(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Barkos Lehendakariak nabarmendu duenez, egonkortasun instituzionala Nafarroa “oparoagoa, solidarioagoa, pluralagoa eta lehiakorragoa” eraikitzen laguntzen ari da asteartea, 2018.eko apirilak 24


Barkosek herritarren arazoak konpontzen eta era kolektiboan aurrera egiten laguntzen digun egiazko tresnatzat aldarrikatu du politika


Europa Foruma

Barkos Lehendakaria, Europa Forumean bildutakoen aurrean hizketan. ( irudia handitu )

Nafarroako Lehendakari Uxue Barkosek nabarmendu duenez, Foru Komunitatean “epealdirik egonkorrena zabaldu da krisia hasi zenetik”, eta hori, haren iritziz, “Nafarroa oparoagoa, solidarioagoa, pluralagoa eta lehiakorragoa eraikitzen laguntzen ari da”. Barkosen esanetan, Nafarroan nagusitu den egonkortasun politikoa “negoziazioa, elkarrizketa eta adostasunera iristeko gaitasuna” tarteko dituen lan “nekosoaren” ondorioa baizik ez da. Hori dela eta, Barkosek Nafarroak 2015ean irekitako “garai politiko berriaren” garrantzia nabarmendu du, “egun foru Gobernuari eusten dioten lau indar politikoek asmo handiko programa-akordioa adostu eta Nafarroako gizarteari garapen handiagoa ekarri dioten politika sozialagoak eta barneratzaileagoak egiteko gai zirela frogatu zutenean”.

Hori dela eta, Nafarroako Lehendakariak “letra larriz idatzitako politika” aldarrikatu du, “arazoak konpontzen, era kolektiboan aurrera egiten eta, batez ere, aniztasunean eta pluraltasunean oinarritutako bizikidetza sustatuko duen gizartea eraikitzen lagunduko digun funtsezko tresna bezala”.

Honela mintzatu da Barkos gaur goizean Madrilen Nueva Economía Forumek antolatutako hitzaldian, eta bertaratutakoen aurrean azpimarratu duenez, egonkortasun politiko horren emaitza dugu Nafarroa “hiru Aurrekontu Nagusi denboraz eta eraz” onartu izana. “Horrek gizarte-kohesioari dagokion inbertsioa handitzeko aukera eman digu, betiere osasuna, hezkuntza eta mendekotasuna ardatz harturik”, adierazi du. Aurrekontu horiei atxikita, halaber, XXI. mendeko Nafarroaren zabalkuntzarako plataformatzat jo dira, haren esanetan, “kulturaren aldeko apustua, garapen ekonomikoaren ardatz izango den I+G+b-aren aldeko apustua eta lurralde-egituraketaren aldeko apustua”.


Europa Foruma

Barkos Lehendakariak 2015ean Nafarroan irekitako “garai politiko berriaren” garrantzia nabarmendu du. ( irudia handitu )

Era berean, Barkosek azpimarratu duenez, Nafarroako Gobernuak landutako aurrekontu-politikak 2015ean Exekutibora iritsi zenean “arras akiturik” zeuden foru diru-kutxak oneratzea ahalbidetu du, eta horren harira gogoratu du, berrikitan, Foru Komunitatea erkidegorik kaudimendunena bilakatu dela, Standard and Poor`s erakundeak Nafarroaren kreditu-kalifikazio A kategoriatik A+ kategoriara aldatu duelarik.

Era berean, Barkos Lehendakaria ziurtatu du Nafarroan nagusitu den egonkortasun ekonomiko eta politikoa “giltzarrizkoa dela adierazle sozioekonomikoak hobetzeko”, eta horien artean nabarmendu du Nafarroako ekonomiak 2017an izandako % 3,2ko hazkundea, Estatukoa baino hamarren bat handiagoa, baita eta biztanleko BPGd-a ere, Europako batez bestekoaren gainetik kokatu baita, % 114 gorago alegia. “Enpleguari dagokionez –gaineratu du–, Nafarroak % 9,63ko langabezia-tasarekin itxi du 2017a, hots, 2008aren bukaeraz geroztik izan duen tasarik txikienarekin, Foru Komunitatea langabezia-indizerik txikieneko lurralde bihurtu delarik”. Hala ere, Barkosek argi utzi du foru Gobernuaren lehentasuna “enplegu gehiago eta kalitate handiagokoa sortzea dela, bizi-baldintzak bermatu eta etorkizuneko proiektua eraiki ahal izateko”.

Halaber, Barkosek arreta berezia jarri dio Nafarroako Gobernuak berrikuntza alde egin duen apustuari, “ongizatea areagotu, bizi-kalitatea hobetu eta gizartearen erronka handiei sormenezko irtenbideak bilatzen dizkion neurrian”. Ildo horretan, Barkosek, Nafarroako Gobernuak onartu berri duen Lehenengo Zientzia eta Teknologia Plana nabarmendu du, baita berrikuntza bultzatzeko xedez, Exekutiboa aurten esleituz joango den 39 milioi euroko aurrekontu-saila ere, “2015ekoa baino % 85 handiagoa”.

Bestalde, Nafarroako Lehendakariak adierazi du “gizarte arloan abiarazitako asmo handiko politikek ez diotela zertan kontra egin kaudimen ekonomikoari”, eta horren harira, berariaz nabarmendu ditu “asmo handiz egituratu dugun Errenta Bermatua bezalako tresna bat izateak duen garrantzia” eta a Nafarroako Gobernuak osasun arloko aurrekontuari eragin dion igoera. “Aurten, osasun arloko gastua 1.648 eurokoa izanen da biztanle bakoitzeko, 2015ekoa baino ia 200 euro handiagoa”, azaldu du.

Era berean, Barkosek, Nafarroako Gobernuak pentsioetan emandako aurrerapausoak azpimarratu ditu. “Nafarroak bikoitu du, alde handiz bikoiztu ere, 2017ko LGSarekin parekatutako pentsioak dituzten pertsonen kopurua, alarguntza-pentsioak barne harturik”. Hartara, Nafarroako Lehendakaria k adierazi du, “pentsio guztiak LGSarekin parekatzeko foru legeari esker, 23.000 pertsona osagarri horretaz profita daitezke gaur egun”.

Fiskalitate arduratsua

Barkos Lehendakariaren hitzetan, “kalitateko zerbitzu publikoak bermatzeko eta krisian egindako murrizketen aurreko egoerara itzultzeko, nahitaezkoa dela aurrekontuaren diseinua lantzea, baina oroz gain, horri eutsiko dion politika fiskal egokia egitea”. Hortaz, Barkosek, Nafarroako Gobernuak progresibitatearen gainean oinarrituta bultzatu duen eredu fiskala defendatu du, “gizarte-elkartasunaren eta erantzukizunaren aldekoa baita”. Hori dela eta, Nafarroako Lehendakariaren esanetan, “ezin da onartu zergen jaitsiera orokorrak eta gastuaren igoerak aldi berean iragartzea, herritarran engainatzea baita”.

Autogobernua

Halaber, Barkos Lehendakariak foru-erregimenari eta eskubide historikoei egin ohi zaizkien erasoak errefusatu ditu. “Onartezina da gobernatzeko asmoan dabilena eskubide historikoak asmakaritzat eta Hitzarmen Ekonomikoa pribilegiotzat jotzea”, salatu du Barkosek, era horretako erasoek “Estatuko errealitate instituzionalari buruzko erabateko ezagutzarik eza eta Foru Komunitatearekiko eta gure historiarekiko erabateko errespeturik eza” islatzen dituztela gaineratu du. Horren aurrean argi utzi du, “gure autogobernuaren aurka egin nahi dutenek foru-erregimenaren eta Nafarroaren nahiz nafarren interesen defentsan irmotasun osoz diharduen Gobernuarekin topo egingo duela”.

Europa

Bestalde, Barkosek, Nafarroak europar testuinguruan izan beharko lukeen protagonismoa aldarrikatuz, Nafarroako Gobernuak norabide horretan abiarazitako zenbait ekintza zehaztu ditu. Horrela, Nafarroako Lehendakariak garrantzitsutzat jo ditu Akitania Berria-Euskadi Nafarroa Euroeskualdeari atxikitako sinergia guztiak sustatzea, Bruselan berriz ere egoitza propioa izatea, Europako Lehen Ekintza-Plana eta Iruña/Frankfurt aire bidezko konexioaren hasiera, Nafarroako hiriburua maila globaleko eragiketa-gunerik garrantzitsuenetako batekin lotuko duena.

Bizikidetza

Jendaurreko agerraldian, Barkos Lehendakariak, bizikidetzaren arloan Nafarroako Gobernuak hartutako “konpromiso sendoak” gogoratu ditu, Gobernuak memoriaren, biktimen nahiz Giza-Eskubideen esparruetan bultzaturiko politika publikoak nabarmenduz.

Horrela, Barkosek balorazio positiboa egin du Nafarroako Gobernuak gai hauetan egindako lanaz, eta gogoratu duenez, “familia askok 80 urte zeramatzaten zain, Gobernuak 1936ko kolpe militarrari atxikitako indarkeriaren biktimen aitorpen ofiziala egingo ote zuen”.

Era berean, Barkos Lehendakariak, Nafarroako Gobernuak terrorismoaren biktimen alde harturiko konpromisoa gogoratu du. “Konpromiso hori bat dator gizarte demokratiko guztiok indarkeriaren bidegabekeria pairatu dutenen memoria lantzeko dugun betebeharrarekin”, adierazi du. Hartara, Barkosek nabarmendu du “lehendabiziko aldiz, biktimei zuzendutako arreta-bulegoa, arreta indibidualizatuko programa eta Bake eta Bizikidetzaren arloko dirulaguntza-deialdia ditugula”.

Ekonomia eta gizarte eredu berria

Azkenik, Barkos Lehendakariak gizarteak haren ustez gainditu beharreko zenbait erronka aipatu ditu; besteak beste, “politika ekonomikoen noranzkoa aldatzea, ingurumena eta zerbitzu publikoak iraunkorrak izan daitezen”, izan ere, Barkoxen esanetan, batak zein besteak “ongizatea eta justizia soziala ematen dioten gure herritarrei”.

Horren harira, Barkos kezkatuta azaldu da klima aldaketari atxikitako efektuen aurrean, eta adierazi duenez, “helburua ez da jada egindako kaltea geldiaraztea, baizik eta ingurumena birsortzera behartuta gaude”.

Nafarroako Lehendakariak “ekonomia birsortzaileko neurriak” abian jartzea proposatu du, “horrek elikaduran, osasunean, hezkuntzan, lanean eta errentan, energian nahiz etxebizitzan dakartzan sakoneko berrantolaketa guzti-guztiekin”. Adierazi duenez, horrelako neurriek genero-berdintasunari nahiz gizarte-zuzentasunari buruzko planteamendu erradikalak eragin behar dituzte”. Hori dela eta, Nafarroako Lehendakariak “ekonomia eta gizarte eredu berri bati ekitearen” aldeko apustua defendatu du. “Desberdinen arteko kontsentsua, negoziazioa eta akordioa inoiz baino nahitaezkoagoak dira aipatu dizkizuedan politika birsortzaile horiek aurrera atera ahal izateko”, esan du bukatzeko.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa