(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Lizarrako Erdi Aroko Ikerlanen Nazioarteko Asteak juduek Erdi Aroko mendebaldean izan zuten garrantzia aztertuko du uztailaren 17tik 20ra bitartean osteguna, 2018.eko apirilak 26


Estatu Batuak, Suitza, Alemania, Frantzia eta Espainiako mediebalistek parte hartuko dute nazioarteko izaera finkatu duen Astearen 45. edizioan


Estatu Batuak, Suitza, Alemania, Frantzia eta Espainiatik etorritako ospe handiko mediebalistek parte hartuko dute Lizarran, uztailaren 17tik 20ra bitartean, “Erdi Aroko mendebaldeko aurpegi juduak” izenburupean antolatuko den Erdi Aroko Ikerlanen Nazioarteko Astean.

Aurtengo edizioak, Ega ibaiko hiria buru duen “Sefaradeko Bideak” Espainiako Judutegien Sareak Lizarran ikasturte osoan antolatutako ekitaldiekin bat eginen du. Nafarroako Erdi Aroko judutegien arteko lotura oso-oso estua izan zen. Horren harira, Lizarrakoa hirugarren komunitaterik garrantzitsuena izan zen, Tuterako eta Iruñeko aljamen atzetik.

Programa gaur goizean aurkeztu dute Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilari Ana Herrerak, Lizarrako alkate Koldo Leozek eta Astearen aurtengo edizioa koordinatzeaz arduratu den UPNAko Unibertsitate Proiekziorako eta Erakunde Harremanetarako errektoreorde Eloísa Ramírezek.

Jardunaldiak uztailaren 17an hasiko dira Jon Juaristi idazlearen eskutik, literatura hispanikoetan zeuden juduei buruzko estereotipoak aztertzeko, sefardien erbestealdiaren kontaketari buruzko historia eta memoria eguneratzeko ariketa gisa.

Inaugurazio-ekitaldiaz gerozko hitzaldietan, juduen komunitateak barneratzeko zein kanporatzeko erak eta beraien adierazpen materialak eta kulturalak aztertuko dira. Iberiar Penintsula eta Europako erdialdea, Mediterraneoarekin batera, aztergai bihurtuko dira, memoriaren topografia, ikonografia, komunitateen irudikapena edota literaturan eta gainerako adierazpen kulturalean izandako islari dagokienez.

Astea ostiralean bukatuko da, uztailak 20, itxiera-ekitaldiaren aurretik egingo den “Menahem ben Zerah, talmudista lizarratarra” izenburuko mahainguruarekin. Bertan, ospe handiko adituen eskutik, herritar askok orain arte ezagutzen ez zuten nazioarteko pertsonaia honen biografia, lana, meritu eta gorabeherei (1328ko progrom-aren inpaktua) buruzko hausnarketa egingo da.

Aldi berean, aste osoan zehar, ikertzaile eta doktoregai gazteek landutako komunikazioak aurkezteko saioak eginen dira, Astearen egitura berriari eusten dion funtsezko ardatzen arabera.

Hirugarren aldiz, gonbidapena luzatu zaie tesia horrelako gaiei buruz lantzen ari diren ikertzaile hasi berriei eta doktoregai gazteei. Honela, parekorik ez duen ingurunea eskaini nahi zaie, eztabaida zientifikorako nazioarteko foro bat alegia, esku artean darabiltzaten lanak ezagutzera emateko eta dagozkien esparruetako adituen laguntzaz aberasteko. Era berean, doktoregaien kasuan, Astean parte hartzeak doktoregoko jardueratzat jo ahalko da dagozkien unibertsitate-programetan.

Aurreko edizioetan bezalaxe, herritar guztiei irekitako tailerra eginen da hilaren 17ko arratsaldean Santa Maria Jus del Castillo elizan, Zalatanbor gaztelu zaharraren azpian, “Juduen historiarako dokumentuekin lanean” izenburupean, eta horren osagarri gisa, inguruko aztarna arkeologikoak bisitatuko dira. Nafarroako Errege Artxibo Nagusiarekin batera antolatuta, Nafarroako juduen pieza dokumentalik erakusgarrienak ezagutzera ematea du helburu.

Lizarrako Udalarekin batera, honako erakunde hauek parte hartuko dute aurtengo edizioan: “Donejakue Bidearen Lizarrako Lagunak” elkartea; Erdia Aroko Ikerlanen Espainiako Elkartea, Astea estatuan zein nazioartean zabaltzen laguntzen duena; Lizarrerriko Ikerketa-Gunea; eta “la Caixa” Gizarte-Ekintza, bertaratutakoen artean hainbat beka banatuko dituena.

Hauexek dira Astearen Batzorde Zientifikoa osatzen duten irakasleak: Eloísa Ramírez Vaquero (Nafarroako Unibertsitate Publikoa), 2018ko edizioko hizlari-koordinatzaile gisa ere jardungo duena; Julia Pavón Benito (Nafarroako Unibertsitatea); Pascual Martínez Sopena (Valladolideko Unibertsitatea); Véronique Lamazou-Duplan (Université de Pau et des Pays de l’Adour), eta Juan José Larrea Conde, Euskal Herriko Unibertsitatea.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa