saioa. Aurkezpenean, harekin izan dira Fernando Olaz Preciado, Nafarroako Bihotzaren Gune Klinikoko zuzendaria; Virginia Álvarez Asiain, NOGeko Kardiologia Ataleko burua eta EHKEko lehendakaria; Nuria Basterra Sola, NOGeko Unitate Koronarioko burua; eta Roberto Muñoz Arrondo, Iktus Unitateko neurologoa.
Adierazi dutenez, fibrilazio aurikularra bihotzaren taupada irregularra duen arritmia kardiakoa da. Hauxe da erritmo kardiakoaren arazorik ohikoena, funtsezko morbilitateari eta hilkortasunari lotutakoa. Hainbat faktorek eragiten dute, baina ohikoenak adina, aurrekari familiarrak, hipertentsio arteriala, arterioesklerosia, tabakoaren kontsumoa, odoletan gantz-maila altuak izatea eta mellitus diabetesa dira, beste hainbat eritasun neuroendokrinorekin batera.
Mugikorrarekin egindako erakustaldi praktikoa.
(
irudia handitu
)
Arritmia honen ondorioz, tronbo txikiak sor daitezke bihotzaren barrunbeetan (ezkerreko aurikulan), eta zirkulazio-sisteman barneratuz, tronbo horiek garuneko infartua (iktusa) eragin dezakete garuneko arterietara iristen direnean. Hori dela eta, tratamendu egokia jartzeko diagnostiko zuzena egitea garrantzi handikoa da garuneko infartuak eta bestelako arazo enbolikoak prebenitzeko.
Telefono mugikorrerako aplikazio batean ikusteko moduko elektrokardiograma
Gaurko aurkezpenean parte hartu duten medikuek eta Erizaintzako profesionalek, EHKEk FECen, Daiichi-Sankyo laborategien eta NOGeko Iktus eta Arritmien Unitateen laguntzaz sustatutako saio horretan egingo dituzten neurketen erakustaldia egin dute.
Saioan egingo duten doako proban, erritmo kardiakoa neurtuko dute txartel baten tamaina duen gailu baten laguntzaz, hatzamarrak gainean jarriz bihotz-taupada antzemateko. Hortik ateratzen den elektrokardiograma telefono mugikorrerako aplikazio batean ikus daiteke, eta bertan, lortutako emaitza inprimatu edota pazientearen datuak nahiz osasun-egoerari buruzko datuak edota arazo kardiakoei lotutako balizko sintomak ere sar daitezke.
Proba honen bitartez fibrilazio aurikularra diagnostikatzen zaien pertsonei dagokien Lehen Mailako osasun-zentrora joateko gomendioa emanen zaie, sakoneko azterketa egin eta hainbat mailatan (puntuala, errepikakorra edo iraunkorra) ager daitekeen arazo horri aurre egiteko modurik egokiena baloratu ahal izateko. Arazo hau abordatzeko orduan, ohiturak hobetu eta nork bere burua zaintzeko neurriak hartzea gomendatu ohi zaie pazienteei, eta zenbait kasutan, tratamendu farmakologikoa edo esku-hartze inbasiboa ere plantea daiteke erritmo kardiakoa normaltzeko (deskarga elektrikoaren bidezko kardiobertsioa, ablazio perkutaneoa edo ablazio kirurgikoa).
Jardunaldia osasun-zentroetan, kontsultategi espezializatuetan nahiz ospitalizazio-solairuetan banatutako kartel eta informazio-orrien bitartez zabaldu da azken egunotan. Probak egingo dituzten taldeek informazioa eta diagnostikoa emateko lau postu izanen dituzte interesatuta dauden pertsona guztiei arreta egiteko.
Kaltetutakoen % 10, diagnostikatu gabe
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren datuen arabera, fibrilazio aurikularrak urtean Foru Komunitatean gertatzen diren lehendabiziko 1.100-1.200 iktusen % 20 eragiten du.
Kalkulatu denez, 2010ean, Europan 8,8 milioi pertsonak jasan zuten fibrilazio aurikularra, eta datozen 50 urteotan kopuru hori bikoiztuko dela aurreikusi da. Arritmia mota hau duten pertsonek istripu kardiobaskularra izateko 3-5 aldiz arrisku handiagoa dute.
OFRECE ikerketaren arabera, fibrilazio aurikularrak Espainiako biztanleriaren % 4,4ri eragiten dio, hau da, 40 urte baino gehiago dituzten 1.025.000 espainiarrek arritmia mota hau dute. Sintomarik eza da arazo honen ezaugarri nagusia. Hartara, eritasuna dutenen % 10 diagnostikatu gabe eta tratamendu egokirik gabe daude oraindik, eta ondorioz, istripu zerebrobaskularra izateko arrisku handiagoa dute. Urtean, 134.000 iktus berri baino gehiago diagnostikatzen dira, eta horien % 20 fibrilazio aurikularrak eragindako iktusak dira, Espainiako Kardiologia Elkartearen (SEC) datuen arabera. Honek bi patologien artean dagoen lotura estua frogatu eta herritarrak sintomen detekzioaz sentsibilizatzeko beharra nabarmentzen du.
Iktus Kodea
NOGeko Iktus Unitatean mila paziente inguru artatzen dira urtero. Osasunbideak arreta integrala eskaintzen die pertsona horiei, Iktus Kodeari dagokion hasierako esku-hartzea, Iktus Unitateko zainketak nahiz paziente hauei eskaini ohi zaien errehabilitazio trinkoa bezalako protokoloen bitartez, fisioterapia, terapia okupazionala, logopedia, egoera kognitibo-emozionalaren balorazioa eta egoera sozialaren azterketa barne hartuta. Berrikitan Iktus Kodeari gaineratu zaizkion berritasunen artean, TAC Kodea nabarmen daiteke –paziente hauek behar duten tratamendua miaketa-gelan bertan aplikatu eta itxaronaldiak murrizten dituena–, edota teleiktusa deritzona, Tuterako "Reina Sofía" ospitaleko larrialdietako zerbitzua NOGeko Neurologiarekin konektatu eta baterako esku-hartzea egitea ahalbidetzen duena.
Iktusa dugu biztanleria osoaren heriotzaren bigarren kausa, eta desgaitasun iraunkorra eragiten duen kausa nagusia. Kasuen % 40 inguruk ohiko jarduerak egitea eragozten dituzten sekuelak sorrarazten ditu (gorputzaren alde bat mugitzeko, orekari eusteko nahiz hitz egiteko, pentsatzeko edo sentitzeko zailtasunak). Arrisku-faktoreen zuzenketa eta tratamendu egokiak kasuen % 80 ere saihesten lagun dezake.
Hauexek dira eritasuna prebenitzeko gomendio nagusiak: gantza eta gatz gutxiko dieta aberatsa eta osasungarria egitea, ariketa fisiko moderatua, pisua, tentsio arteriala, kolesterola eta glozemia kontrolatzea, ez erretzea, alkohola neurriz kontsumitzea eta taupada gogorrak sentituz gero medikuarenenera joatea.
Hauexek dira gure inguruko norbaiti iktus bat gertatzen ari zaiola iradokitzen duten sintometako batzuk: bat-batean, gorputz-atal baten guztizko nahiz zatikako paralisia edo inurritzea, ikusmenaren guztizko edo zatikako galera, mintzatzeko edo ulertzeko zailtasunak, edota bat-bateko buruko min zorrotz-zorrotza. Sintoma hauek aurrean, une bakar bateko sintomak izanda ere, garrantzi handikoa da lehenbailehen Larrialdietara joatea.
Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen