(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nasuvinsak izapidea hasi du Txantreako Bero Zentrala 13 milioiko inbertsioarekin lizitatzeko, zeinak 4.500 etxebizitzari emango baitie zerbitzua asteazkena, 2018.eko uztailak 18


NAOk jendaurrean jarri du % 90ean baso-biomasarekin elikatzen den azpiegitura termiko baten aurreproiektua, zeina ekimen berritzailea baita energiaren, eraikinak birgaitzearen eta ingurumenaren alorretan


Central calor Txantrea

Bero Zentrala Ipar Errondatik Orvinara sartzen den lekuan egongo da. ( irudia handitu )

Etxebizitzak erabat birgaitzeko eta hiria birsortzeko politikek, Nasuvinsa sozietateak zuzentzen dituenek, beste urrats bat egingo dute, oraingoan ekoizpen teknikoaren eta energia-trantsizioaren alorrean. Nafarroako Gobernuaren etxebizitza- eta hirigintza-enpresa publikoak hasiak ditu jada Txantreako Bero Zentrala martxan jartzea eta ustiatzea lizitatzeko izapideak. Asmo handiko proiektu berritzaile horrek zerikusia du Iruñeko auzo horren energia-birgaitzearekin, eta hornidura emango die 4.500 etxebizitza baino gehiagoren eta zenbait zuzkidura-eraikinen berogailuaren eta ur beroaren sareei. Horretarako, baso-biomasa erabiliko du, energia-iturri berriztagarri gisa.

Nasuvinsaren proiektua Nafarroako Gobernuko hiru lantaldek bultzatu eta babesten dute zeharka —Garapen Ekonomikorako, Eskubide Sozialetako eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko departamentuek, Manu Ayerdi, Miguel Laparra eta Isabel Elizalde buru dituztela—, ekimen berritzailea baita energia-trantsizioaren, etxebizitzak birgaitzearen eta ingurumen-jasangarritasunaren arloetan, hurrenez hurren.

Alde horretatik, baso-biomasa tokiko energia-iturri berriztagarri gisa erabiltzeak, eraikinak birgaitzean energia-eraginkortasuna txertatzeak eta berotegi-efektuko gasen (BEG) isurketak % 80 murrizteak, besteak beste, estatuko proiektu aitzindari bihurtzen dute Txantreako Bero Zentrala.

Nafarroako Gobernuaren etxebizitza- eta hirigintza-sozietate publikoak atzo argitaratu zuen Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAO) Txantrea auzoko bero-sarea eraikitzeko eta ustiatzeko aurreproiektuaren hilabeteko informazio publikorako aldia, bai eta ondorengo emakida-kontratuaren bideragarritasun-ikerketa ere. Dokumentazio teknikoa eta ekonomikoa eskura dago jada www.nasuvinsa.es webgunean.

Efidistrict-i lotutako proiektua

Nasuvinsak, Iruñeko Udalarekin lankidetzan, energia erabat birgaitzeko eta birsortzeko Efidistrict proiektua (inguratzaile termikoak eta sareen berrikuntza) gidatu du Txantrean. Haren lehenengo obrak duela urtebete hasi ziren Orvinako etxebizitza sozialen elkarteen 20 eraikinetan. Orain, bikoiztu egin du jarduketa-esparrua, eta auzoko beste gune batzuetara hedatu da. Hirigintzako esku-hartze global berritzaile horrek Txantrea auzoa eraldatzen lagunduko du, eta, orain, inbertsio publiko eta pribatua duen bero-zentral bat lizitatu, instalatu eta ustiatzearekin osatuko da.

Ipar Errondatik (PA-30) Orvinara sartzen den lekuan egongo da zentral termikoa, Iruñekoak eta Burlatakoak diren hiru partzelatan —beren kokapenagatik eta titulartasun publikokoak izateagatik hautatu dira—, eta, proiektua lizitatzeko, obrak esleitzeko eta eraikitzeko prozesuaren ondoren, guztiz martxan egongo da 2020an. 2023tik aurrera, berriz, bigarren fase bati ekingo zaio. Lehenengo fasean, 14,5 MW-ko ekoizpen termikoko ahalmena izango du, eta, hiru urte geroago, bikoiztu egingo da, 29 MW-ra iritsi arte.

Hasieran, azpiegitura horrek Txantrea osatzen duten 8.000 etxebizitzen erdietako baino gehiagotako berogailuaren eta ur beroaren sareak elikatuko ditu, eta asmoa da hornikuntza auzoaren gainerakora eta alboko Burlata udalerrira ere hedatzea, bai eta zentralaren inguruan dauden zenbait laguntza- eta zerbitzu-eraikinetara ere, hala nola San Francisco Javier zentro psikogeriatrikora.

Txantreako zentralerako, 13,6 milioi euro baino gehiago inbertituko dira, guztira, bi faseetan. Nasuvinsa sozietate publikoak 6,4 milioi euro inbertituko ditu obretan eta urbanizazioan, proiektua martxan jartzeko (Europako EGEF funtsetik datozen 3 milioirekin), eta inbertsioaren gainerakoa (beste 7,2 milioi, bi fasetan) lizitazio-prozeduran esleipendun suertatzen den enpresak egingo du —lizitazio-prozedura hori uda ondoren irekiko da—. Enpresa esleipendunak zentrala eraikitzeko eta 25 urtez ustiatzeko emakida-kontratua arautuko du. Emakidadunari zuzeneko ordainsaria emango zaio, bere zerbitzua erabiltzen duten bizilagunek ordaintzen duten prezioaren bidez, eta, hark, berriz, urteko kanon bat ordainduko dio Nasuvinsari, zentrala ustiatzeagatik.

Biomasa erabiltzearen onurak

Proiektuaren ezaugarri nabarmenetako bat da baso-biomasa erabiltzen duela % 90ean (gehienekoa halako instalazioetan) energia sortzeko erregai gisa, eta zentralak gainerako % 10ean bakarrik erabiliko du gas naturala, subsidiarioki eta eskari goreneko une nagusiak estaltzeko alternatiba gisa. Biomasa, energia-iturri berriztagarria den aldetik, egungo erregai fosilen (gasolioa eta gasa, besteak beste) ordezko aukera da, eta, hari esker, murriztu egiten da beste herrialdeekiko energia-mendekotasuna. Gainera, neutrotzat jotzen da CO2-aren isurketetan, eta bertako enplegua sortzen laguntzen du landa-eremuan.

Biomasa erregai gisa erabiltzeri esker, A energia-kalifikazioa emango zaie zentral berri horren bero-sarera konektatzen diren etxebizitza guztiei. Horrek esan nahi du, kontuan izanik eremu horretako eraikinak 1980 baino lehenago eraikiak direla, eskalan hizki bat egingo dutela gora, gutxienez.

Horrez gain, kalkulatzen da urtean 6.000-13.000 tona biomasa beharko dituela Txantreako zentral termikoak funtzionatzeko. Horri esker, kate logistiko egonkor bat sortuko da, zeinak diru-iturri handiak bermatuko baitizkie proiektuan sartuta dauden eta baso-baliabideak hornitzen dituzten toki-erakundeei.

Ingurumen-onurei dagokienez, Txantreako ekoizpen termikoa azpiegitura bakar batean zentralizatzeari esker, auzo barruko etxebizitzetan dauden eta BEGak isurtzen dituzten 15 puntu kenduko dira —13.000 tCO2eq-tara murriztuko dira; hots, % 80 gutxiago—. Eta beste abantaila batzuk ere izango ditu, energia-kontsumoko aurrezpena kudeatzeari eta iturri berriztagarri bat erabiltzeari lotuak, besteak beste.

Beroa banatzeko sareari dagokionez, Txantreako proiektuaren asmoa da 4,5 kilometroko trazatua hedatzea, eta, eskariaren arabera, handitzea. Trazatu hori lubaki batean lurperatuta egongo litzateke, eta ekoizpen-zentraletik eraikinen edo bero-taldeen truke-puntuetara garraiatuko luke energia. Lubakiak kanalizazioak izango ditu zuntz optikoaren kableak pasatzeko, eta, horri esker, monitorizatu egin ahal izango da zentralaren funtzionamendua, bai saretik, bai bezeroei energia denbora errealean entregatzeko puntuetatik.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa