(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Barkos Lehendariak arteari eta kulturari egindako ekarpena eskertu die Iruñeko Orfeoiari, Teresa Catalán konpositoreari eta Alfredo Sanzol antzerkigileari ostirala, 2018.eko ekainak 1


Berrikitan jaso dituzten Estatu mailako sarien karietara antolatutako aitoropenezko ekitaldiko buru izan da


Ezkerretik eskuinera, Alfredo Sanzol, Uxue Barkos, David Sánchez, Ainhoa Aznarez, Teresa Catalán, Carmen Alba eta Igor Ijurra. ( irudia handitu )

Uxue Barkos Nafarroako Lehendakaria buru, Nafarroako Gobernuak Iruñeko Orfeoiaren, Teresa Catalán Sánchez konpositorearen eta Alfredo Sanzol antzerkigilearen aitorpenezko ekitaldia antolatu du gaur, Foru Komunitateko arteari eta kulturari egin dioten ekarpena eskertzeko.

Hitzorduaren helburua berrikitan jaso dituzten Estatu mailako aintzespenengatik zoriontzea zen. Hartara, Iruñeko Orfeoiak Espainiako Gobernuak emandako Arte Ederretako Urrezko Domina jaso du; Teresa Catalánek, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak deitutako Musika Konposizioaren 2017ko Estatuko Saria, eta Alfredo Sanzolek ministerio berak deitutako Literatura Dramatikoaren 2017ko Estatuko Saria.

Ekitaldia gaur eguerdian izan da Tronu Aretoan. Bertan, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilari Ana Herrerak ere parte hartu du, Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznarez eta Gobernuaren Nafarroako ordezkari Carmen Alba tarteko zirela.

Omendutako erakundeak eta pertsonek Nafarroaren harmarria daraman intsignia bana jaso dute Barkos Lehendakariaren eskutik, eta ondoren, Nafarroako Urrezko Liburua sinatu dute. Iruñeko Orfeoiaren kasuan, aintzatespenak talde horretako lehendakariak eta zuzendariak hartu dituzte, Daniel Sánchez Riverosek eta Igor Ijurrak, hurrenez hurren. Hain zuzen ere, Orfeoia izan da ekitaldiko musika emanaldiko protagonista.

Agerraldiak

Uxue Barkosek hitz batzuk zuzendu dizkie bertaratutakoei, Nafarroaren aitorpena adieraziz eta arteari egindako ekarpena eskertuz. Horren harira, arteak “gizartea bultzatu eta eraikitzeko eta hainbat itxaropen biltzeko elementu gisa” duen garrantzia nabarmendu du.

Jarraian, omendutakoen kualitateak zehazteari ekin dio. Horrela, Teresa Catalánen kasuan, musika garaikidearen hartutako konpromisoa azpimarratu du, sortzaile gisa nahiz prestakuntza eta dibulgazioaren arloan, buru-belarri garatzen baititu bateko zein besteko zereginak.

Bestetik, Alfredo Sanzoli buruz, antzerkiarekiko askatasuna eta konpromisoa nabarmendu ditu, jarduera-esparru guzti-guztietan: gidoigintza, zuzendaritza, egokitzapena eta irakaskuntza. Horren harira, antzerkiko gizona dela esan du, hitzaren adierarik zabalenean, eta draman ez ezik komedian ere nabarmendu dela, genero honek dituen zailtasun guztien gainetik.

Azkenik, Iruñeko Orfeoia Europa osoko musika-erakunderik antzinakoenetakoa eta bizienetakoa dela esan du. 150 urtetik gorako ibilbidea egina du, beti aintzindari lanetan eta nazioarteko hainbat sari jaso dituelarik.

Bestalde, Herrera kontseilariak azaldu duenez, “bidezkoa da gizarteari eman diozuen guztia gizarteak zuei itzultzea esker oneko ekitaldi xume honen bidez, izan ere, ziur gaude guk guztiok ordezkatzen ditugun nafar gehienek ere halaxe sentitzen dutela”.

Nafarroako Urrezko Liburua sinatzea

Omendutakoek eskerrak eman dituzte ekitaldiagatik eta oroitzapenezko hitzak idatzi dituzte Nafarroako Urrezko Liburuan.

Horrela, Daniel Sánchez Riveros, Iruñeko Orfeoiko lehendakaria, pozik azaldu da “Arte Ederretako Urrezko Domina jaso ondoren iritsi zaigun esker onagatik. Gure herrian lagunak eta babesa dugula sentitzen dugu”.

Bestetik, Teresa Catalánen zera idatzi du: “Nafarroa da nire sustraia. Bultzada eta motibazioa izan da, eta izango da. Testigantza hau sinatzeko ohorea eskertzen dut”.

Azkenik, Alfredo Sanzolek argi utzi du “gizarte ona ez dela gatazkarik ez duena; hori gizarte irreala da. Gizarte ona da gatazkei lekua ematen eta maila guztietan egituratzen ikasi duena. Artea funtsezko tresna da helburu hori lortzeko”.

Omendutakoen ibilbideak

- Iruñeko Orfeoia

Iruñeko Orfeoia egungo abesbatza sinfonikorik garrantzitsuenetakoa eta ospetsuenetakoa da. 2010ean, Londresko Carnegie Hallen jardun zuen Espainiako lehendabiziko korua izan zen, Valéry Gergiev eta Mariinskyko orkestra aldean zituela. 2012an, Lincoln Centerren taularatu zen Frühbeck de Burgosekin batera, eta arrakasta handia lortu zuen, baita New York Times egunkariaren kritika ona ere. Londresko BBC Proms delakoan parte hartu duen Espainiako lehendabiziko korua ere izan da, Juanjo Menaren eskutik.

Horren harira, ekainaren 22 eta 23an, San Petersburgoko Gau Zurien Jaialdian parte hartuko duen Espainiako lehenengo musika taldea bihurtu da.

Hauexek dira han hemenka jaso dituen sarietako batzuk: Iruñeko eta Nafarroako Urrezko Domina, Vianako Printzea Saria, Alfontso X.a Jakintsuaren Domina edota Ministerioak ematen duen herri-onurako izendapena. Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina musika koralaren zabalkundean egindako mende eta erditik gorako ibilbidearen aitorpenez iritsi zaio.

Teresa Catalán

Teresa Catalán Sánchez (Iruña, 1951) Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorioan hasi zen musika ikasten, Fernando Remacha, Luis Morondo, Juan Eraso, Luis Taberna eta Pilar Bayona gisako ikasle handien eskutik. Agustín González Aciluren ikaslea ere izan da.

1985ean, Iruñeko Musikagileen Taldearen sortzailekidea izan zen. 1990ean, oposizio bidez lortu zuen Konposizio, Instrumentazio eta Forma Musikalen katedra, eta lanpostu horretan lan egiten du egun Madrilgo Musikaren Errege Goi Kontserbatorioan.

Bere konposizio-lana, musika post-tonalari atxikitakoa, instrumentala da nagusiki eta ganberako errepertorioa eta pianoa ditu ardatz, orkestrarako zein abesbatzarako lanak ere egin dituelarik.

Nafarroako Kultura Kontseiluko kidea eta Jakiundeko hautaturiko kidea da.

Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak eratutako Musika Konposizioaren 2017ko Estatuko Sariaren epaimahaiak “kantu lirikoa nahiz pieza sinfonikoak tarteko dituen lanen katalogo zabal eta anizkoitza” baloratu zuen golardoa ematerakoan.

Alfredo Sanzol

Alfredo Sanzolek (Madril, 1972) Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak sustatutako Literatura Dramatikoaren 2017ko Estatuko Saria eskuratu du “La respiración” antzezlanagatik. Epaimahaiak “tramaren egitura ireki bezain konpaktua” nabarmendu du, baita “dramatikoki eboluzionatu eta berritutako sentimentaltasun batean mugitzen diren pertsonaia sendoak” ere.

Zuzenbidean lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean eta Eszena Zuzendariaren titulua lortu zuen Arte Dramatikoaren Errege Goi Eskolan. Horrez gain, Espainiako Eszena Zuzendarien Elkarteko eta Egileen Elkarte Nagusiko kidea da.

Producciones del Callao konpainia sortu zuen. Hauexek dira Sanzolek egindako testu batzuk: "Cous cous y churros" (2001), "Missing" (2002), "Móviles" (2003), "Cada seis días hay un domingo" (2003), "Caleidoscopio" (2004), "Cómo levantar piedra sin hundirte en las aceras" (2005) eta “La ternura” (2017).


Orfeoi Pamplonésk ekitaldian jardun du. ( irudia handitu )


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa