(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

5.800 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten 2017an Nafarroako Gobernuaren plan, proiektu eta arauen zirriborroei buruzko eztabaidetan asteazkena, 2018.eko apirilak 11


Exekutiboak gaur eman du ezagutzera Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuak landutako herritarren partaidetzari buruzko memoria


Guztira, 5.818 pertsonak parte hartu zuten 2017. urtean Nafarroako Gobernuak herritarren partaidetzara bideratutako plan, proiektu eta arauen zirriborroei buruzko eztabaidetan. Guztira, 21 prozesu abiarazi ziren, eta horietatik 19 bukatu ziren 2017an bertan. Prozesu horietan, 1.215 proposamen jaso ziren, eta horietarik 874 onartu (% 71,93) eta gainerako 341 proposamenak (% 28,07) hainbat zioren ondorioz baztertu ziren.

Halako datuak ageri dira, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo Hualdek Gobernuari gaur aurkeztu dion "Partaidetzaren Egoera Nafarroan. 2017ko Ekintzen Memoria" delako dokumentuan.

2017en garatutako parte-hartze prozesu horiek guztiak Gardentasun eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legeari atxikitakoak dira. Prozesu gehienak (% 76,5) kalitate handikoak izan ziren, hau da, informazioaz eta kontsultaz gain, deliberazio publikoa ere barne hartu zuten, eta prozesuen % 23,5 kalitate ertainekoak izan ziren, legeak eskatutakoaz gaindiko informazio eta kontsulta ekintzak barne hartu baitzituzten.

Organo Kolegiatuei dagokienez, memorian jaso denez, 86 bilera antolatu ziren guztira, deituta zeuden 1.905 pertsonetatik 1.379k parte hartu zutelarik, hots, % 72,39ko parte-hartze globalaz. Bileretan izandako parte-hartzaileen batez besteko kopurua % 72,73koa izan zen. Egindako 86 bilera horien artean, % 60,47 kontsultarako bilerak izan ziren, % 20,93 deliberaziokoak eta % 18,60 informazio-bilerak. Guztira, 310 proposamen aurkeztu ziren, eta horietatik 272 onartu ziren (% 87,74), 33 baztertu (% 10,65) eta 5 ebazpenaren zain daude (% 1,61).

Borondatezko partaidetza-ekimenak

Horrez gain, Nafarroako Gobernuak 11/2012 Foru Legeak eskatutakoaz gaindiko beste parte-hartze ekimen batzuk bultzatu zituen. Horrela, Garapen Ekonomikoko Departamentuak Iruñetik igaroko den Zaragoza-Euskal “Y” trenbide-korridoreari buruzko eztabaida soziala antolatu zuen, lurralde mailako 5 bilerarekin eta 160 parte-hartzailerekin.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak, aldiz, informazio bilera bat eta bi lan-talde eratu zituen 2016-2019ko Ebroko Foroaren barnean, uraren eta ibaien kudeaketa iraunkorra lortzeko eta, horren bitartez, ibai-esparruak hobetu eta uholde-arriskuak gutxitzeko asmoz, eta ekitaldi horietan Ebro ibaiarekin zerikusia duten hainbat eragilek parte hartu zuten. Guztira 81 pertsonak parte hartu zuten eta 26 proposamen aurkeztu ziren.

Iaz, Osasun Departamentuak Osasunari buruzko Foroa zabaldu eta bi lan-esparru berri sortu zituen: Adinekoen Eskola eta Gurasoen Eskola. Bi eskola hauek, 2015ean sortutako Pazienteen Eskolarekin batera, hainbat tailer eskaintzen dizkiete hainbat herritarri nahiz biztanle-talderi, hauen osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko xedez.

Eskubide Sozialen Departamentuko Herritarren Arreta eta Partaidetzarako Zerbitzuak Nafarroako adinekoen partaidetza eta elkartegintzari buruzko gogoeta-prozesua abiarazi zuen 3 jardunalditan banatuta, baita lurralde mailako saioak ere (5-6na bileratako 2 txanda), 120 adinekoen elkarte eta kluben ordezkarien parte-hartzeaz.

Azkenik, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak parte-hartze bidezko Aurrekontuen esperientzia sustatu zuen 718 pertsonaren partaidetzaz, eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuak “Demografia, Ekonomia eta Gizartea” deritzon Eztabaida Publikoa antolatu zuen, 72 pertsona erakarri zituelarik.

Parte-hartze proiektuen kudeaketara bideratutako aurrekontua 247.187,22 eurokoa izan da, honela banakatuta: Planak: 176.222,23€, Arauak: 15.800€, Bestelako ekimenak: 55.164,99€

Bestelako ekintzak

Gainera, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Herritarren Arreta eta Partaidetzarako Zerbitzuaren bitartez, prozesuak, erakundeen arteko lankidetza, zabalkundea eta prestakuntza hobetzeko ekintzak garatu ziren. 2017an, Gobernuko Organo Kolegiatuek herritarren parte-hartzeari buruzko ebaluazioan identifikatu zituzten neurriak ezarri ziren, departamentuek antolatutako parte-hartze prozesuak diseinatu eta kudeatzeko gida teknikoa landu zen, herritarren parte-hartzearen arloko Ezagutzaren Kudeatzailea sortu zen eta funtzionariei zuzendutako parte-hartze arloko lehendabiziko prestakuntza-programa abiarazi zen.

Bestetik, Nafarroako Partaidetza Demokratikoari buruzko Foru Legearen zirriborroa lantzeko parte-hartze prozesua hasi eta Herritarren Partaidetzarako Sare Autonomikoaren IV. Biltzarra antolatu zen Iruñean.

Era berean, Toki Erakundeen parte-hartzea sustatzeko NUKFekin 2016an sinatutako Lankidetza-Hitzarmena garatzen jarraitu da, ondokoak bezalako ekintzak tarteko: Parte-hartze bidezko Aurrekontuei buruzko Lantaldea; Herritarren Partaidetzarako Udal Planak lantzeko eta parte-hartze prozesuak, parte-hartze bidezko aurrekontuak eta hirigintza arloko partaidetza kudeatzeko gida teknikoen elaborazioa; herritarren partaidetzarako udal plana lantzeko esperientzia pilotua Zizur Nagusiko Udalean; askotariko aholkularitzak, besteak beste, Iruñerriko Mugikortasun Iraunkorreko Planari buruzko parte-hartze prozesuari dagokiona; eta jardunaldi eta mintegi teknikoak.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa