(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak eta Nafarroako Euskal Pilota Federakuntzak Pilota Bultzatzeko Plana aurkeztu dute osteguna, 2018.eko maiatzak 31


Beste hainbat ekintzaren artean, pilota-eskolak sustatu eta emakume pilotariek lehiatzeko dituzten aukerak bultzatuko ditu


Pilota-eskolak kirol-jardunean trebatzen hasteko oinarritzat bultzatzea eta emakumeek kirol honetan duten parte-hartzea areagotzea dira Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilari Ana Herrerak gaur aurkeztu duen Nafarroako Euskal Pilota Bultzatzeko Planaren helburuetako batzuk.

Nafarroako Euskal Pilota Federakuntzaren lankidetzaz landutako plan honetan, halaber, hainbat ekintza aurreikusi dira zaletuen kategoriako gizon nahiz emakume pilotarien kirol maila hobetzeko, pilota Foru Komunitateko elementu kultural bezala zabaltzeko edota erremontea bezalako espezialitateak biziberritzeko.

Ana Herrerak, NKGIko zuzendari-kudeatzaile Rubén Goñi eta Nafarroako Pilota Federakuntzako lehendakari Miguel Ángel Pozueta aldean zituela, kirol honek Nafarroan XIV. mendearen hasieraz geroztik duen tradizio zabala nabarmendu du. Kirol honek duen atxikimendu eta zaletasun handiaren eredu dira Nafarroako ia herri guztietan zehar sakabanatutako 650etik gora pilota-lekuak, baita Foru Komunitateak maila profesionalean nahiz zaletuen kategorian izan dituen modalitate desberdinetako pilotari bikainak ere.

Hala ere, aurkezpenean argi geratu den bezalaxe, plan honen bitartez, erantzuna eman nahi zaie, beste hainbat joko eta kirol tradizionalekin batera, etorkizuna zalantzan duen kirol jardun honen beharrei, izan ere, gerora ere irauteko nahitaezkoa izanen da botere publikoek eta ekimen pribatuek esku hartzea.

Ekintzak

Planean bildutako neurriei dagokienez, lehenengoa pilota eskolak berreskuratzea izanen da horrelako ekipamendurik ez duten herrietan, eta irakaskuntza hobetzea egun dauden pilota-eskoletan, pertsonal kualifikatuak emandako aholkularitza teknikoaren bitartez. Gainera, prestakuntza-ekintzak abiaraziko dira eskola horien arduradunentzat.

Aurreikusitako bigarren ekintzaren helburua emakumeek pilotan duten parte-hartzea areagotzea izanen da, erreferenteak sortuz eta ikusgaitasun handiagoa emanez, pilotan dagoen desberdintasunezko etena gainditzeko xedez, NKGIren Kirola eta Emakumeari buruzko Planaren ildo bertsuan. Horretarako, emakume pilotariek lehiatzeko dituzten aukerak areagotzeko lan egingo da, emakumeei zuzendutako lehiaketen antolaketa babestuz edo lehiaketa ofizialetan duten parte-hartzea areagotuz; berariazko laguntzak deituko dira emakumeen pilota munduko jarduna errazteko, eta emakumeen ikusgaitasuna sustatuko da dibulgazio-tarteetan eta elkarrizketetan, sustapen-bideoak zabalduz eta emakumeak pilotari dituzten partidak emitituz.

Hirugarren ekintza-ildoa zaletuen kategoriako gizon nahiz emakume pilotarien kirol maila hobetzea izanen da. Hauexek dira horretarako abiatuko dire neurrietako batzuk: autonomia-erkidegoen arteko zein estatu mailako lehiaketa ofizialetan parte hartzeko laguntzak areagotzea, hautaketa-programa babestea kirol errendimenduari buruzko deialdien bitartez, pilotari lotutako eragileak tarteko dituen lan batzordea sortzea, edota Espainiako Pilota Federazioarekin lankidetzan jardutea kirol hautaketarako programak garatzeko.

Laugarren ildoaren helburua kirol maila bakoitzari egokitutako material eskuragarriagoa lortu eta egungo esparruak osatzea da, pilota-jarduna erraztu eta areagotzeko asmoz.

Azken bi ekintza-ildoak estu-estu lotuta daude kirol hau Nafarroako elementu kultural bezala biziberritzearekin eta hedapen murritzeneko espezialitateak iraunarazi eta ondorengo belaunaldiei igortzearekin; erremontea, adibidez. Lehenengo kasuan, aurreikusitako neurrien artean, honako hauek nabarmen daitezke: dibulgaziozko ekitaldiak antolatzea Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren, Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Euskal Pilota Federakuntzaren lankidetzaz, edota pilotari dagozkion mugaz gaindiko edo beste autonomia-erdkidego batzuekiko lankidetza-programak garatzea.

Azkenik, kirol honek dituen hedapen murritzeneko espezialitateen biziraupena bermatzeko, planak honako ekimenak bildu ditu: material didaktiko/historikoaren zabalkundea, joko-eremuen seinaleztapena, pilotaren ondare immaterialaren bilketa eta argitalpena edota erakusketa eta erakustaldien antolaketa.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa